EMAKUME LANGILEON ARDURA IZATETIK, ASISTENTZIA LANEN SOZIALIZAZIORA! Kalitatezko asistentzia zerbitzu doako eta unibertsalak

Kapitalismoari berezkoa zaion dinamikan sartuta langileon bizi- eta lan-baldintzak etengabe ari dira kaskartzen 2007-2008ko krisiaz geroztik (lehenagotik ere bai). Krisia ez du pasa den martxotik bizi dugun pandemiak sorrarazi; pandemia testuinguruak egoera hori areagotu besterik ez du egin. Eta zerbait agerian geratu bada, kapitalari berezkoak zaizkion kontraesanak areagotu izana da. Horietako bat, bere jarraipena bera kolokan jartzen duena: erreprodukzio sozialaren auzia. Eta bertan langile klaseko emakumeok daukagun funtzioa zentrala da, bai soldatapeko harremanetik kanpo garatzen diren etxeko lanetan, baita ekonomia formalean betetzen dugun paperean ere.

Emakume langileok biziko dugun etorkizunaren ezaugarri nagusia esplotazio estruktural basatia izango da, eta hori, beti bezala, politikoki zein sozialki kate-begi ahulenengan gertatzen den prozesua da: emakume gazteak, etorkinak… Aurretik genituen baldintza horiek guztiak oraindik ere okerrago bilakatuko dira, hala nola lan ezegonkorrak, nahikoak ez diren soldatak edota kalitate penagarriko etxebizitzak. Beste emakume askok, beste aukerarik gabe, beren gorputza saltzera behartuta ikusiko dute beren burua, hau da, merkantzia sexual eta erreproduktibo bilakatzera. Horri guztiari Estatuaren eta Administrazio Publikoen utzikeria gehitu behar diogu, eragin zuzena baitu emakume langile askorengan, geure gain jausten baita haurren, helduen, zein mendekotasuna duten pertsonen zaintza. Eta modu miserableetan bada ere horiek bermatzen dituzten zerbitzuak pribatizatzeak, ixteak eta murrizteak, inolako alternatibarik gabe, ardura horren zati handiena emakume langileongan jaustea eragingo du.

ASISTENTZIA-LANAK ETA EMAKUME LANGILEON BIZI-EREDUA

Erreprodukzio soziala bermatzeko asistentzia lanek (sozialki beharrezkoak diren lanak) orokortasun bati egiten badiote ere erreferentzia, badaude historian zehar nagusiki emakumeok gauzatu ditugun hainbat jarduera, zeinak eraldaketak jasan badituzte ere, oinarrian ez baitira aldatu. Emakume langileok garrantzizko funtzioa bete izan dugu etxe giroan langileon erreprodukziorako bete ditugun jardunetan. Lan horiek ez dakarkiote kapitalari inolako kosturik edo inbertsio beharrik; are, onuragarriak zaizkio, haiei esker bere biziraupenerako beharrezkoa duen lan-indarra behar duen forman lortzen baitu. Aldiz, azken hamarkadetan, mundu mailako kapitalismoaren eraldaketarekin, lan-merkatua nabarmen feminizatu da. Batez ere 70eko hamarkadaren ondorengo urteetan,lan-merkatuan sarturiko emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa izan zen. Hala ere, bereizgarri batzuk izan ditu emakumeok lan-munduan txertatzeak. Alde batetik, oso sektore konkretuetan lan-munduratu da emakumea: EAEn, egun, gehiengoa emakumezkoa duten adarrak dira, esaterako, etxeetako jarduerak (% 90), bestelako zerbitzu pertsonalak (% 77) edo hezkuntza (% 69). Eta bestetik, emakumeen presentzia ezaugarri okerrenak dituzten sektoreetan handitu da batik bat: lanaldi partzialak, malgutasun handia, soldata baxuak dituztenetan… argi ikus daiteke hori, esaterako, etxeko langileen kasuan, non lanaren ezegonkortasuna, lanaldi gogorrak eta gizarte-prestaziorik eza nagusitzen diren, besteak beste. Horri, besteak beste, langabezia-prestazioa jasotzeko aukera eza gehitu geniezaioke.

