EMAKUME LANGILEAK ANTOLATZEN (1922) – CLARA ZETKIN

Clara Zetkinek 1922ko abenduan, Internazional Komunistaren Laugarren Kongresuan emandako hitzaldi batetik jaio da dokumentu hau. Garai hartan Internazionalaren Komite Exekutiboan Alemaniaren ordezkaritzat jarduten zuen, eta baita Emakumeen Idazkaritza Internazionalaren Idazkari Orokor bezala ere.

Laugarren Kongresua hainbat murrizpenetara behartutako egoera batean eraman behar izan zen aurrera, jabegodun klasearen erasoak zirela eta, honek Lehen Mundu Gerraren bukaeran Europa zeharkatu zuen olatu iraultzailea garaitzea lortu ostean. Hartara, masaren lana eta Fronte Batua bilakatu ziren antolatzeko estrategia beharrezkoak.

Egungo testuingurua desberdina bada ere, Zetkinek mahaigaineratzen dituen argudioek gaurkotasun handia dutela esan genezake eta beraz, emakume langileok nola antolatu behar garen pentsatzerako orduan oso baliagarriak izaten jarraitzen dute.

XX. mendeko 20. hamarkadako hasieratik 60. hamarkadararte igarotako berrogei urte horiek ideia sozialista iraultzaileen ia erabateko ezabatzea bizi izan zuten. Estalinismoak sorturiko giroan, emakume langilearen zapalketa borrokatzeko eta emakume horiek antolatzeko ideia eta saiakerak lekuz kanpo geratu ziren. Soilik 1968ko istiluek, ikasle mugimenduaren hazkunde zabalak eta bat-batean erakunde iraultzaileentzako aukera berri sekulakoak jaiotzen hasi izanak eman zioten emakume langileen antolakuntzari garatzeko aukera. Sozialista iraultzaile gehienak kikildu egin ziren eztabaida honen aurrean. Horiek klase ertainaren mugimendu zirela argudiatuz baztertu zituzten: ez zuten bertan eragiteko estrategiarako aukerarik eman, eta ez ziren ohartu emakume langilea antolatzeko zuen baliogarritasunaz. Orain, emakume langileak dira krisi ekonomikoaren ostikada gogorrenak jasotzen dituztenak. Langabeziaren mehatxuarekin, soldata eta lan berdintasuna ukatzen zaielarik, murrizketa eta itxierei aurre egiteko eta borrokatzeko grina duten emakumeez gainezka ikusten dira kaleak; sozialistek horiek ideia iraultzaileetara erakartzeko moduren bat asmatu behar dute. Ezinezkoa da  hitzaldi luze bat laburtzerakoan gauza batzuk atzean ez geratzea. Hala ere, argudiaketaren mamia hemen dago, zerikusia izan duelarik bai 1922an eta baita gaur egun ere.

Marxists Internet Archive, 2008

Burkideok, Emakumeen Idazkaritza Internazionalaren jarduna eta emakumeengan emandako ekintza Komunistaren garapenari buruzko azalpena hasi aurretik, utzidazue apunte motz batzuk egiten. Beharrezkoak dira oraindik ere gure lana gaizkiulertua izaten baita, eta ez bakarrik gure aurkarien partetik, baita gure burkideen partetik ere. Batzuenak iada zaharkitutako pentsaera baten hondarrak besterik ez dira, baina beste batzuena berriz, aurreiritzi kontziente bat; gure zergatiarekin bat ez egitearen edo baita aurka egotearen ondorioa dena.

Emakumeen Idazkaritza Internazionala Komiternaren Exekutiboaren adar bat da. Bere jarduna Exekutibo honekin etengabeko kooperazioan egoteaz gain, bere aginpe zuzenean dago. Normalean Emakume Komunisten Mugimendutzat dugun hori ez da emakume independenteen mugimendu bat. Emakumeengan hedatu beharreko propaganda Komunista zabaltzeari begira existitzen dira. Horrek helburu bikoitza du: batetik, iada ideia Komunistak barneratuta dituzten emakumeak Komiternaren sektore nazionaletara inkorporatzea, hala bertako jardunean dabiltzan parte-hartzaile konszienteak bilaka daitezen, eta bestetik, indiferentziaz jokatzen duten beste emakume horiek proletalgoaren borrokarenganako hurbilketa bat ematea, ideologia Komunistaren bitartez. Emakume langileen masak gatazka horri begira mobilizatu beharko lirateke. Ez dago Alderdi barruan ez lanik, eta edozer lurraldetan ez mugimendurik, non emakumeok ez dugun lehentasunezko betebehar bezala jotzen gure ekimena bertan. Are gehiago, Alderdi Komunistetan eta Internazionalean guk geure postua hartzea desira dugu: bertan dago lan gehiena eta loriatsuena (eguneroko jardun xumeagoa gutxietsi gabe, noski).

