GURE ARTEKO NORGEHIAGOKA IRRAZIONALETIK, EKINTZA POLITIKO ARRAZIONALERA. EGUNEROKOAN BIZI DITUGUN HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA (II)

Publicada en

“Bellum omnium contra omnes.” – Thomas Hobbes

Aurreko sarreran, gure inguru sozialean topatzen ditugun harremanek sortzen diguten ezinegonari heldu nahi izan genion. Ez soilik gure burua mingarriak diren harremanetan murgilduta ikusi dugulako; baizik eta harreman horiek, azken instantzian, gure antolakuntza politikorako gaitasuna oztopa dezaketelako, burgesiaren diktaduraren aurrean gu are eta posizio ahulago batean kokatzen gaituztelarik. Bi bloke antagoniko hauen arteko etsaiatasun jokoari Politika deritzogu, non bloke bakoitza bere posizioak babesten eta aurreratzen saiatzen den. Hala, interes talka horretatik eratortzen den indar korrelazioaren arauak ezagutu behar ditugu; burgesiarekiko indar harremanaren baitan, gure posizioak konskitatu eta indartu ahal izateko.

Esku artean dugun lan mardul honetaz kontziente izanik, harremanen auzian sakontzea erabaki izana ez da inertziazko hautu bat izan. Izan ere, gure egunerokotasuneko egoera sozialaren esentzia aztertzen hasi aurretik ere, agerikoa zitzaigun ez geundela gustora bizi dugun errealitatearekin. Gertuko jendearekin gure arteko harremanak aztertzen ematen ditugun aldiak deserosotasun horren agerpen intuitiboenak dira; baita parrandak gure barrenak hustutzeko erabiltzea, eta honek hurrengo egunetan eragin ohi digun sentimendu ekaitza ere. Horren aurrean, militante iraultzaileon eginbehar politikoa bat batekotasun burgesaren espresioak (aparientzia) gainditu eta bizitza sozialaren elementuak osotasunaren baitan kokatzea da, prozesu epistemologiko honek ahalbidetzen duen errealitatearen (esentzia) ezagutza erdiesteko. Sinpleki esanda, ohikoak zaizkigun frustrazio zein ezinegonek eragindako haserrea eta tristura politizatu behar ditugu. Gauzak horrela, sarrera hauen asmoa ez da gogoeta metafisikoak sustatzea, ez eta etorkizuneko gizarte perfektoan zein nolako harremanak garatu beharko genituzkeen marraztea ere. Horretara heldu aurretik, gaur egungo errealitate kapitalistaren analisi ahalik eta osatuena burutzetik hasi behar gara, gure jardun politikoa garatzen dugun heinean, harreman forma horien subertsio integralenetik abiatu ahal izateko. Argi izan behar dugu, baina, zein den gure jomuga: burgesiaren etengabeko erasoak aurreikusi eta neutralizatzeko gaitasuna eskaintzen duen antolakuntza politikoaren mesedetan egongo diren harreman formak garatzea.

Gure kideen gaitasun zein gorputzen kontsumoa, lagunak gure nahieran erabiltzea eta gure interes propioen bilaketa etengabea ez dira gure arteko harremanetan birproduzitzen ditugun logika burgesaren aztarna bakarrak. Aldiz, oso hedatuta dagoen fenomenoa, txikitatik barneratzen duguna, norgehiagoka sistematikoa da, maiz gure buruaren autoafirmazio konstantearen beharraren bitartez adierazten duguna. Lagunarteko eztabaidetan gure iritzia gailentzen saiatzen garen aldiak, zenbait kasutan, jarrera oldarkorrak izateraino helduz, irentsi dugun lehiaren isla argia dira. Baita gure burua inguruko jendearekin alderatzeak dakarzkigun frustrazio eta inferioritate sentimenduak, inbidia diogun lagun horren parera sekula iritsiko ez garelakoan. Intseguritateen iturri bihurtzen dira zintzoki miretsi eta baloratu beharko genituzkeen besteen gaitasunak. Honek guztiak sekulako eragina du gure antolakuntzarako gaitasunean, berau oztopatzera heltzeraino. Hain errotuta daukagun gure arteko talka egoera honekin amaitzeko, horrelako jarrerak aztertu eta moztea ezinbesteko pausua dela deritzogu, baina, horren benetako bermea zera izango da: inbidia eta norgehiagokarik gabeko harremantze eredu bat gauzatzeko gaitasun erreala artikulatzea; sozialismoaren eraikuntza, finean.

