M8 | EMAKUME LANGILEON NAZIOARTEKO EGUNA: ANTOLAKUNTZAN DATZA IRAULTZA

1910ean proposatu zuen Clara Zetkinek Emakume Sozialisten Mundu Mailako II.Konferentzian emakume langileon nazioarteko eguna burutzea. Konferentziak urtero, herrialde guztietan antolatzea onartu zuen, “emakumearen bozkak gure indarrak batuko ditu sozialismoaren aldeko borrokan” lelopean.

Industrializazio garaitik emakume langilearen egoera objektiboak eraldaketa nabarmenak jasan zituen, horrek ondorio bereizgarriak izan zituelarik eratzen ari zen proletalgoaren konstituzio politikoan: emakumea zapaldutako subjektua zela azalerazi zuen. Horrek era berean, langileriaren antolaketan suposatzen zituen oztopoak mahaigaineratu zituen.

Aitzitik, kapitalak emakume eta gizonak elkarren kontra egiteko prestatu bazituen ere, langile mugimenduetan emakume langileen parte hartzeak erabateko gorakada izan zuen. Urteetako konpromiso militantearen ondorio izan zen beraz, egun honen sorrera. Langile alderdiek iraultza sozialistaren bidean markaturiko pausu taktikoa.

Hala ere, eta porrot historikoak medio, emakume langileok mendeko subjektu izaten jarraitzen dugu, hau forman aldatu bada ere. Hala, jakin badakigu emakumeon gaineko zapalkuntza errotik konpondu ezean, nor den kaltetuena: emakume proletarioa.

Azken hamarkadetan gainera, krisi testuinguruak egoera oraindik okerragoan utzi ditu emakume langileon bizitzak. Gainbalioaren erauzketa bermatzeko esplotazio mekanismoak perfekzionatu behar izan ditu kapitalak, lan egoera gero eta miserableagoetara kondenatu gaituelarik. Horren adibide garbia ditugu azken denboretan lan feminizatuen sektoretik aurrera eramandako borroka guztiak: erresidentzietako langileak, garbitzaileak, etxez etxeko langileak…

Era berean, ukaezina da gizartearen eraldaketek auzi sozialetan duten eragina. Kasu honetan, aipatzekoa da ziklo ekonomiko berri horrekin datorren ofentsiba kulturalak, biolentzia matxistaren gorakadarako baldintzak sortu dituela: 4 emakume erailak izan dira 2019an Euskal Herrian, egunero irakur ditzakegu sexu jazarpenak jasan dituzten emakumeen albisteak, talde bortxaketak eta sexu esplotaziorako emakumeen salerosketa kasuak.

Urgentziazkoa dugu beraz, auzi honekiko iniziatiba politikoa berreskuratzea. Badakigu emakume langileon zapalkuntzarekin bukatzeko aukera bakarra klase antolakunde batek soilik eskaini dezakeela. Bide horretan, emakumeon lan ildoa egungo botere modalitatearen aurkakotasunean antolatzea dugu egiteko.

Horretarako beharrezkoa izango da, emakume langileok egunerokotasunean jasaten ditugun zapalkuntzei eta arazoei erantzungo dien antolakuntza tresnak osatzen hastea. Beraz, emakume langileon antolakuntza espazioetan jardutea dagokigu: elkartasun formak berreskuratu, auzi laboraleen onuren defentsa aldarrikatu edo eskubideen aldeko borrokak aurrera eramatea. Antolakuntza tresna eta praktika politikoen bitartez emakume langileon heziketa politikoa garatzea ezinbestekoa izango da. Hau da, klase kontzientzia areagotzea helburu izan behar dute.

Bide horretan, martxoaren 8a bezalako egunak, estrategia bera indartzen duten borroka taktikoei bultzada emateko baliatu behar ditugu, beti ere argi izanik, egunerokotasuneko antolakuntzaren osagarri gisara soilik eman ditzaketeela fruituak egun hauek. Beraz, emakume langileok subjektu politiko bilakatzeko aukerak sortzen jarraitzea dagokigu. Eguneroko lanaren banaketa eraginkor bat egin eta emakume langileok bertan antolatzera bultzatuz. Benetako partida eguneroko borrokan jokatzen delako.

Gora emakume langileon borroka!