Greba egun honetan, Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu genituen, zaintza auziak emakume langileon bizitzetan eragiten duen zapalkuntza salatzeko eta honi aterabide bat eskaintzeko; guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatzeko.
Gure interesak erdietsiko dituen antolakuntza independientearen aldeko hautuan berresten gara. Horretarako estatu sozialista eraikitzeko bidean kokatzen dugu borroka bakoitza. Konpromiso osoz eta modu desinteresatuan emakume langileon interesen alde borrokan jarraituko dugu!
Grebaren prestaketetarako lanean aritu ginen aurreko hilabeteetan. Euskal Herriko ia 50 herri zein hiritan asanbladak deitu genituen. Haietan, guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak izan ditzagun lan egin nahi duen oro elkartu eta indarrak batu genituen, azaroaren 30a bera eta ordura arteko prestaketak antolatzeko.
Greba egun honetara bidean, ezinbestekoa izan da aurretik egindako jardun militante konprometitua. Izandako oztopoen aurrean, jardun politikorako eskubidea aldarrikatzen jarraitu dugu.
Horrekin batera, zaintza auziak dakartzan problematiken aurrean lanean jarraituko dugu, borroka prozesu bakoitza, Estatu Sozialista eraikitzeko, eta honela, zapalkuntza guztiekin amaitzeko bidean kokatuz.
Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat!