JARDUNALDIAK 2024

Ekainaren 15ean, Legution, jardunaldiak antolatu ditugu aurten ere. Bertan, emakume langileon zapalkuntzari aurre egiteko borroka formez hausnartu eta emakume langileon askapenera bidean sozialismoaren eraikuntzaren beharrezkotasuna azpimarratu dugu. 

Hain zuzen ere, jakitun gara, emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza aldatu bada ere, oraindik zapalkuntza basatia jasaten dugula. Emakume langileok, desjabetuon erdiak, subjektu zapaldua eta debaluatua baikara. Eta, beraz, borrokatzeko arrazoiak oraindik mahai- gainean ditugu. Komunikabideetan, sare sozialetan… ageri ez bagara ere, emakume langileok indarkeria ugariri egin behar izaten diogu aurre eguna joan eta eguna etorri: soldata miserableak, negusien txantailak, indarkeria sexuala, gure gorputzen merkantilizazioa, bazterketa soziala, etab. Egoera horiek estali nahi badituzte ere, hori da emakume langileon errealitatea.

Gainera, gero eta zabalduago eta normalizatuago dago ideologia erreakzionario- matxista, hala, gero eta jende gehiagok ukatzen du emakumeon aurkako diskriminazioa. Argi izan behar dugu, matxismoaren ukapenak, ideologia matxista bera indartu eta normalizatu besterik ez duela egiten. Emakumeok jasaten ditugun diskriminazio eta indarkeria oro onartuz. Horren aurrean, gure eginbeharra da ideologia eta jarrera faxista horiei aurre egitea.

Ustezko gobernu aurrerakoiak, behin eta berriro errepikatu digu, emakumeon eta langileon aldeko legeak onartu dituztela. Baina gezurrak hanka motza du, emakume langileon bizitzak ezer gutxi aldatu baitituzte. Eskuin alderdiek, berriz, lege horiek erabili dituzte ezker gobernua deslegitimatu eta, bien bitartean, aurretik aipaturiko ideologia erreakzionario- matxista sustatzeko. Aldiz, onartu dituzten lege gehienek emakume langileok kriminalizatu eta pobretzen gaituzte, gure bizitzak okertuz, horien artean ditugu: kode penalaren erreforma, Mozal Legea, gastu militarra handitzea…

Azken urteetako politika feministek agerian utzi dute instituzioek ez dutela emakume langileon askapena gauzatuko. Ezker alderdien legeak eta eskubideak klase ertaineko emakumeei zuzenduta baitaude. Baina lege horietatik kanpo gaude okerren gaudenak: esplotazio basatia jasaten dutenak, paperik ez dutenak, bazterketa soziala bizi dutenak, euren burua prostituziora behartuta ikusten dutenak, trata sareetan harrapatuta daudenak… Sistema kapitalistaren baitan pobrezia eta miseria dira guretzat daudena. Horrek guztiak, agerian uzten du emakumearen subjektu interklasistaren tranpa, emakume guztiak barnebildu nahi baditu ere, bizi baldintza onenak dituztenen interesak bakarrik ordezkatzen dituzte.

Guk sozialismoaren aldeko hautu egin dugu, emakume langileok askatzeko aukera bakarra iraultza sozialista delako. Esplotazioan eta zapalkuntzan oinarritutako gizarte kapitalistaren ordez, guk komunismoaren alde egin dugu, komunismoa zapalkuntza-forma orotatiko askapena baita proletalgoarentzat.

Argi daukagu emakumeok gabe ez dagoela iraultza sozialistarik. Emakumeok aktibo politiko izatea funtsezkoa da eta Itaiatik egunez egun horretan lanean dihardugu. Emakume langileon interesak lehen lerroan izanik, zapalkuntzaren forma ezberdinak ezabatzeko lanean gabiltza: zaintza eta garbiketa sektoreko langileen lan baldintzen alde, eraso matxisten kontra, abortu eskubide unibertsalaren alde, makroerresidentzien negozioaren kontra… borroka hauek guztiak ekarpena egin behar diote sozialismoaren eraikuntzari eta gero eta emakume gehiago borrokara batzeko bitarteko izan behar dute. Gainera, emakumeon heziketa politikorako tresna ere badira. Baina, horrez gain, jardun horiek guztiek, gaurdanik, langileriaren baitan etika berria eraikitzeko balio behar dute, hain zuzen, zapalkuntzaren eta indarkeriaren aurkako jarrera indartuz. Norabide horretan lanean jarraituko dugu, balio askatzaileen alde egongo den gehiengoa eraikitzen.