LAN DOMESTIKOAREN KOLEKTIBIZAZIO ESPERIENTZIA SOBIETARRA

Emakume eta gizonen artean ezberdintasunak daudela, batzuek besteek baino pribilegio gehiago dituztela eta hortaz aprobetxatzen direla, edota batzuek besteek baino zapalkuntza gehiago pairatzen dituztela maiz aipatu izan diren ideiak dira, feminismoaren inguruko lanketa bat egiten den edozein esparrutan: etxeko lanaren banaketa eta agure zein haurren zaintza deskonpentsatua dela emakume eta gizonen artean, ordaindu gabeko lan horren pisua emakumearen gain jausten dela… Askotan horrelako argudioak oinarritzat hartu izan dira generoen arteko hierarkizazioa azaleratzeko, eta emakumearen ahalduntze eta askapenerako beharra aldarrikatzeko.

Argi dago orokorrean emakumeak subjektu gutxietsiak garela; eta hau funtzionala zaio murgilduta gauden sistemari, emakumeok doan egiten ditugun lan horiengatik etekina ateratzen baitu. Garrantzitsua da funtzionaltasun edo sistemarekiko lotura estruktural horren analisia egitea, emakumeak gutxietsiak egoteak zeri erantzuten dion ulertzeko. Baina aldi berean, garrantzitsua da ere fenomeno horren irtenbide edo aurrerapauso posibleak aztertzea eta pentsatzea, baita emakumeen askapenerako hartu diren neurrien esperientzia historikoak aztertzea ere, neurri posible errealak baloratzeko. Datozen lerroetan ideia hauetan sakonduko dugu, arrazoia bilatzearen analisitik harago, askapenaren norabidean kokatu ditzakegun irtenbide posibleetan pentsatzen lagunduko digulakoan.

1.  OINARRI MATERIALA

Sistema kapitalistan klase jabedunak antolaketa ekonomiko zein sozialaren gaineko boterea dauka, etekinak nahieran eskuratzeko balio diona, lanaren banaketa soziala helburu horren (aberastasuna) baitan egituratuz. Hau da, azpiratua dagoen klase sozialeko langile orok esfera merkantilean zein sozialean egiten duen lanaren bitartez sistema kapitalistaren biziraupena bermatzen da, lan hori sistema bera borrokatzeko bideratua ez dagoen bitartean behintzat. Lan merkatuan aritzerakoan gure lanerako gaitasunak eta bertatik sortzen den balio guztia botere burgesaren esku uzten ditugu, honek zuzenean izango duelarik horren gaineko erabakimena. Baina horrez gain, lan merkatu horretatik kanpo, esfera sozialean ere gure bizitzak erreproduzitzeko lanean jarraitzera behartuak gaude (janaria prestatu, etxea eta arropak garbitu, erosketak egin, inguru hurbileko agure edo haurrak zaindu…) lan horietako asko modu pribatuan egiteko antolatuak daudelarik (norberaren beharrak edo askoz jota etxekoenak asetzeko) eta hauetariko gehienak merkatuan kontsumitzea exijitzen dutelarik (orokorrean bizirauteko beharrezkoak ditugun produktuak erostea). Hortaz, sistema kapitalistak esfera sozialean egiten diren lanen etekina ere zeharkako forman bere egiten du.

Bestalde, kontuan hartzekoa da lan banaketa sozialaren baitako lan banaketa sexuala. Erraz atzeman dezakegu soldatapeko lanetan sozialki debaluatuak diren zenbait lan (garbitzaileak, zaintzaileak…) emakumez osatuak daudela oro har, lan baldintza kaxkarragoak eta soldata baxuagoak izanik. Soldatapekoak ez diren lanetan ere nabaria da lan banaketa sexual hori, esfera pribatuko (etxea zein gertuko familia) hainbat lan emakume langileak egiten baititu orohar (etxeko garbiketa, sukaldatzea…).

