ANIZTASUNA ETA IDENTITATEAK

Hilabete honetako sarreran, ezker mugimenduaren korronte nagusien inguruan jardungo dugu. Zehazki, 60.-70. hamarkadatik hona garatu den proposamen politikoa da jorratuko duguna. Guk joera politiko hauen inguruan dugun ikuspuntua plazaratuko dugu, zehazkiago, identitate politikak, pluralismoa zein demokrazia erradikalaren gaineko gure kritika proposatuz.

Ezker mugimenduaren baitan, klase sozialak definitzeko eta hauen osaeraren nolakotasuna identifikatzeko orduan hainbat postura daude. Gaur egun ordea, ulermen hauen artean bi korronte politiko nagusitzen dira: obrerismoa, langile forma tradizionalei eusten diena eta ezker berria, menderakuntza forma anitzei identitatetik eta pluralismotik erantzuten diena. Bi ikuskera edota bi proposamen politikoak itxuran ezberdinak badira ere, oinarrian langile klasearen definizio beretik abiatzen dira. Langileriaren subjektibitate politikoa industriako langileen iruditegi tradizionalaren identitate, antolakunde eta mobilizazio ereduekin berdintzen dute. Definizio horrek langile klasearen konposizio konplexua desitxuratzen du, eta horrekin batera, ekonomiaren ulermen mugatua proposatzen du. Ekonomia datu kuantitatiboetara murrizten dute eta enpresa azterketa bidez ulertzen, bere dimentsio soziala, hots, burgesiaren boterea ezaugarritzeko gaitasuna azaldu ordez. Ekonomiaren ulermen ekonomizista izateak ordea, ondorio teoriko zein politiko kaltegarriak eragiten ditu; besteak beste proletalgoaren egungo ezaugarrien aurrean ezikusia egitea.

Aipatu bezala, langile klaseaz diharduten korronte politikoen artean nagusi modura bi kokatzen ditugu. Lehenak, obrerismoak, “langile klase tradizional” bezala identifikatu izan ditugun estratuen protagonismo politikoa aldarrikatzea izango du helburu. Obreristen politika egiteko modua ordea ez da beste alderdi ezkertiarrenarengandik ezberdindua: estatuaren aparatuen barnean jarduten dute, diskurtsoetan langile forma tradizionalaren babesa eta apologia egiteaz arduratzen dira eta praktika politikoa administrazioaren gestiora zein sindikatu tradizionaletan jardutera bideratzen dute.

Bigarren korronte politikoa ezker berria bezala izendatu dugu. Sujektibitate anitzen izatea defendatzen dute, hau da, zapalkuntza anitzen analisitik abiatuta euren proposamen politikoak ikuspuntu anitz horiek guztiak integratzea du helburu. Erria aldizkariak Jule Goikoetxeari eta Iñaki Sotori eginiko elkarrizketa batean horrela aipatzen du Goikoetxeak (2019:29): “Pixkanaka erlazionatzen hasiko gara gaitz guzti horiek estrukturalki menderakuntza sistema desberdinetan estrukturatuta daudela”. Korronte politiko horrek harreman eta praktika sozialen aniztasuna azpimarratzen du, zapalkuntza ekonomikoa, berdintasun ekonomiko eza aniztasun horren parte bat bakarrik izanik.

Zapalkuntza forma guztien erro komuna ukatzearekin batera, hauei guztiei aurre egiteko estrategia bateratu baten beharra ukatzen dute (Wood, 2000). Hau da, ekonomia burgesaren eragin esparrua soldatapeko lanera mugatuz gero, eta klase zapalkuntza beste menderakuntza forma guztiekin parekatzen badugu, klaserik gabeko gizartearen eraikuntza estrategia ukatzen dugu hasiera-hasieratik. Hau horrela, ezker berriaren programa politikoak sozialismoaren unibertsaltasun asmoen eta klase esplotazioaren aurkako borroken politika integratzailearen ordez, borroka partikular deskonektatuak proposatzen ditu (Wood, 2000). Beraz, sistema kapitalista botere egitura eta funtzionamendu logika zehatzak dituen sistema bezala deskribatu ordez estruktura anitz eta ez-definitu gisara ezaugarritzen bada, zapalkuntza guztiek oinarri edo erro ezberdina dutela adierazten da, eta horrek berarekin dakartza, zapalkuntza bakoitzarekiko: subjektu zapaldu ezberdin bat, borroka estrategia ezberdin bat, menderatzaile ezberdin bat, etab.

Ezker berriak aniztasunaren zentzu zatikatzailean, batasunerako egiturazko ezintasun gisara ulertuta alde egiten du, Goikoetxeak (2019:37) “batasuna dibertsitatean” deitzen dio horri. Hau ulertzeko beharrezkoak dira hiru kontzeptu: identitatea, ezberdintasuna eta pluraltasuna. Alde batetik, identitate politiken arabera, norbanakoaren ikuspuntu politikoa bakoitzak bizi izan duenak eta espontaneoki sentitzen duenak hezurmamituko du. Eztabaida bidez, pertsonalismoak alboratuta, pisuzko arrazoien arabera eta interes historiko eta kolektibo bati erantzun beharrean –bizi baldintza lazgarrienak dituenaren alde borrokatzea, norbanakoaren praktika politikoak hautu indibidual eta espontaneo bati erantzungo dio. Bestetik, pluraltasunaren auzia honela ezaugarritzen da: zatiketa gero eta handiagoa, harreman sozialen eta esperientzien dibertsifikazioa, bizitza estiloen aniztasuna, identitate pertsonalen ugaritzea. Pluraltasunaren bitartez beraz, ezker berriak kapitalismoaren batasun sistematikoa ukatzen du; Wood-ek (2000) aipatzen duenaren arabera, kapitalismoaren funtzio soziala ukatu eta berau egiturarik gabeko eta identitate ezberdinetan zatikatutako aniztasun bihurtu dute.

