%99AREN POLITIKA ALA KLASE POLITIKA

2018ko martxoaren 8an ezagutu zuen munduak azkenaldian hain ezagunak egin diren akademiatik datozen hiru emakumeren proposamen politikoa: feminismoa %99aren alde, manifestu bat. [1]Nancy Fraser, Cinzia Arruzza eta Tithi Bhattacharyak, 2011an garatu zen Occupy Wall Street mugimenduak inspiraturik, feminismo liberala zalantzan jarri nahi duen feminismo “anti-kapitalista” indartzea dute helburu. Horrela “egungo posizioek ezkutatzen dituzten aukera emantzipatzaileak ikusgarri eta gauzagarri egin nahi dituzte” (Arruzza, Bhattacharya & Fraser, 2019, p.84)

Autoreek diotenez, egun, elite politikoen sinesgarritasunaren kolapsoak, feminismo “antikapitalista” pentsatzeko baldintzak utzi ditu. 2016an Hillary Clinton-en porrotak, feminismo liberalaren gainbehera ekarri zuela azpimarratzen dute, azalduz Clinton-ek goi karguetara iritsitako emakumeen eta gehiengoen bizitzen onuraren arteko arrakala pertsonifikatzea izan zela horren arrazoia. Horrela, porrot horrek, auzia ezkerretik lantzeko aukera ireki zuela diote (Arruzza et al., 2019).

Harritzekoa da baina, Hillary Clinton-en porrotetik, bere alderdiak bi Emakume Mundu Martxa, Emakume Greba bat eta MeToo kanpaina sustatu izana, manifestuaren autoreek etengabe feminismo antikapitalistaren adibide gisara dituzten fenomenoak izaki hauek. Hori ulertzeko, azpimarratzekoa da, 80. hamarkadatik, akademian garaturiko teoriek klasearen kontzeptua alboratu zutenetik, Alderdi Demokratak bere proposamen elektoralak beste identitate batzuetara bideratu izana, fundazio sare baten bitartez kolektibo ezberdinak finantzatuz eta bereganatuz (Barahona, 2018). Horren ondorio gisa ulertu genezake, 2016an, Hillary Clinton-ek Trump-en aurrean galdu ondoren, azken honen kontrako mobilizazio masiboa antolatu izana: Washington-eko Emakume Martxa. Barahonak (2018) dioenaren arabera, agerraldi horrek hasieratik hainbat baliabideren laguntza izan zuen, horien artean Open Society Foundation[2]-era loturiko Move On[3]plataformaren babesa, azken hau hautesle demokraten osaketa eta sustapenean buru-belarri ibili delarik. Izan zuen arrakasta ikusirik, mobilizazioaren sustatzaileek ez zuten asko itxaron eta denbora gutxian zirriborratua zuten martxoaren 8an ospatzeko Emakumeen Greba Internazionala.

2018ko urtarrilean bigarrengoz antolaturiko Emakume Mundu Martxa aldiz, inongo estalkirik gabe aurkeztu zitzaigun Power to the Polls (boterea hautestontziei) lemapean. Horren ondorioak garbi ikusi ahal izan genituen urte berdineko azaroan, Estatu Batuetako senaturako hauteskundeetan  inoiz ikusi ez den aniztasunak argiztatu gintuenean (260 emakume hautesle). “Emakumezkoen olatu aurrerakoia” bezala izendatu zuten batzuek fenomeno hura eta Fraser bera ere ez zen atzean geratu, Alderdi Demokratako emakume hauek herrialdeko funtzionamenduan egin nahi zuten aldaketa estrukturala dela azalduz eta emakume “antisistema” gisara definituz. Beraz, nahiko kontraesankorra suertatzen da feminismo “anti-kapitalista” garatzeko baldintzak sortu zituen Clintonen feminismo liberalaren hutsegitea izatea, era berean, feminismo “anti-kapitalistaren” adibide nagusi.

Baina tira, gaira bueltatuz, esan genezake Estatu Batuetako egoera politiko konkretu horrek eta mundu mailan krisiak eragindako langile klasearen aurkako ofentsiba berriak, aukera sortu duela “%99 feminismoa” bezalako proposamen politikoak mahai-gaineratzeko. Autoreek diotenez (2019): “%99ren aldeko feminismoak egungo eta etorkizuneko mugimenduak oinarri zabaleko mundu mailako matxinada batean batzea du helburu” (p.78). Horretarako “batez ere 99%a defendatzen duten mugimendu guztietako ezkerreko korronte antikapitalistekin aliantzak sortu behar ditugu” adierazten dute (p.75).