2.  PROPOSAMEN TAKTIKOA: LANEN KOLEKTIBIZAZIOA

Argi dago beraz egungo lan banaketa sozial zein sexualak emakume langilea subjektu azpiratua izatea bermatzen dutela eta esfera pribatuetako (domestikoa edo gertuko familiakoa) eginbeharren erantzule izatea naturalizatzen dutela, askatasun ekonomiko, sozial eta politikorik gabekoa.

Hau horrela, emakumearen askapenerako bidean oinarri material horien (lan banaketa soziala eta sexuala) berrantolaketa beharrezkoa ikusten dugu, horrek gizartearen (lanaren) berrantolaketa exijitzen duelarik. Antolaketa berri horrek beraz, bizitzak erreproduzitzeko beharrak logika burgesetik at eta desjabetuon interesen baitan birpentsatzera garamatza.

Alta, lanen kolektibizazioaz ari garenean ez gara hauek instituzio burgesetan antolatzeaz ari, horrek kapital metaketarako espazio berriak irekitzea suposatuko lukeelako. Apostua emakumeak etxeko esferan dituen arduretatik askatzea bada, esfera pribatu horrek eskatzen dituen zerbitzu edo lanak identifikatu eta horiek proletargoaren interesak bermatzeko forma egokiena pentsatu beharrean gaude, gizartearen antolaketak guztion beharrak modu antolatu eta eraginkorrean asetu eta zama hori familia guztietako emakumeengain ez jausteko. Janaria prestatzeko, esaterako, kontuan hartzekoa da zenbat lan indar, diru eta denbora inbertitu behar den adibidez 20 pertsonak haien eguneko otorduak modu indibidualean prestatzen (pertsona bakoitzak bere etxean inbertitzen duena bider 20) edo pertsona gutxi batzuk 20 pertsonentzako aldi berean prestatzerakoan inbertitu beharrekoa. Lan banaketa soziala desjabetuon interesak modu eraginkorrean asetzeko antolatua egotea suposatuko luke lanen kolektibizazioak, sexuarengatik lanen arteko bereizketa kualitatibo zein kuantitatiborik egin gabe.

Instituzioetan gure bizi baldintzak hobetzera begira exijituriko erreformak ez dira beraz, nahikoa, nahiz eta taktikoki aurrera eraman beharreko borroketan kokatzen ditugun. Hori baita azken finean, estrategia erreformista baten eta erreformen erabilpen taktikoaren ezberdintasuna, esentzian desberdina dena: mundu hau batzuentzat justuagoa bilakatzea alde batetik eta mundu justu bat eraikitzea bestetik.

3.  ESPERIENTZIA HISTORIKOAK: Errepublika Sobietarra XX. mendeko lehen erdialdea

Lan domestikoaren kolektibizazioaren ideia, baina, ez da geuk sortutakoa inondik inora. Ideia hau eztabaidatu ez ezik praktikan ere jartzera iritsi zen Sobiertar Batasuneko botere proletarioa.

Con la Revolución de Octubre, tras el paso del poder a manos de los soviets, la liberación completa de las obreras mediante la supresión de las viejas formas de la familia y la economía doméstica, no sólo se ha vuelto posible, sino que es una de las condiciones necesarias de la instauración del socialismo.
Armand, Inessa, 1920: 2-3

Garrantzia berezia ematen zioten beraz auzi honi, beharrezkoa baitzen emakume langile eta nekazariak haien bizitza tamalgarrietatik askatzea. Horrela, Sobieten botere-hartzetik (1917) denbora gutxira, genero auziak errealitatearekin topo egin zuen. Auzi honek eztabaidatik praktikara salto egin zuen lehen aldia dugu hau. Errepublika Errusiarrak ez zuen itxaron, emakume errusiarrak pairatzen zuen egoera lazgarriaren aurrean lehen irtenbideak mahai-gaineratzeko. i

Alabaina, beharrezkoa zaigu orduko testuingurua zertxobait aipatzea, kolektibizazioek izan zituzten muga historikoak ulertu nahi baditugu. Izan ere, batetik, garai horretan Errusia gerra zibil batean zegoen, horrek proletalgoaren gehiengoa borrokan egotea behartzen zuelarik. Bestetik, Errusiak iragan zarista izanagatik, auzi kultural eta moralei dagokienez aurreiritziz josita zeuden bai langile zein nekazariak, azken hauek herrialdearen gehiengoa izanik. Honenbestez, gerra-testuinguru eta herritarren aurreiritzi errotu hauek emakumearen askapenerako oztopo izan ziren; baita Sozialismorako transformaziorako bestelako alderdi askorentzat ere.

