EMAKUMEEN MUGIMENDU KOMUNISTAREN INGURUKO ADIERAZPENA (1921) – Clara Zetkin (II)

[Lehenengo zatia]

Gure Emakume Komunisten Bigarren Konferentzia Internazionala herrialde desberdinetako emakume Komunisten eta Exekutiboaren arteko kolaborazio kementsu eta arrakastatsuaren froga da. Pasa den urteko Moskuko Emakume Komunisten Lehenengo Konferentzia Internazionalak boto erabakigarridun hogei delegatu biltzea baino ez zuen lortu, hamasei herrialdetakoak, gehi zenbait gonbidatu aholku-emaile.i Dena den, aurten, burkideok, hogeita zortzi herrialdetatik etorri dira ordezkariak. Laurogeita bi delegatuk hartu dute parte, hirurogeita bat boto erabakigarridunak eta hogeita bat kontsulta-botodunak.

Bigarren Internazionalaren markoan emakumeen aurrera egite iraultzaile internazionala sustatzeko egindako ahaleginek inoiz ez dute horrelako arrakastarik lortu. Ziur asko, emakume delegatuen kopuruaz gain, Hirugarren Internazionalaren banderapean bildu diren herrialdeen kopuru handiari arreta jartzen badiogu, egiazki esan dezakegu emakume burgesen konferentzia internazional bat bera ere ez dela horren inklusiboa izan errepresentazioari dagokionez, ezta irismen handiagokoa ere bere esanahiari dagokionez, hemen Moskun burutu berri den konferentziarekin alderatuta. Eta ez dezagun albo batera utzi historikoki konferentzia honen adierazlea eta ezaugarri nabarmena den hau: Ekialdeko herrietako emakumeen parte hartzea.

Burkideok, tentagarria eta erakargarria izan daiteke batzuentzako Ekialde Hurbil eta Urruneko delegazioen parte hartzea ikuspuntu estetiko batetik begiztatzea. Baina emakume delegatuak Ekialdeko izaera exotiko, ezohiko eta liluragarria baino gehiago dira. Konferentziak momentu historiko boteretsu bat bizi izan du, ahaztezina eta biziki esanguratsua. Bada, zein da Ekialdeko emakumeen delegazioak agertzearen esanahia? Ekialdeko jendea esnatzen eta borrokara batzen hasi dela adierazten digu. Zapalduenetan zapalduenak ere, mende eta milurtekoetan zehar antzinako erlijio eta sinesmen, arau, ohitura eta praktiken menpe bizi izan diren emakumeak, borroka iraultzailera batzen ari dira. Ekialde Hurbil eta Urruneko emakumeak konferentzian agertzea iraultza Ekialdean lortzen ari den aurrerapen zabal eta sakonen adierazgarri da.

Eta hori bereziki garrantzitsua da Mendebaldean gaudenontzako, herrialde kapitalista guztietako proletarioentzako. Egiazki, proletalgo britainiar eta frantsesa askatzeko batailak ez dira beraien jatorrizko lurretan bakarrik borrokatuko, baita India eta Irango lur kiskalgarrietan, Txinako paisaietan, Ekialde Hurbil eta Urrunean zehar ere. Burkideok, Ekialdeko emakumeak guregana etorri izanak Hirugarren Internazionalaren borroka iraultzailearen irismen esanguratsua adierazten digu. Ekialdeko jendeari esperantza eman eta fideltasuna sortu dien lehenengo antolakundea da, eta orain arteko bakarra; gizadi osoa biltzen duen lehen Internazionala da hau. ‘Internazionala giza arraza guztia izan bedi’ii –gizateria osoa. Hori da Ekialdeko emakumeak konferentziara etortzearen esanahia.

Bota diezaiogun begirada azkar bat Emakume Komunisten Konferentzia Internazionalari. Emakumeen Mugimendu Komunistaren helburu eta zereginak Hirugarren Internazionalaren helburu, zeregin, printzipio eta politiken berberak dira, gu Internazional honetako kide harroak izanik. Konferentziaren lana printzipio eta politika horiek defendatzeko beharrezko armak sortzea zen, mundu kapitalistaren eta honen sustatzaileen kontrako borrokarako. Hori dela eta, konferentziak bere deliberazioen parte handi bat bi galdekizuni eskaini dizkio: batetik, alderdi Komunistek emakumeen arteko lan Komunistarako erabili beharreko forma eta metodoei. Bestetik, herrialde bakoitzeko emakume Komunisten eta alderdien eta Moskuko Emakume Komunisten Internazionalaren arteko lotura internazional estu eta sendoak finkatzeari, buruzagitza bateratuaren bidez: Hirugarren Internazionalaren Batzorde Exekutiboa.

