ItzulpenakSarrerak

EMAKUMEEN MUGIMENDU KOMUNISTAREN INGURUKO ADIERAZPENA (1921) – Clara Zetkin (III)

[Lehenengo zatia eta bigarren zatia]

Konferentziak herrialde desberdinetako emakume Komunisten komunikazio internazionalak hobetzeko erabakitakoarekin jarraituko dut –edo hobeto esanda, kongresu honetan aurkeztea erabaki duenarekin. Lehenago esan bezala, alderdiek emakume korrespontsal internazionalak hautatu behar dituzte, elkarren artean eta Moskuko Emakume Komunisten Idazkaritzarekin ohizko korrespondentzia jarraitua mantenduko dutenak. Baina idazkaritza hori efizienteagoa izan behar da. Emakume Komunisten lan eta borrokaren informazio bulego bat baino gehiago izan dadin nahi dugu. Zuzendaritza eta kudeaketa organo bat izan beharko litzateke, gatazka proletarioen baitako emakume proletarioen lana bateratu, biziagotu eta handiagotuko duena. Horretarako, organo laguntzaile bat behar du atzerrian. Idazkaritza Moskun geratu behar da, ez soilik hurbileko lotura estuak ziurtatzeko Exekutiboarekin, baita Exekutiboa bera Moskun kokatzearen arrazoi objektibo eta historiko berdinengatik ere. Mosku iraultzaren bihotza eta Errusia iraultzaileko hiriburua da. Ideia teorikoen eta norabidetze praktikoaren oinarri gisa erabil daitezkeen borroka iraultzaileko esperientziek hemen egiten dute bat. Burkideok, ziur gaude Europa Mendebaldeko organo laguntzaile batek zerbitzu baliagarria eskaini diezaiokela Moskuko Exekutiboari, eta horregatik, erresoluzio hau onartzeko eskatzen dizuegu.i

Konferentziak proletalgoaren diktadura, ordena Sobietarra, ezarri eta mantentzeko borrokan dabiltzan emakumeen zeregin eta gaitasunak ere hartu ditu kontutan. Afera honi, beste ezer baino lehen, proletalgoaren borroka iraultzaileari, eta horrela, emakume guztien askapen osoari, dagokion oinarrizko esanahi orokorretik heldu diogu. Hala, proletalgoa boterearen eskuratze iraultzailearen eta esplotazio eta morrontza handiagoaren onarpenaren artean aukeratzera behartzen duen egoera ekonomiko eta politiko mundialetik aztertu dugu hori. Askatasuna edota basakeria: hori da historiak proletalgoari, baita emakumeen masa zabalei ere, aurrean jarri dien erabakia.

Ondoren, [langileen] diktadura defendatzeko esfortzu eta borrokan emakumeen parte hartzeari –diktadura ezarri osteko bizitza ekonomiko eta sozialaren berreraikuntzan emakumeen lankidetzari barne– dagokionez eztabaidatu dugu aipatutako afera. Amaitzeko, legearen aurrean eta bizitzan sexu femeninoaren parekidetasun politikoaren gatazka dela eta, klase borroka proletarioaren botere politikoa eskuratu eta mantentzeko gaiari heldu diogu.

Konferentziak ahobatez onartu zuen emakumeek beraien enpleguetan, ama bezala, gizaki bezala dituzten eskakizun guztiek; beraien lan sozialean oinarrituta, gizarteko eskubide eta betebehar berdineko kide izateko egin behar dituzten eskakizun guztiek; beraien bizitzetako neke eta sufrikario guztiek; beraien desio eta esfortzu guztiek, premia berberean egiten dutela bat: emakumeen parte hartze aktibo, ausart eta sutsuaren premia proletalgoaren diktadura irabazi eta ordena Sobietarra ezartzeko borroka iraultzailean. Eta helburu hori eskuratu ondoren: ordena Sobietarra defendatzeko auto-sakrifizio eta energia guztiarekin lan egitea, ez armak bakarrik baizik eta palak ere eskuetan hartuz, bizitza sozial berri bat eraikitzeko, zeinek ez duen soilik proletalgoaren diktadura, ordena Sobietarra, justifikatzen, berau mantentzeko zimenduak ere eskaintzen ditu.

Burkideok, gai horiek eztabaidatzerakoan, argi utzi dugu, zalantzarik gabe, Emakumeen Mugimendu Komunista ez dela neutraltasun politikoaren baitan kokatzen. Egia da gure konferentziak ez dietela Hirugarren Internazionalak, orain eta iraganean ere, ezarritako printzipioen inguruko eztabaida eta eztabaida taktiko guztiei heldu. Baina agerikoa da emakume Komunista guztiek beraien printzipioen inguruko konbikzioak eta bere konbikzio taktikoak ideia horiei jarraiki osatu dituztela, eta guri dagozkigun emakumeen mugimenduko arazoen aurrean posizionatu direla. Eta beste zerbait ere bistakoa da: zuen printzipio eta taktika horien inguruko gatazka guztiak, Alderdi Komunista guztien baitan, gure gatazkak ere izan beharko dira eta izango dira.

