ZAINTZA ETA GARBIKETA LANGILEOK BORROKARA!

Zaintza eta garbiketa sektorearen egoera aztertu eta haren inguruko eztabaida eman ostean, ezinbestekoa ikusi dugu honi aurre egiteko zenbait aldarrikapen plazaratzea. Esaterako, soldatak igotzea, ratioak jeistea edo ta lan baldintzak okertzen dituzten enplegu agentzia zein azpikontratekin amaitzea.

Sektoreko lan baldintza penagarriak beharrezkoak zaizkie patronal eta enpresa sareei urtean milioika euroko irabazia izateko eta instituzio zein alderdi politikoetatik guretzat limosna edo aitortza soziala proposatzen badute ere, ez diote egoera honi aterabide errealik ematen.

Egoera honi aurre egiteko borrokak ugariak badira ere, oso modu isolatuan eta babes sozial zein mediatiko urriarekin ari dira ematen. Hortaz, beharrezkoa da borroka hauek lehen lerroan kokatu eta borroken batasunaren bitartez gaitasunak handitzeari ekitea.

Arazo hauei aurre egiteko borrokek antolakuntza politikoan aurrera pausuak emateko balio behar digute, hau da, osotasun kapitalista gainditzeko norabidean kokatu behar ditugu. Beraz, emakumeon batasun politikoa indartuz eta egunerokoan bizi ditugun problematikei aurre eginez, gizarte sozialista baten eraikuntzarako baldintza politikoak garatzen jarraituko dugu. Eta guardanik hasita, zaintza eta garbiketa sektoreko baldintzak hobetzeko antolakuntzarako eta borrokarako deia egiten dugu!