A25EAN ETA BETI, ELKARTASUNEAN OINARRITUTAKO HARREMANAK ERAIKI!

Posted on

Beste urte batez azaroak 25 ditu gaur, eta beste urte batez txoko guztiak aldarriz bete zaizkigu. Hangoak eta hemengoak sareetan haien jarrerak justifikatzen, artikulu bikainena idazteko lehia egunkarietan, zabalpen gehien lortu duen txioa idazteko norgehiagoka areagotzen da Twitteren…; militantzian ere badugu zerri erreparatu, ekimen originalena bururatzen zaion kidea izateko nahia, Euskal Herrian zabalpen gehien eskuratzen duen margoketa izateko egiten ditugun ekintzak, bilerako hitzartzerik hunkigarriena izan dadin esandakoak; eta kaleetan, aldiz, borroka izpirik ikusteko aukera daukagun tokietan, nork pegatina gehiago jarri, nork kartelik deigarriena egin, nork pankarta toki arriskutsuenean jarri, mobilizazio jendetsuena, kuñarik ozenena…

Borroka bera lehiarako esparru bilakatu den garai honetan, militantziatik formazio sozial askatzaile bat eratzeak utopia dirudi, edo gaurkora ekarrita, indarkeria harremanetan oinarritzen den militantziatik, emakume langileonganako indarkeriarekin amaitzeko gaitasuna garatzeak ezinezkoa dirudi. Egoera honen aurrean, gure gaurko xedea, itxura hori ezeztatzea eta iraultza sozialistaren beharrezkotasunaren zein gauzagarritasunaren alde agertzea izango da. Bloga hasi genuenetik, genero problematika gainditzeko, langile klase osoaren emantzipazioa eskuratu behar dugula argudiatzen saiatu gara, eta pentsatuko duzuen bezala, azaroak 25 honetan ere subjektu honetan berresten gara. Aurreko sarreretan landutako edukiarekin, baieztapen hau nahikoa justifikatua dagoela deritzogunez, gaurkoan ez dugu subjektu iraultzailearen hautaketaren eztabaidan jarriko arreta, erabaki honek ezartzen digun erronketako batean baizik.

Herri honetan ondotxo dakigun bezala, langile klaseari geure erreprodukzioaren (bizitzaren) gaineko agintea edukitzea ahalbidetuko dion botere propioa erdiestea, hau da, sozialismoa eraikitzea, ez zaigu erraza egingo. Besteak beste, langile guztiok klase esplotatuaren parte bagara ere, horrek ez gaituelako homogeneizatzen, edo bestela esanda, langile klasea era askotako kideok osatzen dugulako: erdigune inperialistako langile auzoetan, etengabeko gudan dauden Afrikako lurraldeetan, Hego Ameriketako fabeletan, Asiako hiri hiperpopulatuetan… jaio garenok; geure sexualitatea ezagutzen ez dugunok, araketa horri beldur diogunok, bilaketan galduta gaudenok zein sexualitateaz plazerez gozatzen dugunok…; Bilboko kaleetan, Txantxarreka gaztetxean, jendez lepo dauden Zabalganako pisuetan zein Negurin interina lanetan bizi garen etorkinok…; zaindu gaituen familia bat izan dugunok, familia ezegonkor batean hezi garenok edo zuzenean zainduko gintuen familiarik izan ez dugunok; UPVko garbitzaileok, udaletxeetako funtzionariook, etxekoandreok, CAFeko beharginok, Eroskiko kooperatibistok…; gurasoen soldatekin Iruñean ikasten dugun Gipuzkoarrok, egunero Leioara joan etorrian ordu luzeak lapurtzen dizkiguten Gasteiztarrok, Indautxuko kaleetan barna Glovoko banaketa lan arriskutsuetan aritzen garenok, tabernetan ordaindu gabeko ordu estrak sartzen ditugunok, ikastolako umeei 8€tan partikularrak ematen dizkiegunok, Zuberoan lana topa ezin eta Bordelera ihes egitera behartuta gaudenok…

Finean, langile klasea bizileku zein gorputz anitzekin, baina egoera berbera jasaten dugun pertsonez konposatuta egotetik urrun; eguneroko errealitate, bizipen, identitate, norberaren gaineko ikuskera, errealitatearekiko kontzientzia, inguruarekiko jokabide… anitzez eratutako kideoz osatutako klase sozial bat gara. Are gehiago, gure arteko alde hauek profitatuz, gu geu gara kideak erasotzen ditugunak, interes indibidual batek bultzatuta ingurukoekiko ezikusiarena egiten dugunak edota gure egoera gainontzekoen kontura eskuratzen dugunak.

Eta egoera korapilatsu honen aurrean zer? Nola hartuko dugu klase esplotatua subjektutzat berau bada emakume langilearekiko zapalkuntzak gauzatzen dituena? Nola antolatuko dugu iraultza elkar zaintzeko ezintasuna badugu? Egoera honen aurrean zein da langile antolatuon zeregina? Galdera guzti hauek (zehaztu beharreko itaunak direla badakigun arren, norabidea argitzen digutelako ahotan hartu ditugunak), hasieran aipatutako erronka identifikatzen, eta honi erantzuteko egin beharrekoa zirriborratzen laguntzen digute. Etengabe onenak izatea exijitzen, horretarako lehia mugagabean murgiltzen, ondorioz, elkarrekiko indarkeria maltzurrena sustatzen duen sistema honetatik, eta miseria guzti honek eskaintzen dizkigun onurei uko eginez, ongizate kolektiboa ipar eta kideekiko zaintza zein klase elkartasuna printzipio etikotzat izango dituen formazio soziala egikaritzea. Alegia: kontzientzia burgesa gaindituz, langile kontzientzia sortzea.

