HARREMAN SOZIALEN ALDAKETEZ ETA INDARKERIA MATXISTAZ

“Beti izan da, eta beti izango da.” Baieztapen hori akats sakona da. Horren faltsutasunaz konturatzeko, iraganeko jendea nola bizi zen irakurtzea besterik ez dugu, eta berehala ikusten dugu nola dagoen dena aldaketaren menpe, eta nola ez dagoen ez ohiturarik, ez erakunde politikorik, ez moralik, finko eta aldaezin mantentzen denik.
Aleksandra Kollontai, 1920

Bizi garen formazio sozialaz ari garenean, argi dago ez dituela historian zehar eta leku guztietan ezaugarri eta forma berdinak hartu. Gizarte burgesari dagokionez, honen sorreran gizarte feudaleko ezaugarrien arrastoak zeuden lanaren antolaketan eta kulturan, eta ez dute zerikusirik gaur egungo gizartean ditugunekin. Aldi berean, esan genezake, formazio sozial bateko harreman sozialak ez direla puruak. Hau da, beste formazio sozial batzuetako arrastoekin edo etorriko direnen esperimentazio formekin elkarbizi dira.

Cinzia Arruzzak esan bezala, “genero zapalkuntza kapitalismoaren aurreragotik existitzen bazen ere, honek ez du esan nahi ondoren [genero zapalkuntzak] hartzen dituen formak berdinak direnik.”i Gizarte burgesaren sorreran, gizarte aurre-kapitalistetako sexuen araberako desberdintasun sozialak eta horrek hartzen zituen forma hierarkiko eta biolentoak birmoldatu ziren, jendartean harremantzeko kodeak birmoldatu ziren bezala. Genero zapalkuntza, hasiera-hasieratik, nabarmen onuragarria zitzaien klase gisa osatu berri ziren jabedunei. Hala, aurreko mendeetatik zetorren emakumeen subordinazioa kapitalaren zikloan subsumitu zen, honen gizarte antolaketan funtzio konkretu bat betez, eta emakume langileak zapaltzeko formak eta tresnak eguneratuz.

Emakumeen gaineko zapalkuntzak bete dituen funtzioak, hortaz, aldakorrak izan dira, garapen sozialaren araberakoak, historiak moldatuak. Badira, hala ere, zapalkuntza egikaritzeko forma konkretu batzuk konstanteak izan direnak, indarkeria sexuala adibidez. Bortxaketa neurri hertsatzailea izan da emakumeentzako jabetza pribatuaren historian zehar. Gerda Lerner antropologoak antzinaroko esklabutzaz zera dio: “terrorea eta indarkeria fisikoak, pertsona askeak esklabu bihurtzeko prozesuan funtsezko osagaiak zirenak, kasu femeninoan bortxaketaren forma hartu zuten. Bortxaketaren bidez fisikoki azpiratzen zituzten emakumeak; haurdun geratu ondoren, haien jabeei psikologikoki lotuta geldituko ziren [umea salbatzeko esperantza dela eta].”ii Mendeak aurrera eginda, Angela Davisek AEBtako esklabu beltzez “baldin eta probetxugarria bazen [esklabo-jabeentzako] emakume esklaboak esplotatzea gizonak balira bezala, orduan, generorik ez balute bezala tratatzen zituzten; bestalde, soilik emakumeei zegokien gisan esplotatu, zigortu eta zapaldu bazitzaketen, bada, orduan, emakumearen rolean giltzapetzen zituztela”iii aipatzen du. Gaur egunera etorrita, feminicidio.net webgunean jaso dutenez, 2019 urtean Espainiar Estatuan eraildako ia 100 emakumeetatik hiru prostitutak ziren, eta erailketaren arrazoia bortxaketa instituzionalizatu hori zen kasu batean behintzativ.

Kasuan kasu, sexu indarkeriak funtzio desberdinak bete izan ditu formazio sozial bakoitzean. Alde batetik, antzinaroan, tribuen arteko gerraren ostean, tribu galtzaileko emakumeak harrapakinaren (botín) parte izanik, galtzaileak umiliatzea eta haien ohorea laidotzea lortzen zen. Beste aldetik, XIX. mendearen hasieran esklabuen salerosketa legez debekatu ostean, emakumeak bortxatuz –edo bortxatu-araziz– esklabu zirenen ondorengotza bermatzen zen, hau da, esklabu-jabeen esplotatzaile egoera mantentzea. Susan Brownmillerren hitzetan emakume beltzen ugalketa-sistemaren gaineko kontrolak esklaboen “etengabeko hornikuntza” ekarri zuen.v Azkenik, gizarte burgesak gaur egun duen garapen produktibo eta kulturalaren maila aintzat hartuta, prostituzioak emakume proletarizatuenen (Euskal Herrian batez ere migranteak edota transak) esplotaziotik eskuratutako mozkina eskuratzea eta sozialki emakumearen gorputzaren objektibizazioa –fetitxizazioa esan genezake, gurtze objektu eta merkantzia izaera duela eta– arautzea eta normalizatzea lortzen du.

