ROSA LUXEMBURGO, TROTZALLEDEM!

100 urte dira Rosa Luxemburgo bukaeraraino kide izan zuen Karl Liebknecht-ekin batera erail zutenetik. 100 urte dira, sozialdemokrazia alemanak kaiser-aren ejerzituarekin batera indarrak batu eta proletalgo iraultzailea saldu zutenetik. 100 urte dira proletalgoaren matxinada gelditzen saiatu zen baretze burgesaren kontra egin zuten komunista gutxiak erditik kentzeko eginiko saiakeratik.

148 urte dira (1871) Polonian sozialismoaren arrosa gorria izango zena jaio zenetik. Gaztetatik politikoki inplikaturiko emakume judua. Itxuran ezer esaten ez duten datuak badira ere, interesgarriak dira, Rosa Luxemburgok hauei aurre egitean, bera definitzera pasa baitziren, edo behintzat, modu berezian ezaugarritu zuten berak bere oinarria izango zena erabaki zuena: oinarri iraultzailea.

Esan bezala, hamasei urtetatik Poloniako Proletariat (PPS) alderdi iraultzailera batu zen. Bere lehen kritikak bertan adierazi zituen, honen tendentzia nazionalistak akusatuz eta langileak klase borrokatik aldentzeko zituen joerak azpimarratuz. Hala ere, Poloniako alderdi sozialistako lider teoriko gisa aitortua izan zen eta Sprawa Rabotnicza-ko kolaboratzaile printzipala izan zen. 1889an poliziaren jarraipenak zirela eta Polonia utzi behar izan zuen, bere leku berria Zurichen kokatu eta bertan bere ikasketak aurrera eramanez.

1898an Langile mugimendu internazionalaren zentrora hurbildu zen Alemanian. 1899an Rosak Reforma o Revolución testua idatzi zuen, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD) kide zen Eduard Bernstein-en posizio erreformisten aurka. Lehen polemika hau litzateke bere pentsamenduan ikertzeko puntuetako bat. Egoera historikoa ulertzera begira, azpimarratu behar da Alemania garai horretan oparotasun ekonomiko nabarmena bizitzen ari zela eta langileen bizi baldintzetan hobekuntza bat ekarri zuen horrek, mugimendu hauen burokrazia eskutik ekarriz, horrela iraultzaren bidea alboratu eta erreformismorako joera agerian utziz. Berstein-ek adierazi zuenaren arabera, jada ez zegoen funtsean desberdina izango zen mundu baten beharrik, kapitalismoak zena izateari utzi baitzion eta elementu sozialistak barnebildu baitzituen. Egin beharrekoa gizartea ordena sozialistaren etikaren nagusitasunaz konbentzitzea zen. Horretarako alderdi sozialdemokratak bere arma bakar gisa auzi ekonomikoan sindikatuak eta politikoan parlamentua onartu beharko zituen.

Horren aurrean, Rosak argi zuen termino erreformistetan perfekzionatu daitekeen demokrazia ez zela mugimendu komunistak baldintza iraultzaileetan ezarri nahi zuena. Bere ustetan sindikatuen demokrazia ekonomikoak soilik langilearen lan indarraren balio erreala kapitalistak errespeta zedin lortu zitekeen eta parlamentuan lorturiko demokrazia politikoa, norbanakoen Estatuaren aurreko berdintasuna litzateke, biolentziaren instituzionalizazioa den Estatua. Modu honetan, komunismoaren aukera erreal bakarra, botere politikoaren konkistan eta honen erabilpen proletarioan (proletalgoaren diktadura) kokatzen zituen. Horregatik, erreforma eta iraultza osagarriak diren dimentsio ezberdin gisara kokatzen dira, baina dimentsio ezberdinak dira esentzian: botere politikoaren bitartez ematen den aldaketa historikoaren oinarria, ematen diren aldaketa kuantitatiboak aldaketa kualitatibo bilakatzean datza. Hori dela eta, erreformen bidea hautatzen dutenak, helburu ezberdin bat bilatzen dute.

1905a azpimarratzeko urtea da Luxemburgoren bizitzan, urte honetako errusiar iraultzan Lenin eta Martov-en artean emandako eztabaida ezberdinen parte izan baitzen eta horrela utzi zuen azalduta esaterako Cuestiones de organización de la socialdemocracia (1904) testuan. Orokorrean boltxebikeen aldeko posturak bazituen ere, hainbat izan ziren Leninekin izandako desadostasunak, bai nazio auziari dagokionez, bai alderdiaren estrukturaren eta masen aktibitateen inguruan ere.

