Itzulpenak

EMAKUMEEN MUGIMENDU KOMUNISTAREN INGURUKO ADIERAZPENA (1921) – Clara Zetkin (I)

Clara Zetkin 1921ko uztailaren 8an
Internazional Komunistaren Hirugarren Kongresua
Emakumeen Mugimendu Komunistaren inguruko adierazpena

[Itzulpenaren jatorrizko testua, ingelesez, hemen]

Burkideok, Emakumeen arteko Lan Komunistaren Exekutiboaren Idazkaritza Internazionalaren izenean, Emakume Komunisten Mugimenduaren eta Emakume Komunisten Konferentziaren ikuspegi orokorraren laburpen bat egingo dut.i

Zalantzarik gabe, azken urtean era pozgarrian egin dugu aurrera. Begi-bistakoa da hori Emakume Komunisten Mugimenduak herrialde batzuetan izandako garapenean, non geroz eta emakume burkideen masa handiagoak Alderdi Komunistara irmoki batzen ari diren. Emakumeen masa zabalenak iraultza proletarioaren zerbitzura jartzeko koordinazio saiakera internazionalean ere aurrerapena eman da. Hau da, botere politikoa eskuratu eta proletalgoaren diktadura ezartzeko borrokan, baita garaipen horien eta Komunismoaren eraikuntzaren defentsan, Errusia bezalako herrialdeetan, proletalgoak boterea eskuratu dutenetan.

Baina, emandako aurrerapauso horien gozoarekin nahastuta gazia ere badago. Herrialde gehienetan, Emakume Komunisten Mugimenduaren garaipenak Alderdi Komunistaren sostengurik gabe eskuratu dira, batzuetan, gainera, alderdiaren bistako zein ezkutuko kontrakotasunaren aurka. Oraindik ere ulerkera murritza dago hurrengoaren inguruan: kontzientzia duten, helburua argi duten, bideaz zalantzarik ez duten eta sakrifizioak egiteko prest dauden emakumeek borroka iraultzailean parte hartzen ez badute, proletalgoa ez da gai izango ez gerra zibilean boterea eskuratzeko ezta bere diktadura ezartzean gizarte komunista eraikitzeko ere.

Izan ere, Gerraren aurretik, langile sozialisten mugimenduan jakina zen proletalgoak ezin zuela bere borroka ekonomiko eta politikoan arrakastarik lortu emakumeen masen parte hartzerik gabe. Alderdi Sozialdemokrata zaharrak eta sindikatuak aspaldiko egia horren gibelean geratu ziren. Emakumeen lana alderdi edo sindikatuaren zerbitzari paperera mugatzen zen ia guztiz, eta ez zitzaion proletalgoaren askapen borrokan zuen pisuzko faktore izaera erreala aitortzen.

Baina, pentsa ezazue, burkideok, zeinen desberdinak diren gauzak gaur proletalgoarentzako. Orain, proletalgoaren borroka ekonomikoak kapitalismoaren dekadentzia azeleratuan ari dira ematen. Zer diosku horrek? Borroka horiek orain lehen baino latz eta zailagoak direla, biktima gehiago erreibindikatzen dituzte. Are gehiago: helburu handiago bat eskuratzen saiatzen diren borrokak dira orain. Ez soilik sufrimenduaren leuntze bat lan orduak gutxitzean, soldatak sos batzuk igotzean, lan baldintzak hobetzean. Ez, gaurko borroka ekonomikoak helburu batera zuzenduta daude: proletalgo iraultzaileak ekoizpenaren kontrola bereganatzera eta hala ekoizpen bitartekoen jabetza eskuratzera. Proletalgoaren borroka politikoak ez daude jada erreforma txikiak eta kontzesioak lortzera bideratuta, jantoki sozialak eta eskubide politiko formalak. Labur esanda, borroka horiek ez daude gizarte burgesaren erreformara bideratuta, honen suntsipenera baizik. Kapitalismoaren existentzia bera da zalantzan jartzen dutena. Komunismoaren existentzia bera. Borroka horiek kolapso ekonomiko kapitalistaren eta gerra zibilaren giro tirabiratsuan ari dira ematen.

Borroka proletarioek esandako ezaugarriak dituztenez, ez dago horiek egikaritzerik emakumeen parte hartzerik gabe. Gure zeregina are emakume masa handiagoak kapitalismoa eta estatu burgesa eraisteko borroka iraultzailera bideratzea da, emakume horiek mobilizatu eta entrenatzea, eta komunismoaren eraikuntza abiatzeko prestatzea da. (Txalo zaparrada)

Gerraren aurretik ere, Europak bost-sei milioi emakume artean zituen soberan [surplus]. Orain, soberakin hau 15 milioikoa dela kalkulatzen da. Lehenago, soberakin hau estatu industrializatuetan baino ez zen ematen, eta Balkanetako herrialdeetan gizonak zeuden soberan. Herrialde industrializatuetako emakumeen soberakina nabarmen handiagotu da, eta orain Balkanetako herrialdeetan ez dago gizonik soberan, kontrako fenomenoa ari da gertatzen. Beraz, nola da posible botere politikoa eskuratu eta gizarte komunista eraikitzeko borroka emakumeen kolaborazio kontziente, gogotsu eta adimentsurik gabe imajinatzea? Aipatu ditudan zenbakiek zera argitzen dute: geroz eta emakume proletarioen masa handiagoak daude esplotazio kapitalistaren uztarripean eta, beraien egunerokotasuneko beharren ondorioz, ordena burgesa borrokatzera bultzatuta. Baina zifra horiek beste zerbait ere adierazten digute: emakume burges eta pribilegiodunen kopurua, beraien etxe eta familien lorategi liluragarrian pozez beteta eta bakean bizi direla diruditenak, txikitzen ari dela. Ez, gaur egun emakume pribilegiatuak ere ezin dira indiferente agertu bizitza publikoaren eta gure garaiko gatazken aurrean. Milioika dira enpleguak hartu dituztenak, zeintzuetan –kapitalismoa indarrean dagoen bitartean– sexuen arteko norgehiagokak eragindako mina sufrituko duten, eta gizonak beraiekin lehiatuko diren bizitzako bitarteko eta gozamenengatik.ii Eta gerra zibilak, bere ondorio guztiekin, hain eragin handia du, ezen familia burgesen bizitzak inguratzen dituzten indiferentzia eta arduragabekeria politikoaren hormak ere erortzen hasi direla.