Identitate politiken bidetik aritzen diren mugimendu politikoek, proposamen estrategikoa demokrazia burgesean txertatzen dute, demokrazia bera horrela ulertuta: klase ikuspegia alboratu, hau da, klase antagonismoa premisa bezala ukatu eta beraz, zapalkuntza guztiak modu berean aztertzen dituen antolamendu politikoa. Ezker berriak proposatzen duen ikuspuntu demokratikoa, demokrazia parlamentario-burgesari atxikitzen zaio, mugimendu sozialak barne bilduko dituen estrategia demokrazia liberalean integratu nahi baitu. Baina, demokraziaren bitartez identitate pertsonal guztientzat berdintasuna eta elkarbizitza defenditzea ezinezkoa bilakatzen da klase antagonismoari begiratzen badiogu. Klase izaera ez baitu identitate batek edo besteak determinatzen, bakoitzak betetzen duen egiturazko funtzioak baizik. Bi klaseak berdintzea, beraz, ezinezkoa izango da, sorreratik aurkaria den eta bateraezina den funtzio estrukturala betetzen baitute.

Programa politiko horri erantzuteko bi jardun mota bereiz ditzakegu. Lehena, instituzioez kanpo egiten dena (formalki bada ere), mugimendu sozialek  kalean, auzoetan, eskoletan, fabriketan edo bestelako espazioetan egiten duten jarduna litzateke. Kasu honetan, berdintasun formala (gaur egungo egitura mantenduz, subjektibitate ezberdinek bizitzeko baldintza berdinak edukitzea) lortzera begirako aldarrikapenak plazaratzen dituzte eta hauek sozializatzeko proposamen komunikatibo zein ekintzaileak gauzatzen dira itxuraz erradikalak, aktibistak eta mobilizazio jendetsuetan oinarrituak. Halere, ekintza guzti horiek ez diote borroka prozesu erreal bati erantzuten, ekintza horien helburua instituzioek aldarrikapen horiek egikaritzea izango da eta hori bermatzeko iritzi ezkertiarra sortzeaz arduratzen dira.

Mugimendu sozial horiek guztiek beraien aldarrikapenei erantzun instituzionalak emango dizkien alderdi politikoen beharra azaleratzen dute. Mugimendu sozialen ekinbidea probesten duten alderdi instituzionalentzat, aldiz, bozka gehiago lortu ahal izateko bitarteko garrantzitsuak dira aurrez aipaturiko herri mugimenduak. Modu horretara, euren programa politikoarekiko atxikipen sozial handiagoa lortzen dute, babes sozial hori hauteskundeetako bozketan kapitalizatuz.

Aurretik aipatu bezala, korronte politiko hauek oinarrizko premisa baztertzen dute: kapitalismoa klase esplotazioan datzala. Eta beraz, albo batera uzten dute botere burgesak zehazten eta determinatzen duela gure biziaren nolakotasuna, inongo gupidarik gabe.

Guk berriz, langile klasea, klase esplotatua den heinetik, berarentzat onura edo askapen erreala esplotazioaren amaierarekin bakarrik etorriko dela azpimarratzen dugu. Hau horrela guri dagokigu eginbehar historiko horri heltzea: proletarioen independentzia politikoaren bitartez, klase ardatzaren araberako programa politikoa gorpuztea.

Horretarako, lehenik eta behin proletalgoaren adierazpen berriak ezagutu eta aztertu behar ditugu. Proletalgoaren ezaugarritzea ezin baitugu orain dela mende erdikoarekin alderatu (langile aristokraziaren gailentasun garaia, industrian lan egiten zuten beharginen gehiengoa, adibidez); baldintza ekonomiko eta sozialak aldatzen ari diren honetan, langile klasearen osaketa, ezaugarriak eta bizi ikuskerak ere aldatzen ari baitira.
Hala ere, proletalgoaren azterketa ikuspegi kritiko batetik egin behar dugu. Komunistok ezin dugu errealitatearen aurrean ezikusia egin, ez eta nobedadearen eta forma espontaneoen apologia burutu ere. Adibide bat ematearren eta gure ohiko jardunari helduz, emakume langileak genero zapalkuntza nola jasaten duen zehaztu behar dugu; lanpostuan, etxeko lanei dagokionean, guraso izateko baldintzei dagokionean, etab. jasaten dituen problematika zehatzak zeren ondorio diren eta egitura ekonomikoaren baitan zein funtzio zehatz betetzen duten definitu behar dugu.

Borrokaren norabidea eta izaera zein izango diren? Proletalgoaren interesak ipini behar ditugu erdigunean, proletalgoak bere azalean jasaten dituen problematika zehatz guztiei erantzun behar baitiogu. Honakoa, estrategia sozialistaren bitartez lortuko dugu, proletalgoak boterea hartzeko duen estrategiaren bitartez, alegia. Mundu guztiak bizi baldintzak berak izan ditzan borrokatu behar dugu, gaur botere burgesak kontrolatzen dituen gaitasunak, bihar gaitasun unibertsal bihurtu ditzagun.

Bibliografia:
Sakonean. (2019). Erria, 14- 37.
Wood, E. M. (2000). Democracia contra capitalismo. México: Siglo veintiuno.