ORAIN ARTEKOAZ ETA ONDORENGOEZ. BUELTAN GAUDE!

Ia urte bete pasa da blog hau, ikaraz, baina ilusio eta determinazio osoz publiko egitea erabaki genuenetik. Beldurtuta esaten dugu, bere existentziak Euskal Herriko panorama politiko nahastuan bere tokia lortuko ahal zuen aurreikusi ezin genuelako. Hala ere, emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeak duen urgentziari men eginez, gure izua estali zuten borondate politikoa, konpromisoa eta irmotasuna garatzea lortu genuen, eta horren isla da ITAIA.

Denbora honetan genero problematika gainditzeko prozesuan kontuan izan beharreko auzien inguruko lanketa egin eta mekanismo ezberdinak mahaigaineratzea izan dugu helburu. Horretarako, orokorrean gizartean eta konkretuki militanteongan hausnarketa sustatzen eta mahaigainean zeuden eztabaidei ekarpena egiten jardun dugu urtea. Lanketa ideologikoa izan da beraz zentrala. Egungo gizarte despolitizatuan, inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen baitu desjabetuon heziketa politikoak, inertziak alde batera utzi eta errealitatearen analisien gaineko estrategia eraginkorrena zein den ezagutzeko.

Urte bete pasa dugu genero auzia, emakumeen zapalkuntza, matxismoa… eta bestelako terminoen atzean ezkutatzen den kontzeptua azaleratu nahian eta ez da lan erraza izan, eztabaida eta buruhauste asko ekarri dizkigun beharra izan da, baina bere fruituak eman dituela eta ematen dabilela esango genuke: genero problematikaren kontzeptua garatu dugu, auzi honen aparientziazko formetatik haratago, zapalkuntza honek bizi garen gizarte eredu honetan betetzen duen funtzio estrategikoa zein den azaltzera heldu arte. Honek nahi edo ez, kontrakotasunean bizi diren klaseen arteko gizarte baten botere modalitate eta antolakuntza formak ezagutzera eraman gaitu, genero auzia ere oinarrizko kontrakotasun horretan kokatu eta klase ikuspegi batetik garatuz. Baina ez pentsa abstrakzio maila horretan bakarrik mugitu garenik, kokapen orokor horrek konkreziora bidea egiteko balio izan digu, errealitateari erreferentzia egiten dioten hainbat gai jorratuz. Hau da, egunerokotasunean bizi ditugun genero zapalkuntzaren fenomeno ezberdinen inguruko analisi eta iritziak ere gauzatu ditugu, horra hor, harremanen auzia, jai giroaren analisia, emakume langileon hipersexualizazioaren hausnarketa, besteak beste.

Gaiaren analisian orden logikoa jarraituz, lanketa teorikoek hainbat irakaspen politiko ateratzeko aukera eman digute: genero problematika botere burgesaren artikulaziorako funtzio estrategiko gisa kokatzeak, alde batetik, subjektuaren inguruko argipenak eman dizkigu, zapalkuntza pairatzen duen subjektua emakumea bada ere borrokarako artikulatu beharreko subjektua proletalgoan kokatuz. Bestetik, osotasunari erantzuten dion estrategia garatuko duen mugimendu iraultzailearen artikulazioaren beharra azalerazi digu.

Guzti hau barne mailan emandako eztabaida eta hausnarketa prozesuen ondorio izan bada ere, ekarpen handia izan dira denbora honetan emandako hitzaldi eta tailer ezberdinetan zuengandik jasotako ideiak eta kolektiboki emandako eztabaidak.

Udan blogaren geldialditxo bat izan badugu ere, ez pentsa aspertu garenik, datorren kurtsoan inoiz baino indar gehiagoz hasteko lanean ibili gara eta orain arte landutako guztian sakontzeko asmoz gatoz. Horretarako blogean bertan hainbat berrikuntza egin ditugu, publikatuko dugun material ezberdinaren antolamendu logikoa burutuz.

Beraz, hasieratik adierazi genuen moduan, konpromiso eta irmotasun osoz lanean jarraitzeko hautua egiten dugu eta zuri ere borrokara batzeko gonbitea egin nahi dizugu!

Kalean ikusiko dugu elkar…

JTK!