Akademiatik datozen emakume hauek diote, azken urteetan garatu den “greba” kontzeptu berriak, politika egiteko forma berrietan eragina izan duela, batez ere, “lanaren” ulermena bera zabaldu duela eta ondorioz, “langile klasea” zer den ere birdefinitu dela. Ados gaude, langile klasearen irakurketa ekonomizista garatu duten ezker mugimenduak akats larrian erori direla. Horren aldean, guk ere, langilearen definizio estrukturala, honek kapitalaren prozesu globalean betetzen duen lekuan kokatzen dugu, hau da, bizirauteko soldata baten beharra duen oro langile klaseko kide da. Horrek kapitala eta lanaren arteko kontraesana, bi klaseen arteko interes antagonikoa, agerian uzten du.

Hala ere, klasearen analisi horretatik %99aren aldeko apustua egitera iristeko, autoreek (2019) krisi garaian, baldintza objektiboek izan duten garapenak sorturiko kontraesanak begiztatzen dituzte, horien eragina izanik, proposamen politiko honen subjektua definitzen duena: “egun kapitalismoaren kontraesan guztiak irakite puntu gorenera heldu dira. Praktikan -%1a salbu- inor ez da nahaste politikoen, prekarietate ekonomikoaren eta neke sozio-erreproduktiboaren eraginetik libratzen” (p.88).

Puntu honetara iritsita, argipen zehatzagorik azaltzen ez duen proposamen estrategiko honek jada, hainbat akatsi erantzuten diela nabaria da. Alde batetik, klasea bera soldatapeko langiletik haratago zabaltzeak, ezin gaitu klase identitate zehaztugabeak eraikitzera eraman, kasu honetan, %99a. Arazoa %1arengan kokatzeak, errealitatearen irakurketa guztiz irreal bat egitera garamatza. Hemen aipatzekoa da, ekoizpen modu kapitalista, klase konposizio konkretu batean oinarritzen bada ere -Marxek kapital harremana bezala identifikatu zuena: kapitalista eta soldatapeko langile kategorien oposizioaren bitartez definitzen den klase-konposizioa- (Yenikoy, 2019), XX. mendearen bigarren erditik, mendebaldeko herrialdeetan ezagutu izan diren Ongizate Estatuek aukera sortu zutela langile-aristokraziaren fenomenoa gauzatu zedin. Azken hau langile klasearen egitura historikoaren parte bada ere, proletalgoarekin konparatuz, diru-metaketa gaitasun handiena duen estratua da: estatu eredu hauek (Ongizate Estatuek) izan zituzten inbertsio publikoak direla eta, soldaten dirua aurrezteko aukera izan zuen sektore soziala. Beraz, aurretik aipatu bezala, definizio objektibo batek subjektuek ekoizpen prozesuen baitan duten posizio sozialari erreparatzen badiote ere, hau bi klase antagonikoen arteko analisitik haratago doa egun.

Bestetik, analisi politiko bat garatzeko, beharrezkoa dugu klasearen definizio politikoa ezagutzea, posizio teknikoak ez baitu de facto honen posizio politikoa finkatzen. Beraz, zehaztapen subjektiboak, klase sozialek subjektu politiko bezala ekiteari erantzungo lioke. Kasu honetan, langile aristokraziaren auziak berebiziko garrantzia hartzen du, sektore sozial honek lorturiko bizi baldintzek, honengan eragin dituen desioek, “klase-ertainaren” fenomenoari ateak ireki dizkio eta. Hau da, langile-aristokraziak bere interesak burgesia-txikiarenarekin konparatzeko aukera izan duenean, hauen arteko bloke politikorako aukerak sortu izan dira, lehenengoa saiakera iraultzaileen aurrean posizio politiko erreakzionarioak hartzera bideratuz.

Hori dela eta, esan genezake, kapitalaren barne kontraesanen ondorioak pairatzeak ez duela zuzenean subjektu hori iraultzaile bihurtzen. Askotan aipatu izan dugu, esaterako, egun emakume langileon zapalkuntzak oinarri material bati erantzuten badio ere, honen ondorio kultural eta juridikoek emakume guztiengan dutela eragina. Horrek aldiz, ez ditu klase jabedunetako emakumeak aliatu bilakatzen, euren posizio soziala mantentzeko beharrezkoa duten zapalkuntzaren ondorioak onartzen baitituzte. Beraz, %99a klase ikuspegia garatu nahi duen estrategia politiko baten subjektu bezala zehaztea zentzugabea bihurtzen da.