Testuinguru honetan aurkitzen ditugu, beraz, Sobietak. Baina, oztopoak oztopo, proletargoaren diktaduraren forma sobietikoa liratekeen hauek gizartearen eraldaketa sozial eta politikorako tresna boteretsuak bihurtu ziren.

Emakumearen askapenari dagokionean haien eginkizunak alderdi ezberdinak zituen, ondorengoak izanik esanguratsuenak: lege zaharren deuseztapena, etxeko lanen kolektibizazioa eta emakumearen parte-hartze politiko eta soziala indartzea. ii

Aipatutakotik haratagoko, lortutako eskubideak hainbat izan baziren ere (Segurtasun Soziala, homosexualitatearen onarpena…), ondorengo atalari eman nahiko genioke garrantzia. Izan ere, jakin badakigu berdintasun legala ez dela berdintasun errealaren isla. Horregatik, emakumeen askapenerako programa boltxebikea ez zen horretara mugatzen. Aitzitik, programaren muina, emakumearen ardura natural gisa ikusten ziren etxeko lanen kolektibizazioan kokatzen zen. Etxeko lanek emakumea esklabu bilakatzen zuenaren ideiari erantzuten zion horrek, emakumearen antolakuntza politikoa eta esfera poduktiboan zuen parte hartzea oztopatzen zituelako. Lanaren antolakuntza horrek, emakumeek gizonekiko baldintza berdintasunean parte hartuko zuten ekonomia kolektibo bat exijitzen zuen, beraz.

3.2. Etxeko lanen kolektibizazioa

Gerra zibil baten erdian, langile estatuak haurtzaindegiak (jardines de infancia, maternales), jangelak eta arropa garbitegiak sortu zituen, besteak beste. “Gerraren komunismoa” deitu zioten bizi komunala ezartzeko lehen saiakeren tarte honi. Ondorengoak liratezke emakumearen askapenerako tresna gisara sortutako instituzioetako batzuk:

Haurren zaintza
Emakumearen esklabutza domestikoarekin amaitzeko gako nagusietako bat haurren zaintzaren sozializaziotik zetorren. Arestian aipatutako blokeo eta erasoen erdian, Botere Sobietarrak, partzialki bazen ere, haurren mantenu publikoa bermatzen zuen: tarjeta infantil delakoa sortu zen, familiek produktuak lortzeko bitarteko. Eskoletan debaldeko jangela eta kantinak sortu zituzten. Hezkuntza bere osotasunean dohainik zuen herritar orok. Horrekin batera, ordura arte ezagunak ez ziren haurtzaindegi eta haur-eskolak sortu ziren eta bertan, umeei beharrezko ondasunak ematen zitzaizkien (arropak…). vi

Jangela publikoak, kantina popularrak (1918)
Jangela publikoei esker, etxeko sukaldea pixkanaka desagertuz joan zen. Sobietek garrantzia berezia ematen zioten honi, lehen esan bezala, etxeko sukaldea emakumearen esklabutza domestikotik askatzeko traba nagusi modura identifikatzen baitzuten.

