KLASE SUBJEKTUA BERE DIMENTSIO GUZTIETAN ERAIKIZ

Emakumearen zapalkuntza hainbat ikuspuntutatik ikertutako gaia izan da historian zehar. Horrek aukera eman du lan-hipotesi desberdinak garatu dituzten eztabaidetan sakontzeko: zapalkuntzaren jatorritik hasita, betetzen dituen funtzio edota elikatzen dituen interesetaraino. Tesi horiek, argi eta garbi, hainbat proposamen politiko ekarri dituzte eskutik, askotan kontrajarriak izan direnak eta, zein bere ikuspegitik, arazoari erantzuten saiatu izan direnak.

Eztabaida horien historiari egindako ekarpen gisa, joan den otsailean aukera izan genuen ikasle mugimenduak 2020ko Herri Unibertsitatearen edizioaren barruan antolatu zuen elkarrizketa batean parte hartzeko Isabel Benitezekin 1batera. Mahaiak interes handia izan zuen gaiaren konplexutasunari eta osotasunari heltzeko izan zuen gaitasunagatik. Gure partetik, klase-ikuspegi argi batetik heldu genion gaiari. Hurrengo analisiak topaketan elkarbanatutako eta hausnartutako ideia eta ondorioen laburpena izan nahi du.

Emakumearen zapalkuntzaren papera dominazio kapitalistan

Zeregin garrantzitsua da gizarte ezagun batzuek (batzuek, behintzat) sexuaren araberako menderatze-harremanak izatea eragin duten prozesu historikoak zein izan diren argitzea. Feudalismotik kapitalismorako trantsizioan gertatutako lanaren banaketa sexualaren eraldatze-prozesua arakatzea lagungarri da gaur egun betetzen dituen funtzioak ikertzeko. Langile libreen merkatu bat osatzea helburu, herri-ondasunen desjabetze-prozesu zabal baten gainean jarduten duen prozesu horrek ez du emakumearen ugalketa-ahalmena prozesuaren funtsezko pieza gisa ahazten. Ugalketa biologikoaren kontrolak langile klaseko emakumeak euren gorputzen desjabetze egoeran uzten ditu, ugaltzaile kategoriara murriztuta. Ugalketa biologikoa kapitalaren akumulazio legeen araberako prozesu soziokulturala izatera igarotzen da, honen lan-indarraren premien arabera. Horretarako, hainbat mekanismoz hornitzen da; horien artean azpimarratzekoak dira emakumearen sexualitate ez-ugalkorraren eta haren plazeraren ukazioa. Edo, hobeto esanda, erreproduktiboa edo merkantila (prostituzioa, pornografia) ez den plazeraren ukazioa.

Emakume langilea “etxeko-andre” paperera mugatzearen ideiatik urrun, kapitalak, bere hastapenetatik, ez du lan indar gisa baztertu, baina lan indar gehiago sortzearen behar historikora azpiratua. Lan-merkatuan modu selektiboan txertatzeak (gizonen asalarizazioa), soldaten beheranzko presio-mekanismo gisa, soldatapeko emakumeak bigarren mailako proletarioak izatea ekarri du, eta merkantilizatu gabeko etxeko lanen eta soldatapekoen logikan harrapatuta geratzea. Lan banaketa sexualak emakume langileak debaluaturiko lanetan kontratatuak izatea eta baldintza okerragoak izatea zilegiztatzen du. Kualifikatu gabeko lan-sektoreetan ematen da emakumeen eskulanaren kontzentrazioa, hala nola osasun-zerbitzuetan eta pertsonen zaintzan, horiek izanik, batez besteko soldaten artean, soldata baxuenak kobratzen dituztenak. Horri lanaldi partzialeko enplegua emakume langileen lan-baldintzen ezaugarri orokorrenetako bat bihurtzen ari dela gehitu behar zaio, irabazia lanaldi osoko enpleguena baino % 30 txikiagoa delarik. Era berean, “emakume-izaerari” lotutako lan-oztopoak eta lan-arrisku espezifikoak aipatu behar dira: bai generoaren gizarte-osaeragatik (laneko jazarpena), bai merkantzia sexual nozioagatik (sexu-jazarpena), bai zaintzari buruzko idearioagatik (ama izatea lanean sartzeko oztopo gisa edo lanbide-debaluazio gisa, “inplikaziorik eza” proiektatzeagatik). Horrek guztiak subjektibitate ekonomiko femenino bat sortzeko bidea eman du, emakumearen lan indarra merkeagoa izan dadin ahalbidetuz, gainbalio absolutua handitzen den heinean.

