EMAKUME LANGILEON HEZIKETA POLITIKOAZ

Despolitizazioa nabarmena da egungo gizartean. Egunerokotasuneko bizitzan gure kontrolpetik kanpo dauden baldintzek gure erabakiak mugatzen dituzte, eta horiek arazo gisa identifikatu ordez, normaltzat hartu eta aurrera jarraitzen dugu. Politika instituzioetan baino egiten ez delako ustea zeharo hedatuta dago, eta ez da ezohikoa hurrengoa entzutea: «ez dut politikaz ezer jakin nahi.»

Baina politika ez dira presidentea eta lehendakaria, ministro eta zinegotziak, ez horiek bakarrik behintzat. Orduan, zer da politika? Gure ingurua, gure bizitzak eta gure izatea bera baldintzatzen eta determinatzen duen egituraren oinarriari so egiten badiogu, politika den guzti horri, besaulkien ordez, trenbide sare transnazionalak eta telekomunikazio azpiegiturak aurkituko ditugu, milioika langileren lanaren bidez pentsatu, diseinatu eta eraikiak. Are gehiago, formazio sozial kapitalistan, oinarri horren gainean, instituzio kulturalak altxatu dira, instituzio kultural burgesak: komunikabideak, hezkuntza… Horien bidez, besteak beste, trenbide sareak enpresariei esker daudela pentsarazten digute, eta ez lanean aritutako langileei esker.

Gure bizitzak determinatzen dituen guzti horretan esku hartu nahi badugu, beraz, politika egitea dagokigu, eta horretarako despolitizazioa gainditu behar dugu. Izan ere, langileriaren despolitizazioak funtzio garrantzitsu bat jokatzen du formazio sozial burgesean. Batetik, ordena burgesa mantentzen duten subjektuak erreproduzitzen ditu. Bestetik langile antolaketa oztopatzen du, langile klasearen baitan zatiketak eragiten baititu. Esaterako aitortza politikoaren eta gaitasunen arabera. Hau da, esplotazio eta zapalkuntza harremanen ondorioz langileriaren baitan dauden subjektibitate azpiratuen arteko batasuna zailtzen du. Horretarako, mekanismo ezberdinak garatu ditu burgesiak: ideologiak, kultura…

Mekanismo horietako bat sistemaren osotasuna ekoizpenari dagokion esferaren eta esfera sozial edota kulturalaren arteko baturatzat dituen politikagintza da, ordezkapenezkoa, neutralizatzailea eta despolitizatzailea. Estruktura burgesean funtzio konkretuak betetzen dituzten problematiketatik eratorritako zapalkuntzei aurre egiteko borroka partzialak abiatzera garamatza politika egiteko modu horrek. Eta, era berean, borroka subjektuak existitzen diren errealitate sozial konkretu bakoitzetik (sufritzen dituzten egoera miserable eta zapalkuntzen baturatik) eraikitzera. Esaterako, genero zapalkuntza jasaten dutenek borroka propioa garatzeko zeregina dutela, baina era beran, mediterraneoa gurutzatzen duten emakume etorkinak ere aparteko subjekto politiko direla. Horrela, subjektu politikoa bananduz.

Esplotazioa eta zapalkuntzak, baina, uztartuta daude sistema kapitalistan, bereizezinak dira. Heziketa politikoaren helburuetako bat langileriak sistemaren osotasun konplexua atzematea da, partzialtasunen batura sinplearen ordez. Horrela, osotasun hori gainditzeko tresnak garatzeko aukerak sortuz. Adibidez, langile aristokraziaren etxeak garbitzen dituzten emakume proletarioek beraien esplotazio eta zapalkuntza egoeraren gordintasunaz jabetu daitezke, lan hori dela eta gaitz kronikoak garatu eta lan-gaixotasun gisa aitortuak ez direnean. Baina, forma isolatuan egiten den lan bat izaterakoan, problematika hori orokortua dela eta lan horietan aritzen diren gainontzeko emakume gehienek sufritzen dutela atzematea zailagoa da; are gehiago beraien zapalkuntzek sistemarentzako funtzio bat betetzen dutela ulertzea. Kasu horretan, langileen antolakuntza xumeenak ere beraien politizatzeko gaitasuna biderkatzeko lan egin behar du, emakume langile gisa jasaten duten miseriak funtzio sozial bat betetzen duela ulertaraziz.

Emakume proletarioak aitortza politikorik gabeko subjektu izanik, azpiratuta mantentzen gaitu burgesiak, politika egin ezin duten subjektu gisa eraikitzen gaitu. Ondorioz ez gizarteak, ezta emakume bakoitzak ez du bere izaera politikoa onartzen. Eztabaidetatik aldenduta, askotan gure etxeetan isolatuta, heziketa politikorik gabe, gaitasunak eskuratzea ere oztopatzen zaigu. Hala, gure buruei aitortza hori onartzea zaildu egiten da. Heziketa politikoaren gabezian, langileriak sistemaren osotasuna, eta beraz, dominazio harremanak, etengabe erreproduzitzea ahalbidetzen da. Are gehiago, subjektu politiko gisa altxatzea oztopatzen zaigu, edo gidaritza politikoa beste batzuen eskuetan uztera bultzatzen zaigu. Bestela esanda, politikoki subordinatutako subjektuak bihurtzen gara politizatzeko aukera izan ez dugunak.