Burkideok, ni neu naiz familia burgesen mundu horren garapenaren esanahia gainbalioztatzen [overestimate] azkena. Baina gutxietsi ere ezin dugu egin. Jakina, dekadentzia kapitalistaren garaian deserrotutako emakume burgesen masak nekez eraldatuko dira iraultzaren tropa aurreratuetarako prest egoteko. Ezin dezakegu horrelako garapenik espero; hori egitea ergelkeria litzateke. Emakume burgesen masak inoiz ez dira armada proletario oldarkorren lerro zabaletara batuko, zeintzuek diktadura ezartzeko bataila erabakigarriak borrokatuko dituzten. Hala ere, hobe genuke emakume burgesek gerra zibil garaiotan liskar sortzaile [hostigador, skirmish] gisa eskaini ditzaketen zerbitzuak aintzat hartzea. Are gehiago, ezinegona, agitazioa eta desadostasunak sortu ditzakete gure etsai nagusia den burgesiaren eremuetan, eta horrela, hori ahuldu.

Hori dela eta, hitz gutxitan, ikaragarrizko kaltea egiten dio iraultzari eta masak iraultza honetarako aktibatzeari herrialde guztietako alderdi Komunistek ez badiote energia berdina zuzentzen, gizonekin egiten duten bezala, emakumeen mobilizatzeari eta bataila proletarioetarako prestatzeari. Emakumeak iraultzaren parte kontziente izateko biltzen eta prestatzen ez dituzten burkideei iraultzaren sabotatzaile kontzienteak direla egozten diet.

Burkideok, gai honi dagokionez ia alderdi Komunista guztien huts egiteak ez badira horren nabarmenak izan, Exekutiboa hitzez eta ekintzaz indarrak emakumeen masarik zabalenak Hirugarren Internazionalera biltzera zuzentzera ahalegindu delako izan da. Exekutiboko idazkari nagusiak, Burkide Zinoviev-ek, emakumeen artean lan Komunista egitea Komunisten lanaren erdia egitea dela ulertu duela erakutsi du. Mundu-mailako Bigaren Kongresuaren ondoren, Exekutiboak baliabide moral, politiko eta finantzarioekin hornitu ditu herrialde bakoitzean emakume Komunistak alderdietara batzeko eta indar bateratu bezala borrokara zuzentzeko esfortzuak. Modu horretan, konbentzimendu osoko eta entrenatutako emakume Komunistek osatutako abangoardia txikiaren borroka grinatsua erraztu, bultzatu eta era arrakastatsuan egituratu du Exekutiboak herrialde desberdinetan. Lortu dugunak ohorea eta poztasuna eman digute Hirugarren Internazionalaren banderapean, maiz sostengurik gabe edota oposizio handiaren kontra, herrialde bakoitzean bildu ginen emakume Komunisten ordezkaritza txikiari.

Hala egikaritu da, joan den urtetik, emakume proletarioen masa zabalenen mobilizazio eta hezkuntza iraultzailerako emakume Komunisten lan sistematikoa. Gure Alderdi Komunista Errusiarrak lan aitzindari eta eredugarria egin du aspektu honetan. Alemanian ere, emakume Komunistek –Espartakisten Liga zaharrean eta geroago Alderdi Komunista Bateratuan [VKPD], honen fundazioaren unetik– sistematikoki eta energikoki egin dute lan antolakundeko emakumeak borrokako kide bihurtzeko. Bulgarian ere, emakume Komunisten determinazioz beteriko mugimendu indartsua daukagu, emakumeen mugimendu bat benetako zentzu Komunistan, gizon-emakumeen ohiko jardunean parte hartzen duena emakume proletario eta nekazarien masa zabalak borroka iraultzailera batzea lortzeko helburuarekin. Beste herrialde batzuetan, aldiz, horrelako lan sistematikoarekin hasi besterik ez gara egin, eta beste batzuetan ezta hasi ere.

Gure emakumeen konferentzia internazionalak eta kongresu honek alderdi Komunista guztiek orain arte arretarik jarri ez dioten edota hortzak estututa burutu duten zeregin hau gogoraraztea espero dugu, itxurak mantentze aldera.

[Bigarren zatia eta azken zatia]

i Emakume Komunisten Bigarren Konferentzia Internazionala Moskun izan zen 1921eko ekainaren 9-15 tartean, Hirugarren Komintern Kongresuaren bezperan.

ii Pasarte hau modu desberdinean dago adierazita errusierazko testuan, zeinetan irakurri daitekeen: ‘Milioika dira soldatapeko lanak hartu dituztenak, non lehia jasango duten gizonenengandik. Kapitalismoak indarrean dirauen bitartean, sexu indartsuak ahula bere irabazi eta bizi bitartekoak kentzearekin mehatxatuko duen.’