Religión, familia, estado, derecho, moral, ciencia, arte, etc. no son más que formas especiales de la producción y caen bajo su ley general.”– Karl Marx, 1844

Errealitate objektiboaren ezagutzak aparientziaren estalkia gainditu eta ezaguera historikora jauzi egitea eskatzen du. Izan ere, objektibitatearen forma fetitxisten determinazioek gizarte kapitalistaren agerpen sozialei denboraz kanpoko esentziaren itxura ematen diete, naturalak bailiran aurkeztuz. Gertakari sozial baten benetako ezagutza baina, bere izaera historiko eta osotasun sozialaren baitan betetzen duen funtzio erreala atzematean datza. Zentzu horretan, lehiakortasunaren espresio oro, kapitalismoaren garapenaren baitan ulertu behar dugu, hau da, burgesiak errealitate sozialaren nondik norakoa zilegiztatzeko egiten dituen ahalegin teoriko ideologikoetan. Hortaz, gaur egun ezagutzen dugun “lehiakortasunaren kulturaren” konfigurazioa ulertu ahal izateko, ezinbestekoa zaigu kapitalismoaren egonkortze faseari erreparatzea, zehazki XVI. mendetik aurrerakoa. Testuinguru horretan emandako Iraultza Burgesen espresio teorikoen baitan kokatzen diren filosofia politikoaren autore ugarik zuzeneko eragina izan dute ideologia burgesaren sorreran, bereziki Gizaki Modernoaren irudiaren zilegiztatzean. Adibidez, Hobbes izeneko autoreak gizakiaren ontologiaren erroa norbere burua babestera bideratutako senezko berekoikeria zela postulatu zuen, indartzen ari zen ideologia burgesaren espresio argia, beraz. Beste adibide bat Locke izeneko pentsalaria da, kapitalismoaren berrantolaketa politikoan sekulako eragina izan zuena, politikaren oinarria lanaren bidez eskuratutako jabetza babestu nahi duen gizabanako subiranoarengan kokatu baitzuen. Modu honetan, argi geratzen da zein izango den ideologia burgesak sortuko duen norbanako modernoaren eredua: autonomoa, “arrazionalki” jokatzen duena, etekinak maximizatzea bilatzen duena, berekoia….

Alabaina, errealitate sozialaren espresio ideologikoen erroa ekonomia da, berau baita mugimendu guztiei indarra emateko potentzia duena. Aurreko sarreran esan bezala, argi izan behar dugu ekonomiaz ari garenean, ez garela errealitate sozialaren baitako esparru isolatu baten inguruan ari; ekonomia izaki sozialaren osotasunetik abiatu eta bertara itzultzen delako. Modu honetan, gure sentimendu zein pentsamenduak, baita besteekin ditugun jarrerak, ekonomiari subsumiturik ageri zaizkigu. Formazio sozial kapitalistari dagokionez, lan eta kapitalaren arteko kontraesan esentzialetik eratortzen dira errealitate sozialaren fenomeno guztiak, baita lehiakortasuna ere. Are gehiago, norgehiagoka hori lan eta kapitalaren arteko antagonismoari berezkoa zaio: alde batetik, kapitalak kapital izaten jarraitzeko (birbalorizatzeko), bere buruarekin lehiatu behar duelako ahalik eta gehien hedatzeko. Bestetik, zapalduon arteko lehia sustatzea beharrezkoa duelako, gure arteko presioaren bitartez, langileon erreprodukzio kostuak ahalik eta murritzenak izan daitezen.

