AUTODEFENTSAZ EZINEGONA ANTOLATU

Posted on

Biolentziaren jatorriaz eta horrek gaur egun hartzen duen formaz aritu ostean, eraso puntualei erantzuteko eta eraso horiek ekiditeko artikulatu beharreko mekanismoen beharra azaleratu zaigu. Protokolo integralen falta ikusi dugu, hau da, eraso bat gertatzea ahalbidetzen duten faktore guztien analisia eta horiek deuseztatzeko tresnen falta. Horiek garatzen ditugun bitartean, egun dugun tresnetako baten inguruko hausnarketa plazaratu nahi dugu gaurkoan, mila esparru desberdinetan erabili den (dugun) tresna batena: autodefentsa.

Autodefentsa terminoaren aterkipean hainbat eta hainbat eragile, lan-talde eta dinamika abiatu dira gure inguruan. Hala ere, hainbat hutsune identifikatu ditugu praktika horien baitan, konplementarioak badira ere, orokortasun batetik kanpo antolatzen diren momentuan mugatuak bilakatzen direlako. Erantzun hauek eraso koiunturalei soilik erantzuten diete eta gainera, eguneroko praktika eta antolakuntza batetik urrun, forma espontaneoan garatzen dira gehienetan.

Guzti horren ildotik, martxan jarritako autodefentsa-formak helburu bihurtu dira abiatutako eragile eta dinamiketan. Eraso guztiei, banaka eta modu isolatuan aurre egiteko antolatuak izan diren espazioetan, eraso bakoitzaren nolakotasuna eta forma subjekitiboa aztertu dira, eta horietatik abiatuta autodefentsaren beharra ikusi da. Erasoak gertatzea ahalbidetzen dituzten baldintzen inguruan, ordea, ez da askorik sakondu. Guk baldintza horien analisi sakon eta zehatza ezinbestekoa dela deritzogu, erasoak ahalbidetzen dituzten oinarri materialak moldatuta soilik egongo delako horiekin bukatzeko aukera.

Gainera, esperientzia horiek borroka sektorialak eraman izan dituzte aurrera, zapalkuntza eta erasoak osotasunaren baitan kokatu gabe, kolektibo konkretuen borroka bilakatuz eta subjektua modu partzialean definituz. Horren aurrean beharrezkoa deritzogu autodenfentsa nortzuk antolatuko dugun eta norengandik/zerengandik babestuko garen zehaztea. Kapitalaren erreinuan boterea ez da kategoria abstraktu bat, gure bizien gaineko kontrola baizik eta horren aurrean langileok beharrezkoa dugu gure egoera eta honek erantzule konkretuak dituela ulertzea, ez dela kasualitatea.

Hala ere, eta ezin uka dezakegu, beste hainbat testuetan azpimarratu dugun bezala, langile klasearen baitan gizon langileen partetik erasoak jasaten ditugula emakume langileok. Hau da, ulertu behar dugu zapalkuntza desberdinen azken helburua kapital metaketa bada ere, langileok ere materializatzen ditugula. Hori dela eta, beharrezkoa da azken onuraduna nor den jakitea, horrek ematen baitigu zapalkuntza hauek bermatzea noren interesen baitakoa den ulertzeko aukera. Beraz, subjektua definitzerako garaian esplotazioaren eta zapalkuntzaren arteko bereizketa egitea beharrezkoa da, esplotazioak determinatzen baititu zapalkuntzak. Horrek esan nahi du zapalkuntzak langile klase osoaren aurkako erasoak direla eta beraz, askatasuna kolektiboki eraikitzeko ezinbestekoa izango dela guzti horren kontzientzia hartzea. Hau da, errealitatearen gaineko ezagutza izateaz haratago, bere gainean eragitea.

Horren aurrean, egun emakumeon auto-antolakuntza beharrezkoa da. Gizakiok, emakume eta gizon gisa sozializatuak izan garen heinean, gugan sortuak izan diren genero rolak daramatzagu, geure pentsamendu zein jarrerak baldintzatzen dituztenak. Militantziaren baitan garatzen ditugun harremanak ere ezin ditugu osotasun horretatik kanpo kokatu, jakin badakigulako aldaketak (genero rolen deuseztea) ez direla forma mekanikoan ematen. Horren erakusle da militantzia esparruetan ematen den sexuaren araberako lan banaketa, esaterako, harremanen inguruko gaiak orokorrean emakumeok lantzea. Hala ere, garrantzizkoa deritzogu emakumeon marko autonomoak langile antolakundeen baitan integratuta egotea, genero auzia osotasunaren baitan ulertu eta borrokatu ahal izateko eta emakumeei espezifikoki eragiten diguten zapalkuntzen aurkako borrokak ziurtatzeko.

