HIPERSEXUALITATEAREN SORGIN GURPILA

Gizarteak azken hamarkadetan sexuaren eta plazerraren auzian aurrerapausoak eman direnaren ustean, sexu askapenak, indibiduoaren askapena erditu duela dirudi. Gazteriak 80. hamarkadan hasitako iraultza sexualak ez daukala etenik. Gardentasunez eta naturaltasunez hitz egiten dela. Hor daude telesailak, kantuak eta espresio kulturalak, taburik ez dagoenaren erakusle.

Sexuaren presentzia gazte esparruan nabarmen nagusitu da azken urteetan. Harreman sozialetan eta afektiboetan sexuak hartzen duen garrantzia nabariaren aurrean, auzi nagusia zera da: kapitalismoaren baitan, sistemak determinatzen eta ezaugarritzen dituenez harreman sozialak, hauek kapitalismoaren produkzio ezaugarriekin garatzen dira. Hau da, etika burgesaren baitan egituratzen dira. Harremanak, kapitalismoa bezalaxe, biolentoak, leihakorrak, indibidualistak eta matxistak dira.

Gizarte hipersexualizatuak bi modutara elikatzen ditu burgesiaren interesak. Batetik, merkatu mamitsu bat hedatzen da sexuaren inguruan. Adibidez, jostailu sexualen industriak 50.000 miloi dolarreko irabaziak izatea espero da 2020. urterako eta pornografiaren industrian ere, Estatu Batuetan soilik, 2017. urtean 20 mila miloi dolar fakturatu ziren, irabazien hazkuntza tasa bat aurreikusiz hurrego urteetarako. Bestetik langile klasearen iraultzarako potentzialitatea murrizten du.

Bigarren aferari heltzen badiogu, sarrera hau idaztearen arrazoia dena, bi forma hartzen ditu langile klasearen desartikulazioak hipersexualizazioaren ondorioz: lehena, langile klasearen baitako etsaitasunarena eta bigarrena, askapen programa erreal bat garatzeko ezintasunarena.

Langile klasearen baitan ematen den etsaitasuna, erasoen ondorioz ematen da. Aurkeztu genuen, bada, jai giroan edo orohar sexu-erasoak forma “espontaneoan” ematen zirenean, faktore sexualak baduela bere erantzukizuna. Emakumearen etengabeko gutxiespen sozialaren ondorioz, erasoak jasotzeko subjektu ahul gisa eraikitzen gaituzte. Burgesiak, bere armategi ideologikoaren bidez (hezkuntza, kultura, komunikabideak), hezten duen zibilizazioak inpunitate osoz emakumeak erasotzeko baldintza objetiboak sortzen ditu. Gizarte hipersexualizatuan sortzen diren frustrazio sexualek eraso sexualei bide ematen diete, eta horien forma determinatzen dute. Horrek emakume langileari deskonfiantza eta gorrotoa eragiten dizkio gizon langilearekiko.

Baina, horrez gain, emakumeak subjektu politiko ezgai izatea eragiten dute erasoek. Beldurra, inseguritateak, ahulguneak sortzen dituzte emakumeengan, gure azpiratu izaera perpetuatzen dute. Horrek eszenatoki politikoan indar korrelazio galera ikaragarria suposatzen du langile klasearentzako, izan ere, unitate politiko indartsu bat izatetik urruti, klase baitako erasoek, deskonfiantza sortu eta etsaitasuna eragiten dute. Horri etengabeko gutxiespen sozialak emakume langilearen despolitizazioa eta desgaitzea eragiten duela gehitzen bazaio, langile klase desartikulatu baten aurrean uzten gaitu.

Klase barneko gudari, hipersexualizazioak eragiten duen alienazioa gehitzen zaio, arazo errealak identifikatu eta abordatzeko ezintasuna. Kapitalismoak, instituzio kultural ezberdinen bitartez, irudi sexualekin bonbardeatzen gaitu. Horrek modu ezberdinetan eragiten du emakumeon subjektibitatean, gure mundua pertzibitzeko eta lehentasunak identifikatzerako eran. Interneten bilaketa sinple bat egin eta 50.000.000 emaitza inguru aurki ditzakegu sexu estatitistikez. Bi ideia nagusi atera ditzakegu hortik, bata, ikerketen emaitzek adierazten dutena, eta bestea, zenbat denbora eta diru inbertitu den sexu ikerketetan. Ikerketen atzean dagoen interesa argia dela aintzat hartuz eta sexu ikerketen emaitzei erreparatzen baldin badiegu, ikerketa guztien emaitzek oinarrian elkarbanatzen duten funtsa ondorioztatzea erraza da: sexuak berebiziko garrantzia du gure bizitzetan, hau da, gizartea hipersexualizatua da. Biztanleriaren ehuneko handi batek dio bere bikotekidearekin duen harremanaren oinarrian sexua dagoela, bataz besteko 10 minutu pasatzen ohi ditugu porno weborrietan eta egunean dirudienez 50 bat aldiz pentsatzen dugu sexuan. Ikerlariek diote bizi zoriontsu baten oinarrian sexua dagoela, estresaren aurrean antidoto hutsezina dela eta norbere burua onartzeko masturbatzea ezinbestekoa dela.