Hortaz, langile klasearen baitan, bizitzako esparru guztietan erreproduzitzen dugun etengabeko lehiaren zergatia ez da soilik ideologikoa, ezta kulturala ere. Izan ere, langileon esentzia gure etsaiarekiko erabateko menpekotasunean datza; gure kateak burgesiarekiko lotura ekonomikoaren bitartez eraikiak direlarik. Gure bizitza bere eskuetan duenez, behartuta gaude bere jokozelaian aritzera, bere arauen baitan mugitzera. Gauzak horrela, biziraun ahal izateko dugun aukera bakarra gure lan egiteko ahalmena saltzea da; honek ezinbestean gainontzeko langileekiko norgehiagokan aritzera bultzatzen gaituelarik. Kapitalak ez duenez gaitasunik langileria osoak soldatapeko lanaren baitan jardun dezan, beti egongo da harreman horretatik kanpo geratzen den inor (erreserba ejerzitu industriala). Soldatapeko lanetik kanpo geratzen den langile masa horrek kapitalari akumulazio fase bakoitzera egokitzea ahalbidetzen dio, merkatuaren eskakizunak zorrozten direnean testuinguru berriari erantzuteko abilezian trebatuz. Lan indarraren merkatuan beti egongo da nor edo nor kualifikazio maila altuagoa duena, esperientzia gehiago duena, edo, zoritxarrez, baldintza kaxkarragoetan lan egitea onartuko duena. Horrela, gu aukeratuak izan gaitezen ahaleginak eta bi egin behar ditugu, ondokoen gainetik pasa behar garelaz jakitun izanik. Lanpostu espezifiko horretarako egokienak garela erakutsi behar dugu, produktiboenak garela, hau da, kapitalistari gure esplotazioa besteena baino baliagarriagoa izango zaiola. Erreserba ejerzituaren bitartez, gainera, langileen artean zatiketa sozial eta politikoa sustatzea lortzen du burgesiak, langile klaseko zenbait sektoreren zaurgarritasun egoeraz baliatzen delarik: paperik gabeko etorkinak beltzean kontratatzen dituenean, emakumeak buruturiko soldatapeko lanaren izaera osagarriaz baliatzen denean bere soldata baxuagoa izan dadin, gazteei lehenengo diru propio gisa edozein kantitate onartarazten dienean… Gainera, zatiketa hori logika burgesaren isla diren aurreiritziak sustatuz indartzen du, langileriaren auto-antolakuntzarako gaitasuna erabat oztopatuz: “etorkinak hemengoei lana lapurtzera datoz”, “etxea da emakumearen esparru naturala”…

Horrenbestez, kapital eta lanaren arteko antagonismotik eratortzen da lehiakortasunaren kultura (eta baita bere balore deshumanizatu guztiak ere: inbidia, berekoikeria…) , non elkarren arteko talka zilegia ematen den: eredu bihurtzen da bere familia guztia atzean utzi eta enpresen munduan murgiltzen den gaztea (“ekintzailea”), oposaketak oihan hutsa bilakatzen dira, non lehoi bakoitzak edozer egiten duen besteak baino lehen ehizatzeko bere harrapakina… Dena dela, langileok amets amerikarraren bila abiatzen bagara ere, kapitalarengatik jasotako ogi papurrak ahalik eta handienak izateko besterik ez dugu lehiatzen. Irteerarik gabeko bide zidor batean topatzen gara horrela: sistema kapitalistaren koordenaden baitan bizirauteak, ezinbestean, gure artean norgehiagokan aritzera bultzatzen baikaitu. Hau horrela, ideologia burgesak zilegiztatzen duen elkarren arteko lehia nahiz berekoikeria etengabeak jarrera hauen onarpen zein mirespen sozialera garamatzaten arren, burgesiaren mesedetan jokatzen duten mekanismoak baino ez dira: lehia bere botere soziala handitzeko erabiltzen duen funtsezko tresna baita, baina, langileon kasuan, gure ahultasunaren iturri bat baino ez.