Gai hauei buruz eztabaidatu eta erabakitzerakoan, burkideok, printzipio nagusi batek zuzendu du konferentzia: ez dago emakume Komunisten antolakunde berezirik. Mugimendu bat baino ez dago, Alderdi Komunisten baitako emakume Komunisten antolaketa., gizon Komunistekin batera. Komunisten xede eta eginbeharrak gure xede eta eginbeharrak dira. Hemen ez dago indar iraultzaileak beraien helburu nagusia diren botere politiko proletarioa eskuratzea eta gizarte komunistaren eraikuntza desbideratuko edo zatituko dituzten fakzio ezta bereizkeriarik. Emakumeen Mugimendu Komunistak gure Alderdi Komunistaren baitako indarren, emakumeen eta gizonen, hedapen eta antolaketa sistematikoa baino ez du adierazten, emakumeen masarik zabalenak proletalgoaren klase borroka iraultzailera bereganatzeko, kapitalismoa suntsitzeko gudarako eta komunismoaren eraikuntzarako.

Hala ere, burkideok, guztien antolamendu eta lanerako printzipio hau alderdi Sozialdemokrata zaharrek ere bere egiten zuten. Nolanahi ere, horren ikusmira estuarekin burutu zuten, horren modu hutsalean, parekidetasunaren printzipioa modu mekanikoan aplikatuta, ezen ez zituzten emakumeen energiak askatu eta iraultzaren zerbitzura jarri. Komunistok jardunaren iraultzaileak gara, ekintzarenak. Ez ditugu inondik ere guztion interesak eta gizon-emakume proletarioen gatazka bistatik galtzen. Emakumeen artean lan Komunista egiteko kontutan hartu beharreko eta emanda zaizkigun baldintza zehatzei adi gaude, ordea. Ez ditugu oraindik ere emakumeen lana, esnatze politikoa eta gatazka politikoa askotariko moduetan oztopatzen dituzten kondiziko sozialak –instituzio sozialen, bizitza familiarraren eta dauden aurreiritzi sozialen bidez ematen direnak– ahazten. Milaka urtetako morrontzak emakumeen arima eta psikologian utzi duten arrastoa aitortzen dugu. Hori dela eta, antolakundeak guztientzako dituen egitura eta neurriez gain, egitura bereziak, neurri bereziak behar ditu emakumeen masekin kontekatzeko, horiek bateratzeko eta Komunista bezala hezteko.

Organo horiek alderdi zuzendari eta gobernarien komiteek sor ditzatela proposatzen dugu: emakumeen agitaziorako komite edota komisioak, edo alderdiek deitu nahi dituzten bezala izenda ditzatela. Komite horiek talde lokal txikietako zuzendaritzatik hasi eta zuzendaritza gorenetaraino egon beharko lirateke.

Organo horiei emakumeen komiteak deritzegu, emakumeen artean garatzen dutelako beraien lana, ez emakumez soilik osatuta egotea garrantzitsua iruditzen zaigulako. Kontrara. Begi onez ikusten dugu emakumeen komiteek gizonak ere barne hartzea, beraien esperientzia politiko eta jakintza zabalagoekin.

Gure ardura komite hauek sistematikoki eta era jarraituan emakumeen masen artean aktibo egotea da, emakumeen bizitzetako beharrizan eta interesekiko posizio irmoa hartzea eta bizitza sozialeko alor guztietan eragitea da, jakintza praktiko eta energiarekin, milioika emakume proletario eta erdi-proletarioen ongizaterako. Emakumeen komite horiek alderdiaren osotasunaren parte diren gainontzeko organoekin antolamenduzko hurbiltasun eta hurbiltasun ideologikoaren bidezko elkarlana baino ezin dezakete egin, edo ez zuketen egin beharko. Baina beraien lana egin ahal izateko, argi dago iniziatiba izateko eta beraien jarduna hedatzeko askatasuna izan behar dutela. Errusiako, Alemaniako eta Bulgariako alderdi Komunistek modu honetan egin dute lan edo hala egiteko ahalegintzen ari dira, nik dakidanez. Eta, egia esan, ez dute esperientzia txar bat ere eduki.

Emakumeen artean lan egiten duten alderdiaren organoek agitazio, antolaketa eta hezkuntza lan sistematikoak burutu behar dituzte, ahoz, idatziz eta beraien eskura dauden bitarteko guztien bidez. Ezin dezakete, baina, zera ahaztu: ez dira ahozko edo idatzizko hitzak, baizik eta lana eta borroka, garrantzitsuak eta ezinbestekoak direnak masa zabalak bildu eta hezteko. Hori dela eta, emakumeen komiteen esfortzua emakumeak indar independente eta aktibo gisa Alderdi Komunistaren ekintza guztien eta masa proletarioen borroka guztien parte bihurtzera bideratu behar dituzte.