Zer esanik ez, mende bat atzera egiten badugu: fordismoaren arrakastaren baldintza gisa sortutako familia ereduaren eta etxeko-andre figuraren moldaketan indarkeria sexualak izandako paperaz, erlijio kristauaren arauen baitan beti ere, langile klaseko emakumeei beraien senarren sexu grina asetzea exigitzen baitzitzaien. Horrez gain, garaiko sinesmen eta ohiturek herrialde industrializatuetako emakume desjabetuei atxikitu zizkieten zaintzaile enpatiko eta irrazionalen ezaugarriak naturalizatzearen ondotik, etxe barruetan ostenduta geratu ziren. Hala, bertan egiten zituzten langile klasearen erreprodukzio lan asko eta askoren kostuak aurrezten zituen burgesia jaioberriak: langileriaren erreprodukzio biologikoarenak eta heziketarenak esaterako. Emakume langileen senarrarekiko derrigortasun soziala beraz, ez zen ausazkoa, moral kristauaren aparientzia hartzen zuen inperatibo ekonomikoa baizik, ekoizpen modu kapitalistaren exijentzia.

Era berean, sexu indarkeriak, honen kontra antolaturiko mugimendu zabal baten historia utzi digu mahaigainean. Luze eta sakon landutako gaia izan da hau, batez ere autore eta mugimendu feministen partetik. Horren laburpen eta ondorio dugu hurrengo azalpena:

Ilustrazioaren hastapenetan, garapen tekniko eta zientifikoari esker, tradizio eta sinesmenei arrazionaltasuna gailendu zitzaien pentsamendu korrote berriaren eskutik. Hezkuntzak eta eskubidee formalek garrantzia handia hartu zuten, eta sona handia du 1791eko Olympe de Gouges-en hiritartasunaren aldeko adierazpenak, emakume eta gizonek eskubide berberak izan behar zituztela jasotzen zuenakvi, esaterako.

XIX. mendean zehar aldaketa sozial handiak eman ziren formazio sozial kapitalistaren garapenean, emakume langileen masak soldatapeko lanean hasi ziren eta emakume burgesa etxeko lanetara bideratua izan zen. Horrek emakume burgesen sumindura eta antolatzeko nahia eragin zituen, sufragisten mugimenduari bide emanez. Familia proletarioei dagokienez, Engelsek hauen baitan errotutako emakumeen aurkako basakeria aipatuvii aurretik, Flora Tristánek adierazi zuen “gertutik ikusi behar zirela langile klaseko etxe horiek (batez ere txarrenak), senarrak pairatzen duen zorigaitza, emakumeak jasaten duen sufrimenduaz ideia bat izateko. Gaitzespenak, irainak, kolpeak, negarrak eta etsipena” aipatu zituen bezala, horiek saihesteko nesken hezkuntzaren alde agertu zen, langile klase osoaren hobekuntza ekarri zuela sinetsiz.viii Zenbait aktibista eta idazlek ezkontzak klase ertaineko emakume ingelesentzako eragiten zuen menderakuntza salatu zutenix garai hartan, emakume ezkonduen babesgabetasuna eta azpiraketa nabarmendu zituztelarik. Sufragistak ere batu ziren aldarri hartara eta ezkontza problematizatu zuten. Adibidez alkoholaren kontsumoaren kontra agertu ziren, honek bikoteen baitako emakumeen kontrako indarkerian zuen papera azaleraziz.