Más allá del dominio económico, esta competición se extiende a todas las actividades y se inmiscuye en el amor, el juego y las relaciones sociales” – Karen Horney

Lan eta kapitalaren antagonismotik eratorritako norgehiagokaren kulturak jaiotzen garenetik inguratzen gaitu; instituzio kapitalistetan zenbat eta gehiago murgildu, orduan eta barrurago txertatzen zaigu subjektibitate lehiakor hori. Familia izaten da errealitate kapitalistarekin dugun lehenengo kontaktua, zeinaren bitartez balore burgesen arabera mugitzen ikasten dugun. Hala, agerikoa da nola neba-arrebak ditugun guztiok ahalegindu izan garen inoiz haiena baino irudi hobea ematen familiaren aurrean, adibidez, etxeko txintxoenak garela erakusten saiatu izan garenean. Norgehiagoka honen beste espresio bat izan ohi da familiako kiderik gustokoenaren “postura” heltzeko lehiatu izan garenean, intseguritate zein frustrazioak elkarri eraginez. Argi dago guraso, aitona-amona zein izeba-osabek paper erabakiorra joka dezaketela bertan: “nor da etxeko azkarrena?”, “zein da klaseko guapoena”? bezalako esaldiek sekulako eragina baitute gure subjektibitatean, ezinezkoa zaigularik haien espektatiba guztiak betetzea. Horrez gain, familiako kideen eredua jarraituz, elkarren artean itxurakeriaz jokatzen ere ikasten dugu. Denok ikusi ditugu gure gurasoak inoiz euren lagunen aurrean ahalik eta itxurarik onena ematen saiatzen: izan kotxe markarik onena dugulako, udaro oporretan goazelako edota ustez familia zoriontsuena garelako harropuzten direnean. Finean, gure bizitzaren joana bera lehiakortasunera bideratzen dugu, honakoa gure gertukoen arteko mailaketak egiteko tresna bihurtzeraino.

Modu horretan, norgehiagokaren logikak gure subjektibitatea guztiz zipriztintzen du, gure bizitzaren esfera orotan sozialki onartuak izateko ahalegin etengabea erreproduzitzen dugularik. Lagun artean proiektatzen ditugun zenbait jokamolde honen espresio argiak dira. Aurreko sarreran esan bezala, gizakiok merkantzia hutsak garen sistema honetan, non gure gaitasun oro objektualizatuta agertzen zaigun, lehiakortasunaren bitartez norbait sentitzeko saiakera burutzen dugu. Gizakiaren espazio sozial guztiak zeharo indibidualizatuta dauden heinean, objektualizatutako gaitasun horien artean bereizgarrienak zaizkigunekin gure identitatea eraikitzen saiatzen gara, behintzat aspektu batzuetan gainontzekoen artean gailendu gaitezen. Horrela, ez litzaiguke zaila egingo kuadrilako pertsona bakoitza ezaugarri batekin etiketatzea, azken finean, zer edo zertan bereizten garen heinean pentsatzen baitugu norbait garela: izan kuadrilako pertsona kinkiena garelako, zintzoena, parranda gehien gustatzen zaiona, gehien erretzen duena, “frikiena”, atseginena, hoberen lapurtzen duena, hoberen dantzatzen duena, burugogorrena, beranduen iristen dena, lagun gehien dauzkana, iraultzaileena… Hala ere, honek ez du esan nahi gure identitatearen eraikuntza modu baketsuan egiten dugunik. Pentsa dezagun zer gertatzen den gure bereizgarria den ezaugarriren bat erabiliz, lagunen bat gure aurrean gailentzen dela sentitzen dugunean: gurea balitz bezala hartzen genuen hori bat-batean partekatu egin behar dugula sentitzean, zenbaitetan, horrelakoak gure aurkako eraso gisa hartzeraino helduz. Gu aukeratuak izan gaitezen saiatzeko heziak garenez gero, gu “aukeragarri” bihurtzen gaituen horri eusten saiatzen gara ahal dugun neurrian. Gustatzen al zaigu akaso guk bezain beste dakien norbait inguruan egotea? Ez al gara inoiz ordezkatuak sentitu, parrandaren batera gurekin joan ordez, beste lagun bat hautatu izan duenean gure kideak? Ala urteetan zehar gure lagun mina hoberen lasaitzen duena gu izan garen arren, ezagutu berri duen norbaitengana jotzen duela ikusten dugunean?

