MARTXOAK 8 (I). M8 EMAKUME LANGILEON NAZIOARTEKO EGUNA! BATU GREBARA! BATU IRAULTZARA!

Posted on

Berriro ere hurbiltzen ari zaigu matxoaren 8a, eta egun honek sortzen duen atxikimendu zein mobilizazio egoera orokortuarekin batera, aztoratzen hasi zaizkigu espazio militante guztiak. Azken urteetan Euskal Herrian oihartzuna hartu duten eztabaidek girotuta, urduri gabiltza denak, zer egin, nola egin, zeinekin egin… zalantzaz josita gaude, elkarrekin eztabaidatu arren, geure buruak ezin argitu. Iparra garbi izanda ere, egun jakinetan burutu beharrekoa zehaztea korapilatu egiten zaigu. Haatik, dauzkagun gabezia zein kontraesan guztiak gainditzera bidean, eta testuinguruan eragiteko asmoz, greba feministaren harira posizio bat hartzeko betebeharrean ikusi gara. Hala, noraezaren sentsazioak barrena hartu digun guztiontzat da gaurko sarrera hau, Itaiatik egiten dugun apustua azaltzea herri, auzo zein heziguneetan jarduteko lagungarri izango zaizuelakoan.

Jakina da, pasaden urteko Mugimendu Feministako lanketekin mundu zabalean zehar milioika pertsona atera genituela kalera. Bertan, grina nagusitu bazen ere, behin eguna pasata, gutxi batzuengan soilik iraun du borrokak bizirik. Are gehiago, gehiengoak gogoan dituen aldarriak asko urruntzen dira emakume langileon askapen borrokatik. Mugimendu Feministak Rihannaren hitzekin hunkitzen, estatu frantziarreko zein espainiarreko (eta hauen euskal adierazpenetako) justizia burgesa zuzendu nahian eta emakumeon ahalduntzerako euskal kooperatibismoaz hitz egiten jarraitzen du. Zerbaitetan huts egin genuen, beraz. 2018ko martxoaren 8ak bere fruituak eman bazizkigun ere, beharrezkoa deritzogu egindakotik ikasi, eta horrenbestean, ongi egindakoez gain, egin genituen hanka-sartze guztiak ere kontuan hartuta, esperientzia guzti horri aurten bere lekua egiteari.

Gaurkoan, martxoaren 8aren harira aterako dugun lehen sarrera honetan, bi irakaspen mahaigaineratu nahi genituzke: hurrengo asteetan igoko ditugun sarreretan sakonduko ditugunak. Batetik, emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko ezinbestekoa dela subjektu gisa langile klasea hartzea. Hots, desjabetuon borroka feminista aliantza interklasistetatik urrundu eta klase independentziaren baitan kokatu behar dugula. Bestetik, greba feminista eraginkorra izan dadin, beharrezkoa dela sozialismoa eraikitzeko lanabes izatea, edo bestela esanda, estrategia iraultzaile baten baitan helburu zehatzak eskuratzea ahalbidetuko digun borroka egun gisa ulertu behar dugula martxoak 8a.

Lehen puntuari dagokionean, egia da azken aldian Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat kolektibo klase burgesaren aldarrietatik urruntzen eta bere klase sozialaren alde lerrokatzen ari garela. Eta biziki pozten gara, honek militanteon desjabetu izaeraren inguruko kontzientziazio bati erantzuten baitio. Aitzitik, borroka feminista klase ikuspuntutik lantzea gailentzen ari bada ere, oro har, emakume langileon egoera partzialtasunaren baitan kokatzen jarraitzen da: zapalkuntza honi aurre egiteko, Mugimendu Feministari autonomia organizatibo eta politiko osoa esleituz. Honen isla da, adibidez, hainbat kolektibok, subjektutzat emakume unibertsala hartzetik emakume langilea hartzera pasa diren arren, geure askatasuna gauzatzeko klase batasunaren ezinbestekotasuna ukatzen dutela.

