AZAROAK 25: INDARKERIA MATXISTAREN AURKA, KLASE BATASUNA!

Tamalgarria da matxismoaren, biolentzia matxistaren edota genero biolentziaren definizioa bilatzean aukitzen dugun informazio bakarrak, biolentzia forma honen tipologiari edo ondorioei soilik erreparatzea: gizonen nagusitasunak ezaugarrituriko sexismo forma, gizonek emakumeekiko duten nagusitasun jarrera, sexu femeninoaren kontra ofentsiboak suertatzen diren praktika, jarrera eta esaera multzoa… eta egoera hauek ematearen zergatia eta testuingurua bera alde batera uztea.

Emakume langileok gure azalean bizi dugu biolentzia matxista: aitortza politikorik ez izateagatik gure iritzia kontutan ez hartzea, bortxatu gaituen gizona kalean gurutzatzea, besteen onarpenerako estetika jakin bat mantendu behar izatea, kaletik bakarrik beldurrez joatea, haurdun egonda lanetik botatzea… Horregatik, bizi dugun biolentzia forma nolakoa den eta ze ondorio dituen azaltzetik haratago, azalpena merezi duena honen kausa da. Hau da, biolentzia matxistak fenomeno sistematiko gisara erantzuten dien interesen argipena eta hau borrokatzeko forma topatzea.

Egiturazko funtzio gisara, botere estrukturalaren mantentzea du helburu, hots, botere burgesa bermatzea: emakumea subjektu debaluatua izateak alde batetik, eskulan merke gisara tratatzeko aukera ematen dio burgesiari, ateratzen duen onura handiagoa bilakatuz. Bestetik, sistemaren biziraupenerako beharrezkoak diren eta etxean dohainik egiten ditugun erreprodukzio lan asko emakumeongain jausten dira, horren kostuak kapitalari aurreztuz. Guzti horrek emakume eta gizonen arteko banaketa soziala bultzatzen du, langileon arteko etsaitasunak sortuz eta klase batasuna etengabe oztopatuz. Beraz, biolentzia matxistak kapital metaketa maila handienean emateko mekanismo ideologiko gisa jarduten du.

Askotan estatu aparatuak izaten dira biolentzia egoera hauek biziarazten dizkigutenak, sistemaren tresna eraginkor gisa bere interesetara konfiguratuak baitauzka: indar polizialek esplotazio sexualaren aurrean beste aldera begiratzen dutenean, hezkuntza sistemak inposaturiko genero rolak erreproduzitzen dituenean, justizia burgesak bortxaketa bat sexu-abusu gisa epaitzean… Bestetik, klase menperatzaileak biolentzia forma hau gauzatzeko figura diziplinario ezberdinak sortzen ditu, matxismoa bezalako ideologien bidez boterea delegatzen dielarik langile klaseko agente ezberdinei, horra hor, etxean giltzapeturik gaituen senarra, lanean manipulatu eta mehatxatzen gaituen enkargatua, tabernan etengabe mehatxuz begira daukaguna…

Egia da bai genero problematikaren ondorio kultural eta juridikoek emakume guztioi eragiten digutela, baina emakume guztiak interpelatzeak ez du zertan adierazi denok subordinazio prozesu bera jasaten dugunik. Kontrara, klaseek osaturiko gizartean errealitate soziala desberdina da emakume burges edo emakume langilearentzat, bai prebentziorako mekanismoetan, bai erantzuteko aukeretan ere. Gainera, azaldutako matxismoaren interesek argi adierazten dute klase jabedunetako emakumeek beraien klase posizioa mantentzeko genero zapalkuntza onartzen dutela. Beraz, emakume burgesek ez al daukate erantzunkizunik honetan?

Ondorioa argia da, biolentzia matxistak betetzen duen funtzioak langileoi lapurturiko gainbalioa handitzean eta berau sozialki bermatzeko edozein antolakuntza komunista oztopatzean datza. Beraz, beharrezkoa dugu gaurdanik matxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jartzea: biolentzia matxistaren kausak azaleraziz, figura diziplinarioak identifikatu eta horiek borrokatzeko mekanismoak sortuz, biolentzia matxista esentzian daramaten testuinguruak desagerraraziz eta emakume langileon eguneroko bizi baldintzak hobetzeko tresnak sortuz. Hau da, langileon ardura historikoari men eginez, desjabetuon batasuna artikulatzeari ekin behar diogu.

MENPEKO ETA BANANDUTA NAHI GAITUZTE, BAINA KIDEON ARTEKO BATASUNAK SOILIK ASKA GAITZAKE!