ZU TA BIOK ADISKIDE? ZEREN TRUKE? EGUNEROKOAN BIZI DITUGUN HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA (I)

Posted on

“Filosofoek mundua hamaika eratan interpretatu besterik ez dute egin, baina eginbeharra, berau eraldatzea da.”   –  Karl Marx, 1845

Gure inguruko errealitate sozialak etengabe garamatza bakardadea sentitzera, zenbaitetan gure bizitzarekin gustora ez gaudela pentsatuz. Hutsune horri zuzenean aurre egin ordez, askotan, gure inguruarengandik ihes egiteko joera erakusten dugu, zenbait kasutan, bakarrik egoteko behar irrazional baten bitartez. Horren islada zuzena dira egun osoa etxean ematen ditugun aldiak (musika entzunez, pelikula zein serie artean murgilduz…); edota beste inor gabe kalera ateratzeko gogoak, besteak beste. Maiz alkohol artean egindako azaleko harremanetan saiatzen gara topatzen galduta sentitzen dugun hori. Agerikoa da guztiok barnean daramagun hutsuneak gure bizitzako esparru askotan harreman hutsalak eraikitzera bultzatzen gaituela.

Gure arteko harreman interpertsonaletan aurkitzen ditugun gabeziak izan dira, hain zuzen ere, sarrera hau idaztera bultzatu gaituztenak. Alde batetik, behar pertsonala izan da, gure egunerokotasunean besteekin erlazionatzen garen erak nazkatzen gaituelako. Baina, bestetik, eginbehar politiko bat ere badela azpimarratu nahiko genuke, guk ere gure barne kontraesanekin borrokatu behar izan baitugu; “Hau sentitu beharko nuke?” edo “horrela ondo ari naiz jokatzen?” bezalako galderen preso ere izan garelako nahi baino gehiagotan. Hala ere, ukaezina da feminismoaren gorakadari esker espazio berriak irekitzen ari direla harremantze ereduen inguruan hausnartu eta bizipenak partekatzeko. Horien ekarpenak aintzat hartuz, erronka berriei heltzeko asmotan gatoz.

Izan ere, oraindik zailtasunak sumatzen ditugu harreman interpertsonalen nolakotasunaren zergatia argi identifikatzeko. Gainera, zoritxarrez, aipatu berri ditugun espazioak soilik emakumez osatuta egon ohi dira. Modu horretan, militantzia esparruetan lan banaketa sexual argi bat erreproduzitzen dugu, harremanen auzia emakumeon gain jauzten delarik, oro har. Alabaina, komunitate politikoaren eraikuntzarako ezinbesteko auzia den heinean, gai honek exijitzen duen heldutasunez jokatzea funtsezkoa dela deritzogu: kide ororen ardura izan behar da harremanen afera borrokarako esparru gisa hartzea; proiektu politikoaren eraikuntzarako  tresna bezala ulertzea, alegia. Horretarako baldintzak sortzeko, orain arte egindako akatsetatik ikasi beharrean gaude, eta, beraz, harremanak proiektu politikoari zuzenean loturik ulertzeaz gain, dominazio sistemaren espresio diren heinean, ezin ditugu modu isolatuan landu. Gauzak horrela, gure arteko harremanak sistemaren osotasunean kokatzen saiatuko gara sarrera honetan. Hortaz, lerro hauen bitartez zuen pentsamenduak askatu nahi ditugu, zuen buruekin eztabaidetan murgiltzera bultzatu; baina, bereziki, zuen ingurukoekin batera hausnartzera animatu nahi zaituztegu.

Munduaren balioaren gutxiespena eta gauzen mundua neurriz kanpo baloratzea zuzeneko harremanean handitzen dira.” – Karl Marx, 1844.

