JARDUNALDIAK 2023

Aurten ere, hirugarren urtez jardunaldiak antolatu ditugu. Ekainaren 17an, Gernikan, emakume ugari elkartu ginen eta egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan genuen; emakume langileon zapalkuntza gainditzeko komunismoaren eraikuntzaren beharrezkotasunaz hausnartzeko. Honela, hainbat gai landu genituen egunean zehar.

Gobernu politiken mugak eta azken aldian entzutetsuak izan diren lege polemikoak izan ziren hizpide jardunaldien hasierako hitzaldian (Gobernu politika feministak aztergai). Izan ere, askotan, politika feministak boto elektoralak lortzeko probesten dituzte alderdi politikoek. Argi geratu da, historiako gobernu aurrerakoienaren politikek emakume langileon bizitzetan eragin gutxi dutela, saltzen dizkiguten espektatibekin alderatuta. Honela, ezin dugu gobernuen limosnarekin konformatu, beharrezkoa da emakume langileon interesak defendatuko dituen proposamen bat garatzea eta erreforma legalek dituzten mugak seinalatzea.

Aldi berean izaten ari zen hitzaldian (Emakume langileon proletarizazio prozesuaren nondik norakoak) emakume langileon zapalkuntza ardazten duten adierazpen ezberdinen azterketa aktualizatu bat egin zen. Zaintza eta etxeko langileen esparruko auzian, emakumeon sexualizazioa bultzatzen duten fenomenoetan… sakondu genuen. Baita, horien aurrean gaurdanik ditugun eginbeharrak azaldu ere.

Goizeko azken hitzaldian, (Emakume langileok ditugun erronkak eta proposamen politikoak) emakume langileon egitekoez aritu ginen. Estatugintzak ez baitu lortu gizarteko soziologian instauratzea, ezta jarrera matxistei aurre egitea. Egoera honek despolitizazio eta desmobilizazio egoera areagotu dute. Hau honela, geroz eta emakume langile gehiago antolatzea dugu helburu. Horretarako baldintzak jartzeko, borroka prozesuak martxan jarri eta erantzun errealak ematea beharrezkoa da.

Bazkalosteko mahai-inguruan (Matxismoaren aurpegi berriak), indarkeria matxistaren inguruan aritu ginen. Azken urteotan izan dituen forma eta aldaketetan sakondu zen bertan. Teknologiaren garapenarekin ideologia matxista indartzen duten edukiak inoiz baino eskuragarriagoa daude eta honek gure harreman sozialetan eragiten du eta akoso zein indarkeria forma anitzagoak sortzen ditu. Matxismoaren existentziaren ukapena ere zabaltzen ari dira gazteengan. Honela, indarkeria matxistaren normalizazioa ematen ari da, eta erasoen aurrean beste aldera begiratzea ohikoa da, erasotzaileen inpunitatean sakonduz. Legeek eta proposamen instituzionalek arazo hau solbentatzeko duten ezintasuna argia da. Horregatik inpunitate honekin amaitzeko, beharrezkoa da beste aldera begiratzeari uztea eta instituzioen berdintasun faltsutik kanpo antolatzea auzi honi erantzun errealak eman ahal izateko.

Poztekoa da hainbeste emakume antolakuntza politiko sozialistaren inguruan hausnartzeko batu izana. Eta ekitaldi politikoan argi utzi genuen bezala, hemendik aurrera ere, sozialismoaren aldarria zabaltzen jarraitzea beharrezkoa dela uste dugu, hori baita esplotazio eta zapalkuntza orori aurre egingo dion proiektua. Guk bide horretan lan egingo dugu: sozialismora bidean emakume langileon antolakuntzarako espazio eta borrokak garatzen jarraituko dugu.

“Emakume langileon zapalkuntzak ez du aterabiderik sozialismorik gabe eta era berean, sozialismoa ez da gauzatuko emakumeon ekarpenik gabe!” 

Gora emakume langileon borroka! 

Gora iraultza sozialista!