Proletalgoaren iraultza saiakeren historia, ziklikoki aurrera doan historia da. Etengabe bere iraganera bueltarazten gaituena eta horrela, maila gorenago batetik modu kritikoan ber-hartzeko aukera ematen duena. Hori horrela, iraultza proiektu batek porrot egiteak ez du betirako modu definitiboan eragiten eta ez du bere eduki diskurtsiboa baliogabetzen. Horregatik, garrantzizkoa da puntu honetan gelditu, eztabaiden mamian sakondu eta honek izan dituen eraginak aztertzea.

Errusiako alderdiaren antolakuntzari dagokionez, Luxemburgok Leninen muturreko zentralismoa ukatzen zuela esan genezake. Lehenak aldiz, masen iniziatiba sortzailea bilatzen zuen, nahiz eta antolakunde iraultzailearen rol esentzialarekin guztiz bat egiten zuen. Baina, era berean, bere izaera kontserbadore eta inertzia burokratikoak deskonfiantza handia sortzen zioten. Hau da, antolakuntza prozesu gisara ulertzearen kontzepzioa, Leninen buruzagitza alderdi baten beharrarekin aurkaritzan agertzen zen. Horrek ondorio latzak izan ditu Luxemburgoren gainean sorturiko irudian, modu negatiboan zabalduak izan diren bereizgarri “luxemburgisten” artean aipagarriena espontaneotasuna baita. Kontzepzio honen ustetan, Luxemburgok gaitasun iraultzaile espontaneoa goraipatuko luke, behar historikoak markaturiko eta aurretik sorturiko antolakuntza aparatuak kontuan izan gabe. Baina ideia hauen aurrean, beharrezkoa deritzogu hori horrela dela zalantzan jartzen duten Luxemburgoren hainbat ideia azaltzeari: aipatzekoa langile klaseak beharrezkoa zuela antolakunde politiko zentralizatu eta iraunkor bat. Era berean esan genezake, masa proletarioen ekintza iraultzailea bere ustetan kontzienteki eragindako fenomenoa zela eta eragite hori zela alderdi komunistaren funtzioa. Beraz, eta Bolivar Echevarriak (1981-82) aurrekoa azaldu ondoren ondo adierazten duen moduan: iraultza komunista, langile klasearen aktibitate masibo bezala, espontaneoa da; klasearen espontaneitate hau “dialektika” baten bitartez gauzatzen da, alde batetik, klasea, bere egoera organiko oinarrizkoan eta bestetik, bere abangoardia destakamentua, aurrekoa motibatu, zuzendu eta bere kontzientzia eta antolakuntza perfekzionatzen duena, beharren arabera etengabe aldatzen doana.

1906an Kautsky-ren proposamenez Luxemburgok Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren koadroen formakuntzarako eskolan parte hartu zuen, Mehring bezalako irakasleekin batera. Klase horietatik urte batzuk beranduago ondorengo bi lanak idatzi zituen: Introducción a la economía política eta La acumulación del capital (1913). Kapitalistak ez ziren guneetan kapitalismoaren hedapenak metaketaren arazoa konpontzen zuela adierazi nahi izan zuen. Diotenez, puntu honetan kokatzen da Rosaren beste “akats luxemburgista” bat. Bere teoria ekonomikoek kapitalismoaren garapenean honen bukaera aurreikusiko lukete, ordena sozialista modu guztietara inposatuz, proletalgoaren iniziatiba iraultzailea eta mugimendu komunistaren existentziaren beharrezkotasuna ukatuz edo bigarren mailan kokatuz. Hala ere, izan ditzakeen akatsen eta jaso zituen kritikak izanik ere, azpimarratzekoa da inperialismoa ezbaian jartzearen meritua. 1907an, Internazional Sozialistaren kongresuan ere argia izan zen gerra inperialistaren eta militarismoaren aurrean adierazi zuen jarrera iraultzailea, hori izan zelarik aurrerago ikusiko dugun moduan, praktikan izan zuen jarrera.

Horrek guztiak eragina izan zuen ondorengo urteetan eta esan genezake, 1905 eta 1910 bitartean Luxemburgoren eta Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren arteko haustura ematen dela. Hala ere, 1910 izango da puntu gorena, Luxemburgo eta Kautsky-ren artean erabateko haustura bizi izan zen eta, langileek boterea lortzeko jarraitu beharreko bideak izango zirenen artean alderdian bertan emandako tendentzia ezberdinen ondoren: alde batetik, erreformistak, politika inperialistak defendatzen ari zirenak, bestetik, zentroko marxistak, metodo parlamentarioak bultzatzen zituztenak, Kautsky-ren jarraitzaileak eta azkenik, iraultzaileak, horien artean, Rosa Luxemburgo.