Gauza bat argi dago;  emakume langileen antolatze eta formatze lanetarako organo bereziak beharrezkoak ditugu, eta Alderdiaren parte bilakatu. Emakumeengan agitazio Komunista egiteaz ez dira zertan emakumeak arduratu behar, lurralde bakoitzeko Alderdi Komunista osoaren eta Internazional Komunistaren eginbeharra da. Gure zeregina betetzeko, beharrezkoa da alderdiaren organoak sortzea, emakumeen idazkaritzak, emakumeen departamenduak edo deitu nahi diogun bezala.

Argi dago, ez dugu ukatzen posible dela izaera sendoko edozein gizon edo emakumeek lan egiteko gaitasun berbera izango dutela distrituko edo maila lokaleko antolakundetan. Hori kontuan hartuta, ezin gara maila indibidualeko lorpenak goraipatzera mugatu, eta antolakundearen eraginkortasuna bere gorpuzte osoan baloratuko da, indarren batasunaren funtzionamenduak ekartzen baititu garaipenak handiagoak. Helburu konkretu batera bideraturiko jardun bateratua izan behar da gure lema Alderdian, Internazionalean, eta emakume langileekiko jardunean.

Lanaren banaketa praktikoa egiteko xedez eta auzi komenigarri gisa, emakumeak izan ohi dira aproposenak beste emakumeengan lan komunista egiten duten organo berezietan lan egiteko. Ezin dugu ukatu emakumeen masa zabalak gaur egun dituen bizi eta lan baldintza bereizgarriak. Horren harira, orokorrean emakumeei errazagoa zaie beste emakume langileengana hurbiltzea Propaganda Komunista egiterako orduan. Emakume komunistok Alderdiaren funtzionamenduaren osotasunean parte hartzeko eskubidea eta ardura dugula kontuan hartuta, bai panfletoak banatzea bezalako lan humilenetan eta bai lan erabakigarri eta neketsuetan ere, iraingarria litzateke Alderdiaren eta Internazionalaren bizitza historikoan parte hartzeko ditugun gaitasunak gutxietsiak izatea, eta horregatik, guk ere ez genioke gizon bati emakumeengan lan komunista egitea debekatu beharko.

Azken urte honetan zehar agerian geratu zaizkigu emakumeekin lan Komunista egitearen alde onak eta txarrak. Alde onak ikusi izan ditugu Internazional Komunistako sekzioek organoak sortu dituzten herrialdeetan: Alemanian eta Bulgarian, besteak beste, Emakumeen Idazkaritzek emakume komunisten formakuntza eta emakume langileen mobilizatzea aurrera eraman dituztelarik eta gatazka sozialean integratuz. Lurralde hauetan, Emakume Komunisten mugimenduak Alderdiaren osotasunaren muskulu sendo eta garrantzitsuak bilakatu dira. Alderdian emakumezkoak diren militante eta partaide asko aurki ditzazkegu, eta are handiagoak dira Alderdian sartuta ez dauden baina burkide diren emakumeen masak.

Non gogoa, han zangoa. Mundu mailako iraultzarako gogoa badugu, esklabizatu eta explotatuta dauden emakumeen masa zabalengana heltzeko bidea aurkitu beharrean gaude, baldintza historikoak edozein eratakoak izanda ere.

Utzidazue Alderdi komunistetan emakumeentzako organo bereziak ez egotearen ondorio txarren adibide gutxi batzuk ematen. Emakumeentzako Idazkaritzarik edo era hortako antolamendurik egon ez den bakoitzean, jaitsiera nabaria izan du Alderdi Komunistetako emakumeen parte hartzeak, baita, emakume langileen presentziak klase borroka orokorrean. Polonian, Alderdiak orain arte ez du halako organo berezirik osatu nahi izan. Alderdia ados zegoen bertan emakumeek ere militatzearekin, grebetan eta masa mobilizazioetan parte hartzearekin. Hala ere, konturatzen hasiak gara hau ez dela nahikoa ideal Komunista proletalgo femeninoarengana iristarazteko. Hala, Japoneko azken hauteskundeek argi utzi dute, erreakzioak bere oinarrizko babesa komunismoan formatu gabeko emakume ezjakinengan aurkitu duela, eta hori ezin da errepikatu.