Kontzientzia burgesak gainetik kendu eta errealitatea iraultzeko gai diren emakumeak politikoki hezteko, berebiziko garrantzia du formakuntzak. Batetik, tresna analitiko eta metodologiko eraginkorrak behar ditugu ingurua atzemateko, historiatik irakaspenak erauzteko eta aurrera begirako estrategia diseinatzeko. Horrekin batera, emakume langileek lan politikoa beraien zeregintzat hartzeaz gain, gizon langileek emakumeak subjektu politiko gisa aitortzeko pausuak ematen dira, hau da, emakume langileok gaitasun politikoak lortzen ditugu eta era berean, aitortza politikoa eskuratzeko baldintzak sortzen dira. Ez da eztabaida mamitsurik egongo gizon eta emakumeen artean batak besteari aitortza politikorik onartzen ez dion bitartean, ezta biek ala biek gaitasun politikoak garatzen ez dituzten bitartean ere.

Hala ere, egun emakume langileok politikoki subordinatutako subjektu gisa eraikiak eta sozializatuak izan garen heinean, langile antolakundeetan emakumeon artean lanketa bereziak egiteko beharra dugu, ezin diogu errealitateari muzin egin. Horregatik, gaur gaurkoz ere, emakume proletarioon masak pizteko helburu konkretuari erantzungo dioten taldeak lagungarriak zaizkigu, horrela, emakumea subjektu integrala izatera bidean lan eginez.

Inicialmente, las formas de organización autónoma de las mujeres en el seno del partido se crearon para burlar las leyes que impedían la participación de las mujeres en reuniones políticas. Por consiguiente, éstas no se basaban en una reflexión sobre la necesidad y la validez de las reuniones no mixtas, sino sobre la necesidad de responder a una dificultad determinada por leyes discriminatorias para con las mujeres. Sin embargo, en 1908, tras la derogación de dichas leyes, fue reconocido para las mujeres del partido el derecho de mantener sus propias reuniones separadas, una dirección y un órgano de prensa propios. De hecho, durante los años precedentes, se había creado una Comisión Nacional para la Agitación de las Mujeres, elegida por las mujeres mismas. Gracias a esta experiencia, dictada inicialmente por necesidades externas, Clara Zetkin entre otras se dio cuenta de la gran utilidad que las formas de discusión y organización no mixtas de las mujeres tenían para infundirles coraje y permitir su participación más activa.

Cinzia Arruzza, Las sin parte (2010). Guk azpimarratuta.

Heziketa politikoaz ari garenean, ordea, ezin dugu ahaztu formakuntza teorikoaz gain politiko eta praktikoaz ere ari garela. Eguneroko praktika politikoaren bitartez bistaratuko zaizkigu norbanako eta kolektibo modura ditugun indargune eta gabeziak. Hala, lehenetan berretsi eta bigarren horiek gainditzeko bide-orria seinalatuko digute.

Gure buruen eta ingurukoen heziketa eta garapen politikorako bitarteko egokia izan daiteke bizi ditugun egoeren gaineko analisiak egin eta horietan eragiteko proposamenak garatzea. Esaterako, arestian emandako adibideari jarraiki, etxe garbitzaileen egoera gizarteratzea eta lan gaixotasunen inguruko informazioa zabaltzea. Era horretan, sistema kapitalistan bere bizi baldintzen eta emakume proletario izatearen arteko harremana azaleratu dezakegu, eta arazoari partzialtasunetik aurre eginarazten digun kontzientzia burgesari kontra egin diezaiokegu. Sozialismoak dakartzan eraldaketak langileontzako positiboak direla erakusten duen lan bat izan behar da gurea. Horrela, proletargoaren heziketa politikoak, azpiratutako subjektibitateek, hots, egitura burgesean funtzio konkretuak betetzen dituztenek, politizazio prozesu bat garatzetik haratago, euren azpiratu izaera borrokatzeko balio du.

Beraz, egungo errealitate atomizatuan, problematika partzialtzat saldu nahi dizkiguten horiei aurre egiteko osotasuna borrokatuko duen subjektua berrartzeko premia daukagu. Subjektu kolektiboa da hau, osotasun kapitalista iraultzeko betebehar historikoa dugunok osatutakoa. Horretarako beharrezko eztabaida politikoa baliatu beharko dugu, batetik, langileria osoarengana heltzeko, eta bestetik, ildo sozialistaren garapen teoriko eta politikoa ahalbidetzeko. Modu horretan, proletalgoaren despolitizazioari aurre egin eta aitortza politikoa eskuratzeko baldintzak sortuz.

Amaitzeko, esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko gizarte batera bidean egin beharreko lanean eztabaida politikorako gure borondate osoa adierazi nahi dugu eta horretan jardungo gara: bai gure talde eta antolakundeetan, baina baita klasean, lanean, kuadrilan, familian eta behar den tokian.