SENTIMENTALISMO ETA BILEREZ HARATAGO

La grandeza de un pensador proletario, de un representante del materialismo histórico, se mide, en consecuencia, por la amplitud y profundidad de su penetración en estos problemas. Se mide, así mismo, por la intensidad con que es capaz de percibir adecuadamente, más allá de los fenómenos de la sociedad burguesa, esas tendencias de la revolución proletaria que en ellos y por medio de ellos van elaborándose hasta adquirir un ser eficaz y una clara conciencia.

Lukács (1924) – Lenin (La coherencia de su pensamiento)

Diziplina militantea. Ugariak dira termino hau entzutean burura etortzen zaizkigun ezaugarriak: puntualtasuna, adostutako bileretara agertzeko prestutasuna, jarraikortasuna… Diziplinaren osagai hauek gutxietsi gabe, gabezi nabarmen bat aurkitu diogu ulerkera horri, gure ustetan, bilera-kopuruak ez baitu norbere diziplina-maila definitzen. Harremantze-eredu berri bat eraikitzeko prozesu batean murgilduta gaudela ahaztuz, ondorengo osagaiak albo batera utzi ohi ditugu: gure burkideen zaintza bermatzeko diziplina (edo horretarako mekanismoak pentsatzearena), gure jarrerak aztertzeko diziplina, teorizatzen ditugun harremantze-ereduekin koherentziaz jokatzeko diziplina, etab. Zaintza erreala praktikan jartzeko beronek diziplinatuta egon behar du, zeharo inefektiboa baita berau gauzatzeko neurriak kontzeptuaren inguruan indibiduo bakoitzak daukan ulerkeraren menpe geratzea, kolektiboki pentsatu eta garatu beharrean. Hortaz, zaintza artikulatzeak diziplinaren baitako beste alor bat garatzea exigitzen du ezinbestean, diziplina bere ohiko ulerkeratik at garatzeko beharra mahaigaineratuz. Era berean, zaintzak diziplinaren ohiko osagaiak indartu ditzake, militanteak zainduak izateak haien konpromisoa handitzea ekarriko baitu. Adibidez, insomnioarengatik goizean goiz adostutako hitzorduetara sekula agertzen ez denaren egoera psikologikoa hobetuko balitz, ohiko ulerkerari dagokion diziplina handitzeko aukerak areagotuko lirateke.

Ondorioz, zaintza ere auzi organizatibo gisa ulertu behar dugu, hau da, antolakuntza politikoaren formak zaintza bermatzeari erantzun behar dio, lan-banaketa militantearen baitan zaintza ere kontuan hartuz. Hala ere, esan beharra dago aipatu lan banaketak ez duela absolutua izan behar, hau da, ez gara espezializazio total batean erori behar, lan-banaketaren baitan funtzio konkretu bat betetzeak ez baitu eragozten gainontzeko esparruetan zer esanik edukitzea.

Zaintza antolatzeaz ari garenean, baina, lan-banaketa sexuala ez erreproduzitzeko saiakera kontziente bat burutu behar dugu, gogoan izan behar baitugu militantziaren baitan ere inertziaz erreproduzitu ohi dela generoaren araberako lan-banaketa kualitatiboa. Hari horri jarraiki, onartu behar dugu zaintzaren inguruko teorizazioek gorakada esanguratsua izan dutela azken hamarkadetan, baina emakumeon espazio ez-mixtoetan sortutakoak izan direla gehienbat. Espazio mixtoetan ere, gure gain erori ohi dira alor afektiboagoak, zaintza barne (gure kideen zaintza, zaintzak kapitalismoaren baitan dituen funtzioen inguruko hausnarketa, zaintzak hartzen dituen forma ezberdinen analisia…). Lan-banaketa sexualaren inguruan hausnartu ezean, berau erreproduzitzen jarraituko dugu; espazio militanteetan egote hutsak ez baitakar gure subjektibitateen eraldaketa, kapitalak determinaturikoak izaten jarraituko dute kontzienteki gainditzeko neurriak hartzen ez baditugu. Horrenbestez, iraultzaren ulerkera objektibistatik at, kontzientziaren funtsezko papera azpimarratu beharrean gaude; kapitalak gure bizitzetako esparru guztietako alorrik intimoenak ere zeharkatzea lortu duen heinean, militantzia iraultzaileak gure bizitzako esparru guztiak irabazi beharko ditu, salbuespenik gabe. Horrela, beste auzi bat ageri zaigu: bizitza pertsonala eta militantea nahastearena. Bereizketa zurrun bat egin ohi da bi esfera hauen artean, bata bilerekin eta esandako diziplinaren ohiko ulerkeraren elementuekin lotzen delarik, eta bestea gainontzeko arlo guztiekin (sentimenduak, lagunak, sozializatzeko esparruak, militanteekin bileretatik kanpo garatzen ditugun harremanak…). Argi izan behar dugu harreman interpertsonalak borrokarako esparru direla, gure bizitzako esparru guztiak bezala, esan bezala, militantzia iraultzaileari esparru guztiak geratzen zaizkiolako kapitalari konkistatzeko; hortaz, bizitza pertsonal bezala izendatzen dugun horretan ere militante iraultzaileak izan behar gara, eta diziplinaz jokatu behar dugu koherentziaz jarduteko babesten ditugun printzipioekin.