Beste hainbatetan bezala, 1914an Luxemburgo atxilotua izan zen, kasu honetan gerrariak matxinadara bultzatzea arrazoi bezala jarrita. Urte bereko abuztuan, Lehen Mundu Gerra jada hasia zelarik, sozialdemokraziak aho batez gerra kredituak onartu zituen. Hala ere, urte horretako abenduan Karl Liebcknecht-ek iritzia aldatu eta kontrako bozka eman zuen. Banan-banan bizkarra emango zioten burkideen desertzioa biziko duen garaia bada ere, Karl Liebcknecht-engan bere aliaturik leialena aurkituko du eta 1916an sozialdemokraziaren barruko Espartako frakzioa sortuko dute, beste hainbat burkide ezagunekin batera, horien artean: Clara Zetkin eta Franz Mehring.

1918an Errusiako Iraultzaren olatua Alemaniara iritsi zen: iraultzaren hasiera da. Iraultza mundiala jokoan dago. Liga Espartakistak Konferentzia Nazionala burutu eta langile kontseiluak osatzeko deia luzatzen du. Azaroaren 8an masa iraultzaileak Breslau-eko (Polonia) kartzelako atera iristen dira eta Luxemburgo askatzen dute. Egun horretan kontseiluen sorrera asko hedatzen da. Azaroan bertan Max de Bade kantzilerrak enperadorearen dimisioa aurkeztu zuen. Orduan sozialdemokraziako liderrek sozialdemokrata independenteei gobernu bateratua eskaini zieten, Friedrich Ebert sozialdemokrata Reich-eko kantziler izendatua da. Arratsalde horretan Scheidemann-ek Alemaniako Errepublika aldarrikatzen du Reichstag-ean.

Abenduan Alemaniako Soldaduen eta Langile Kontseiluen Lehen Kongresua burutzen da. Espartakistek ondorengo programa defendatu zuten: botere guztia langile eta soldaduen kontseiluek izatea, Ebert buru zuen herri komisarioen kontseiluaren disoluzioa, kontrairaultza armagabetu eta proletalgoa armaz hornitzea, horrekin batera Guardia Gorria osatuz eta mundu guztiko proletalgoari deialdia eginez iraultza sozialista mundiala garatu ahal izateko langile eta soldadu kontseiluak sortzeko. Baina, kongresuak programa sozialdemokrata hautatu zuen espartakistek proposatzen zituzten puntuak eztabaidatu gabe.

Sozialdemokraziaren traizioa begi bistakoa zen eta zentzuzkoa izan zen liga espartakistatik Alemaniako Alderdi Komunista (KPD) sortu izana. 1919ko urtarrilean Berlingo polizia burua, Eichnorn, ezker hegaleko kidea, kargugabetu zuten eta Gustav Noske, eskuin hegaleko kideari mugimendu “boltxebike” guztia gelditzeko botere osoa eman zitzaion. Urtarrilaren 15ean Rosa Luxemburgo eta Karl Liebknecht, Noske-ren agindupean erailak dira. Beraiekin batera milaka izan ziren Alemaniako kaleetan erailak izan ziren langile iraultzaileak.

Diotenez, Alemaniako auzo proletarioetako hormetan oraindik ere errepikatzen den lema bat da Liebknecht-ek beraientzako eskatu zuten heriotza zigorraz jakitun izan zenean esan zuena: Trotzalledem! (¡Adelante a pesar de todo!). Frolichek (1928) kontatzen duenez, Luxemburgoren gorpua erreka inguruko langile auzoetan bota zuten, auzokideek diote ez zela eraila izan, kontrara, altxamendu iraultzaile berri baten buruzagitza hartzeko eskapatzea lortu zuela. Kondairak kondaira, azpimarratzekoa da Luxemburgok bere bizitzan adierazitako ausardia eta konpromisoa. Irakaspen politiko izugarriak utzi dizkigun pertsonaia da eta egun mahai-gainean ditugun hainbat eztabaida mamitzeko beharrezkoa. Rosa Luxemburgok hil aurretik idatzi zuen El orden reina en Berlin (1919) testuan adierazi zuen moduan:

Todo el camino que conduce al socialismo -si se consideran las luchas revolucionarias- está sembrado de grandes derrotas. Y, sin embargo, ¡ese mismo camino conduce, paso a paso, ineluctablemente, a la victoria final! ¡Dónde estaríamos nosotros hoy sin esas ’derrotas’, de las que hemos sacado conocimiento, fuerza, idealismo! Hoy, que hemos llegado extraordinariamente cerca de la batalla final de la lucha de clases del proletariado, nos apoyamos directamente en esas derrotas y no podemos renunciar ni a una sola de ellas, todas forman parte de nuestra fuerza y nuestra claridad en cuanto a las metas a alcanzar. (…). Las masas han estado a la altura, ellas han hecho de esta ’derrota’ una pieza más de esa serie de derrotas históricas que constituyen el orgullo y la fuerza del socialismo internacional. Y por eso, del tronco de esta “derrota” florecerá la victoria futura.