Burkideok, Emakume Komunisten Konferentzia Internazionaleko delegatu gisa, herrialde guztietara iritsi nahi dugu, eta bertako emakumeei Errusia adibide historiko paregabea dela erakutsi nahi diegu. Adibide horrek, botere politikoa eskuratu eta kontseiluaren diktadura ezarri gabe, ezin direla ez komunismoa eraiki ezta emakumeen askapen eta parekidetasuna lortu irakasten digu. Horrez gain, herrialde guztietako alderdi Komunistei, emakumeak elkarlanera eta borrokara batu gabe, komunismoa eraiki ezin dela ere adierazten du. Kapitalismoa gainditu eta komunismoa lortzeko gudan proletalgoak emakumeen kolaborazioa behar du, eta ez soilik lehen aipatu ditudan arrazoi kuantitatiboak direla eta. Ez, askatasun grina duten eta askatasuna lortu duten proletarioei, gure lorpenen ezaugarriak direla eta, gure laguntza ezinbestekoa ere badela diotsegu. Zorionez, ez gara zuen tximu-antzeko imitatzaileak, ez zuen sasi-kopia akastunak. Gure balore intelektual eta moralak txertatzen ditugu bai borroka iraultzailean baita eraikuntza iraultzailean ere. Eta hori ez da iraultzaren mehatxu edota murrizte bat, baizik eta horren biziagotze eta areagotze bat. Ez du gizarte berriko bizimodua pobretua, deformatua edota azalekoa izango aditzera eman nahi, kontrara, aberatsagoa, anitzagoa, sakonagoa eta sofistikatuagoa dela izango dela esan nahi du.

Beraz, estatu sobietarreko emakumeak: batu antolakunde eta organo erabakitzaile, administratibo, ikuskatzaile, ekonomiko politiko eta kulturaletara! Eta horrela, oraindik aginte kapitalistaren azpian indargabetzen ari diren emakume proletario kateatu eta zapalduak, batu proletario guztion gatazka eta borrokara! Ez dezagun ahaztu hasierako Errusiako mugimendu iraultzaileko ikasle onenetako batek idatzi zuena. Bere Underground Russia (Lurrazpiko Errusia, 1882) liburu sonatuan, Stepniak-ek Errusiako mugimendu iraultzaileak bere ideal handien indarra, bere botere eta irrika ia erlijiosoa, emakumeen lanerako, borrokarako, bizitzarako, heriotzerako lankidetzari zor ziola jaso zuen. Tradizio honek bizirik darrai Errusian, eta herrialde kapitalistetan eta Ekialdeko herrialdeetan borroka proletarioa zuzenduko duen tradizio bihurtu behar da.

Burkideok, kongresu honetan esan izan digute “Kontuz, kontuz, kontuz. Ez galdu kontaktua iraultza proletarioaren borroka erabakigarriak egikarituko dituen masa proletario zabalekin”. Eta badakigu hori zeinen egia eta zuzena den. Baina iraultzaren historiatik beste zerbait ikasi dugu: “Adorea, adorea, eta adorea” masa iraultzaileak aurrerantz gidatzerakoan.ii Eta utzidazue ziurtatzen: gu, emakumeok, komunismoa lortzeko desirak barruak berotzen dizkigunok, kapitalismoarekiko gorroto gogor eta errukibageena gorpuzten dugunok, gure aurrean dugun egoeraren ebaluazio serioa eta helburuaren garaipenaren aldeko apustu ausarta uztartzeko ahalegina egin behar dugu.iii

Inguratzen gaituzten arriskuen jakitun gara, eta ez boterea eskuratzeko borrokan ari garen lekuetan bakarrik. Boterea lortu den lekuetan ere, kontrairaultzak, barrutik eta kanpotik, eta komunismoa eraikitzeko imajina daitezkeen baldintzarik gogorrenek eragindako zailtasunek lortutakoa mehatxatzen dute. Hala ere, gu emakumeok ez gara kikiltzen gure atzean dugunagatik, ezta mehatxatzen gaituenagatik. Gure begiak gizadi osoa askatuko duen komunismoaren helburu dirdiratsuan daude finkatuta. Helburu hori eskuratzeko bidea argi dugu: gerra zibila, borroka iraultzailea bere terrore eta arriskuekin. Eta horrez guztiaz gain, lema bakarra dugu, “Aurrerantz!” (Txalo zaparrada luzea)

i Bigarren Kongresuaren ondoren, Idazkaritza osoa Berlinera lekualdatu zen, eta organo laguntzaile bat utzi zen Moskun.

ii Georges Danton Iraultzaile Frantsesaren aipua.

iii “Ebaluazio serioa… apustu ausarta”: alemanierazko testuan ‘kühle Wägen … kuhne Wagen’. Bikote hoskideen erabilera bereizgarria da Zetkinengan, bere hitzaldian beste zenbaitetan ere aurki daitekena ‘lebt und webt’, ‘standen und stehen’, ‘Verarmung, Verpfuschung, Verflachung’, ‘Mitkämpfen, Mitleben, und Mitsterben.’