Subjektua modu horretan definituta, manifestuaren sortzaileek ondorengo analisia plazaratzen dute (2019): %99aren proposamenak “zuzenean egiten dio aurre kapitalak orain eskaintzen dituen bi aukera nagusiei. Populismo erreakzionarioa ez ezik, neoliberalismo aurrerakoia ere arbuiatzen dugu” (p.75). “Gure proposamena kapitalismoaren aldeko bi bloke politikoetako langile klasearen frakzioak irabaztea da. Horrela, gizartea eralda dezakeen indar antikapitalista handi eta boteretsu bat eraiki nahi dugu” p.76). Errealitatean aldiz, forma politiko neoliberalen krisiari ez zaio soilik populismo erreakzionarioa kontrajartzen. Aitzitik, demokrazia kapitalistaren sostengu diren beste aukera politiko batzuk existitzen dira, horien artean nabarmena sozialdemokrazia edo ezkerreko populismoa. Proposamen politiko hauek klase ertainaren fenomenoaren isla izan ohi dira, bere statu quo-a mantentzeko langile aristokraziak Ongizate Estatura bueltarako egiten duen hautua. Sinesgaitza dirudi autoreek honen inguruan hitzik ere esan ez izana, kontuan izanda Bernie Sanders [4]litzatekeela honen adibide estatubatuar garbiena (“sozialismo demokratikoaren[5]” ordezkaria) eta Fraser-ek behintzat publikoki hautagai honekiko apustua egiten duela adierazi duela. Ez al dira bada, beraiek izango aukera politiko honen adierazpen? Hain zuzen ere, klase ertainaren apologia da (nahiz eta modu disimulatuan), klase borroka proletarioaren eguneroko kontraesanak ezkutatu eta klase identitate zehaztugabeak sortzen dituena: pueblo contra oligarquia edo %99a vs. %1a bezalakoak (Aldalur, 2019).

Dagoeneko ikasia dugun lezioa da klase estrategia bat garatu nahi duen proposamen politikoak ezin diela besterik gabe deia luzatu behetik jaiotzen diren borroken aniztasunari [6](Arruzza et al., 2019), teoria intersekzionalaren ideiei erantzuten dien burutapen horrek, ez baitu bermerik ematen borroka horien printzipio eta proposamen taktiko-estrategikoek proletalgoaren interesei erantzungo dietenik. Beraz, indar soziala langileon interesen baitan antolatu nahi duen aukera politikoak, arreta berezia jarri behar du “klase-etsaiak garai eta une historiko bakoitzean bere boterea egikaritzeko garatzen duen antolaketa ereduan” (Yenikoy, 2019, p.14). Hau da, iraultzaren objektua den klase-etsaia identifikatzeaz gain, honen interesak (modu inkontzientean bada ere) barneratu eta defendatzen dituzten horiek nor diren jakin behar du, horiek izaten baitira egitasmo iraultzaileen lehen oztopo edo eragozpen. “Honen harira esan genezake azken sei hamarkadaz langile aristokraziak bilakatu izan duela hegemoniko “mendebaldeko” ongizate-estatuetako langile estratu ezberdinen artean, eta oro har langileriaren baitan, burgesiaren programa politikoa” (Yenikoy, 2019, p.15).

Egungo krisi testuinguruan aldiz, gizartearen forma ekonomikoa, lanaren mundua, eraldaketa prozesuan dago, era berean, klase konposizioa ere aldatuz. Horrek ezaugarri berriak izango dituen metaketa ziklo berria galdegiteaz gain, ziklo politiko berri baten aurrean kokatzen gaitu eta horrek egoeraren analisi zehatza exijitzen du. Baldintza objektiboak pixkanaka heltzen ari dira, sistemaren barne kontraesanak nabari hedatuz, autoreek adierazi duten moduan. Horren adibide da, emakume eta gizonen arteko berdintasun legalean eman diren aurrerapenak aipatzekoak diren bitartean, sektore proletarizatuenetan biolentzia matxistak izan duen gorakada. Hala ere, ezin pentsa genezake, baldintza ekonomikoen garapenak mekanikoki eta modu paraleloan baldintza subjektiboak garatzen dituenik. Ikus genezake ordea, objektuak tarteka bere zeregin historikoarekin koherentzian espresatzen den subjektua berarekin dakarrela (Samaniego, 2019). Baina, bere esplotazio baldintza medio, subjektu honek bere potentzian duena askatzeko beharrezko premisa dugu lan banaketa sozial egokia asmatzea, hau da, antolakuntza eraginkorra. Berebiziko garrantzia hartzen du honetan independentzia organizatiboaren auziak, botere erlazio burgesak baditugu jomuga, burgesiaren fakzio guztiak borrokatu behar ditugu eta, estrukturalak, zein politikoak.