Historian zehazki kokatzea zaila bada ere, jabetza pribatuaren sorreratik antolatu izan da gizartea bi klase antagonikoetan; jabetza pilatzen zutenak eta desjabetuak. Klase gizarteak antolaketa ezberdinak hartu ditu historian zehar: gizarte esklabista, gizarte feudala eta, azkenik, gizarte kapitalista. Jabetzatik eratorritako bi bloke hauen arteko talka da historiaren fase bakoitzetik hurrengorako jauzia bultzatzen duena. Dena dela, ez dugu estadio historiko ezberdinen arteko harremana modu estrinsekoan ulertu behar. Kontrara, hegemonikoa den formazio soziala ezin da desagertu bere baitan latente dauden ekoizpen indarrak guztiz garatu arte; ekoizpen harreman berriak ezin dira erabat garatu berauek posible egiten dituzten baldintza materialak heldutze fasera iritsi arte; kontraesan hau gainditzen duen potentzia klase borroka delarik. Bestela esanda, formazio sozial bakoitzean hegemonikoak diren ekoizpen indarrek bere baitan sortzen dituzte ekoizpen harreman sozial berrien sorrerarako baldintza objektiboak. Baieztapen honen adibide dugu historian zeharreko lan kolektiboaren forma, hots, zuzenean sozializatutakoa. Are zehatzago, nekazal eremuan indarrean zeuden ekoizpen harremanak talde komunitarioari zuzenean lotuta agertzen ziren. Ekoizpen prozesuan familiak sekulako pisua zuen, partaideei adinaren eta generoaren arabera eginbehar bat ala beste esleitzen zitzaielarik. Horrela, harreman sozialak elkarrekiko menpekotasun harremanek ezaugarritzen zituzten. Feudalismoaren baitan, ekoizpen modu kapitalista garatzeko baldintza objektiboek nekazal eremuetako jabetza komunalaren desagerpena bultzatu zuten.  Kapitalismoaren espresioak gailendu ahala (komertzioa, truke balioa…) ekoizpen harreman feudalak ezaugarritzen zituen komunitatea disolbatuz joan zen. Hau prozesu historiko luze baten ondorio izan zen, milaka eta milaka herritarren kontra jaiotzen ari zen burgesiak (Estatu modernoaren laguntzaz) sistematikoki antolatutako espropiazio ezin bortitzagoa erabili zuelarik.

Hau guztia dela eta, ekoizpen bitartekoak berauek erabiltzen zituzten zuzeneko ekoizleengandik bereiztea eta berauen pilaketa diruaren jabe zirenen eskuetan geratzea izan da kapitalismoaren bereizgarria den ekoizpen harremana ahalbidetu duena: alde batetik, lan indarraren jabe “askeak”, eta, bestetik, dirua eta ekoizpen bitartekoen jabeak.

Gaur egun, bereizketa horrek langileria eta burgesiaren arteko talkaren forma hartzen du. Burgesia  ekoizpen bitartekoen jabe den klase soziala da, bere boterea kapital metaketaren bitartez egikaritzen duena. Langileriak bere lan indarra besterik ez dauka eskutan, eta hau saltzera behartuta aurkitzen da bizitzeko beharrezkoak zaizkion baliabideak lortzeko. Beste era batera esanda, burgesiak bere interesetara subordinatuta egongo den klase sozial oso bat behar du bere botere soziala mantendu eta handitzeko. Burgesak langileari bere lan indarra erosten dio, honek merkantzia forma hartuko duten produktuak ekoitz ditzan berarentzat; lan indarraren truk langileari erreproduzitzeko behar duen diru kopurua emanez (soldata). Lan indarra gainontzeko merkantziengandik ondorengo arrazoi honengatik bereizten da: berak balio duena baino balio handiagoa sortzeko gaitasuna du. Hau da, gure erreprodukziorako beharrezkoa den balioa baino gehiago ekoizten dugu, eta gainbalio hori da kapitalismoaren funtsa. Burgesiak gainbalio hori zirkulazioan jartzen du, hau etengabe handitzen saiatzeko. Uneoro handitzeko beharra duen eta birbalorizatzeko gaitasuna duen balioari kapitala deritzogu; eta, esan bezala, honen akumulazioan datza burgesiaren boterea.

Subjektibitate burgesaren parte den akumulaziorako joera hori gure arteko harremanetan islatzen da hainbat esparrutan. Zenbat aldiz ikusiko genuen gure inguruan ahalik eta pertsona kopuru handienarekin ligatzeko saiakera… Horrez gain, gure harremanak etengabe berritzen saiatzen gara: jende berria ezagutu nahi dugu konstanteki, lagun berriak egin, sare sozialetan ahalik eta “lagun” kopuru handiena lortu… Agerikoa da hau gure arteko harremanak sakonak izan daitezen eragozten duen faktoreetako bat dela.