Azken aldian feminismoaren baitan indartzen ari den ahizpatasun unibertsalaren ideiarekin amaitu nahi dugu. Argi dago gure artean arrakalak sortzen dituena ez direla ez gure hautu sexuala, ez norberaren generoa ulertzeko daukagun era, ezta emakumeon espazioetan pasatzen dugun denbora kopurua ere… guzti hauek dauzkagun bizi proiektuen adierazpenak dira, ez sorburu. Hortaz, sasi-batasun horrekin puskatzeko arrazoia ez da feministon arteko aniztasuna, gure burua feministatzat daukagunon artean dagoen postura antagonisten existentzia, baizik. Hau da, klaseen deuseztapena bilatzen duen emakume langile baten eta esplotatzeko daukan gaitasuna handitzea bilatzen duen emakume burges baten artean dagoen ezberdintasuna ezin da aniztasunaren bidez azaldu, ezpada, bateraezina den funtsezko aurkakotasunaren bidez.

Ondorioz, subjektua eta bidean dauzkagun kide zein etsaiak ez dira begikotasunaren edo borondatearen arabera hautatzen; aitzitik, gure klase sozialak eta honen aurrean hartzen dugun posizio politikoak determinatzen ditu. Alegia, langile izanda, berau gainditzeko jardun zuzenaren alde ala gure inpotentzia egoera betikotzen duten praktika postmodernoen alde lerrokatzea da elementu determinantea. Horrenbestean, arrotza zaigun emakume guztion arteko batasun horrek genero guztietako burgesen botere soziala handitzeko eta langileon balizko antolakuntza politikoa deuseztatzeko soilik balio du.

Euskal Herriko kasura ekarrita, ezaguna da gure lurretan Mugimendu Feministak daukan espektro zabala: bere ildo eta antolaketa moduen desakordioetan islatzen dena. Azken bi urteetan, baina, mugimenduko eragile batzuek soilik hartutako erabakiaren ondorioz, Euskal Herriko Mugimendu Feminista osoaren batasuna irudikatu da, ustezko adostasun horren izenean, mugimenduko gainontzeko espazio feminista guztioi autonomia politikoz eta organizatiboz jardutea ukatuz. Egoera honen aurrean argia da gure posizioa: gu ere Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte izanik, ez dugu martxoak 8an jarduteko gure zilegitasuna zalantzan jartzea onartuko. Are gehiago, aintzat hartuta bere klase izaerarekin bat-etortzen ez den praktika politikoa garatzen duenak ez dituela emakume langileon interesak defendatzen, eta horrenbestean, gu ez gaituztela eragile horiek ordezkatzen.

Hasieran aipatutako bigarren irakaspenari dagokionean, grebek langile estrategia baten baitan eduki beharreko zentzuari erreparatu nahi genioke. Batetik, greba baten funtsa ekoizpena etetearen bidez, langileon aldarri bat gauzatzea den momentutik, grebek helburu zehatzen aldeko borroka izan behar dute. Izan ere, gure bizien aspektu guztien nolakotasuna klase borrokaren ondorio bada ere, hau da, etengabeko klase borroka batean bizi bagara ere, grebak bugesiari aurre egiteko tresna bat dira: kapitalismoaren baitan ekoizteko gaitasuna desjabetuongan dagoenez, funtzio hori gauzatzeari uko eginez. Hala, greba batean soldatapeko lanera ez joatea ez da aukera edo albo-kalte bat, burgesiarekin daukagun indar-korrelazioan botere-kuotak irabazteko tresna baizik.

Martxoaren 8aren inguruan egun orokortu den ulerkeratik, ordea, greba emakumeon lana balioan jartzeko egiten da. Emakumeok lanik egiten ez badugu, mundua eten egiten dela, emakumeon lanak garrantzia duela eta hau baloratu egin behar dela aldarrikatzen da. Honek, baina, hainbat zalantza sortzen dizkigu: zer nolako balorizazioa bilatzen dute? ekonomikoa? soziala? ekonomikoa izatekotan, ze proposamen daukate? zeintzuk dira grebaren helburu zehatzak? ze neurri mahaiganeratu dute? martxoak 8ko plantemenduak ezarritako xedeen egikaritzea ahalbidetuko du? xede horiek kapitalismoaren baitan gauzagarriak dira? edo okerrago, xede horiek iraultzailetzat dauzkate?