Emakumeon artean, ugariak dira lehiakortasunaren fenomenoa erreproduzitzen ditugun aldiak: izan lagun artean, gure ezagunekin, kaletik ikusten dugun emakume baten aurrean…, gure gorputz eta sexualitatearen gainean eraikitzen diren kanon estetiko eta sozialak gure subjektibitatearen eraikuntzan eragin handia duten elementuak dira, gure bizitza osoan zehar horietara heldu ezin izanagatik frustrazio gogorretan murgiltzen garelarik. Hori, gainera, besteekiko lotsa bihur daiteke kasu askotan, izan hondartzara goazenean ipurdi inguruan zelulitisa dugulaz lotsatzen garelako, titietan estriak izateaz, uda heltzen denean praka motzak jarri behar izateaz (hauek janztea saihesten saiatzeraino helduz). Azpimarratu behar dugu emakume burgesak horretan guztian daukan ardura, bera baita askotan kanon hauek bere burua indartzeko erabiltzen dituena. Horrela, bere gorputza eta kanon estetikoak kapital metaketarako erabiltzeaz gain, gaitasuna du berak nahi duen erara berauek moldatzeko: Nicky Minaj artistak zuzenean kanon estetikoetan sartzen ez den ipurdi operatua bisualizatzean, adibidez. Edota lipusukzio zein “liftingak” bezalako tresnak erabiliz, nahi duten kanon estetikora hurbiltzeko gaitasuna erakusten dutenean; nahi adina arropa erosteko gaitasuna dutenean, kapitalismoak sustatzen duen moda nahi ahala jarraituz edota hasiz (gu daukagunarekin konformatu behar garelarik, tendentzia horiek jarraitzeko ezintasunaz). Emakume langileok, hala, txikitatik gara heziak handitan miresten dugun aktoresa edota abeslaria bezalakoa izatearekin amesteko, gure kasuan helduezina den postu batera iritsi behar izatearen logika gure artean proiektatuz. Izugarrizko intseguritate eta autoestima baxua eragin diezagukete inposaturiko amets eta estereotipo horiek; ez al gara inoiz gutxiago sentitu lagun batek utzitako kamiseta ez zaigulako berari bezain ondo geratzen ikustean? Edota gure lagunak gu baino atseginagoa izateko inpresioa ematen duenean. Halaber, sentimendu hauek jokatu beharko genukeen erarekin kontraesanean daudela sentitzen dugu, hauetaz lotsatu egiten garelarik. Beraz, ez ditugu zuzenean adierazi ohi, eta barnera begirako frustrazioa areagotu egiten zaigu.

Horretaz guztiaz gain, aipatzekoa da militantzia feministan murgilduta gaudenok ez garela lehia mekanismo honetaz libratzen. Izan ere, zenbait kasutan, gure esperientzia politikotik jasotako irakaspenak modu kolektibo eta eraikitzaile batean partekatu ordez, besteekiko mailaketak egiteko erabili ohi dugu. Lehiakortasunaren eraginetik erabat aske ez garen heinean, agerikoa da feminista ontzat hartua izateak gure kideekiko harrokeriaz jokatzera eraman gaitzakeela: ea nork izan duen gaitasun gehiago harreman eredu berriak praktikan jartzeko, jeloskortasun gutxiago sentitzeko, gehiago ligatzeko, sexu praktikarik berritzaileenak izateko, etab.; horretatik kanpo geratzen garenoi intseguritateak eraginez.