“La cocina casera, tan glorificada por los burgueses, pero que desde el punto de vista de la economía no es en absoluto adecuada al objetivo, es para las campesinas y en especial para las obreras un castigo insoportable que les consume todo el tiempo libre, las priva de la posibilidad de ir a las reuniones, de leer y de tomar parte en la lucha de clases: la cocina doméstica, en el régimen burgués, es uno de los mejores aliados del capital contra el obrero, al favorecer la ignorancia y el retraso de las obreras”
Armand, Inessa, 1920: 2

Umezurtzentzat etxebizitza: Besprizorniki
Iraganeko nobleziaren lursailak umezurtzentzako etxebizitza bilakatu zituzten. Umezurtzak estatuaren seme-alabatzat jotzen ziren, eta beraz, denek izan behar zuten etorkizuneko gizarte sozialistaren baliabide orotaz probesteko aukera. vii

Komuna-etxebizitzak
Komuna-etxebizitza edota etxebizitza kolektibo hauek pisu alokatuak ordezkatzea zuten helburu; horiek familiak (emakumeak honen baitan) isolatzen zituztenez, harreman sozial komunisten garapenerako traba handia baitziren. Komunitate berri hauetan, bizitza komunitarioaren esperientziak jarri nahi ziren abian; bertan, arropa-garbitegi zentralak, haur eskolak, haurrentzako jangelak… zirelarik maiztasunez. Horrela, emakume langilearentzako askapenerako baldintza errealak sortzen hasi ziren, eginbehar domestikoak komunitatearen auzi gisa ulertzen baitziren, eta ez familia unitate barruko emakumearen eginbehar modura. Garaiko informazio estatistikoaren arabera, 1920an Moskun etxebizitza guztietatik %40, 9000 etxebizitza baino gehiago, etxebizitza komunitate kolektiboak ziren. viii

Bestalde, amatasun-etxebizitzak ere sortu ziren. Etxebizitza hauek batik bat haurdun zeuden emakumeentzako edota jada haurra izan zutenentzako zuzenduak ziren. Emakumearentzako babesleku, denbora tarte batean haien familia unitateak sor zitzakeen preokupazioetatik askatzeko helburua zuten. ix

Aipatutako instituzio hauek eta beste hainbestek, beharrezkoak suertatzen ziren toki denetan ikusi zuten argia. Hala ere, langile eta nekazarien beharrek beti gainditu izan zituzten sortutako baliabide guztiak, testuinguru historiko gogor horren baitan nekez lortu ahal izan baitzuten haien helburu baikorrak betetzea.

3.3. Parte hartze politiko eta soziala

Sobietek garbi zuten soilik emakume langile eta nekazariak haien lan-karga domestikotik askatzean emango zela errealki emakumearen parte hartzea esfera produktiboan eta militantzia politikoan. Horrenbestez, premisa hori beharrezkoa zitzaion emakumeari gerora gainontzeko alorretara salto egiteko.

Horrela, ikusitako kolektibizazio forma hauen bultzatzaile eta antolatzaile sutsuenak emakumeak izan ziren. Alderdi Boltxebikearen baitan emakume langile eta nekazarien departamentu berezi bat sortu zen: Zhenotdel. Honen funtzioa, batetik, emakumeen egoerari erreparatzea zen, azaldutako haurtzaindegi, eskola eta arropa-garbitegien kudeaketaz arduratuz. Bestetik, emakumeak parte-hartze politikora gerturatu zitezen zuen helburu, hauek Sobieten parte nahiz Estatu proletarioaren antolaketa zuzenaren parte izan zitezen. x Honekin loturik aurkitzen dugu, esate baterako, Kommunistka aldizkaria, emakume zaurgarrienei zuzendua.

Bestalde, Emakume Ordezkarien Asanbladak ere sortu ziren. Asanblada hauetan lantegi eta tailer ezberdinetako ordezkari emakumeak biltzen ziren. Bertan, emakume langileek politikoki antolatzen ikasten zuten. Are gehiago, aipatu beharra dago emakumearen paper garrantzitsua lantegi, Sobiet eta milizietan. Izan ere, gizon langileak armada gorriarekin gerra-frontera joan behar zirenez, emakumeek hauek ordezkatu zituzten. Hala ere, emakume proletario asko izan ziren lehen lerroan borrokatzeko hautua egin zutenak. Gainera, behin gerra amaituta, gainontzeko herrialde kapitalistetan ez bezala, Sobietar Batasunean emakume langileak ez ziren lantegietatik kanporatu; kontrara, hauek kalifikazio handiagoa izan zezaten lanean jarraitu zuten. xi Aurreko guztia kontuan izanik, ez da harritzekoa emakumeen formakuntza teoriko eta praktikoari ematen zitzaion garrantzi berezia. xii