Ingalaterran, emakume proletarioengan agitazio sistematikoa aurrera eramateko behar den organizazioa falta izan da, eta Bretainia Handiko Alderdi Komunistak honen errua duen ahuldadeari egotzi bazion ere, etengabe atzeratu edo eragotzi dute lantalde berezi hori sortzea. Emakumeen Idazkaritza Internazionalaren ahaleginak deuseztatuta edo gutxietsita geratu dira, halaber. Ez da Emakumeen Idazkaritzarik ezarri: egin den gauza bakarra militante emakumezko bat Alderdiaren agitatzaile orokor bezala izendatzea izan da. Gure emakume burkideek hainbat bilera deitu dituzte emakume komunisten irakaspen politikoari begira, gutxi izatea axola gabe. Bilkura hauen emaitzak hain onak izan direla ikusita, halakoak formalizatu edo sistematizatzea bultzatu beharko luke Alderdi Komunistak.

Britainia Handiko Alderdi Komunistako Exekutiboaren jarrera, nire iritziz, ez da soilik ahuldade ekonomikoaren ondorio, bere gazteriaren eta honek eragindako gabezien ondorio ere bada. Honekin nire helburua ez da Alderdia kritika gogorrekin seinalatzea. Alderdi honen azken hauteskunde orokorretako arrakastak agerian uzten du bere determinazio indartsua eta praktika egokia. Baina  hauteskundetako lorpen honek, erabaki ziren determinazio politiko eta antolakuntza berriarekin batera, Britainia Handiko Alderdi Komunista propagandarako alderdi txiki izatetik, emakume proletarioen antolakuntzan esfortzu bat egingo duen antolakunde izatera pasatzea behartzen du. Internazionalaren sekzio britainiarrak ezin dio honi bizkarra eman: lurralde hontan milioika emakume langile daudela antolatuta Emakumeen Sozietate Sufragistetan, emakumeen sindikatu zaharkituetan, Konsumitzaileen Kooperatibetan, Alderdi Laborista eta Laborista Independienteetan. Alderdi Komunistari dagokio antolakunde guzti hauekin batera emakume langileen konfidantza, borondatea, gaitasunak eta gogoa lortzeko borrokatzea. Hala, luzera begira, organo espezifikoen beharra azpimarratuko da, honek Alderdiko kide diren emakume komunistak indartu, entrenatu eta antolatzeko gaitasun erreala frogatuko baitu. Aldi berean Alderdi barruan ez dauden horiengan ere beren klase interesen alde borrokatzeko grina pizteko lan egingo du.

Hainbat herritan, emakume komunistek, Alderdiaren aginpean, aukeraizan duten era guztietara saiatu dira emakume langileak esnarazi eta sistema kapitalistaren kontrako borrokara bideratzen. Adibide bezala, Alemaniaren kasuak erakusten du nola Abortuaren kontrako Legearen aurkako borroka baliogarria izan zen burgesiaren klase dominazioaren eta estatu burgesaren kontrako kanpainia bat aurrera eramateko. Horrek emakumeen masa handi baten sinpatia irabaztea eta erakartzea eragin zuen. Ez zen emakumeen auzitzat aurkeztu, proletalgoaren gatazka politiko bezala baizik.

Guztiz kontziente gara Sindikatu eta Kooperatibetan egiten den lan serioaz. Bertan lan sistematiko eta aktiboa aurrera eraman nahi izanez gero, beharrezkoa da emakumeen sekzio handietan influentzia irabaztea eta hauek borrokarako errekrutatzea. Horretarako, tresna baliogarritzat erabil ditzazkegu aipatutako Kooperatibak, emakume langileak erakartzeko, eta Sindikatuak, berriz, emakume proletarioak eta burgesia txikiko emakumeentzako. Hala ere, gogorarazi beharra dago gure lanean ez dugula ilusio faltsurik sorrarazi behar. Gure onena eman behar dugu  sindikatu eta kooperatibek, sistema kapitalistaren baitan, proletarioen interesen aldeko legeak lortzeko eta kapitalismoaren oinarriak suntsitzeko duten ezintasuna helarazteko. Nahiz eta guztiz erabilgarria eta beharrezkoa den sindikatu eta kooperatibetako lana, ezin dute kapitalismoaren gaindipena ekarri.

Proletarioak ez diren emakumeak ere komunismoaren bidera erakartzeko baldintzak ere bereziki onuragarriak dira. Kapitalismoaren dekadentziak Britania Handian, Alemanian, eta bestelako estatu burgesetan, aberatsen klase berri bat eta era berean, pobreen klase berri bat sortu ditu; klase ertaina proletarizatzen hasia da. Horren ondorioz, orainarte kapitalismopean pozik eta alai bizi izan diren emakume askoren bizitzaren exijentzia berriek beren barrenak nahastu dituzte, baita euren diruzorroak ere. Profesional asko, intelektualak batez ere, irakasleak, funtzionarioak eta bulegoko langileak, gero eta aztoratuago daude, eta kapitalismoaren kontrako borrokara batzeko sentitzen duten presioa gero eta nabarmenagoa da. Burkideok,  emakume hauen potentzialitatea aprobetxatu behar dugu, gutxinaka itxaropenik gabeko utzikeria hau amorru bizian bilakatu dadin, honek bere baitan kontzientzia eta praktika iraultzailea dakarrelarik.