Kapital metaketaren beharrak etengabeko gainekoizpena eskatzen du, honekin batera kontsumismo konstantea bultzatu behar delarik. Ekoizpen behar horrek produktuak iraungaitzak izatea eskatzen du, askotan, kapitalari baliagarriak ez zaizkion bitartekoak suntsitzeko beharra ere sor daitekeelarik (adibidez, abandonaturiko fabrikak suntsitu eta enpresa berriren bat eraikitzean bertan). Produktuak iraungaitzak diren heinean, ordezkagarriak izan daitezen ekoizten dira, merkatuan beti izan dezagun eskura apurtu edo galdu zaigun hori. Pertsonei dagokienean ere logika bera aplikatzen dugu: bikotekidearekin uztean, hau ordezka dezakeen norbait bilatzeari ekiten diogu, merkantzien merkatuan bezalaxe. Lagunei dagokienez ere, oso ohikoa da norbaitekin haserretzean beste lagun bat bilatzearen kontsolazioa edukitzea. Itxurazko ordezkagarritasun honek gure arteko harremanak efimeroak eta hauskorrak izan daitezen eragiten du.

 

“Norbanako guztientzat baita gainontzekoekin elkar harremantzeko ere ezinbesteko baldintza bilakatu den ekintzen eta produktuen elkartruke orokorra, haiekiko arrotza den zerbait bezala azaltzen zaie, banandua, gauza bat bezala. Truke balioan pertsonen arteko lotura soziala gauzen arteko harremana bihurtzen da; gaitasun pertsonalak, gauzen gaitasunean.” Karl Marx, 1857.

Aipatutako adibideen atzean merkantziaren forma dugu, zentrala zaiguna, gizartearen forma objektibo zein subjektibo guztiak bere baitan barnebiltzen direlako. Aurreko ekoizpen moduetan ekoizten ziren produktuek ez zuten naturala ez zitzaien forma sozialik hartzen. Izan ere, ondasunak kontsumitzaileen beharrak asetzeko ekoizten ziren, produktuen ezaugarri materialak aintzat hartuz. Sistema kapitalistan, aldiz, produktuak merkantzia izateko sortzen dira, eta, forma hori duten heinean, trukera bideratzen dira, ekoizpen prozesu sozialaren baitan berau delarik norbanakoen arteko harremanek hartzen duten forma nagusia.

Beste ekoizpen moduetan ez bezala, kapitalismoan, ekoizleak ez ditu bere lan inmediatoaren bitartez bere beharrak (edo komunitatearenak) asetzen. Produktuetan gauzaturiko lana merkatura bideratzen da beste batzuen beharrak asetzeko, ez ekoizlearenak. Ekoizle bakoitzak egindako lanaren ezaugarri materialak, beraz, beste batzuen mesedetan jartzen dira. Era horretan, ondasun horren erabilera balioa ez du ekoizleak berak kontsumitzen, merkantzia izateko ekoizten denez, zuzenean trukera baitago bideratuta, hau delarik ekoizleak haien artean elkartzen dituena.  Bestela esanda, lan pribatu hauek sozialak bihurtzen dira ekoitzitako produktuen arteko trukaketa dela medio, eta, trukaketa honekin batera, ekoizleen arteko harremana gauzatzen da. Hau guztia dela eta, beharrak asetzeko gaitasuna duten produktuak merkantzia bihurtzen dira euren artean modu independentean egindako lan pribatuen produktu diren heinean; lan sozialaren parte den lan pribatu baten gauzapena direlako.

Pentsa dezakezue plazaratu berri dugunak ez duela zerikusirik sarreraren hasieran esposatutako gaiarekin, ekonomiaren auzia arrotza suerta dakiguke eta. Ekonomia, baina, ez da klasean irakasten diguten “gizartearen esparru autonomoa, bere lege propioak dituena”; ez dira aldizkarietan agertzen diren grafika ulergaitz horiek, ez eta Ibex 35a ere. Ekonomiaren ikerketa eremua ez da gauza hutsetara mugatzen; pertsonen arteko (eta, azken instantzian, klaseen arteko) harreman sozialak ditu aztergai, nahiz eta harreman hauek gauzei zuzenean loturik ematen diren, eta, gauza itxura hartzen duten. Bizitzaren eremu guztietan elkarren arteko etengabeko hartu-emanetan murgilduta gauden izaki sozialak gara, harreman sozial horiek gizartearen osotasunetik aztertuak izan behar direlarik. Zentzu horretan, ekoizpen harremanak dira, azken instantzian, harreman sozialak determinatzeko potentzia dutenak.