Hori dela eta, kapitalismoaren gaindipena helburu gisa duen feminismoak, helburu konkretuak identifikatu eta horiek lortzeko bide-orri zehatzak asmatu behar ditu. Hau da, emakume langileen interes zehatzen araberako programa politikoa garatu eta zapalkuntza guztien aurkako borrokarako langile batasuna gorpuztea du erronka. Horretarako, emakume langilea aktibo militante bilakatzea xede duten antolakuntza formak osatzea delarik lehentasunezko desafio.

 

 BIBLIOGRAFIA:

– Aldalur, B. (2019/06/05). Desmobilizazioa eta identitate politikak. Recuperado de: https://gedar.eus/koiuntura/benataldalur/desmobilizazioa-eta-identitate-politikak

– Aldalur, B. (2019/09/11). G7a Biarritzen, klase analisirako ekarpen laburra. Recuperado de: https://gedar.eus/koiuntura/benataldalur/g7a-biarritzen-klase-analisirako-ekarpen-laburra

– Aldalur, B. (2019/11/05). Klase identitateak eta prozesu sozialista: gauza bera ote dira? Recuperado de: https://gedar.eus/koiuntura/benataldalur/klase-identitateak-eta-prozesu-sozialista-gauza-bera-ote-dira

– Arruzza, C., Bhattacharya T. & Fraser N. (2019). Manifiesto de un feminismo para el 99%. Barcelona: Herder.

– Andrade, A. & De Sus, E. (2019/04/03). “Necesitamos una definición totalmente diferente del concepto de clase trabajadora” Nancy Fraser. Reuperado de: https://ctxt.es/es/20190403/Politica/25374/nancy-fraser-feminsimo-trump-adriana-m-andrade-elena-de-sus.htm

– Barahona, T. (2018/01/30). La marcha internacional de las mujeres o la artera instrumentalización del feminismo. Recuperado de: https://www.lahaine.org/mm_ss_mundo.php/la-marcha-internacional-de-las

– D’atri, A. & Murillo, C. (2019/07/28). Feminismo para el 99%: estrategias en debate. Recuperado de: http://www.izquierdadiario.es/Feminismo-para-el-99-estrategias-en-debate

– Samaniego, M. (2019/06/26). Sortasunezko komunismoa eta ziklo politiko edo ziklo ekonomiko berria. Recuperado de: https://gedar.eus/koiuntura/markelsamaniego/sortasunezko-komunismoa-eta-ziklo-politiko-edo-metaketa-ziklo-berria

– Yenikoy (2019). Kapitalaren despotismoa eta proletariotza. Recuperado de: https://gedar.eus/pdf/lz/20191119_Kapitalaren_despotismoa_eta_proletariotza.pdf

[1]       Jatorrizko hizkuntzan: Feminism for the 99%: A Manifesto

[2]       George Soros magnateak sorturiko sare internazionala da. Gizarte zibileko taldeak finantziatzea du funtzio gisa. Ikus: https://www.opensocietyfoundations.org/

[3]       Mobilizazioen antolakuntza eta gestioa gauzatzen dituen plataforma da. Beraien orrialdean argi adierazten da Alderdi  Demokratarekin duen lotura, 2020rako beraien hautagaitza ikustea besterik ez dago: “In the 2020 election cycle, MoveOn is committed to making sure that a progressive, inspiring, and competitive Democratic nominee who is accountable to the broader movement emerges from the presidential primaries to defeat Donald Trump.” Ikus: https://front.moveon.org/about/?utm_source=front&utm_content=nav

[4]                 2015-2016an Alderdi Demokratarekin aurkeztu zen. Hala ere, Estatu Batuetako Kongresuko historian independente gisara antzinatasun marka dauka.

[5]       Honen inguruan sakontzeko, ikus: http://canarias-semanal.org/art/25065/feminismo-del-99-la-ultima-estrategia-para-despistar-a-las-trabajadoras edo http://canarias-semanal.org/art/25705/en-los-estados-unidos-el-socialismo-te-lo-trae-el-departamento-de-estado

[6]                 Manifestuan hitzez hitz: “hemos propuesto un universalismo que adquiere su forma y contenido desde la multiplicidad de luchas que nacen desde abajo.” p.106