4.  KRITIKA ETA ONDORIOAK

Ikusi bezala, XX. mendearen lehenengo erdialdean, Sobietar Batasunean, emakumearen askapena egikaritzeko hainbat neurri hartu zituzten garaiko koiuntura eta baldintzetatik abiatuz. Hauek langile klaseko emakume eta nekazarien bizi baldintzak hobetzeko eta subjektu aktiboak bilakatzeko aurrerapausu handiak ekarri bazituzten ere, lan banaketa sexuala gainditzeko zailtasun nabariak izan zituzten. Izan ere, lan domestiko horiek komunitatearen esku jarri baziren ere, emakumezkoak naturalki egin beharrekoak bezala identifikatuak ziren. Ondorioz, komunitateko emakumeek jarraitzen zuten lan horiek burutzen, nahiz eta logika edo helburua bestelakoa izan.

Egun, etxeko lanen forma, oraindik ere antolakuntza “premoderno” modura kokatu ahalko genuke, modernitateak exijitzen duen lanaren sozializaziotik urrun. Hala ere, kapitalak soldataren kontzeptua gizartearen zirrikitu guztietara hedatzea du xede; horregatik, metabolismo sozialean beharrezkoa den lan oro merkantilizatzeko joera du. Sistemaren barne kontraesanetako baten aurrean gaude: etxeko lanak forma pribatuan mantentzeak horien kostua aurrezteko aukera ematen dion bitartean, gainbalio tasak handitzeko merkatu bide berriak zabaltzea beharrezkoa du.

Horren aurrean, lan horien sozializazio forma soldatapeko lanean kokatzeak, sistemaren muina elikatzen jarraitzea dakar, burgesiaren interesetara formulatua dagoen lanaren banaketa sozial forma indartzen baitu. Beraz, ikuspegi sozialistatik lanaren antolaketa berri bat garatzea beharrezkoa dugu eta konkretuki, etxeko lanen sozializazio eraginkorrena asmatzeari ekin behar diogu gaurdanik: esplotazioan eta sexuen bereizketa sozialean oinarritzen diren lan antolaketekin amaituz.

Esperientzia historikoak garaiko aldaketa sozialetarako ikasketa prozesu moduan kontuan hartuta, has gaitezen bada egungo testuingurua analizatzen eta gure gaitasunak emakumearen askapenerako aldaketa errealak lortzeko artikulatzen.

i Toledo, Cecilia (2006): El Marxismo y el Problema de la Emancipación de la Mujer.  Marxists Internet Archive.

ii Ibidem

iii Armand, Inessa (1920): La obrera en la Rusia soviética. Bulletin Communiste. (Helène Blonina modura sinatua – bere benetako izena)

iv Ibidem

v (2006ko azaroa) La Revolución Rusa y la emancipación de la mujer: Mujer y Revolución. Spartacist (59).

vi  Mendoza M, Vladimir: La revolución rusa y la construcción de la nueva educación: 1917-1921.

vii (2006ko azaroa) La Revolución Rusa y la emancipación de la mujer: Mujer y Revolución. Spartacist (59).

viii Kollontay, Alexandra (2014): Catorce conferencias en la universidad de Sverdlov de Leningrado 1921: Mujer, economía y sociedad. Estudio preliminar de Graciela Tejero Coni. Argentina: Cienflores.

ix Ibidem

x Andreu Nin (1932) : Los Soviets: su origen, desarrollo y funciones . Valencia: Cuadernos de cultura LXV.

xi Armand, Inessa (1920): La obrera en la Rusia soviética. Bulletin Communiste.

xii Serebrennikov, T. (1943): La mujer en la Unión Soviética. Moscu: Ediciones en lenguas extranjeras.