KLASE ELKARTASUNA ALA MISERIA GORDINA

Posted on

“Erradikala izatea arazoaren errora joatea da, orain, gizakiarentzat, erroa gizakia bera da.” – Karl Marx

Azken aldian asko entzun eta irakurri dugu emakumeon ahalduntze pertsonalari buruz, gure gorputzen jabetza konszientea berreskuratzeari buruz, askatasunez erabakitzeari buruz, geure buruak lehentasun bihurtzeari buruz. Emakumeok jasaten ditugun zapalkuntzen aurrean boteretu eta bakoitzaren bizitzaren gaineko agintea hartzeko aski garela aldarrikatu izan da.

Emakume bezala jasaten dugun zapalkuntzari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen ditugu aurrez aipatutako horiek, baina guri zalantza asko sortzen dizkigute:  zeri deitzen diogu askatasuna sistema honetan? Nola uztartuko ditugu gure buruak lehentasun bihurtzea eta ingurukoekin ditugun harremanak? Hona hemen guk gaiaren inguruan egindako hausnarketa:

Formazio sozial kapitalistan, hau da, osotasun sozial eta historiko honetan, guztiz konplexua den dominazio forma orokortu batek gidatzen ditu gure bizitzak, egunerokotasuneko zirrikitu guztietara helduz. Honen adibide dira, emakume langileok jasan behar ditugun zapalkuntza forma guztiak lanean, gure ondoko gizonak baino soldata baxuagoa jasotzean; familian, zipayo lanak betetzen dituen senarrarengandik banantzeko aukerarik ez dugunean; lagun artean, parrandan  atera eta gure lagun minaren baboseoa aguantatu behar dugunean… gainontzeko zapalkuntza forma ezberdinekin elkarbizitzen.

Aldi berean, formazio sozial kapitalistaren baitan ekoizpen forma kapitalista da ekoizpen modu hegemonikoa. Ekoizpen forma hau alde batetik, gizakien arteko interdependentzian oinarritua dago, lana sozializatua den momentutik. Honek zera esan nahi du, pertsona bakoitza ez da bere erreprodukzioa aurrera eramateko beharrezkoak dituen materia guztiak ekoizteko gai eta  beharrezkoa du gainontzekoekin loturik egotea. Honek aldiz, arrazoi jakin bati erantzuten dio: lanaren banaketa sozialari. Sistema kapitalistan existitzen diren bi klase sozialen artean ematen den lan banaketa esplotazioan oinarritzen da, hau da, kapitalistek langileek egiten duten lanetik kapitalaren metaketa mugagabea aurrera eramatea lortzen dute.

Lan banaketa honen barnean, sistema kapitalistaren baitan eta gure gaiari dagokigunez, lan banaketa sexuala existitzen da. Historiako beste garai batzuetan ere aurki dezakegu lan banaketa sexuala, baina forma ezberdinak hartu izan ditu eta garrantzizkoa da azpimarratzea sexuaren araberako lan banaketak ez duela beti ere zapalkuntza ekarri. Esaterako, komunismo primitiboa bezala ezaguna den garaian, lan banaketa sexuala existitu izan zen, baina banaketa honek ez zuen zertan emakumearen gain zapalkuntzarik sortzen, alderantziz, hipotesi askok diote emakumeak erreprodukziorako zituen gaitasun magikoengatik (ez zekiten oraindik gizonek fekundazioan betetzen zuten papera) autoritate handia zuela. Kontua da historiako momentu konkretu batzuetan hainbat gaitasun biologiko determinante bilakatzen direla eta hala gertatu zen soberakinen jabetzarako borrokan. Prozesu historiko honi jarraiki, sistema kapitalistan lanaren banaketa sexual kualitatiboa ematen da, hau da, lan banaketa ez da erreproduktibo eta produktiboaren artekoa, baizik eta bi esfera horietan ematen den lan banaketa baizik. Lan produktiboari dagokionez, emakumeak balio ekonomiko gutxiago duten lanetan, prekarioenetan lan egiten dute eta erreprodukzioari dagokionez eta gaur egun guztiz aldatu bada ere, emakumea etxeko lanetan geratu izan da eta gizona soldatapeko lanean. Aitortzekoa da lan batzuk gutxietsiak badaude ere, gure bizirautea eta sistemarena bermatzeko lan guztiak direla beharrezko.