XX. mendeko hasierako boltxebikeek Errusiako emakume langile eta nekazarien egoera negargarriaren aurrean, hainbat proposamen politiko jarri zituzten martxan emakumeen zapalkuntzari aurre egin asmozx. Horien artean aipagarrienak, emakumea etxeko isolamendutik ateratzeko eginiko kolektibizazio proposamenak, honen parte hartze politiko eta soziala bermatzen zuten lege eta baldintzak. Emakumeen kontrako indarkeria desagertu asmoz, aldarrikapen desberdinei lotutako hainbat aldaketa politiko gauzatu zituzten boltxebikeek. Horrela, metatutako botereari esker, klase kontzientziaren zabalpenaren eskutik aurrerapen material eta kulturalak lortu zituzten emakumeak iraultzaren subjektu integral izan zitezen, estatu sozialistako eskubide formal eta erreal guztien jabe. Adibidez, 1917ko abenduaren 18an onartutako dibortzioaren legeak, emakumeei beraien gizonengandik banatzeko aukera eskaintzen zien bi asteko epean asko jota, Aleksandra Kollontairen hitzetan.xi

Bestalde, emakume nekazariak baserrietara lotzea eragiten zuen jabetza forma pribatuaren kritika gogorra garatu zuten, eta eskala txikiko nekazaritzak erlijioaren hedapen eta errotzean ahalbidetzen zuela adierazi. Hortara, nekazaritzaren kolektibizazioak aldaketa kulturalean ekarriko zituen onurak argudiatu zituzten, emakume nekazarien isolamenduarekin, eta haien gainean senarrak zuen indarkeria erabliltzeko aukerarekin amaitzeko bidea irekiz.xii Prostituzioari dagokionezxiii, langile klase osoaren gaitz gisa jorratu zen, zuzenean emakume langile guztiei eragiten ziena. Horrekin amaitzeko puntu anitz asko jasotzen zituen planteamenduak garatu ziren: emakumeen soldata baxuek emakumeak prostituziora jotzea eragiten zuenez, haien lanerako teknika eta abileziak garatzeko programak; emakume masa zabalengan klase kontzientzia hedatu eta komunismoaren eraikuntzan lerrokatzea; departamentuen arteko elkarlana bultzatzea, esaterako etxebizitza eskubidea bermatzeko emakume iritsi berriei herriz herri; sexu-heziketa aldatzea…

Bigarren olatu feministara salto eginda, 60. hamarkadako egoera soziopolitiko aztoratua oso emankorra izan zen anti-sistema gisa izendatutako borroketan eta ekoizpen teorikoan. Feminismoari dagokionez, emakume sozialista eta beltzek generoaren, arrazaren eta klasearen inguruko ikerketak, eztabaidak eta proposamen politikoak garatu zituzten.xiv Bestalde, feminismo erradikalak patriarkatuaren kontzeptua landu zuen; horren bidez, sexu-generoan oinarritutako eta beste dominazio-sistemekiko independentea zen dominazio-sistema bat zegoela esplizitu egin zuten, Ana de Miguelen hitzetan.xv Emakumeen zapalkuntzaren kontzeptualizazio berri bat garatu zuten horrela, besteak beste, Kate Milletek, Sexual Politics lanaren egileak, eta aurrez aipatu dugun Brownmillerrek. Marko teoriko horretatik abiatuta pertsonala politikoa da aldarria plazaratu zuten feminista erradikalek. Aurreko korronteei jarraiki, emakumeak gizartean barneratzeko nahia agertu zuten, diskriminazio positiboa eta kuotak bezalako proposamenak mahaigaineratuz. Horrez gain, aldaketa kualitatibo bat ekarri zuen korronte berri hark, espazio pribatuaren problematizazio eta politizazioa, hain zuzen ere. Horren eskutik, etxe barruetan ematen zen emakumeen kontrako indarkeria, isolatua eta emakume ahulen ezaugarria baino, egiturazkoa zela adierazi zuten. Horren aurrean, auto-ezagutza aldarrikatu zuten, eta hainbat zerbitzu “ez-patriarkal” garatu zituzten, ginekologia, tratu txarrak jasandako emakumeentzako egoitzak edota haurtzaindegiak, esaterako.

XX. mendeko amaierari so egiten badiogu, bi ezaugarri azpimarratu ditzakegu klase ertaineko emakumeen egoeraz. Batetik, emakumea eskubide osoko hiritar gisara egikaritu zen: maila guztietako hezkuntza jasotzeko, soldatapeko lanean aritzeko eta instituzioetan parte hartzeko eskubideak eskuratu zituen. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko legeak eta auzi penalak garatu ziren. Horren adibide dugu Espainiar Estatuko 1/2004 Genero indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko Lege Organikoa. Bestetik, feminismoa akademiara iritsi zen, beste mugimendu sozialak iritsi ziren bezala. Emakume- edota Genero-ikasketak biderkatu egin ziren unibertsitateetan. Iraultza sozialisten gainbeherarekin batera agortutzat eman zen marxismoa errealitatea aztertu eta eraldatzeko tresna gisa, eta bestelako teoria eta metodologiak garatu ziren. Posmodernismoaren eskutik, ideal ilustratuen subjektu autonomoren agorpena iragarri zen, eta bestelako planteamenduak garatzeko aukerak ireki ziren, intersekzionalitatearena edota generoen performatibitatearenak adibidez, feminismoari lotutako bi aipatzearren.