Langile klasearen poztasun handietako bat da sexua, baina frustrazio iturri ere bada. Arazoak sexuaren bitartez konpondu daitezkenaren sinesmena oso hedatuta dago, autoestima arazoak, edozein motatako penak, afektibitate falta… Sexua izateko aukeren potentzialitatea onarpen soziala kalibratzeko erabiltzen da. Geroz eta sexu gehiago izan edo hau gauzatzeko aukera gehiago, onarpen soziala handiagoa da.

Botere sozial handiko aspektua da sexua, geroz eta denpora gehiago inbertitu sexuaren inguruan pentsatzen, geroz eta garrantzia sozial gehiago izango du. Geroz eta garrantzia sozial gehiago izan, geroz eta denbora gehiago inbertituko dugu horretan. Horra hor hipersexualitatearen sorgin gurpila. Guzti horrek langile klasea babesgabe uzten du bere arazo errealei aurre egiterako orduan, horien irudizko aterabidea sexua delakoaren sinesmena oso barneratuta dugulako.

Klase ertainaren berregituratze saiakeren programa taktikoetan sexuak lehen planoa hartzen du. Alde batetik, sexu erasoen kontrako erantzunak garatzea urgentziazko helburua bilakatu da, baina beste aldetik, eraso horien eszenatoki diren egoera eta fenomeno batzuk hauspotzen jarraitzen du. Era berean, sexuari berebiziko lehentasuna ematen zaion klase ertainaren programa taktiko horietan, oinarri-oinarrizko beharrizan bat balitz bezala, etxebizitza edo elikaduraren besteko beharrizan baten gisan ageri da sexua ere.

Gainera, sexua eta sexualitatea auzi indibidualak balira bezala aurkezten dituztenez, norberak hautatuak eta kanpo eraginik gabekoak, erasoekin akabatzea helburu duten proposamenek ez dituzte aintzat hartzen gizarte kapitalistak bere interesen arabera auzi honen inguruan garatutako egiturazko dinamikak. Horrela, “plazerrez desobeditu” eta “ligoteo askea” bezalako lemetatik hasi eta proxenetismoa zilegiztatzen duten prostituten sindikatuen legeztatzea eskatzeraino heltzen dira, horiek klase ertainaren interesak bezala aurkezten dituzte, zeintzuk langile klasearen interesei zuzenean kontrajarriak diren. Adibide horiekin argi azaltzen zaigu batetik, ideologia burgesa bere eginez, klase ertainak sexua lehen planoan kokatzen duela, eta aldez aurretik azaldu dugun modura, hipersexualizazio horrek eragin zaurgarria dauka langile klasearen baitako zatiketan.

Eta bestetik, haien programatik ondoriozta dezakegu bizitzako esfera bakoitza gainontzekoekin modu estrinsekoan lotzen dela (afektibitatea, sexua, harremanak, jaia, erasoak), eta horrela batak bestearekiko duen eragina mespretxatzen eta osotasunaren printzipioa arbuiatzen da. Izan ere, kapitalaren dinamikak aspektu ekonomiko, kultural, politiko eta espiritual guztiak bere interesen arabera moldatzen eta garatzen dituenez, sexua logika beraren baitan ulertu behar dugu, hasieran aipatu bezala etika burgesaren baitan.

Klase ertainaren programak, beraz, izaera erreformista izanik, prozesu sozialista, eta horrela langile klasearen emantzipazioa, oztopatzen du. Izan ere, kapitalismoaren dinamiken baitan formulatutako programak aurrez aurre egiten du talka langileriaren interesekin. Sexuarena kontutan hartu beharreko prolematika bada ere, gaur gaurkoz langile klasearen bat bateko beharrizana ez da sexutik deribatutako plazerraren auzia, baizik eta sistema kapitalistak bereganatutako sexuaren aspektuei barrenak ateratzea, horiek gainditzera bidean: aipatutako pornografiaren industria; emakume proletarizatuenek (etorkinak, transak…) prostituziora jotzeko arrazoiak; langile klaseko gizonak figura disziplinario bezala egikaritzea; matxismoak, homofobiak eta transfobiak eragindako zauritu eta eraildakoen tratamendu etikoa garatzea; langileriaren baitan hipersexualizazioaren ondoriozko min eta gaitz psikologikoen tratamendu egokia…

Proletalgoaren programa taktikoak aipatutako puntuak jaso behar ditu, beti ere urgentziazko zereginak ondo zehaztuz. Programa horrek orokorrean langile klase osoaren eta bereziki emakume langileon beharrizan materialak dinamika kapitalistari kontrajarritako antolaketa forma baten baitan bildu behar ditu. Proposamen horren baitan, gainera, emakumeon lanaren debaluazioaren eraginezko zapalduen subjektibitatea iraultzeko puntuak ere jaso behar dira. Lehentasunezkoa da klase ertainaren eskaintza erreformistaren aurrean langile klasearen batasuna eta elkartasuna antolatuko dituen programa diseinatu eta exekutatzea, interklasismoaren mugak azalerazi eta prozesu sozialistaren ezinbestekotasuna bistarazteko. Rosa Luxemburgok esan bezala, argi dago: “sozialismoa edo basakeria”.