Horrek guztiak autodefentsa birpentsatzera eraman gaitu, momentu historiko honetan langile estrategiak hartu beharreko forma gisa definituz. Historiaren garapenaren mugak klase borrokak ezartzen ditu: bi klaseen arteko indar-korrelazioak. Gaur egun beraz, klase burgesa da dominantea eta etengabeko ofentsiba egoeran dago langile klasearen aurka, hau izanik sistema kapitalistaren forma orokorra. Biolentzian oinarrituriko botere forma batez ari gara, eta ez kasu konkretu batzuez, baizik eta sistematizatua dagoen fenomeno baten inguruan. Burgesiak langileria bere menpe mantentzeko erabiltzen du biolentzia, horrela gure antolakuntza politikorako gaitasuna murriztuz. Kasu askotan mekanismo koertzitibo ezberdinak erabiltzen ditu hau burutu ahal izateko: soldata jaitsierak, errepresio kasuak… eta hau gutxi balitz, langile klasearen barruan biolentzia desberdinak eman daitezen hezten gaitu, aurretik aipatu dugun bezala langile klasearen barruan dauden subjektu debaluatuen kontrako biolentzia sistematikoki antolatuz.

Horren aurrean, langileok gure defentsiba propioa garatu behar dugu. Kontuan izan behar dugu momentu honetan ez gaudela berdinen arteko guda batean eta ez dugula gaitasunik kapitalari aurre egiteko. Hau dela eta, autodefentsa klase borrokaren baitan desjabetuok daukagun indar posizioan gaitasuna irabazteko garatzen dugun jardun oro kontsideratu behar dugu. Beharrezkoa da borroka hau forma dialektikoan ulertzea eta ez etapa isolatuetan edo borroka lineal bezala. Izan ere, prozesu osoan gure posizioek gora-beherak jasango dituzte, baina ildo politikoaren esentzia berbera izatea nahitaezkoa da.

Horrela, autodefentsa forma ezberdinetan ematen da: alde batetik, indar-korrelazioan posizioak irabazten, hau da, lapurtu dizkiguten gaitasunak geureganatuz eta klase borrokan gure boterearen garapena emanez, adibidez okupazioaren bitartez etxebizitzak bermatuz. Bestetik, erasoak ematea inposibilitatzen, gure egungo egoerari eutsiz, esaterako, eraso horien kontrako erantzun irmoak emateko bitartekoak sortuz. Azkenik, erasoei erantzun eraginkorrak ematea burgesiari atzera pausuak ematera behartuz, hala nola, desalojo bat geldituz. Hau aurrera eramateko beharrezkoa da langileok antolakuntza politiko propioa garatzea. Hau da, beharrezkoa da langileok klase gisara antolatzea eta klase independentzia bermatzea.

Autodefentsa forma hauek aurrera eramateko beharrezko ikusten dugu langile kontrol espazioak lortzea eta instituzio proletarioak sortzea, hau da, borondate aldakorretik blindatuak egongo diren instituzioak sortzea, langile antolakuntzaren espresio gisara. Hauek zapalkuntza eta erasoen denuntziatik haratago, orientazio prebentiboa duten jardun praktikoak eraman behar dituzte aurrera, hau da, zapalkuntza eta eraso ezberdinen aurrean erantzun irmoak emateko gaitasuna izan behar dute, baina hori ez da helburua. Helburua eraso eta zapalkuntza hauek ez gertatzea izan behar da eta horiek ekiditeko baldintzak sortu behar dituzte espazio hauek.

Testu honen hasieran aipatu dugun forman, zapalkuntza anitzek biolentzia burgesak hartzen dituen forma ezberdinak adierazten dituzte. Honek zapalkuntzen oinarrian interes materialak ageri direla erakusten du, kapitalak prekapitalista izan den zapalkuntza bat beregatu duelako bere interesen arabera birfomulatuz. Beraz, zapalkuntzaren gaindipenak ere baldintza materialen gaindipena exijitzen du. Hala ere, baldintza material hauek sortzen duten dominazio forma mantendu eta legitimatzeko, beharrezkoa da ideologia konkretu baten sorrera eta hedapena; klase interes zehatz batzuei erantzuten dien balio eta esanahaien sistema bat garatzea, alegia.

Horren aurrean, instituzio proletarioek erroko aldaketa ekonomikoak aurrera eraman behar dituzte, baldintza ekonomikoak aldatzeak, eraldaketa kulturalak dakartzalako, hau da, gizakiak bere bizitza definitzen eta konfiguratzen duen prozesu soziala aldatzea dakar. Marxek aspaldi adierazi zuen bezala, ez da kontzientzia izaki soziala determinatzen duena, baizik eta izaki soziala kontzientzia determinatzen duena. Bizitza materialaren ekoizpen formek eragin zuzena daukate bizitza sozial, politiko eta espiritualaren prozesuan, hau da, gizakiak arazo honekiko garatzen duen kontzientziaren forma ideologikoan.

