AUTODEFENTSAZ EZINEGONA ANTOLATU

Biolentziaren jatorriaz eta horrek gaur egun hartzen duen formaz aritu ostean, eraso puntualei erantzuteko eta eraso horiek ekiditeko artikulatu beharreko mekanismoen beharra azaleratu zaigu. Protokolo integralen falta ikusi dugu, hau da, eraso bat gertatzea ahalbidetzen duten faktore guztien analisia eta horiek deuseztatzeko tresnen falta. Horiek garatzen ditugun bitartean, egun dugun tresnetako baten inguruko hausnarketa plazaratu nahi dugu gaurkoan, mila esparru desberdinetan erabili den (dugun) tresna batena: autodefentsa.

Autodefentsa terminoaren aterkipean hainbat eta hainbat eragile, lan-talde eta dinamika abiatu dira gure inguruan. Hala ere, hainbat hutsune identifikatu ditugu praktika horien baitan, konplementarioak badira ere, orokortasun batetik kanpo antolatzen diren momentuan mugatuak bilakatzen direlako. Erantzun hauek eraso koiunturalei soilik erantzuten diete eta gainera, eguneroko praktika eta antolakuntza batetik urrun, forma espontaneoan garatzen dira gehienetan.

Guzti horren ildotik, martxan jarritako autodefentsa-formak helburu bihurtu dira abiatutako eragile eta dinamiketan. Eraso guztiei, banaka eta modu isolatuan aurre egiteko antolatuak izan diren espazioetan, eraso bakoitzaren nolakotasuna eta forma subjekitiboa aztertu dira, eta horietatik abiatuta autodefentsaren beharra ikusi da. Erasoak gertatzea ahalbidetzen dituzten baldintzen inguruan, ordea, ez da askorik sakondu. Guk baldintza horien analisi sakon eta zehatza ezinbestekoa dela deritzogu, erasoak ahalbidetzen dituzten oinarri materialak moldatuta soilik egongo delako horiekin bukatzeko aukera.

Gainera, esperientzia horiek borroka sektorialak eraman izan dituzte aurrera, zapalkuntza eta erasoak osotasunaren baitan kokatu gabe, kolektibo konkretuen borroka bilakatuz eta subjektua modu partzialean definituz. Horren aurrean beharrezkoa deritzogu autodenfentsa nortzuk antolatuko dugun eta norengandik/zerengandik babestuko garen zehaztea. Kapitalaren erreinuan boterea ez da kategoria abstraktu bat, gure bizien gaineko kontrola baizik eta horren aurrean langileok beharrezkoa dugu gure egoera eta honek erantzule konkretuak dituela ulertzea, ez dela kasualitatea.

[…]

KLASE ELKARTASUNA ALA MISERIA GORDINA

“Erradikala izatea arazoaren errora joatea da, orain, gizakiarentzat, erroa gizakia bera da.” – Karl Marx

Azken aldian asko entzun eta irakurri dugu emakumeon ahalduntze pertsonalari buruz, gure gorputzen jabetza konszientea berreskuratzeari buruz, askatasunez erabakitzeari buruz, geure buruak lehentasun bihurtzeari buruz. Emakumeok jasaten ditugun zapalkuntzen aurrean boteretu eta bakoitzaren bizitzaren gaineko agintea hartzeko aski garela aldarrikatu izan da.

Emakume bezala jasaten dugun zapalkuntzari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen ditugu aurrez aipatutako horiek, baina guri zalantza asko sortzen dizkigute:  zeri deitzen diogu askatasuna sistema honetan? Nola uztartuko ditugu gure buruak lehentasun bihurtzea eta ingurukoekin ditugun harremanak? Hona hemen guk gaiaren inguruan egindako hausnarketa:

Formazio sozial kapitalistan, hau da, osotasun sozial eta historiko honetan, guztiz konplexua den dominazio forma orokortu batek gidatzen ditu gure bizitzak, egunerokotasuneko zirrikitu guztietara helduz. Honen adibide dira, emakume langileok jasan behar ditugun zapalkuntza forma guztiak lanean, gure ondoko gizonak baino soldata baxuagoa jasotzean; familian, zipayo lanak betetzen dituen senarrarengandik banantzeko aukerarik ez dugunean; lagun artean, parrandan  atera eta gure lagun minaren baboseoa aguantatu behar dugunean… gainontzeko zapalkuntza forma ezberdinekin elkarbizitzen.

Aldi berean, formazio sozial kapitalistaren baitan ekoizpen forma kapitalista da ekoizpen modu hegemonikoa. Ekoizpen forma hau alde batetik, gizakien arteko interdependentzian oinarritua dago, lana sozializatua den momentutik. Honek zera esan nahi du, pertsona bakoitza ez da bere erreprodukzioa aurrera eramateko beharrezkoak dituen materia guztiak ekoizteko gai eta  beharrezkoa du gainontzekoekin loturik egotea. Honek aldiz, arrazoi jakin bati erantzuten dio: lanaren banaketa sozialari. Sistema kapitalistan existitzen diren bi klase sozialen artean ematen den lan banaketa esplotazioan oinarritzen da, hau da, kapitalistek langileek egiten duten lanetik kapitalaren metaketa mugagabea aurrera eramatea lortzen dute.

[…]