Azaltzen saiatzen ari garen bezala, honek ez du esan nahi ekoizpen harremanak modu isolatuan uler daitezkeenik, guztiz kontrakoa. Egunerokotasunean, ekoizpen harremanek, gure artean garatzen ditugun harremanak baldintzatzen dituzte, langile klasearen kasuan, soldatapeko lanaren berezibiko beharragatik. Gure egoera objektiboa da gure bizitza albo batera utzi eta lanpostu bila atzerrira joatera behartzen gaituena. Gure bizitzan zehar garatutako harremanak kapitalismoak ezarritako tenpusen araberakoak izateaz gain, lotura sakonik gabekoak bihurtzen dira askotan: sistemak ezartzen dizkigun faseen arabera sailkatzen ditugu gure harremanak (ikastolako lagunak, institutukoak, unibertsitatekoak edota lanpostukoak), askotan, atzean uzten ditugularik aurreko fasekoak. Horrenbestean, gure bizitzaren alderdi guztiak, hala nola, gure arteko harremanak, gure subjektibitatea, barnearazi dizkiguten ohiturak… osotasun sozial kapitalistaren nolakotasunetik baino ezin daitezke ulertu.

Merkantziaren esentziak zuzeneko eragina du gizabanakoen subjektibitatean. Izan ere, merkantziaren alderdi sozialari erreparatuta (bere truke balioari, alegia) mistikoa dirudien forma bat topatzen dugu. Alde batetik, langileek produktuari txertatutako lana, produktuari berezkoa zaion ezaugarri natural modura ageri da. Bestalde, ekoizleen eta lan sozialaren arteko harremana ere, objektuen arteko harreman sozial gisa aurkitzen dugu. Lan prozesu kapitalistaren oinarria den lan pribatuaren nolakotasunak determinatzen ditu harreman sozialak eta gizabanakoen kontzientzia: modu isolatuan, eta, geroz eta modu partzialagoan ekoizteak, merkantziaren karaktere sozialak ikusi ahal izatea oztopatzen du. Ekoizlea ez da zuzenean harremantzen produktuarekin, eta, horregatik, ezinezkoa zaio produktuen karaktere sozialak zuzenean hautematea. Aldiz, a posteriori, hau da, gainontzeko merkantzien arteko trukaketan murgiltzen denean, ekoiztutako produktuak parez pare topatzen ditu. Merkantzien hartu-emana gauzatzean, merkantziaren karaktere sozialak, ekoizleen harreman sozialak izkutatzen dituztenak, merkantziaren ezaugarri natural modura baino ez ditu atzematen. Bere esfortzua aurrez aurre topatzen du, berareengandik bereizten den zer edo zer objektibo eta independientea balitz bezala. Gainera, arrotzak zaizkion lege batzuek gobernatzen duten objektu baten irudia jasotzen du.

Merkantzia guregandik bereizten da, esan bezala, produktu eta ekoizleen arteko harremana kanpo faktore batengatik mediatuta baitago: merkatuan gauzatzen den trukaketagatik, hain zuzen ere. Trukaketa prozesuan, gainerako merkantziekin zein gizakiekin modu autonomoan harremantzeko gaitasuna duen hieroglifiko sozialaren forma hartzen du merkantziak. Irudika dezagun edozein  produktu erosten dugun momentua.  Zenbat aldiz pentsatu dugu produktu horren barrenean langile baten esfortzuaren pusketa bat dagoela?

