ETXEBIZITZAREN ARAZOA ETA INDARKERIA MATXISTA

Bilbon elkartu gara, Etxebizitza sindikatu sozialistako eta Itaiako kideok etxebizitzaren baitan emakume langileok jasaten dugun problematika salatzeko. Izan ere, emakume langileok zailtasun handiagoak ditugu etxebizitzarako sarbidea izateko, ditugun baldintza ekonomiko kaskarrak direla eta.

Gaur, etxebizitzaren arazoak emakumeen bizitzetan dituen ondorioak azaltzen dituen ikerketa- txostena aurkeztu dugu. Bertan emakume langileok etxebizitza eskuratzeko ditugun zailtasunak jaso ditugu, baita kalitatezko etxebizitza bermatua ez izateak guregan dituen ondorioak ere. Horretarako, besteak beste, Etxebizitza Sindikatu Sozialistara jo duten emakumeen testigantzak bildu ditugu. Izan ere, emakume langile askorentzat kontrolerako, zaurgarritasun ekonomikoa areagotzeko eta indarkeria matxista gauzatzeko espazioa da etxebizitza.

Egunerokoan, emakumeok errealitate gordina jasaten dugu. Besteak beste, emakume askok indarkeria egoeratik askatu nahi izanda ere, nora joan ez daukatenez beraien senar erasotzailearekin bizi behar izaten dute; edota etxejabeen partetik indarkeria sexualean oinarritutako bortxazko kontratuak onartu behar izaten dituzte. Eta azpimarra egin nahiko genuke etxeko langileek bizi duten egoeran, bere nagusiaren etxean igarotzen dituzte 24h, esplotazio baldintzetan isolatuta beste inora joateko baliabiderik gabe.

Egoera horiek oraindik eta zaurgarriago uzten gaituzte. Bada, bi aukeren artean erabaki behar izaten baitugu: erasotzaileekin bizi ala kale gorrian gelditu.

Era berean, indarkeria matxista jasan duten emakumeek pairatzen duten egoera salatu nahi dugu. Izan ere, indarkeria matxista kasuak gora egiten ari diren honetan, instituzio kapitalistetatik eskaintzen zaizkien laguntza- baliabideak gero eta urriagoak dira eta muga nabarmenak dituzte. Traba burokratikoz beteriko prozesuak izaten dira eta emakumea birbiktimatzen dute, erasotzaileen mende egotetik instituzioen tutoretza pean egotera igaroz. Hain zuzen, prozesu horietan emakumeak izaten dira seinalatuak eta zelatatuak, inondik inora ez erasotzaileak beraiek. Eta, gainera, ez zaizkie bermatzen beharrezkoak dituzten laguntza logistiko, material eta psikologikoak.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeei baliabideak eskaintzea, ordea, lehentasunezko auzia da.Beraz, aldarrikapenak argiak dira: batetik, indarkeria matxista jasan duten emakumeek babesgunea izango den kalitatezko etxebizitza bermatuta eduki behar dute, hasieratik eta inolako baldintzarik gabe. Bestetik, emakume horien eta, seme- alabarik izatekotan, haien ongizaterako beharrezkoak izan daitezkeen laguntza profesionalak, psikologia zerbitzua adibidez, bermatuta eduki behar dute. Eta azkenik, emakume horiek herritarren babes soziala eduki behar dute, guztion ardura da erasotzailearen aurka posizionatzea eta erasoen aurrean kalera ateratzea. Hori dela eta, etxebizitzaren aldeko borroka eta emakume langileon zapalkuntzaren aurkako borroka elkarlotuta doazela uste dugu, eta biak sozialismoaren eraikuntzaren norabidean kokatzen ditugu. 

Ikusi hemen.

Scroll to Top