Bestalde, zaintzaren garapenak errealitate osoa irauliko duen prozesu baten baitan txertatuta egon behar du ezinbestean, hau da, baldintza materialak aldatzeko gaitasunarekin hertsiki lotuta ulertu behar dugu, ezinezkoa baita etsaiaren dominazioaren baitan zapalduok errealki zainduak egotea. Gabezi nabarmenak aurkitu dizkiegu gaur egun zaintzarekin identifikatzen diren praktikei, askotan zaintza eta erreprodukzioa sinonimo gisa erabiltzen baitira: alde batetik, ulertu behar dugu praktika zaintzaileek era isolatu eta indibidualean gure ingurukoen egunerokotasuna arintzea besterik ezin dutela lortu, egunerokotasuna arintzea lortzen duten heinean errutina berriro erreproduzitzeko indarrak ere sortzen dituztelarik. Bestetik, esan bezala, baldintza materialak aldatzeko gaitasuna lortzea zaintza bermatzeko ezinbesteko premisa da, adibide batzuk jartzearren: emakume langileon gain erortzen den umeen zaintza kolektibizatzea; emakume garbitzaile proletarioek etengabe garatzen dituzten gaitz kronikoak ekiditeko haien baldintzak hobetzea; etxe-kaleratzeen aurrean okupazioaren bitartez desjabetuon etxebizitza bermatzea… Funtsean, geure buruak kapitalaren logikatik at erreproduzitzerako bidean soilik eman daiteke zaintza erreala, bestela geure zaintzaren funtzio sozial bakarra burgesiaren boterea handitzea edota mantentzea izango baita, hau da, funtzio erreproduktiboa beteko du.

Gainera, gure subjektibitateen eraikuntzak oinarri materiala duen heinean, oinarri hori iraultzeko pausuak eman ezean, kapitalismoaren baitan garatzen ditugun subjektibitateek determinatuko dute gure zaintzaren ulerkera. Hobeto azaltzearren; subjektu gutxietsiek dominazio-sistema konplexu bat dutenez oinarri, ezinezkoa da soilik ideologikoki azpirakuntza horiek ganditzea, eta ezta gutxiespenek sorturiko kultura zapaltzailea gainditzea (kultura matxista, arrazista, transfoboa…). Hortaz, gutxiespen-egoeran jarraitzen duten subjektuenganako zaintzan, gutxiespenak berak eragina izango du. Adibidez, bikote heterosexual batean ematen diren praktika zaintzaileen saiakeretan kultura matxistak ez dauka eragin samurra (paternalizazioaren baitan emandako aholkuak, emakumearen arazoen gutxiespena…). Ondorioz, zaintzari buruz aritzean ezinbestekoa da harreman sozialak aztertzea, baita hauen fundamentua ere.

Horrez gain, zaintza soilik esparru subjektibora mugatzeak sorgin-gurpil batera kondenatzeko arriskua dakar, norbere hobekuntza psikologikoekin erlazionatu ohi baita, agente ezberdinen laguntzaz baliatuz hobekuntza indibidual hori emateko prozesuan (psikologoa, harreman monogamoak, familia, kuadrila…). Zaintzaren forma kolektiboaren garapen ezaren aurrean, argi dugu ez litzatekeela erreala izango espresio horiek inmediatuki alboratzea, baina zaintza antolatzeaz aritzean, epe luzera forma horien gaindipena bilatu behar dugu. Bestalde, espazio militanteetan zaintzan sakontzeko asmoz garatu ohi diren zenbait dinamiken mugak azpimarratzea ere beharrezkotzat jotzen dugu. Adibidez, espazio batean norbere egoera emozionala partekatzeko baldintzak emateak ez du bermatzen egoeraren aldaketarako baldintzak emango direnik. Gure sentimenduak adierazteko aniztasun ikaragarria garatu dezakegun arren, jauzi kualitatibo handi bat dago analisi efimero bat egitetik hobekuntza materialen bitartez berau aldatzeko gaitasuna eskuratzera.

Argi utzi nahi dugu garrantzizkoa deritzogula aipaturiko konfiantza eskuratzea norbere kezkak, beldurrak, gustoak… kideekin konpartitzeko, baina zaintzaz ari garenean dimentsio handiagoak izan beharko genituzke helburu; bestela, garatzen ditugun adierazpenak terapia-talde baten antzeko dinamika batean eror daitezke.

Zaintzaz ari garenean ez gara ingurukoak gaizki egotean aplikatu beharreko neurrien multzoaz ari, gure harremantze-ereduaren oinarri izan beharko lukeen printzipio iraultzaileez baizik. Horregatik, militantzia bilerez haratago ulertu behar dugun bezala, sentimenduak sentimentalismotik haratago ulertu behar ditugu.

SISTEMAK ZAINTZEN EZ DUENA ZAINDUKO DUGU GUK