HOBEKUNTZEN INERTZIAN AZALEKO BEGIRADA BAT

Aldaketa etengabean bizi garen honetan, egitura sozialak eta honen erreprodukzio moduek ere forma ezberdinak hartzen dituzte, momentuan momentuko eta tokian tokiko baldintzei ahalik eta hoberen egokitzeko. Egitura sozial honen parte den genero zapalkuntzak ere logika berdina jarraitu izan du historian zehar, hau da, aldaketa etengabean egon da emakumeak zuzenki erasotzen gaituen zapalkuntza modalitatea, eta horren aurrean nola ez, zapalkuntzari aurre egiteko ekarpen anitz egin dira. Aurrekari historiko hauen analisia jaso genuen azkenekoz publikatu genuen iritzi artikuluan, azken mendeetako ideia orokor bat egiteko baliogarria zaiguna: Harreman sozialen aldaketez eta indarkeria matxistaz. Analisi horri jarraibidea emateko asmoa du artikulu honek, ondorengo galderak abiapuntu izanik: nola atzematen dugu egun aldatzen joan den zapalkuntza hau? Ze eragin du horrek zapalkuntzari aurre egiteko erantzukizunean edota hartzen diren neurri taktikoetan?

 

Azkeneko mendeetan gertatu izan den bezala, egun ere emakumea subjektu subordinatu izatera kondenatzen duen indarkeria modalitateak bizirik dirau. Indarkeria hau modu agerikoan antzeman daiteke (erailketetan, bortxaketetan, edota ahozko irain eta gutxiespenetan) edota hain agerikoa ez den sexuaren araberako lanaren banaketa kualiatiboan (soldatapeko lanetan emakume asko soldata baxuko eta lan baldintza gogorretako lanetara bideratzen direlarik, zein lan esfera sozialean eguneroko jarduna eskatzen duten beharrezko lanak bere gain eroriz). Hala ere, esan beharra dago, gizon eta emakumeen arteko hierarkian hobekuntzak egon direla, egungo emakumeak pasa den mendekoak baino eskubide ekonomiko, sozial eta politiko gehiago ditu. Esaterako, egungo emakumeak soldata bat izateko eta bere bizitza bere kabuz erreproduzitzeko aukera gehiago dauzka, senar batekiko dependentzia osoa izan beharrik gabe (emakumeak menpeko izan dituen familia eredu tradizionala birpentsatzeko eta aldatzeko aukera ematen duena). Sozializazioari dagokionez ere, lehen kaleak eta tabernak gizonen sozializatzeko esparruak baziren, egun espazio mixto bilakatu dira. Eskubide politikoei dagokienez, lehen gizonez osatutako aginte markoetan egun emakumeen presentzia nabarmen handitu da, honek emakume konkretu horiei aitortza politikoa ematen laguntzen dielarik.

 

Hobekuntza horiek, beste asko bezala, emakumearen askapen prozesuan aurrerapausoak izan direla agerikoa da, eta ez da makala izan egun lorpen hauek edukitzeko iraganean egindako lana. Hala ere, genero zapalkuntzaren forma aldaketak besterik ez dira, genero zapalkuntza erreproduzitzen jarraitu dadin egindako aparientziazko hobekuntzak, alegia. Izan ere, emakumea dominazio asalariatuan txertatzeak ez du familia nukleotik askatzeko gaitasunik izan, gehienetan lanaldi bikoitza suposatu diolarik. Era berean, emakume batzuek goi postuak lortu izanak, ez du emakumea askatu, emakume izatea ez baita emakume guztien askapenaren alde egotearen sinonimo. Hori dela eta, ez du  bere posizioa okerren dauden emakumeen alde bizia emateko zertan erabili. Hau da, emakumearen zapalkuntza formaz aldatzen joan da, baina ez da inondik inora gainditu, pisu hori emakume proletarizatuenengan isuriz. Beraz, esan genezake genero zapalkuntzaren gaindipenera bidean egiten diren lorpenak sistema kapitalistak asimilatu izan dituela, esentzia berdina mantenduz baina aparientzian hobekuntza bezala aurkeztuz. Horrela, sistema kapitalistan, emakume desjabetuon zaurgarritasuna botere burgesa inposatzen jarraitzeko mekanismo bilakatzen da.