Hala ere, aipatutako zerbitzu feminizatu horiek hainbat formatan bermatzen eta kudeatzen dira egungo errealitatean. Badaude Estatuak bermatzen dituen hainbat zerbitzu, hau da, inbertsio publikoaren bitartez aurrera eramaten direnak. Horiek Estatuari kostu bat dakarkiotela uler badaiteke ere, nahiko erlatiboki ulertu behar dugu hori, jakinik, zerbitzu horietan gastatzen duena zerga zuzen eta zeharkakoen bitartez lortu duela aurretik. Kapitalak, alde batetik, ez du zerbitzu horietatik gainbaliorik erauzten (Estatuak azpikontrata bidez gauzatzen ez baditu behintzat) eta bestetik, ez dakarkiote inolako kostu ekonomikorik; lan-indarra esplotatzeko gaitasuna, ordea, urritu egiten diote, oinarrizko beharrizanak aseta dituen langile-klaseak aukera gehiago baitu negoziaziorako. Zerbitzu horiek forma pribatuan gauzatzen badira, hau da, emakume langile batek zerbitzuenpresa batean egiten baditu, kapitalak onura ekonomikoak lortzen ditu bertatik. Azken aukera bat soldatapeko zerbitzu pertsonalena dela esan genezake. Norbanako batzuen erosteahalmena handitzearen ondorioz, zerbitzu horietako askok prezio bat hartu dute merkatuan, zerbitzu pertsonalen forman. Hori sozialki ekoizturiko balioaren eta zerbitzua erosten duten horien aurrezte gaitasunaren araberako da, eta klase-izaera argia adierazten du.

Forma batean edo bestean, emakume langileon bizi-eredua guztiz baldintzatzen duten jardunak dira aipatutako horiek. Etxeko lanek emakume langileok lanaldi bikoitza izatera behartzen gaituzte, eta horrek isolamendu sozial eta politikora kondenatzen gaitu. Erreprodukzio familiarraren ardurapean, horiek guztiak ezinbestean bete beharreko lanak bilakatzen diraeta horrek guztiz baldintzatzen ditu emakume langileon bizitzak eta era berean, eragin nabarmena du ekoizpen sozialean dugun parte hartzean ere. Kontziliazio familiarrerako auziak lan-harreman prekarioenetara garamatza, eta ondorioz, pobrezia da gure bizi ereduaren ezaugarri nagusia. Gizon eta emakumeen soldataarrakalaz hitz egiten dugunean, ez gara lan konkretu batean berdina egiteagatik emakumeok gutxiago kobratzen dugula esaten ari (kasu konkretu batzuetan hori gerta badaiteke ere). Soldata-arrakalaz ari garenean, sozialki ekoizturiko balioan dugun parte-hartze murritzagoaz ari gara; horri erantzuten diote lan partzialek, behin-behinekotasunak, lan ez-kualifikatuek eta horren ondorioz jasotzen ditugun soldata baxuagoek. Egoera horrek hainbat instituziorekiko (senarrarekiko edota administrazio publikoekiko) dependentzia ekonomikora lotzen gaitu.

Gure bizitza baldintzatzen duen ideia horretan beharrezkoa da adieraztea egoera horrek ez duela emakume langileon bizitza soilik momentuan determinatzen, baizik eta etorkizunean izango dugun bizi eredua ere definitzen duela. Horra hor, pentsioen auzia. Emakumeon lan-bizitzaren prekarizazioak eragina du gure etorkizuneko bizitzan; izan ere, gure kotizazio murritzek jubilazioan izango ditugun diru-sarrerak determinatzen dituzte. Aipagarria da zenbat adineko emakumek biziraun behar duten egun alarguntza-pentsioarekin edo kotizatu gabeko pentsioak (300-400€ bueltakoak) diru-sarrerak bermatzeko errentarekin osatuta.

LANGILE-KLASEAREN ERREPRODUKZIOA KRISI TESTUINGURUAN ETA EMAKUME LANGILEON MISERIA

Egoera hori, hasieran aipatu bezala, krisi-testuinguruan kokatzean, oraindik ere penagarriagoa bihurtzen da, langileon kontrako ofentsiban adierazten baita. Krisia, kapital-metaketarako krisi gisara ulertua, historikoki langileon esplotazioa berrantolatuz ordaindu izan da. Erreprodukzio sozialaren eremuko eta ekoizpen esparruan emandako lan-erreformen ofentsiba garaia bizi dugu. Ez dugu ahaztu behar estrategia biak kapitalaren metaketak goranzko joera hartu dezan bideratuta daudela. Zentzu horretan, kapitalak bere etekina mantentzeko helburuz, alde batetik, langileriaren diru-sarrerak jaisten ditu, eta bestetik, murrizketak eta pribatizazioak egiten ditu langile-klasearen erreprodukzioari mesede egiten dioten gizarte zerbitzuetan (erresidentziak, pentsioak, gutxieneko diru-sarrerak, jantokiak, haur eskolak…). Emakume langileok paper zentrala jokatzen dugu auzi honetan aipatu bezala, lan horietako asko betetzen baititugu, bai merkatuan eta baita merkatutik kanpo ere.