Hori guztia mendekotasun-prozesu hau legitimatzen duen giro ideologiko egokiaren eskutik etorri da, mekanismo merkantiletan edo extramerkantiletan (eliza, kasu) oinarrituta indar korrelazioen arabera: aparatu juridiko eta administratiboen misoginia, ikasketen joera androzentrikoa, emakumeen gaineko presio kosifikatzailea kontsumo-objektu gisa edo langile klase barneko mekanismo diziplinatzaileen erreprodukzioa, biolentzia matxista adibide. Horrek guztiak emakumea errealitate sozialaren maila guztietan bigarren mailako subjektua izatea eragin du. Auzi estrategikoa da hori burgesiarentzat; izan ere, langile klasearen zati oso garrantzitsu bat gaitasun politikorik gabe uzten du, proletalgoaren prozesu iraultzailea etengabe motelduz.
Oinarri horiek eragin politiko zuzena izan zuten nazioarteko langile-klasearen eraketa historikoan, barne-hierarkia eta diziplina-mekanismo bereizgarrien ezarpenaren bitartez, lehen aipatu den bezala. Politikoki ikuspegi unitario batetik artikulatzen ez badira arrakala politiko bat eragiten duten prozesu zapaltzaile bereizgarriak, hots, proletalgo internazionalaren barneko miseria maila ezberdinak euren artean borrokan jartzea lehenetsi eta estratifikazio horretatik onura ateratzen duenari ez erreparatzea.

Feminismoa, masen kontsumorako produktu morala ala klase borrokarako frontea?

XIX. mendeko kapitalismoaren loraldiak, garatzen ari ziren baldintza sozioekonomikoek eta frantziar iraultzak mahai gainean jarritako gizon zein emakumeentzako “askatasuna, senidetasuna eta berdintasuna” kontsignak betetzeko ezintasunak (bere esentzia dela eta) mugimendu feministaren sorrera ahalbidetu zuten. Baina kontua da kapitalismoak emakumearen izaera objektiboan ekarri zuen eraldaketak, hau da, emakumea soldatapeko lanean masiboki integratzeak, emakumearen auzi modernoa sortu zuela, haien artean posizio antagonikoak eratuz: feminismoak emakumea herritartasun unibertsalean integratzea helburu izan zuen bitartean, emakume proletarioek errealitate soziala bere osotasunean iraultzeko gaitasunak lortzeko asmoa zuten.
Esan genezake feminismoa, ideologia gisa, kapitalismoaren baitan emakumearen berdintasun formala lortzeko helburuarekin sortzen dela, “emakume” kategoriarako deia modu abstraktuan eginez. Klase antagonismoa desagertu eta emakume burgesa aliatu bihurtzen den unean, etsaia desitxuratzen da.
Batetik, emakume langilearen auzia lantzea eragozten da: jakina da klasearteko estrategia orotan, bere garapenaren uneren batean, boterearen jabeen interesak klase menderatuaren interesen gainean jartzen direla. Bestalde, gizona etsai politiko bihurtzen da, modu horretan klasea banatuz eta baldintza sozialak hobetzeko gaitasuna galduz.

Proposatutako estrategiak erreforma partzialen alde borrokatzen du, eta horiekin, asko jota, klase ertaineko emakume geruzak Estatura integratzea lortzen du. Emakumeen gaia osotasunarekiko aldebakartasunez lantzean, arazoa ez da desagertzen, formaz aldatu baino ez du egiten: horren adibide da emakume batzuek (klase ertainekoek) etxeko lanen zamatik libratzeko aukera izan dutela, lan horiek forma merkantilizatuan egiten dituzten emakume proletarizatuenen esku utziz. Era horretan, lanaren banaketa sexuala betikotzen da eta, gainera, ordura arte merkantilizatu gabeko eremu bat truke balioan oinarritutako harreman bihurtzen du kapitalak, hau da, esplotazioan oinarritutako espazio bilakatzen da.

Ezin uka genezake feminismoak hainbat forma hartu dituela urteen poderioz. Asko dira ideologia horren inguruan garatu diren korronteak, eta horiek sakon eta modu kritikoan aztertu behar dira, ikasketa politikoak atera ahal izateko. Hala eta guztiz ere, esan genezake agerian geratu dela, batez ere 1960-70eko hamarkadaz geroztik, marxismoaren aurkako armagabetze ideologikoarekin, benetako aldaketarako ezintasuna: borrokak partzializatzeko eta indibidualizatzeko joeraren ondorioz, eta behin osotasunaren esparrua likidatuta, klase-borroka saihesteko aukera sortu da.