Baina zeintzuk dira hau egikaritzeko behar diren baldintzak? Iada aipatu ditut zein den esnatzen ari diren miloika emakumeren egoera. Iraganean oztopatu gaituen oro, atzerakoitasun politikoa eta emakumeen indiferentzia orokorra, oso aldakorrak dira sufrimenduaren presiopean, eta beraz, erraz erakar ditzake komunismoaren irakaspenetara. Beraien pentsamoldea ez du hainbeste pozoitzen sozialdemokrata erreformisten  edo erreformista burgesen hitz faltsu eta engainagarriak. Beraien pentsamoldea folio zuri baten eran egoteak esan nahi du errazagoa egingo zaigula orain arte indiferenteak izan diren masa femeninoak geureganatzea eta borrokarako gaitzea, antolakunde sufragista pazifista eta erreformistak aurretiazko trantsizio bitarteko izan gabe. Hala ere, beharrezkoa da abixu bat ematea: ezin gara hain optimistak izan eta pentsatu emakumeek berehala nahiko dutela gure helburuen izenean borrokara batu, baizik eta burgesiaren ofentsiba orokorraren kontrako borroka erabakigarrian euren beharra daukagula.

Nire iritziz Bulgariako burkideek eredu ona utzi digute emakumeak antolatzerako orduan, emakume sinpatizantee sindikatuak osatuz. Zentro hauek ez dute bakarrik Alderdi Komunistara sartzeko behar den prestakuntzaren entrenamendurako balio, emakume masak Alderdiaren ekintza eta praktika orotara erakartzen ditu. Italiako emakumeak iada hasi dira praktika hau imitatzen, beraien talde hauetara Alderdi politikoan sartzeko edo bilera politikoetan parte hartzeko gogo gutxi duten emakumeak ere hurbiltzea lortzen ari direlarik. Adibide hauek mundu guztian zehar emakumeekin lan komunista egiten duten horien partetik merezi duten aitorpena jasotzeaz gain, jarraibide bezala ikusi behar dtugu.

Burkideok, Internazionaleko sekzioetako emakume komunistek ba al dute behar den borondatea, energia eta kontzientzia nahiko emakumeen masekin lan egiteko? Ezin dugu ukatu maiz bai emakume eta bai gizon komunistek funtsezkoa den entrenamendu oinarrizko, teoriko, eta praktikoan hainbat gabezia dituztela. Mugimendu politikoan emakumeek duten joera atzerakoi eta ahulak fila komunista beraren atzerakoikeri eta ahuldadea besterik ez dute islatzen. Ezinbestekoa da entrenamendu falta eta ahuldade hau ahalik eta lasterren gainditzea emakume proletarioekin lan komunista egiten duten horiengan. Hori esanda, denak animatzen zaituztet zuen filetan dabiltzan emakume komunistak, banan banan, praktika komunista aurrera eramateaz erresponsabilizatzera. Izan ditzatela formakuntzarako aukera guztiak eskura. Burkideok, borroka komunistarako emakumeen oinarrizko formakuntza eta praktika, beraien heziketa lanaren parte dira, eta beraien arrakastarako funtsezko baldintza.

Garai honen seinale guztiek erakusten digute gizartea nahiko ernaldua dagoela, ernalduegi, kapitalismoaren suntsiketarako. Baina ez dugu izan frogarik jakiteko ea proletalgoaren, ordena kapitalista lurperatzea dagokion klasearen, borondatea nahikoa heldua dagoen, hitzaren zentzu historikoan. Baina burkideok, garai historiko hau alpeetako paisaia baten modukoa da: elur masa handiak mendien gailurrean pausatuak daude, aparientzian eguzki, euri edo ekaitzei sorgor. Baina aparientziatik haratago, denborarekin bigundu egin dira, pixkanaka hazi eta nahiko “ernalduak” daude aurrera egiteko. Agian, nahikoa izango da txori txiki baten hegokada bailarak lurperatuko dituen elur-jausia eragiteko. Ez dago jakiterik noiz helduko den mundu mailako iraultza. Hortaz, ez dugu galdu behar ez ordu eta ezta minuturik ere iraultza mundiala lantzeko. Mundu mailako iraultzak ez du soilik munduaren eta kapitalismoaren suntsiketa esan nahi, munduaren eta komunismoaren eraikuntza adierazten ditu. Inspiratu gaitezen munduaren esanahi errealean: prestatu gaitezen eta prestatu ditzagun masak, etorkizunean komunismoaren sortzaile mundial bilakatuko diren helburuarekin.

[Itzulpenaren jatorrizko testua, ingelesez, hemen]