EGINBEHAR HISTORIKOA ETA GAURKO HARREMANAK: Elkartasunean oinarritutako harremanak ehuntzearen beharraz

Azken helburuaren eta momentuko eginbeharren arteko harremana, hau da, teoriaren eta praktikaren arteko lotura, arazo bezala agertzen zaigu momentuko eginbeharrak edo interesak osotasunaren baitan ulertzeko gai ez bagara. Berehalako ekinbideak osotasunaren kontzientziaz, eta hortaz, azken helburuaren kontzientziaz antolatzeak klase kontzientziaren garapena eskatzen du. Klase kontzientziaz dihardugunean, ez gara pertsona indibidualek pentsatzen edo sentitzen dutenaz ari, Read more about EGINBEHAR HISTORIKOA ETA GAURKO HARREMANAK: Elkartasunean oinarritutako harremanak ehuntzearen beharraz[…]

TAILERRA: HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA

Blog honen sorrerari hasiera emateko idatzian azaldu genuen bezala Itaiak emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeko kontuan eduki beharreko auzien inguruan eztabaida sortu nahi du, esaterako militanteen artean hausnarketak sustatuz. Era berean, gure asmoa orain arteko inertziekin puskatu eta militantzia kontziente zein irmoa bultzatzeko tresna izatea ere bada. Horregatik, astero argitaratzen ditugun artikuluetan Read more about TAILERRA: HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA[…]

GURE HARREMANEN ETA BIOLENTZIAREN ARTEKO LOTURAZ HAUSNARTZEN

“Elkarrekiko mesfidantza egoera honetan, egoerari aurre hartzea da norberak bere burua babesteko duen erarik arrazoizkoena; hau da, indarraren edo maltzurkeriaren bidez, ahalik eta pertsona gehien ahal bezain beste denboraz menperatzea, bera mehatxatzeko gaitasuna duten indarrekin amaitu arte.” – Hobbes, 1651

Aurreko sarrerei jarraiki, kapitalismoaren baitako egunerokotasuna eta harremantze eredua arrotzak zaizkigun heinean, biolentoa zaigun errealitate baten pean bizi garela ondoriozta dezakegu: burgesiaren dominazio sistemaren baitan arrotza zaigun bizimodua daramagu (egunero klasera edota lanera joan beharra, errutina monotonoa…); harreman hutsal eta efimeroek dakarzkiguten etengabeko buruhausteak jasan behar ditugu; emakumeok gure etengabeko gutxiespenari aurre egin behar diogu subjektu debaluatu gisa; errealitate hauxe bera irauli nahi dugunok jazarpen politikoa jasan behar dugu burgesiaren errepresio bortitzari aurre eginez… irudika ahal dezakegu benetan kapitalismoaren baitan biolentziarik gabeko formarik?

Denok denon aurka jokatzen dugun gizarte eredu honetan, subjektibitate burgesak norbere nahi indibidualak lehenestera garamatza, biolentziaren (izan fisikoa edo ez) forma anitzen bitartez nahi horiek inposatzeko zilegitasuna dugula sinestaraziz. Funtsean, jasaten dugun bizimodu bortitz eta biolento hori gure subjektibitatean islatzen da, hainbat jarrera oldarkor izatera iristen garelarik. Gainera, gainontzekoak objektu edo merkantzia gisa atzematen ditugunez, ez gara kontziente albokoei eragin diezazkiekegun ondorioez. Kapitalismoaren baitan, gaur egun ematen den biolentziaren forma ezberdinen hainbat adibide jar ditzakegu, muturrekoak direlarik bisualenak: bortxaketak, gerrak, torturak, erailketak…