Borroka proletarioa emakume langilearen esparruan: elementu estrategikoak eta taktikoak

Ikuspegi marxista batetik, emakume zapalduen eta esplotatuen arazoak gainditzeko, munduaren ikuskera zientifikoa beharrezkoa dugu, baina munduaren kontzepzioa ez da haren edozein atalen ezagutza, mundua bere osotasunean ezagutzea baizik. Kasu honetan, emakume langilearen zapalkuntzak botere burgesaren artikulazioan betetzen duen funtzioa azaltzeko aukera izan dugu, dominazio kapitalista osotasun gisara ulertuz. Argi eta garbi, betetzen duen funtzioa bertan behera uzteak sistema osoarekin amaitzeko gaitasuna duen estrategia bat exijitzen du. Soilik horrela lortuko da zapalkuntzek inolako funtziorik beteko ez duten gizarte antolaketa bat ezartzea.

Horrek esan nahi du klase subjektua dimentsio guztietan eraiki behar dela, dauden arrakala guztien aurka borrokatuz. Horrela, ezinbestekoa da emakumeak klase-borrokara batzea, eta horrek masa horien berehalako borondatearekin konektatzea eskatzen du, hau da, emakume proletarioen eguneroko beharrak zein diren aztertzea eta haien berehalako premiak iraultzarekin lotzea. Hau da, haien egungo egoera hobetu behar dugu, borroka horiek beren klase kontzientzia areagotzera bideratu, eta borroka sozialistara lotu.

Helburua, argi eta garbi, lanean ari garen jendearen, masa proletario eta emakume langileen, hezkuntza politiko estrategikoa izan behar da. Eta hori, esaten ari garen bezala, praktika politikoaren bidez egiaztatu behar da, sozialismoak dakartzan aldaketak langile klasearentzat onak eta beharrezkoak direla erakutsiz. Horrek esan nahi du, planteatzen ditugun borrokak errealak izan daitezen, une bakoitzean ditugun gaitasunen araberakoak izan behar direla.

Prozesu horrek hipotesi sindikala baliozkoa dela justifikatzeko gaitasuna emango digu, betiere prozesu iraultzaile bati lotuta badoa. Bestela esanda, erreformek borroka baldintzak hobetzeko baino ez dute balio. Izan ere, burgesiari, haren figura zehatzei eta proletalgoaren barruan dauden kolaborazio figurei aurre egin behar diegu, etorkizunean, klase kontzientziaren areagotzeak eta indar-metaketa horrek burgesia gero eta eskala handiagoan borrokatzeko aukera eman dezan. Borroka-prozesu horren bidez bakarrik hezi daiteke proletalgoa, uler dezan bere menderakuntza-egoera gainditzeko beharrezkoa dela eskala nazional zein internazionalean boterea hartzea.

Jakina, orain arte aipatutakoak, helburu hori betetzeko gaitasuna duen antolaketa-eredua eskatzen du. Hau da, botere burgesaren aurrean antolatutako botere proletarioa edo alderdi komunista: fronte guztietan aldi berean eta modu homogeneoan erantzuteko aukera izango duen batasun taktikoa. Hala ere, horrek badu aurrebaldintza bat: estrategia sozialista onartu eta fronte guztien artikulazioari bide emango dion batasun estrategikoa. Horrela, zapalkuntzaren adierazpen zehatzekin amaitzeko gaitasuna izango duten mekanismo errealak zein diren aztertu behar dugu. Ezinbestekoa izango da emakume proletarioen masekin lan egin ahal izateko beharrezko tresnak sortzea eta era berean, euren zapalkuntza egoerarekin amaitzeko gaitasuna izango duten antolaketa-modu garatuago eta perfekzionatuago baten beharra ikusaraztea.

Lan-ildo zehatzei eta horiek aurrera eramateko moduei dagokienez, forma kolektiboan premiaz bilatzen eta ikertzen hasi behar dugun ebazpenak dira. Argi dagoena da nozio iraultzailearen aldarrikapen argia izan behar dutela nozio baliagarri gisa, modalitate sozio-liberal edo sozialdemokratei aurrea hartzeko, azken finean distrakzio neurri baitira hauek. Horretarako, ezinbestekoa izango da diskurtsoaren bidetik, eta batez ere praktikan, interklasismoa borrokatzea, militantzia integrala sustatuz eta ereduaren pedagogia erabiliz.