 

Finean, botere burgesa kolokan ez jartzea da egungo formazio sozialaren helburua, horretarako beharrezkoak diren zapalkuntzen forma aldaketak asumituz. Horregatik, garrantzitsua deritzogu  emakumeak subjektu azpiratu gisa sozializatua izateagatik jasan behar dituen aparientziazko dominazio formak, honen atzean izkutatzen diren funtzioekin lotzea, horrek beste zapalkuntza batzuekin elkarlotua egoteagatik artikulatzen duen botere burgesari erreferentzia egiten diolarik. Botere honen oinarrian diruaren metaketak dakarren prozesu sozialen gaineko erabakitze ahalmena dago, eta horregatik, zapalkuntzen forma aldaketek zapalkuntza hori erreproduzitzen duen dominazioa kolokan jartzen ez duten bitartean, botere burgesarengatik asimilatuak izango dira, azken instantzian, prozesu sozialak emakumeak subjektu subordinatu izaten jarraitzeko egituratuko direlarik, bertatik etekina ateratzen jarraitu ahal izateko.

 

Todas las “formas de aparición” tienen su “fundamento oculto”. Las primeras se reproducen de manera directamente expontánea, como formas comunes y corrientes del pensamiento; el otro tiene primeramente que ser descubierto por la ciencia”

Enrique Dussel, 2006[i]

 

Aparientziazko forma guztiek, beraz, bere existentziaren arrazoia mantentzen dute ezkutuan. Genero auziak berak, gizartearen antolakuntzaren oinarria den kapital-harremana bera ezkutatzen du, hau da, klaseen arteko banaketa. Horren ordez, sexuen arteko bereizketa soziala gainjartzea lortzen du, hauen arteko etsaitasuna mekanismo ezberdinekin garatuz. Horrek arazoaren erroa eta ardura desitxuratzen ditu, ondorengo planteamenduei ateak irekiz.

 

Esaterako, genero zapalkuntza (bere forma guztietan) gainditzeko erantzukizuna norbanakotik garatzearen ideia guztiz onartua dago, guztiok baitugu zer aldatu, noski.. Honekin baina, egin beharreko aldaketak soilik norberaren baitan daudela ulertu izan da, aldaketa errealerako bidea norbanakoak bere kabuz erabakiak hartzea eta aldaketak egitea izango balitz bezala.

 

Hala, maiz aurki ditzakegu inguruan problematika baten gaindipenerako bidean aportazio gisa erabaki indibidualak hartu dituzten pertsonak: haragia jateari utzi dion lagun begetarianoa, alkohola edateari utzi dion ezaguna, bere gorputzeko ileak depilatzeari utzi dion neskalaguna, etab. Pertsona hauek erabaki indibidual horiek hartu eta tinko jarraitzeak ekarpena egin dezake ingurukoen kontzientziazioan; erreferente bilakatzen dira, gauzak beste modu batera izan daitezkeela demostratzen dute, erabaki horien atzean dauden problematikak mahaigaineratzen dituzte eta horien gaineko hausnarketak bultzatu edota zalantzak azaleratzen dituzte.

 

Erabaki indibidual horiek, aipaturiko funtzioak betetzeko balio badezakete ere, proposamen horrek, hainbat mugekin topo egiten du aldaketa errealetarako proposamen estrategiko moduan planteatzen direnean. Aldaketa errealetarako irtenbidea norbanakoaren ardurapean uzten denean, ingurukoei indibidualki erabakiak hartzea eta aldaketak egitea exijituz, kontuan izan gabe interpelatu nahi dugun subjektuaren errealitatean arau sozial horiek aplikagarriak diren, gure kontra talka egiten dute. Horregatik, erabaki horiek errealitatearen analisi konkretua eta hausnarketa kolektiboa behintzat galdegiten ditu, erabaki horiek denok onartu ahal izateko baldintzak sortzearen auziarekin batera. Norbanakoaren moralitatearen araberako erabaki gisa planteatzeak aitzitik, gizarteko aldaketa errealak eragiteko zailtasun nabarmenak izango ditu.

