GAITASUNAK ANTOLATU!

Bi urte igaro dira jada ITAIA emakume sozialisten sarea sortu genuenetik. Emakume langileon problematika panorama politikoan lekua egitea zen gure asmoa; jasaten ditugun zapalkuntza fenomeno oro identifikatu eta hauei aurre egiteko proposamen politikoa garatzen aritu gara. Momentuko gertakari eta auzi politiko-teorikoen aurreko analisi kritikoa gure lanaren erdigunean jarri dugu, hori ulertzen baitugu proposamen eraginkorrena osatzeko beharrezko jarduna. Egoera ekonomikoak sorturiko testuinguruak eta horri aurre egiteko mahai gaineratu diren proposamenetan ikusten ditugun hutsuneek ordea, antolakuntza politikorako saltoa egiteko urgentzia markatu digute eta ondorioz, eskualdez eskualde dugun indar militantea batzeko hautua egin dugu.

Gaur egungo testuinguru ekonomikoari erreparatuta, emakume langileon zapalkuntza gainditzetik urrun, atzeraldi ekonomiko gogor baten aurrean kokatzen gara. Atzeraldi hau ezin dugu datu kuantitatiboetara mugatu, krisialdi ekonomikoak berarekin dakarren dimentsio orokorra aztertu behar baitugu: gurean, emakume langileongan izango duen eragin sozialean jarri dugu arreta.

Osasun krisialdiak atzeraldi ekonomikoa bizkortzea eragin du eta horrekin, emakume langileon bizi baldintzak modu agerikoan kaltetu dira. Emakume langileon bizi ereduaren ezaugarri da lan-harreman prekarioena, egungo testuinguruan asko eta asko egun batetik bestera, lanik eta diru- sarrerarik gabe geratu direlarik. Egoera horrek emakumea instituzio burgesekiko dependentzia ekonomikora kondenatzen du. Modu berean, unitate familiarraren erreprodukzioak exijitzen dituen etxeko lanak oraindik ere gure gain izaten duten pisua nabaria da eta lan karga hori gero eta handiagoa izango da, krisi kapitalistan jada penagarriak diren zerbitzuetan izango den inbertsioa gero eta murritzagoa izango delako. Ezin aipatu gabe utzi tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen egoera: konfinamenduak edo isolamendu politikek, indarkeria gauzatzeko testuinguruak errazten dituzte, emakumea inolako irtenbiderik gabe utziz eta bakardadera kondenatuz.

Datozen urteak ilunak izango direla begi bistakoa da, eta horregatik, ITAIAtik antolakuntza politiko sozialistaren hautua egin dugu. Norabide argi batekin hartu dugu erabaki hau, jendarte komunistaren eraikuntzaren eta beraz, zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean, emakume langileon askapena gorpuztea. Gaurdanik programa sozialistaren baitan lan egingo dugu: guztiok bizi baldintza berak izan ditzagun borrokatuko dugu. Hori egin ahal izateko emakume langileak jasaten duen zapalkuntza zehatz bakoitza identifikatu eta horrek egitura ekonomiko kapitalistaren baitan zein funtzio betetzen duen aztertu behar dugu; modu horretara zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatuz.

ITAIA emakumeon antolakunde sozialistari hasiera eman nahi diogu idatzi honen bitartez. Testuinguru ekonomiko politikoa halakoa izanik, eskualdez eskualde emakume langileon babesa antolatzeko erabakia hartu dugu. Emakume langileon emantzipazio erreala antolatzeko aukera bakarra harreman eredu sozialistaren eraikuntza izango dela argi dugu. Horregatik Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan ITAIA antolakundetik klase kontzientzia garatzera begira, emakume langileon bizi baldintza eta baldintza estrategikoak hobetzera begirako borroka prozesu eta lan ideologikoa abiaraziko ditugu.

2020ko urriaren 20a
ITAIA Emakumeon Antolakunde Sozialista