Hortaz, biolentziaz hitz egiten dugunean ezin dugu pentsatu kasu konkretu batzuetaz ari garela, sistematizatuta dagoen fenomeno bati buruz baizik, kapitalismoari zuzenean lotuta agertzen zaiona. Burgesiak langileria bere menpe mantentzeko erabiltzen du biolentzia, gure antolakuntza politikorako gaitasuna murrizteko, alegia. Dena dela, horrek ez du esan nahi burgesiak biolentzia kapitalista soilik martxan jartzen duenik bere eskuetan duen botere politikoa kolokan ikustean, zeharkako mekanismo koertzitiboak ere baliatzen baititu une oro: soldatak jaistea, hezkuntza erreformak, emakume langilearen sexualizazioa areagotzea… Hertzainak taldeak dioen bezala, gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago: langileriak botere politikoa eskura ez dezan sistematikoki antolatutako gerra. Are gehiago, berezkoak zaizkion mekanismoak ez ezik, langile klasearen barruan biolentzia hori eman dadin hezten gaitu burgesiak, eta beraz, langileriaren baitan ematen diren bortizkeria kasuak ere indarkeria burges horren baitan kokatu behar ditugu: gure arteko gutxiespenak, bortxaketak, jipoiak… Gerra politiko honetan, argia da gure arteko erasoek jokatzen duten papera: batetik, etsaiaren nagusitasuna bermatzea, berau kolpatu ordez, elkar zanpatuz. Errealitate kapitalistaren betikotzea bestetik, langileria subjektu politiko gisa antolatu ez, eta gainera, bere potentzialitate iraultzailea garatzea galaraztea. Hemen kokatu behar ditugu, hain zuzen ere, langile klasearen barruan dauden subjektu debaluatuen kontra sistematikoki antolatutako biolentzia guztia: homosexualen kontrako biolentzia fisiko zein sinboliko guztia, transexualen aurkakoa, beltzak kolpatzen dituena, aniztasun funtzionala dutenen aurkakoa, emakume langileak gutxiesten duena… Edozein kasutan, berezitasunak berezitasun, aipatu kasu guzti hauek, biolentzia kapitalistaren agerpen modura baino ezin daitezke ulertu. Beraz, ondorengo lerroetan emakume langilearen kontrako biolentziaren  espezifidadeei helduko diegu, honakoak isolatzetik urrun, osotasun kapitalistaren baitan ulertzeko ahaleginez.

[…]

GURE ARTEKO NORGEHIAGOKA IRRAZIONALETIK, EKINTZA POLITIKO ARRAZIONALERA. EGUNEROKOAN BIZI DITUGUN HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA (II)

“Bellum omnium contra omnes.” – Thomas Hobbes

Aurreko sarreran, gure inguru sozialean topatzen ditugun harremanek sortzen diguten ezinegonari heldu nahi izan genion. Ez soilik gure burua mingarriak diren harremanetan murgilduta ikusi dugulako; baizik eta harreman horiek, azken instantzian, gure antolakuntza politikorako gaitasuna oztopa dezaketelako, burgesiaren diktaduraren aurrean gu are eta posizio ahulago batean kokatzen gaituztelarik. Bi bloke antagoniko hauen arteko etsaiatasun jokoari Politika deritzogu, non bloke bakoitza bere posizioak babesten eta aurreratzen saiatzen den. Hala, interes talka horretatik eratortzen den indar korrelazioaren arauak ezagutu behar ditugu; burgesiarekiko indar harremanaren baitan, gure posizioak konskitatu eta indartu ahal izateko.

Esku artean dugun lan mardul honetaz kontziente izanik, harremanen auzian sakontzea erabaki izana ez da inertziazko hautu bat izan. Izan ere, gure egunerokotasuneko egoera sozialaren esentzia aztertzen hasi aurretik ere, agerikoa zitzaigun ez geundela gustora bizi dugun errealitatearekin. Gertuko jendearekin gure arteko harremanak aztertzen ematen ditugun aldiak deserosotasun horren agerpen intuitiboenak dira; baita parrandak gure barrenak hustutzeko erabiltzea, eta honek hurrengo egunetan eragin ohi digun sentimendu ekaitza ere. Horren aurrean, militante iraultzaileon eginbehar politikoa bat batekotasun burgesaren espresioak (aparientzia) gainditu eta bizitza sozialaren elementuak osotasunaren baitan kokatzea da, prozesu epistemologiko honek ahalbidetzen duen errealitatearen (esentzia) ezagutza erdiesteko. Sinpleki esanda, ohikoak zaizkigun frustrazio zein ezinegonek eragindako haserrea eta tristura politizatu behar ditugu. Gauzak horrela, sarrera hauen asmoa ez da gogoeta metafisikoak sustatzea, ez eta etorkizuneko gizarte perfektoan zein nolako harremanak garatu beharko genituzkeen marraztea ere. Horretara heldu aurretik, gaur egungo errealitate kapitalistaren analisi ahalik eta osatuena burutzetik hasi behar gara, gure jardun politikoa garatzen dugun heinean, harreman forma horien subertsio integralenetik abiatu ahal izateko. Argi izan behar dugu, baina, zein den gure jomuga: burgesiaren etengabeko erasoak aurreikusi eta neutralizatzeko gaitasuna eskaintzen duen antolakuntza politikoaren mesedetan egongo diren harreman formak garatzea.