Emakumeak, orain sarri borroka iraultzailea gauzatzeko oztopo direnak, horren motorra bihurtu behar dira. Ez gaitezen engainatzen utzi, burkideok: ez bada iraultza emakumeekin garaile ateratzen dena, kontrairaultza izango da! Ez ezazue espero, gerra zibilak geroz eta intentsitate handiagoko formak hartu ahala, horrek emakumeak beraien posizioa zein den eta zeren alde borrokatzen diren erabakitzera bultzatuko dituenik. Zuek, Komunistek, ez baduzue emakumeen masa zabalak alde iraultzailean egon daitezen bermatzen, alde burgesak fila kontrairaultzaileetan egon daitezela ziurtatuko du. Scheidemann-ek eta Dittmann-ek ahalegin guztiak egin dituzte emakumeak iraultzaren eta kontrairaultzaren arteko mugan mantentzeko, hori baita gaur egun kontrairaultzaren eta gizarte burgesaren defentsarik seguruena.

Horren aurrean, burkideok, alderdi Komunistek, emakumeen komiteen bidez, emakume langileak eta emakume Komunistak legezko jardunera, baina baita ezkutuko lanera ere, erakartzen saiatu behar dira. Hori esan gabe doa. Badira isilpeko lanak, mezulari lanetatik hasita, emakumeak bereziki egokiak direnak modu kapaz eta fidelean burutzeko. Era berean, argi dago alderdi Komunistek emakume masarik zabalenak proletalgoaren borroketan indar aktibo gisa integratzeko ahalegina egin behar dutela; izan borroka horiek laneguna luzatzearen kontrako grebak, manifestazioak, altxamenduak edota gatazka armatuak. Ez dago komunismoaren bidez askapena bilatzen duten emakumeen afera ez den gatazka iraultzailearen edota gerra zibilaren aspektu edo formarik. Zuei aurkezten ari garen ebazpen honek era zehatzean jasotzen ditu hemen labur azaldu ditudan printzipioak.

Herrialde bakoitzeko emakume Komunisten eta [emakumeen] Moskuko idazkaritzaren arteko lotura internazionalei dagokienez, alderdi Komunistei hurrengoa egitea eskatzen diegu:

Hasteko, hautatu emakumeen korrespontsal internazional bat herrialde bakoitzean. Korrespontsal horiek elkarren artean eta Moskuko Idazkaritzarekin komunikatuko dira. Bigarren, Moskuko Emakumeen Idazkaritza Internazionalari laguntzeko organo bat ezarri Europa Mendebaldean.

Gure konferentziaren lana aintzat hartzerakoan erabaki garrantzitsu bat aipatu gabe utzi dut. Sindikatuetako zelula Komunisten arreta emakume langileak beraiekin sintonian jartzera bideratu behar dugu, bai esplotatzaileen kontrako borroka sindikalean baita sindikatuen burokraziaren aurkako borrokan ere. Soldatapeko emakume langileen interesak ordezkatzeak aliantza zabal baterako oinarria jartzen du, eta horren bidez sindikatuetako burkide Komunistek burokrazia sindikalari aurre egin ahal dieten.

Burokrazia horrek hiru aldiz traizionatu ditu soldatapeko emakume langileak. Lehena, kapitalismoaren mesedetarako, gizon eta emakumeen artean bereizi gabe, lan berdinagatik soldata berdina lema baztertu duenean. Bigarrena, Gerra amaitu zenean erresistentziarik gabe –adostasunez, batzuetan– onartu zuenean emakumeak izan zitezela fabriketatik eta beste lanpostuetatik kaleratzen lehenak. Zer dela eta? Gose diren emakumeak ez direlako gizonak bezain beldurgarriak, emakumeen heldutasun politiko faltagatik. Gainera, emakumeen beharrizanak, nola ez, kaleko prostituziora jota edota adostutako ezkontza baten bidez asetu zitezkeela baieztatu zuten faltsuki. Hirugarrena, emakumeek, langabezian sartzean, konpentsaziorik jasotzekotan, gizonek baino gutxiago jasotzearen kontrako borrokari heltzen porrot egin duenean.iii

Horiek, nire ustez, sindikatuetako gure zelula Komunistek bere egin eta bete beharreko aferak dira, fabriketako emakumeak gudari iraultzaile gisa heztera bidean. Aintzak hartu behar ditugi emakumeen bokaziozko prestaketa eta prestaketa sindikalaren garrantzia proletalgoak botere politikoa eskuratu ondorengo komunismoaren eraikuntzarako.

[Azken zatia]

i Emakume Komunisten Lehenengo Konferentzia Internazionala Moskun egin zen 1920ko uztailaren 30etik abuztuaren 2ra, Bigarren Komintern Kongresuaren bitartean.

ii 1908an Franz Diederich-ek alemanierara itzulitako ‘Internazionala’ ereserkiaren esaldi bati egiten dio erreferentzia.

iii Emakumeen Mugimendu Komunistaren eskaeren aurkezpen osatuagoa izateko (ingelesez), ikus Riddell (ed.) Workers of the World and Oppressed Peoples, Unite!, vol. 2, pp. 988–92.