 

Erabakiak norbanakoaren ardurapean uztearen harira, maiz entzun izan dugu ere guztiok zalantzan jarri behar ditugula ditugun pribilegioak eta horiek aldatzeko neurriak hartu, bakoitzak bereak alda ditzan: emakume azalez zurikoak etorkinen aurrean edota beste etnietakoen aurrean ditugunak, gizon zuriek emakume zuriekiko dituztenak, edota emakume burgesek desjabetuekiko dituztenak. Artikulu honen helburua pribilegioen hausnarketan okatzen ez abda ere, garrantzitsua iruditzen zaigu hauen inguruko ondorengo apunteak mahaigaineratzea. Pribilegioak langile klasea mailakatua mantentzeko botere kuotak bezala ulertuta, langile klaseko kide batzuk beste batzuekiko baldintza hobeagoak izatea ahalbidetzen dute; izan jaioterria herrialde kapitalisa aurreratua izateagatik, ekoizpen prozesuan baldintza duinak dituen familian jaio izanagatik, biologikoki sexu jakin batekin jaiotzerakoan genero rol batzuk izateagatik, etab. Pribilegio horiek sozializazio ezberdinetara bideratzen gaituzte, klase batasunerako kontzientzia ekidinez. Hala ere, klase burgeseko kideek dituzten pribilegioak ez dira langile klaseko kideok ditugunekin konparagarriak, hauek (klase jabedunek) botere ekonomiko, soziala eta politikoa duten heinean, pribilegioen osotasunaren gaineko erabakimena dute. Hortaz, haien botere posizioa mantendu ahal izateko beharrezkoak diren opresio modalitate oro sortuko dituzte, banaketa soziala etengabe bermatuz. Era berean, opresio horien kontrako ideologiak ere honen partetik bultzatuak izango dira, guztiz kapitalak asimilatuak, haien pribilegioen deuseztapena errealki lortzeko potentziala duten teoriak ez gailentzeko asmoz.

 

Orain arte esandakoarekin genero zapalkuntzak egun hartzen duen formaren ideia orokor bat egin dezakegu, baita honen aurrean egiten diren planteamenduek duten inplikazioa ere. Modu laburrean ondorengo ondorioak atera ditzakegu:

 

  • Azkeneko mendeetan emakumearen egoerak izan duen bilakaera ikusita, egun eskubide gehiago ditugula antzeman dezakegu, baina horrek ez du esan nahi askeagoak garenik, botere burges horren guztiz menpeko izaten jarraitzen bait dugu. Hau da, aparientzian aldaketak egin diren arren, emakumeon zapalkuntza ez da inodik inora gainditu eta emakume langileok subjektu azpiratu izaten jarraitzen dugu.

 

  • Emakume langileon zapalkuntza mantentzea funtzionala zaio egitura sozialean boterea duen klaseari. Izan ere, burgesiak etekin ekonomikoa atera dezan maila ezberdinetan azpiratutako subjektibitateak behar ditu. Emakumeon kasuan, aurretik zetorren sexuaren araberako desberdinatasuna subsumitu zuen, sistema kapitalistaren bereizgarria den emakumeon lan indarra debaluatuz etekin ekonomikoa handitzeko.

 

  • Orduan zertarako aparientziazko aldaketak? Azken hamarkadetan lan handia egin da emakumeenganako zapalkuntza auzitan jartzeko eta subjektu honen posizioa hobetzen joateko. Honen aurrean, erabakimen ekonomiko eta soziala dutenak neurriak hartu beharrean egon dira, hori bai, beti ere honen oinarria kolokan jarri gabe. Horrela, egindako aparientziazko aldaketak baliatu izan dituzte kontsumismoa sustatzeko, sexu askatasunaren sinesmenaren bitartez hipersexualizazioa indartzeko, aske izatearen sinesmen faltsua edukitzeko eta modu honetan genero zapalkuntzaren oinarri errealaz hainbeste ez kezkatzeko. Beraz, egun borrokatu beharreko erreformek botere burgesa izan behar dute opuntu eta bide horri estrategiko horretan txertatutako pausu taktikoa izan behar dute.

 

  • Emakumeen posizioa hobetzeko aldaketak planteatzen jarraitzea ezinbestekoa da, baina hauek ezin dira norbanakoaren ardurapen soilean erori, aldatu nahi den subjektua ez baita norbanakoa bera, subjektu kolektiboa baizik. Hortaz, alde batetik, kolektiboaren aldaketarako gaitasunen azterketa egin behar da eta bestetik, arau soziala modu kolektiboan onartua izateko baldintzak sortu behar dira.

 

 

[i]Enrique Dussel, (2006). KATEGORIE. Hemendik eskuratua:

https://marxismocritico.files.wordpress.com/2011/10/kategorie.pdf