ZU TA BIOK ADISKIDE? ZEREN TRUKE? EGUNEROKOAN BIZI DITUGUN HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA (I)

“Filosofoek mundua hamaika eratan interpretatu besterik ez dute egin, baina eginbeharra, berau eraldatzea da.”   –  Karl Marx, 1845

Gure inguruko errealitate sozialak etengabe garamatza bakardadea sentitzera, zenbaitetan gure bizitzarekin gustora ez gaudela pentsatuz. Hutsune horri zuzenean aurre egin ordez, askotan, gure inguruarengandik ihes egiteko joera erakusten dugu, zenbait kasutan, bakarrik egoteko behar irrazional baten bitartez. Horren islada zuzena dira egun osoa etxean ematen ditugun aldiak (musika entzunez, pelikula zein serie artean murgilduz…); edota beste inor gabe kalera ateratzeko gogoak, besteak beste. Maiz alkohol artean egindako azaleko harremanetan saiatzen gara topatzen galduta sentitzen dugun hori. Agerikoa da guztiok barnean daramagun hutsuneak gure bizitzako esparru askotan harreman hutsalak eraikitzera bultzatzen gaituela.

Gure arteko harreman interpertsonaletan aurkitzen ditugun gabeziak izan dira, hain zuzen ere, sarrera hau idaztera bultzatu gaituztenak. Alde batetik, behar pertsonala izan da, gure egunerokotasunean besteekin erlazionatzen garen erak nazkatzen gaituelako. Baina, bestetik, eginbehar politiko bat ere badela azpimarratu nahiko genuke, guk ere gure barne kontraesanekin borrokatu behar izan baitugu; “Hau sentitu beharko nuke?” edo “horrela ondo ari naiz jokatzen?” bezalako galderen preso ere izan garelako nahi baino gehiagotan. Hala ere, ukaezina da feminismoaren gorakadari esker espazio berriak irekitzen ari direla harremantze ereduen inguruan hausnartu eta bizipenak partekatzeko. Horien ekarpenak aintzat hartuz, erronka berriei heltzeko asmotan gatoz.

Izan ere, oraindik zailtasunak sumatzen ditugu harreman interpertsonalen nolakotasunaren zergatia argi identifikatzeko. Gainera, zoritxarrez, aipatu berri ditugun espazioak soilik emakumez osatuta egon ohi dira. Modu horretan, militantzia esparruetan lan banaketa sexual argi bat erreproduzitzen dugu, harremanen auzia emakumeon gain jauzten delarik, oro har. Alabaina, komunitate politikoaren eraikuntzarako ezinbesteko auzia den heinean, gai honek exijitzen duen heldutasunez jokatzea funtsezkoa dela deritzogu: kide ororen ardura izan behar da harremanen afera borrokarako esparru gisa hartzea; proiektu politikoaren eraikuntzarako  tresna bezala ulertzea, alegia. Horretarako baldintzak sortzeko, orain arte egindako akatsetatik ikasi beharrean gaude, eta, beraz, harremanak proiektu politikoari zuzenean loturik ulertzeaz gain, dominazio sistemaren espresio diren heinean, ezin ditugu modu isolatuan landu. Gauzak horrela, gure arteko harremanak sistemaren osotasunean kokatzen saiatuko gara sarrera honetan. Hortaz, lerro hauen bitartez zuen pentsamenduak askatu nahi ditugu, zuen buruekin eztabaidetan murgiltzera bultzatu; baina, bereziki, zuen ingurukoekin batera hausnartzera animatu nahi zaituztegu.

Munduaren balioaren gutxiespena eta gauzen mundua neurriz kanpo baloratzea zuzeneko harremanean handitzen dira.” – Karl Marx, 1844.

[…]