Egoera honetan, kudeaketa pribatuko zerbitzuetarako aukera gero eta murritzagoa izango da orain arte horretarako aukera izan duten langileklaseko geruza altuenentzat; izan ere, geruza horiei gaitasun ekonomikoa urrituko zaie. Kudeaketa publikoko zerbitzuen eskaintza ere asko mugatuko da, enpresen etekinak eta langile klasearen kontsumo gaitasuna jaisteak zerga-ekarpenaren beheraka dakar eta. Eta beraz, inbertsio publiko/sozialerako aukerak beheranzko joera izango du. Hori kontraesankorra da, langile klaseak krisi-testuinguruan bizi duen proletarizazio-prozesuarekin, eta ondorioz, langile klaseak zerbitzu pribatuak jasotzeko gero eta aukera gutxiago izatearekin. Beraz, kapitalak berak zerbitzu publikoen aldeko joera adieraz dezake, ongizate kuota minimoak ez bermatzeak ekar diezazkioken ondorioak saihesteko asmoz, baina gaitasunen araberakoa izango da hori, eta ez borondate kontua. Dena dela, langile-klasearen erreprodukziorako beharrezkoak diren zerbitzu horien faltan, langile-klaseko kideon bizi-baldintzek beherakada nabaria izango dute. Hala ere, emakumeon bizi- eta lan-baldintzetan eragin berezia izango du, zerbitzu horiek kontsumitzeko zailtasuna izateaz aparte, jardun horietako asko berriz geure gain jausiko baitira, lehen Estatuak edo enpresa batek kontratatzen zituen lan horiek nagusiki eremu familiarrean bermatu beharko ditugulako. Eta horrek, gure lan-karga areagotzeaz gain, gure zapalkuntza betikotzeko baldintzak jarriko ditu.

Era berean, horrek guztiak eragina izango du emakume langileok soldatapeko lanetako zenbait sektoretan izango ditugun baldintzetan. Aipagarria da Estatuak eta Administrazio Publikoek bermaturiko zerbitzu horietako asko zeharkaemango dituztela, hau da, azpikontrata edo hitzarmen publiko-pribatu baten forman. Kasu horietan, zerbitzua bermatuko duten enpresei etekina inbertsio publiko horren gestio «efiziente» batek bermatuko die soilik eta beraz, bertan lan egiten duten langileen (orokorrean, emakumeak) lanbaldintzak eta zerbitzu horien kalitatea jaitsiko ditu. Ikusi besterik ez dago erresidentzia pribatuetako langileek azken hilabeteetan gauzatutako borroketan aditzera eman dituzten egoerak eta Administrazio Publikoen arduragabekeria. Era berean, emakume langileok izan ohi gara mendekotasunarekin loturiko edo arreta soziosanitarioekin loturiko zerbitzuen erabiltzaile nagusiak, bizitzaitxaropena luzeagoa eta/edo gaixotasun kronikoak izatearen ondorioz. Eta horiek gara, beraz, lan horien egoera eta zerbitzu penagarri horiek jasotzea zer den ondoen ezagutzen dugunak.

Estatuak ematen dituen zerbitzuen ekoizpen eta prestazioak traba bilakatzen dira hazkunde ekonomikorako; kapitalaren akumulazioaren eta erreprodukzio soziala batzeko zailtasunak ageri dira. Baina badakigu kapitalak inoiz ez duela aberastasuna berdintasunez banatzen; kontrara, aberastasunaren kontzentrazioa esku batzuetan pilatzen duen bitartean, bestean miseriara kondenaturiko masa zabalak aurki ditzakegu. Hori da kapitalaren logika orokorra, eta krisi testuinguruan, azaldu bezala, egoera hori gero eta nabariagoa da, egunerokotasunean ikus dezakegun moduan. Arazoaren erroa ez da politika fiskal eta gastu publikoaren auzian kokatzen, arazoaren erroa etekinen eta kapitalmetaketaren faltan dago. Ondorioz, akumulazio-tasa berrezartzeko langileriaren diru-sarrerak jaitsikodira, eta horri loturik, gizarte-zerbitzuen lehengo mailari eusteko ezintasunak edozein murrizketa justifikatuko du. Eta horren aurrean oinarrizkoa bilakatzen da emakume langileok lan-indarraren erreprodukzioan, batez ere familia-esparruan, betetzen dugun funtzioa.