Horrenbestez, zera da merkantziaren estrukturaren esentzia: pertsonen arteko harremanak gauzen arteko harremanaren itxura hartzen duela; merkantziaren sorreraen aztarnak ezabatzen dituena, gizakion arteko harreman soziala ezkutatzen duela, alegia. Horrez gain, merkantzien mugimenduak gizartearen jarioa bultzatzen du, eta, bere itxurapean kokatzen ditu gizartearen espresio bital guztiak. Gure lan indarra saltzen dugunean, hau da, menderatzen gaituen ekoizpen prozesuan murgiltzen garenean, gure buruaren auto-objektibizazio krudelena onartzera behartuta gaude. Baina, ulertzen al dugu benetan zer esan nahi duen gure lan indarra saldu behar izateak? Etsaiaren mesedetan jartzen ditugula gure gaitasun guztiak: beste pertsona bat maitatzeko gaitasuna, agureak zaintzeko prestutasuna, umeei irakasteko ahalmena, abesti bat konposatzeko dohaia… Gure ezaugarri intimoenak trukera bideratutako merkantzia bihurtzen dituen kate geldiezin batean txertatzen ditugu, gure existentziatik at dauden legeek kontrolatzen dituztenak. Honek zuzeneko eragina dauka gure subjektibitatean zein besteekin garatzen ditugun harremanetan. Gure burua objektu bihurtzen dugu, euren burua ere objektu bilakatzen duten pertsonekin erlazionatzen gara; eta, modu berean, gure arteko harremana ere kosifikatuta agertzen da. Pertsonak merkantzia bailiran hautematen ditugunez, guretzat erabilgarriak izan behar dira. Ez badigute ezertarako balio, ez dugu inolako interesik erakusten haiekin harremantzeko (“aporta o aparta”).

Harremanen auziak duen konplexutasun mailaz jakitun, gure inguruan topatzen ditugun bi fenomenori helduko diegu: alde batetik, jada aipatu dugun gure arteko harremanen kosifikazioari, eta, bestetik, hurrengo sarreran landuko dugun gure arteko norgehiagokari. Azaldu bezala kapitalismoaren oinarri objektibotik abiatzen saiatuko gara horretarako.

“Mundu kosifikatua mundu posible bakar gisa aurkezten zaigu, kontzeptuekin aditu daitekeen bakarra, ezagutu den eta pertsonok ulertu dezakegun mundu bakar gisara.” –  Georg Lukács, 1923.

Esan bezala, gizartearen espresio bital guztiak kosifikatuta agertzen dira. Klasean jasotzen ditugun edukiak, esaterako, objektualizatuta ageri zaizkigu: jakintzaren esparru autonomoak balira bezala, gizakiongandik bereizita dauden lege propioak balituzte bezala… Pentsa dezagun zenbat aldiz sentitu garen kosifikatuta zenbaki hutsak bagina bezala tratatu gaituztelako. Adibidez, hezkuntza kapitalistan, irakaslearen begitan aprobatu edo suspenditu huts bat garenean. Zer esanik ez emakumeok gure barrenean milaka aldiz sentitu dugun haserreaz, gurekin oheratzen denak bere lagun “super-matxitoekin” trofeo modura erakusteko besterik egin ez duela konturatzen garenean. Edota erabiliak sentitu garen aldiak, gure ingurukoek gure nortasuna bere osotasunean baloratu beharrean, gure gaitasun zehatz batzuengatik bakarrik apreziatzen gaituztenean: albokoaren pena guztiak adituko dituen entzule apartak garelako,  juerga giroan martxosoenak garelako, apunte onak hartzen ditugulako…. Beraz, deseroso bezain ezagunak zaizkigun egoera hauen eragileetako bat merkantziaren esentzian eta honek eragiten digun subjektibitatean topatzen dugu.

Aztertu moduan, merkantziaren fetitxismoak pertsonen arteko harremanak merkantzien artekoak  bailiran ikustea eragiten du. Ondorioz, pertsonak merkantzia gisa tratatzeraino irits gaitezke: pertsona bakoitzari “erabilera balio” bat esleitzen diogu, eta, elkartasunean oinarritutako harremanak eraikitzetik urrun, gure ingurukoak “kontsumitu” egiten ditugu gure nahien arabera. Adibidez, norbaitekin oheratu ondoren berataz guztiz ahaztean (bitartean ere, askotan, bestearen nahiak kontuan hartu gabe); lagun batekin kafe bat hartzeko geratzean, baina soilik gure penak kontatzeko… Horrela, orokorrean, harremanak eraikitzeko garaian soilik gure buruari erreparatzen diogu. Beti nahi dugu gure albokoak gu laguntzea, gurekin eskuzabala izatea… eta, sarritan, guk bera laguntzen dugunean, soilik trukean gurekin horrela joka dezan nahi dugulako da. Modu horretan, guk besteari “ematen” diogun guztia bueltan jasotzea espero dugu, bestearen egoera pertsonala aintzat hartu gabe. Emakumeon kasuan, agerikoa da sozialki onartuta dagoela gizonek gu “ondo” tratatzearen truk harreman sexualak espero ditzaketeela.