Ongizate Estatuaren gainbeherararte baketsua zirudien gizarte kapitalistan, baina, ez zen emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko bitartekoekin asmatu, are gutxiago periferiako herrialdeetan. Gaur gaurkoz, mendebaldeko gizarteetan ematen ari den klase ertainaren desintegrazioaren eskutik, gainera, emakume proletarioen kontrako indarkeria kualitatiboki areagotzen ari da eta sektore sozial hau kuantitatiboki handitzen. Politika interklasisten porrota bizitzen ari garen honetan, baina, indarkeria horren areagotze eta ikusaraztearen ondorioz, honi aurre egiteko proposamenak garatzeko aukera agertu zaigu. Izan ere, frogatutzat eman dezakegu politika horien inefikazia, batez ere emakume langileon gaineko indarkeria eta zapalkuntzak gizarte burgesean betetzen dituen funtzioak alboratu baitituzte. Areago, emakume langileon zapalkuntza burgesiaren boterearen estrukturaren parte den genero problematikaren ondorio gisa agertzen zaigu.

Ez gaitzatela, hortaz, historian zehar emakumeak zapaltzeko, zauritzeko, bortxatzeko eta erailtzeko moduek itsutu. Esperientzia historikotik, noski, irakaspen politikoak ateratzen jarraitu behar dugu, esperientzia honen akumulaziorik gabe, gaur ez ginateke eta hemen egongo. Horrek aldiz, ezin gaitu irakurketa historikoetara mugatu. Emakume langileon egungo egoera analizatu eta galdera ikusputu egokitik formulatzen asmatu behar dugu. Beraz, segi dezagun ikertzen gaur egun emakume langileon zapalkuntza ahalbidetzen dituzten aukerak zeintzuk diren, asetzen dituen interesak norenak eta zein hartzen dituen formak. Nola ez, indarkeria horrekin amaitzeko estrategia zein den garatu dezagun, eta praktikara salto egiteko gure taktika diseina dezagun.

i Cinzia Arruzza. (2014). Remarks on Gender. Viewpoint Magazine. Hemendik eskuratua: https://www.viewpointmag.com/2014/09/02/remarks-on-gender/

ii Gerda Lerner. (1986). La creación del patriarcado. Iruñea: Katakrak.

iii Angela Davis. (1981). Emakumeak, arraza eta klasea. Donostia: Elkar.

v Susan Brownmiller. (1975). Against Our Will. Men, Women and Rape. New York: Ballantine Books.

vi Olympe de Gouges. (1791). Emakumearen eta Emakumezko Herritarraren Eskubideen Adierazpen>a.

vii Friedrich Engels. (1884). El Origen de la familia, la propiedad privada, y el Estado. Hemendik eskuratua: https://www.marxists.org/espanol/m-e/1880s/origen/cap2.htm

viii Flora Tristán. (1843). Unión Obrera. Hemendik eskuratua: https://proletarios.org/books/Flora-Tristan-La_Union_Obrera.pdf

ix William Thompson eta Anna Wheeler. (1852). Appeal of One Half the Human Race, Women. Hemendik eskuratua: https://womhist.alexanderstreet.com/awrm/doc4.htm

xi Aleksandra Kollontai. (1902). El comunismo y la familia. Hemendik eskuratua: https://www.marxists.org/espanol/kollontai/comfam.htm

xii Nadezhda K. Krupskaya. (1933). V.I. Leninen The Emancipation of Women lanaren hitzaurrea. Hemendik eskuratua: https://www.marxists.org/archive/krupskaya/works/krup1.htm

xiii Aleksandra Kollontai. (1921). Prostitution and ways of fighting it hitzaldian. Hemendik eskuratua: https://www.marxists.org/archive/kollonta/1921/prostitution.htm

xv Ana de Miguel. (2015). Neoliberalismo Sexual. El mito de la libre elección. Madril: Ediciones Cátedra.