ZAPALKUNTZA, BERE IZAERA ALDAKORRA ETA SOZIALISMOAREN HAUTUA

Emakumeon zapalkuntzaren oinarria ez datza gizartearen erreprodukziorako emakumeok dugun gaitasun biologikoan, hau da, umeak erditzeko daukagun gaitasun biologikoan. Kontrara, kapitalak erreprodukzioarekiko duen dependentzian eta beraz, gaitasun biologikoei dagokienez emakumeak betetzen ditugun jardun horiei eman dien izaera sozialean datza. Bestela esanda kapitalak bere erreprodukziorako oinarrizko baldintza gisa dauka langile klasearen erreprodukzioa, eta horrek, lanindarraren erreprodukzioaz gain, generazio arteko erreprodukzioari ere egiten dio erreferentzia. Hortaz, agerikoa da zein beharrezkoak garen emakumeok. Beraz, kapitalak, erreprodukzioari ematen dion zentzu sozialaren ondorio, beharrezkoa du horren gaineko kontrolari eustea. Emakumeon zapalkuntzan zentrala da, beraz, betetzen dugun funtzio erreproduktiboa, eta horrek gure bizitzako aspektu guztietan eragiten du. Ondorioz, gure helburua emakume langileok zapalduta iraunarazten gaituzten lanharremanetatik eta funtzio erreproduktiboetatik askatzea izan behar da.
Horri dagokionez, emakume langilea lan munduan txertatzea, prozesu hau batez ere industrializazio garaitik aurrera gertatu da, gorabeherak gorabehera bere emantzipazio prozesuan aurrerapauso garbia dela argi badaukagu ere, horrek ez du askatasun errealik ekarri. Gaurgaurkoz, zentro kapitalistako emakume langileon gehiengoak soldatapeko lanean dihardugu, eta horrek ez gaitu etxeko lanekiko loturatik askatu, kontrakoa baizik; modu arruntean esanda, bi lanaldi bete behar izatera pasatu gara. Ondorioz, emakume batzuek hainbat instituziorekiko independentzia ekonomikoa lortu badute ere, emakume proletarizatuenek, lan baldintza kaxkarrak dituztela-eta, dependentzia ekonomiko handia izaten jarraitzen dute.

Batzuek pentsatzen zutenaren kontrara, etxeko jardun batzuk ere soldatapeko lan bilakatu ondoren, emakumeon zapalkuntzak bere horretan jarraitzen du. Emakumeen zapalkuntza deuseztatu beharrean, lan horiek soldatapeko bihurtzeak lan banaketa sexuala betikotzeko pausoak eman ditu; izan ere, nahiz eta emakume batzuek (klase ertaineko emakumeak) lan horietatik askatzeko aukera izan duten, emakume proletarizatuenek –gehienetan, emakume etorkinek egiten dituzte lan horiek, egoera penagarrietan gainera, ikusi besterik ez dago zein den behin eta berriz aipatu dugun etxeko langileen egoera. Beste aukera bat Mendekotasun Legearen baitan familiako kide batek mendekotasuna duen beste familiako kide baten zaintza bermatzeko jasotzen duen prestazioa izan daiteke (ez da inolaz ere 500€-tik gorakoa). Zenbait ikerketak argi utzi dute kasu horien % 89an emakume bat dela zaintzalan horiek egiten dituena eta gehienetan, gainera, behar ekonomiko eta sozialek bultzatua heldu dela egoera horretara. Horrez gain, agerikoa da etxeko eta zaintza-lanen soldatapeko egoerak emakumea bizitza sozialetik baztertu eta etxe barnean betikotu duela.

Egungo egoeran, hortaz, emakume langileon beharrizanak oinarri harturik, historikoki etxeko eremuan bete diren zerbitzuen sozializazioa aldarrikatu beharko genuke, baina ez forma pribatuan, baizik eta Estatuaren ardurapean (erreprodukzio sozialaren gestioaren arduradun gisa), zerbitzu unibertsal, doako eta kalitatezkoak eskainita. Estatuak lan horiek bereganatzeak aukera emango luke, alde batetik, emakumea lan horretatik libratzeko, eta bestetik, beharrezko zerbitzu guztiak doan eta kalitatez bermatu ahal izateko gizarte osoari. Era berean, horretan diharduten langileen baldintzak ere bermatu ahalko lirateke. Aldiz, aurretik aipatu bezala, sistema kapitalistak eta bere gestiorako agentea den Estatu Burgesak forma hori garatzeko ezintasun estrukturala daukate eta horrek, sozialismoak eskaintzen duen marko ekonomiko eta sozial berri baten beharrezkotasuna mahai gaineratzea eskatzen du. Horiek horrela, helburu estrategiko gisa beharrezkoa zaigu Estatu Sozialista, gizartearen interesei azpiratua egongo den estatu forma gisa. Bide horretan beraz, ITAIAren hautua argia da: zapalkuntza gainditzeko baldintzak garatuko dituen aukera erreal bakarra, bizi dugun gizarte antolaketa gainditzeko potentziala duen proiektu politikoan kokatzen dugu, sozialismoaren eraikuntzan. Hori dela eta, helburu estrategiko hori duen antolakuntza formari ekarpena egitera bidean eta beharrezkoak diren gaitasun politikoen garapena eman ahal izateko, ezinbestekoa da emakume langileon bizi eta lan baldintzen hobekuntzan jardutea.