Sekulako eragina dauka horrek guztiak elkartasunaren inguruan dugun pertzepzioan, eta gure askapen totala lortzeko prozesuan elkartasuna ezinbesteko pilare bat denez, behar bezainbesteko garrantzia eman behar diogu harreman eredu berri bat sortzeari: izan militantzia esparruetan, langileriak eskuratutako guneetan…

Honetaz guztiaz gain, gure harremantze ereduak sorturiko hutsunea kontsumoaren bitartez betetzen saiatzeko joera sortzen zaigu kapitalismoaren baitan: arropa berria, mugikor berria… Gaur egun, hain errotuta daukagu kontsumoaren bitartez bete gaitezkeenaren ustea, zeinen eta bizitzan falta zaizkigun harremanak (lagunak, sexu-afektiboak, bikotekidea…) zein afektibotasuna beste pertsonen bizitzak kontsumituz saiatzen garela ordezkatzen. Arrotza suerta dakigukeen baieztapen bat da, baina, azken finean, horixe ari gara egiten hainbat sare sozial erabiltzean, edota zenbait telesail/pelikula ikustean: pertsonen bizitzak kontsumitu. Adibidez, orokorrean, Instagramari ematen diogun erabilera zera da: gure egunerokotasuneko argazkiak igo eta jendea momentu oro egiten ari dena ikusi, egite hori gustatzen zaigula ere adieraz dezakegularik “me gusta” batekin. Gainera, badago igo daitekeen argazki/bideo mota bat non zenbat pertsonek bisualizatu duten ikus dezakegun. Twitterrean ere, txio bakoitzaren inpresio kopurua ikus daiteke jada, hau da, zenbat pertsonek eduki duten pantailan zure txioa; zenbat pertsona ari diren zure bizitza kontsumitzen. Pelikulen adibiderik argiena maitasun erromantikoaren inguruko filmeak dira: oso ohikoa da jendea bakar bakarrik sentitzean, maitasun erromantikoaren inguruko istorio bati buruzko pelikularen bat ikustea, bertako pertsonaia bat bailiran sentituz. Hain modan jarri diren Operación Triunfo edo Gran Hermano bezalako programetan, parte-hartzaileek momentu oro egiten dutena ikus dezakegu.

Laburbilduz, dominazio kapitalistaren estruktura osotasun eta prozesu historiko baten baitan eraikia den heinean, aurreko ekoizpen moduetako opresio formak xurgatu eta bere mesedetan jartzen ditu. Bestela esanda, harreman patriarkalak ez dira desagertzen, formaz aldatzen baizik. Honen adibide nabaria dira emakume langilearen gorputza objektibizatzen eta sexualizatzen duten diskotekak; aurpegi eta gorputz “politak” izatea exijitzen duten lanpostuak, hala nola, telebistako zenbait programatako aurkezleak, kazetariak, saskibaloiko “cheerleader”rak… Hortaz, ukaezina da emakume langileok pairatzen dugun kosifikazioa determinazio ezberdinak izan ditzakeela: muturreko sexualizazioak eragindako degradazioa, hots, subjektu debaluatu gisa sortuak garenez gero, dominazio harreman bat dakartela. Honek ez du esan nahi, baina, gure borrokak sektoriala izan behar duenik, ez eta gure zapalkuntzatik askatzeko espresio horien kontra soilik jo behar dugunik. Kontrara, espresio horiek kategoria burgesen gainean eraikitako estrukturatik eratorriak direnez, kapitalismoaren beraren osotasunaren aurkako borrokak baino ez gaitu aske egingo.