Erronka honen zehaztapenean aurrera pausu bat emateko asmoz, gaurkoan militantzia bera jarri nahi dugu jopuntuan. Militante izateak geure baitan daramagun jokamolde indibidualista arbuiatzea, eta honen ordez, jarrera eredugarriak izatea modu automatikoan dakarrenaren ustea oso zabaldua baitago. Alta, oraindik orain, gune hauetan ere emakume langileonganako indarkeria erreproduzitzen da. Militanteok, aldiz, ongi dakigu aipatutako zeregina ez dela eskuragaitza den fantasia bat: maiz txikiegiak iruditzen zaizkigun arren, burututako lan kolektiboaren fruituak jasotzen ditugulako, eta horrenbestean, elkarlanaren bidez emakume langileok jasaten dugun errealitate zital hau gainditzea gurari idealista bat ez dela ohartzen garelako. Hau da, geure bizitzen osotasuna inpotentzian oinarritzen bada ere, langileon antolakuntza politikoaren alde lerrokatzen garenok, geure egunerokoan gauzatzen dugun jardunaz, kide guztion arteko harreman parekideak gauza daitezkeela egiaztatzen dugula. Gainera, zuzenean bizi izan dugun horretatik haratago, esperientzia historikotik ere irakaspen berbera atera dezakegu: Parisko Komunatik, Venezuelako herri komunaletatik, martxoak 3tik, Kurdistango emakume gerrilletatik… kasu. Argi dago gertakari hauek ez ditugula itsu-itsuan jarraitu beharreko eredu zurruntzat, baina ezparik gabe, bertan badugu non arakatu eta zer ikasi.

Gizon langileek gurekiko gauzatzen duten indarkeriarekin amaitzea utopia bat ez bada ere, gaurko egunean lazgarritasun handiz gauzatzen da, maiz, militantzian bertan bortxarekin amaitzea odisea bat bihurtuz. Gure esperientziak erakutsi digun bezala, ohikoan, gune hauetan indarkeria agerikoa izaten ez den arren, indarkeria egon badago, emakumeok militantzia bera zein bertan gure zeregina zein den (eta horrenbestean zein ez) aditzeko daukagun modua izanik bere espresio nagusia. Honen adibide garbiak dira, besteak beste: militantzian gure gisako jendearentzako tokirik ez dagoenaren beldurrak bultzatuta, espazio formaletara agertzen ez garenean; eztabaidetan parte hartzeko ez-gai ikusten garenez, geure buruei galderak egiten ez dizkiogunean; geure ideiak ekarpenik egingo ez duela sinetsita gaudenez, elkar-banatzen ez dugunean; buruan darabilkigunak bileran lantzeko garrantzia gutxiegi duela uste dugunez, isilik geratzen garenean; epaituak izateko beldurrez, hitzik egiten ez dugunean; ekintza zuzenak egiteko nahikoa trebeak ez garela sinetsita gaudenez, parte-hartu gabe geratzen garenean; dagokigun gaia soilik generoarena dela uste dugunez, espazio mistoetan parte hartzen ez dugunean…

Begi bistakoa da erraietan daramagun ulerkera hau ez dela bertan izandako bizipenengatik soilik jaio, geure bizitza osoan zehar ikusi eta ikasi dugunagatik baizik. Haatik, erroa lanaren eta kapitalaren arteko kontraesanean jartzeak, ezin gaitu geure buruekiko erantzukizun eza eta erabateko onargarritasuna oinarri duten harremanak eraikitzera bultzatu. Hots, emakume langileok geure burua aditzeko daukagun era kontzientzia burgesaren produktu bada ere, militante guztiok hau erreproduzitzeari utzi eta honi aurre egiteko betebeharra daukagu, ulerkera hori gainditzea ahalbidetuko diguten esperientziak gauzatuz: harreman zapaltzaileak erreproduzitzeko daukagun era zehatza gaindituz, esperientzia kolektibizatuz, genero rolek harreman militanteetan betetzen duten funtzioa deuseztatuz, talde garapena bermatuz, sexuaren araberako lan banaketarekin amaituz, kanon estetikotik askatuz, burgesiaren erasoen aurrean autodefentsa sareak sortuz, bizipenen talde kudeaketa eginez, zaintzaren kolektibizaziorako mekanismoak antolatuz, gure debaluazioaren zergatiak azaleratuz, indarkeriarekiko erantzun irmoak sistematizatuz, militantzia eredua osasunduz, hainbat espaziotan jasaten dugun mespretxua akituz…

Horregatik guztiagatik, azaroak 25 honetan, militantzian bertan emakumeok daukagun parte-hartzearen inguruko lanketa era integral eta kolektibo batean kokatzea premiazko zeregina dela azpimarratu nahi dugu. Eguneroko borrokaz, langileon arteko antolakuntza politiko zaintzaile zein osasuntsu bat eratu eta emakume langileonganako indarkeriarekin amaitzeko.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu denbora guzti honetan bidelagun izan dugun orori. Milesker eguneroko borrokan tinko jarraitzea ahalbidetzeagatik, eta nola ez, indarkeria guzti honen aurrean, goxotasun pixka bat eskaintzeagatik.

JTK!