Horrek guztiak gizakia kapitalarentzat eta merkantzien produkzioarentzat bizitzera darama (beste aukerarik geratzen ez zaiolako), bera ere merkantzia bilakatzen du, objetibizazio prozesu bat emanez eta subjektu gisa zituen gaitasun guztiak galtzen ditu. Guk gizakia indibidualista eta berekoia denaren ideia ukatzen dugu. Gizakiak izatez errespetu eta elkartasunean oinarrituriko balioak izan ditzake, baina interes ekonomikoei erantzuten dien formazio sozialak gizakia sistemaren parte produktibo bilakatu dadin beharrezko eran moldatzen du. Gizakien arteko harremanak ere mespretxagarri bihurtzen dira. Hori horrela, kasu bitxi baten aurrean aurkitzen gara, gizakia objektibizatua den bitartean, gizaki horrek berak ezaugarri subjektiboak esleitzen dizkielako merkantziei eta diruari.

Testu hasieran aipatu bezala, dominazio forma orokortu horrek egunerokotasuneko harremanak kapitalaren interesetara birmoldatu ditu, denok denon aurka jarri gaitu, pertsonak merkantzia gisa tratatzen ditugu, nahi indibidualak kolektiboei gailentzen zaizkie, klase barneko biolentzia indartzen da, pertsonekiko desapegoa bultzatzen da eta indibidualismo gordina askatasunaren sinonimo bilakatzen da. Konkretuki genero auziari dagokionez, langile klaseko kideak euren arteko etsaitasunean murgildu ditu kapitalak, egunerokotasunean pairatzen baititugu emakume langileok gure klasekide diren gizonen partetik eraso bortitzak. Horiek konturatu gabe emakumeen kontrako zapalkuntza bakoitza langile klase osoaren atzera pausoa dela. Eraso horien aurreko berehalako erantzunek zilegitasun guztia dute, baina azpimarratu nahi dugu zapalkuntza forma orori aurre egiteko sistema forma orokorrean gainditzea beharrezkoa dela.

Ezin gara zapalkuntza horien oinarri materiala kontuan hartzen ez duten borroka idealistetan galdu. Baina era berean, ezin dugu forma mekanikoetan sinestu eta beraz, ekoizpen forma aldatzeak formazio sozial osoa aldatuko duenik ziurtatu, hau da, ezin da bermatu ekoizpen forma kapitalista gainditzeak, gure artean ematen diren zapalkuntza guztien desagerpena ekarriko duenik. Horregatik ikusten dugu garrantzizkoa gaurdanik zapalkuntzan oinarritzen ez diren harreman formak garatzen joatea. Hori dela eta, gure eguneroko borrokak integrala izan behar du eta horren baitan gure harremantze eredua goitik behera aldatzearen aldeko apustua ere egin beharko genuke. Beraz, zein da gure kideekin garatu nahi dugun harreman forma?

Guk esplotazio eta zapalkuntza guztiak gainditzen dituzten harremanen defentsa egiten dugu. Hori horrela beharrezkoa da opresio horiek sistema kapitalistan hartzen dituzten forma konkretuak aztertzea. Hala ere, ez da hori testu honen egiteko zehatza eta beraz, gu modu zabalago edo abstraktuagoan bada ere, harreman horien inguruko zertzelada batzuetan soilik geratuko gara, honen lanketan aurrera egingo dugun arren.

Aipatu bezala, esplotazio harreman horiek gainbalioaren eraketan oinarritzen dira. Hau da, langileok gure erreprodukzioa bermatzeko beharrezkoa dugun lan denbora baino gehiago pasatzen dugu soldatapeko lanean. Horren zati bat gure erreprodukzioa bermatzeko ematen digute, soldataren forman eta bestea, gainbalioa, kapitalistak lapurtzen digu.

Garbi ikus daiteke sistema kapitalistan lana sozializatua dela, norbanakoak ez daukalako gaitasunik bere erreprodukzioa bermatzeko gainontzekoen lanik gabe. Era berean langilea ez da berak ekoitzitako produktuen jabe, ekoizten dituen produktuen jabetza pribatua baita.

Honen aurrean, interdependentziaren inguruko hausnarketa egitea beharrezkoa da eta ezin gaitezke mugatu harreman afektibo-sexualetan ematen diren dependentzia egoerak aztertzera soilik, (kontuan izanik gainera horiek izan daitezkeela, izatekotan eta ez beti, guk aukeraturiko harremanak) gainontzeko harremanak ere dependentzian oinarritzen baitira. Esaterako, lagunarteko harreman bat bezain dependientea da Iberdrolarekin daukaguna. Argi dago gizakiak izatez elkarrekiko dependienteak garela eta gure proposamena beraz, dependentzia honen ukapenean egon beharrean, honen antolaketa osasuntsuan kokatzen dugu. Hau da, elkartasunean oinarritzen den dependentzia garatu behar dugu, ongizate kolektiboa ipar duena.