Gauzak hala, grebak langileriaren eta burgesiaren arteko konfrontazio zuzenerako planteatu behar direlakoan gaude, hots, klase borrokan jarduteko daukagun tresna gisa ulertu behar dira grebak. Hala, egun hauek aldarri abstraktuak egiteko eta borroka ideologikorako erabiltzearen ulerkera gainditu, eta aldarri zehatzen defentsa egingo duen borroka egun gisa gauzatzera igaro behar dugu.

Eta bestetik, grebei ezartzen dizkiogun helburu zehatzen eta orokortasunaren artean dagoen konexioari erreparatu nahi diogu. Auzia ez da soilik greba helburu zehatzak erdiestea ahalbidetzeko diseinatua egon behar dela, izan ere, mekanismo horri jarritako helburuek ekarpen zuzena egin behar dio sozialismo iraultzailearen eraikuntzari. Edo bestela esanda, helburu taktikoen gauzapena garaipen politikotzat hartzeko modu bakarra, horiek zentzu estrategikoa edukitzea da. Alderdi honetan ere, hainbat zalantza dauzkagu martxoak 8 honetarako gailendu den planteamenduarekiko: emakume langileon lana estatuaren edo merkatuaren interesen bidez antolatzea garaipen bat al da? zertan oinarritzen da estatua zein merkatua menperatu eta desjabetuon interesen baitan jartzeko gaitasuna dugunaren ideia? kolektibizazioaz hitz egiten denean, asalarizazioaz hitz egiten da? zer ulertzen da askatasun gisa? soldata duina edukitzea?

Esandako guztia kontuan hartuta, emakume langileon zapalkuntzari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dugu desjabetuok antolatu eta kaleak hartzea. Hala, Itaiatik dei egiten diogu Euskal Herriko langileria osoari, bai egunerokoan langileon antolakuntzaren alde lan egitera, baita greba feminista honetan klase independentziaz jardutera ere. Hau da, herri, auzo eta ikastetxeetan emakume langileon askapena helburu izango duen jarduna garatzeko beharraren aurrean, matxoak 8ko grebaren antolakuntzarako langileon espazioak sortzeko beharrari arduraz erantzutera dei egiten dugu.

Honekin, beharrezkoa den tokietan espazio berriak sortzeaz ez ezik, jadanik lanean dabiltzan taldeetatik jarduteaz ere ari gara. Jakin badakigulako, asko direla egunerokoan emakume langileon askatasunaren alde lan egiten dutenak: herrietako neska taldeak, campusetan antolatutako emakumeak, gaztetxeetako eragileak, ikastetxeetako espazio militanteak, herri eta auzoetako gazte asanbladak… Horregatik, heldu den martxoak 8an inoiz baino garrantzitsuagoa da emakumeon askapenaren izenean gizarte burgesari eusten diotenen aurrean, langileon antolakuntzaren baitan kokatzen den Mugimendu Feministatik jardutea: historiak erakutsi digun bezala, metabolismo kapitalistari soilik osotasunaren ikuspuntutik egin dakiokelako aurre.

Horretarako, beharrezkoa deritzogu martxoak 8aren inguruko eztabaida Euskal Herriko espazio militante guztietan ematea. Orokorrean borroka feminista, baina, zehazki, egun honetako greba planteatzeko kontutan eduki behar diren elementu guztiak mahaigaineratzeko eta eztabaidak sustatzeko beharra baitaukagu: emaitzatzat estrategia integral eta unibertsal batean gorpuztea jomuga duten, baina, aldi berean, tokian tokiko baldintzei zuzenki erantzungo dieten ekimenak izango dituztenak. Hots, langileon autodefentsaren antolakuntza ardatz izanda, zer egin, nola egin, zeinekin egin… xedatu behar dugu: elkarrekin eztabaidatuz, geure buruak argitu behar ditugu. Zalantzaz josita egotetik, iraultza sozialista jostera pasa behar dugu.

Emakume desjabetuon borroka feminista izatez da langileon botere politikoaren aldeko gatazka, eta borroka sozialista iraultzaileak bere baitan darama feminismoa… horrenbestean, martxoak 8ko greba feministan ere, kalean ikusiko dugu elkar!

Gora emakume langileon borroka!

JTK!