Gure kideen gaitasun zein gorputzen kontsumoa, lagunak gure nahieran erabiltzea eta gure interes propioen bilaketa etengabea ez dira gure arteko harremanetan birproduzitzen ditugun logika burgesaren aztarna bakarrak. Aldiz, oso hedatuta dagoen fenomenoa, txikitatik barneratzen duguna, norgehiagoka sistematikoa da, maiz gure buruaren autoafirmazio konstantearen beharraren bitartez adierazten duguna. Lagunarteko eztabaidetan gure iritzia gailentzen saiatzen garen aldiak, zenbait kasutan, jarrera oldarkorrak izateraino helduz, irentsi dugun lehiaren isla argia dira. Baita gure burua inguruko jendearekin alderatzeak dakarzkigun frustrazio eta inferioritate sentimenduak, inbidia diogun lagun horren parera sekula iritsiko ez garelakoan. Intseguritateen iturri bihurtzen dira zintzoki miretsi eta baloratu beharko genituzkeen besteen gaitasunak. Honek guztiak sekulako eragina du gure antolakuntzarako gaitasunean, berau oztopatzera heltzeraino. Hain errotuta daukagun gure arteko talka egoera honekin amaitzeko, horrelako jarrerak aztertu eta moztea ezinbesteko pausua dela deritzogu, baina, horren benetako bermea zera izango da: inbidia eta norgehiagokarik gabeko harremantze eredu bat gauzatzeko gaitasun erreala artikulatzea; sozialismoaren eraikuntza, finean.

“Erlijioa, familia, estatua, zuzenbidea, morala, zientzia, artea, etab. ekoizpenaren forma zehatzak besterik ez dira eta bere lege orokorraren menpe daude.” – Karl Marx, 1844

[…]

ZU TA BIOK ADISKIDE? ZEREN TRUKE? EGUNEROKOAN BIZI DITUGUN HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA (I)

“Filosofoek mundua hamaika eratan interpretatu besterik ez dute egin, baina eginbeharra, berau eraldatzea da.”   –  Karl Marx, 1845

Gure inguruko errealitate sozialak etengabe garamatza bakardadea sentitzera, zenbaitetan gure bizitzarekin gustora ez gaudela pentsatuz. Hutsune horri zuzenean aurre egin ordez, askotan, gure inguruarengandik ihes egiteko joera erakusten dugu, zenbait kasutan, bakarrik egoteko behar irrazional baten bitartez. Horren islada zuzena dira egun osoa etxean ematen ditugun aldiak (musika entzunez, pelikula zein serie artean murgilduz…); edota beste inor gabe kalera ateratzeko gogoak, besteak beste. Maiz alkohol artean egindako azaleko harremanetan saiatzen gara topatzen galduta sentitzen dugun hori. Agerikoa da guztiok barnean daramagun hutsuneak gure bizitzako esparru askotan harreman hutsalak eraikitzera bultzatzen gaituela.

Gure arteko harreman interpertsonaletan aurkitzen ditugun gabeziak izan dira, hain zuzen ere, sarrera hau idaztera bultzatu gaituztenak. Alde batetik, behar pertsonala izan da, gure egunerokotasunean besteekin erlazionatzen garen erak nazkatzen gaituelako. Baina, bestetik, eginbehar politiko bat ere badela azpimarratu nahiko genuke, guk ere gure barne kontraesanekin borrokatu behar izan baitugu; “Hau sentitu beharko nuke?” edo “horrela ondo ari naiz jokatzen?” bezalako galderen preso ere izan garelako nahi baino gehiagotan. Hala ere, ukaezina da feminismoaren gorakadari esker espazio berriak irekitzen ari direla harremantze ereduen inguruan hausnartu eta bizipenak partekatzeko. Horien ekarpenak aintzat hartuz, erronka berriei heltzeko asmotan gatoz.

Izan ere, oraindik zailtasunak sumatzen ditugu harreman interpertsonalen nolakotasunaren zergatia argi identifikatzeko. Gainera, zoritxarrez, aipatu berri ditugun espazioak soilik emakumez osatuta egon ohi dira. Modu horretan, militantzia esparruetan lan banaketa sexual argi bat erreproduzitzen dugu, harremanen auzia emakumeon gain jauzten delarik, oro har. Alabaina, komunitate politikoaren eraikuntzarako ezinbesteko auzia den heinean, gai honek exijitzen duen heldutasunez jokatzea funtsezkoa dela deritzogu: kide ororen ardura izan behar da harremanen afera borrokarako esparru gisa hartzea; proiektu politikoaren eraikuntzarako  tresna bezala ulertzea, alegia. Horretarako baldintzak sortzeko, orain arte egindako akatsetatik ikasi beharrean gaude, eta, beraz, harremanak proiektu politikoari zuzenean loturik ulertzeaz gain, dominazio sistemaren espresio diren heinean, ezin ditugu modu isolatuan landu. Gauzak horrela, gure arteko harremanak sistemaren osotasunean kokatzen saiatuko gara sarrera honetan. Hortaz, lerro hauen bitartez zuen pentsamenduak askatu nahi ditugu, zuen buruekin eztabaidetan murgiltzera bultzatu; baina, bereziki, zuen ingurukoekin batera hausnartzera animatu nahi zaituztegu.

Munduaren balioaren gutxiespena eta gauzen mundua neurriz kanpo baloratzea zuzeneko harremanean handitzen dira.” – Karl Marx, 1844.

[…]