Horrek era berean, soldatapeko lana gainditzea exijitzen du, lan gehigarria (gainbalioa produzitzen duena) esprimitzen ez duen formazio ekonomiko sozial baten beharra daukagu, pertsona indibidualen aberastasuna helburu duen ekoizpen formatik gizakiaren ongizatea bilatzen duen ekoizpen formara pasatzeko.

Esplotazioaz gain, esan bezala, zapalkuntzak gure bizitzako eremu guztietan bizi ditugu eta tamalez egunerokotasunean aurkitzen ditugu langile klase barruan ematen diren erasoak eta biolentzia. Azken finean, errealitate kapitalistak sortzen duen miseriak elikatzen gaitu eta horrek jendea era miserablean tratatzera garamatza, gure pertsona eta behar pertsonalak kolektiboaren beharren gainetik kokatzen ditugu: parrandan ateratzeagatik hitzarturik genuen konpromisora ez azaltzean, lagun artean ondo gelditzeagatik komentario matxistak etengabe botatzean, harreman sexu-afektiboengatik militantzia giroa kaxkartzean…

Horri erantzunez, beharrezkoa dugu gure inguruko jendearekiko zaintza kontziente bat aldarrikatzea, bizitzeko beharrezkoak ditugun ekintzak bermatu ahal izateko, besteen (eta gure) ongizatea helburu izanik. Hau lortzeko garrantzizkoa da gaur egun dugun harremanekiko konpromiso maila garatzea, lotura horiekiko dugun inplikazio maila ezin baita gure behar indibidual eta koiunturaletara subordinatua egon. Zaintza kontziente horrek disziplina handia eskatzen du, alde batetik, errespetuan, zintzotasunean, leialtasunean… oinarritzen diren jarrerak izatera ohiturik ez gaudelako eta bestetik, zaintza hori bermatuko ez duten aukerak ukatzea exijitzen duelako. Hori dela eta, ez dugu soilik disziplina egin behar ditugun ekintza edo aurrera eraman beharreko jarreretan zentratu behar, horrekin batera, egin behar ez ditugun edo izan behar ez ditugun jarrera horiek ekiditean ere oinarritzen da disziplina. Esaterako, alkoholak gure izaera desitxuratzen badu, egin nahi ez ditugun ekintzak aurrera eramanez, disziplinaren erakusgarri da alkohola alde batera uzteko hautua hartzea, nahiz eta gai hauek hausnarketa sakonagoa eskatzen duten.

Zaintza hori aldiz, ezin da erreprodukzio forma orokorrean eman, kontuan izanik ezinezkoa dela norbanako bakoitzak munduko pertsona guztiekiko zaintza garatzea. Beraz, zaintzaren dimentsio orokortua klase elkartasuna izango litzateke, forma osasuntsuan, hau da, zapalkuntza eta esplotaziorik gabe egituratuko den formazio sozial berriaren bermea litzatekena. Honek behar du izan epe ertainean eman beharreko pausua, klase elkartasun sareak eratzea, gure auzoetako, herrietako, hirietako langileek dituzten erreprodukzio beharrei erantzun kolektibo eta integrala ematen saiatuko direnak.

Horrek guztiak askatasun indibidualaren ikuskera burgesa gainditzen uzten digu. Nire askatasuna ondokoarena hasten den tokian bukatzen da bezalako baieztapen idealistek ez digute ikusten uzten hori lortu ahal izateko daukagun ezintasuna, lehenago azaldu dugun moduan bi klaseetan banaturik dagoen eta esplotazioan oinarritzen den sistema batean bizi garelako. Horren aurrean guk proposaturiko harreman ereduek askatasuna forma erreal batean garatzeko aukera ematen digute, askatasunaren ulerkera kolektiboa ezarriz, hau da, gure bizien gaineko kontrol gaitasuna berreskuratzea helburu bezala jarriz. Hala, aske izateak norbanakoaren nahimena gainditzen du eta ongizate kolektiboaren maila gorena eskuratzeko elkartasun antolatuan bilakatzen da.

           

Lan handia daukagu aurretik aipaturiko guztia lortzeko, kontuan izanik langile klase barnean elkartasun eza ez ezik, zapalkuntza forma ugari ematen direla klase barneko zapalduenen kontra: horra hor langile klaseko gizonen partetik, emakume langileekiko ematen diren bortxaketak edo langile klaseko europearren partetik beste herrialde batzuekiko gorrotoa. Arazo honen aurrean eta sozialismoaren defentsan, langile klase osoaren batasunaren aldeko deia egin nahi dugu, gure arteko etsaitasun eta traizioak indartu beharrean, zapalduon arteko elkartasuna martxan jartzera bultzatuz eta elkarrekin ongizate kolektiboan oinarrituko den gizarte bat eraikiz gaurdanik.