Azkenik, azkenaldian bestelako militantzia esparruetan topatzen ditugun zenbait baloreren inguruko kezka zabaltzen ari dela atzeman dugu, eta, beraz, ezinbestekoa deritzogu esparru honi heltzea. Tamalez, askotan ikusten dugun fenomeno bat da kide askok egiten duten saiakera “militante hoberenak” izateko. Agerikoa da ez garela ari iraultza prozesuan ahalik eta gehien emateko beharra sentitzen duten pertsonei buruz, baizik eta besteengandik bereizteko eta gainontzekoen artean gailentzeko asmoz burututako jarrerei buruz: adibidez, jendaurrean beti hitz egin nahi duen hori, bere aurpegia ezaguna izan dadin eta guztiok ikus dezagun zer nolako pertsona langilea den; edota gehien irakurri duen militantea dela erakutsi nahi duen hori, bere ezagutzak modu aberasgarrian partekatu zein hauek eztabaidan era koherentean aplikatu ordez. Gainera, aipatzekoa da militantziaren inguruan sortutako borroka komunitatean lehiakortasunak egiten digun kaltea, gaitasunak era kolektiboan ulertzeko garaian, besteak beste. Norgehiagoka konstante batean bizi garen heinean, gure albokoak gaitasun berezi bat edukitzea, sarritan, gure aurkako eraso gisa hartzen dugu. Adibidez, zerbait egin behar denean gurekin kontatu beharrean, gure kideek beste norbait buruan dutenean. Horrelako kasuetan, kosta diezaguke militante horrek guk baino gaitasun handiagoa duela zintzotasunez aitortzea, eta, horrela, pertsona horren gaitasunak gainditzeko gogoak gailentzen zaizkigu, bere irudiarekiko dugun inbidiaren arabera jokatuz. Hala, guztiontzat larriak diren ondorioak sortzen dira borrokarako espazio diren tokietan (beraz, harremantze eredu berri bat praktikan jarri beharreko tokietan), hor ere, gure arteko norgehiagoka erreproduzitu ohi dugulako. Honek guztiak agerian uzten du militantzia ereduaren inguruan hausnartzeko dugun beharra, bertan kapitalaren logikaren ondorioz erreproduzitzen ditugun jarrera guztiak aztertuz. Militantziaren baitako lehiakortasunaz gain, bertan erreproduzitzen ditugun genero rolak aipatzea ere funtsezkoa dela uste dugu, kontziente izan behar baikara, beste adibide batzuen artean, lehiakortasun eta objektualizazioak emakumeoi eragiten dizkigun intseguritate eta gure buruarekiko konfidantza ezak bileretan parte hartzeko eta gure iritzia adierazteko sortzen diguten zailtasunetaz.

Amaitzeko, presente izan behar dugu azken hamarkadetan aipatu dugun logika gora egiten ari dela; esparru sozial guztiak gero eta indibidualizatuago dauden heinean, gure arteko norgehiagoka areagotzen delarik. Horren ondorio argiak dira igotzen ari diren antsietate zein depresioa bezalako gaitzak, gure burua besteekin etengabe lehiatzeak eta alderatzeak ekar dezakeen barne presio kontrolaezina… Posible al zaigu gure arteko etengabeko talka egoera honetan biolentziarik gabeko bizitzarik irudikatzea?

De esta situación de desconfianza mutua, ningún procedimiento tan razonable existe para que una persona se proteja a sí misma, como la anticipación, es decir, el dominar por medio de la fuerza o por la astucia a todas las personas que pueda, durante el tiempo preciso, hasta que ningún otro poder sea capaz de amenazarle” –      Thomas Hobbes.