Esan genezake beraz, momentu historiko konkretu batean gizarte konkretu batean agertzen diren espresio ezberdinen batuketa dela kultura. Baina, kultura honek ezaugarri dominanteak determinatzen baditu ere, Raymond Williams-ek ondo azaltzen du nola gizarte batean menperatzailea den kulturaz gain, aurreko denbora batzuetatik datozen kulturen arrastoak eta etorkizuneko denbora bateko ezaugarri berriak ere ageri direla. Modu honetan, kultura orok iraganekoak diren elementu batzuk bereganatzen ditu, oraindik ere forma aktiboan aurkitzen direnak prozesu kulturalaren barnean. Hauek kultura menperatzailearekiko alternatiba gisa edo bertan txertatuak agertu daitezke, besteak beste, erlijioa beste garai bateko elementua da eta balio batzuk alternatibo gisa planteatu badaitezke ere (besteekiko laguntza desinteresatua) balio gehienak kultura menperatzailean txertatuak ageri dira gaur. Bertan kokatu dezakegu genero zapalkuntzaren auzia ere, zapalkuntza prekapitalista izanik, oraindik ere forma aktiboan ageri da sistema kapitalistan eta honek suposatzen duen prozesu kulturalean, burgesiak bere interes ekonomikoen bermerako birmoldatu baitu zapalkuntza. Esaterako, egun oraindik normalizaturik dugun emakumeon etxekoandre rola. Honetaz gain, elementu berriak ere ageri dira, esanahi eta balio berriak, praktika eta harreman forma berritzaileak. Esaterako, langileok klase bilakatzea praktika kultural berritzailea da, nahiz eta oraindik klase bezala subordinaturik egon.

Argi geratu da beraz, mundu erreala materiala den heinean, bere forma osagarrietan ikusi daitekeela, baina forma hauek ez direla metafisikoak izango, errealitate materialaren isla baizik. Hala ere, beharrezkoa da hemen momentu batez geratzea, kontuan izan behar baita isla hau faltsua izan daitekeela, benetako esanahia ezkutatzen duen zerbait badago oinarri materialaren eta horren gaineko gainegitura ideologikoaren artean. Ezin pentsa genezake errealitate soziala zuzenean islaturik agertzen zaigula, bere jatorrizko edukia aldatzen duen eta klase interes konkretuei erantzuten dien prozesu batetik pasatzen baita. Horren erakusle emakumeon zapalkuntza sistematikoaren aurrean, denuntzia faltsuei ematen zaien garrantzia, erasoaren jatorria solapatuz. Ideologia tresna ezberdinen bitartez ezartzen da kontzientzia errealean. Klase subordinatuaren kasuan ideologia bere kontzientziaren gainean inposatua izan da eta hala, beharrezkoa du klase menperatzailearen kontra bere kontzientzia mantentzea eta garatzea.

Hau guztia dela medio, argi ikusten dugu aipaturiko baldintza material hauen ondorio dugula egungo prozesu kulturala. Horren erakusle da langileok egunerokotasunean erreproduzitzen dugun kontzientzia burgesa, adibidez emakumeon muturreko objektibizazio eta sexualizazioa sostengatuz. Hau aldatzeko ezinbestekoa dugu baldintza materialen eraldaketa erradikala gauzatzea. Horretarako, beste testu batzuetan aipatu ditugun hainbat balioei heldu beharko genieke, zaintza eta elkartasunari, hain zuzen ere. Ildo honetatik, truke balioa gainditzen duten harreman sozial berriak sortzea beharrezkotzat jotzen dugu. Era honetara sortu baitaitezke soilik gainegitura ideologiko eta kulturala aldatzeko baldintzak, nahiz eta ez den forma mekaniko batean eramango.

Azkenik, gure proposamena garatzera begira azpimarratzekoa da maila lokalean antolatzen diren langile kontrolpeko espazio hauen artikulazio nazionala, bederen, helburu estrategiko bera bilatzen duten proiektu eta militantzia markoen batasuna. Lan banaketa nazionalki antolatzeak eraginkortasunean nabarmen eragiten duelakoan gaude, besteak beste, behar material ezberdinei erantzuten dieten ekoizpen proiektuen gaitasuna handitu eta bitarteko ezberdinekin lorturiko azpiegituren defentsarako ahalmena areagotzen da. Hau da, botere metaketa lorzeko eta hau defendatzeko gaitasuna biderkatzen da. Guzti hau aurrera eramateko, zapalkuntza eta esplotazioa osotasunaren baitan kokatzeko alegina egin beharrean gaude, jardun praktiko bateratua bitarteko. Autodefentsa modu integralean ulertu eta aurrera eramatea da apostu eraginkorrena.

JTK!