Tailerrak

TAILERRA: JAI-EREDUA BIRPENTSATZEN

Tailer honek jai eredu kapitalistaren inguruan hausnartu eta honek neska gazte langileon subjektibitatean duen eragina zein langile klase osoarentzat eta beraz gure askapenerako dituen ondorioak aztertzea du xede. Horrekin batera, ospakizun eredu proletarioaren nolakatsunaz pentsatzen hasi eta aurrean ditugun erronkak mahaigaineratu nahi dira eztabaida honen bitartez.

Jai-eredua atalean dauden artikuluetan oinarritzen da tailer honetan eztabaidatuko den edukia, beraz tailer hau dinamizatu baino lehen, jai ereduaren inguruan idatzi diren artikuluak irakurri eta lantzea gomendatzen diogu dinamizatzaileari, talde handian ematen diren eztabaiden nundik norakoa kudeatzeko eta zer eduki azpimarratu jakiteko besteak beste .

Hemen artikuluen estekak:

1) NOLAKOA DA GAUR EGUNGO JAI EREDUA?

Helburuak: Jai eredu kapitalista kontsumitzera garamatzaten arrazoiak identifikatu eta hau ezaugarritzea.

Dinamika: Talde txikietan banatuko gara eta galdera hauei erantzungo diegu:

  • Zerk bultzatzen gaitu parrandan ateratzera?
  • Gure helburuak betetzen ote ditugu parrandan?
  • Ze paper jokatzen du drogak guzti honetan?
  • Nola ematen da hau?

Ondoren, jai eredu kapitalistaren bost ezaugarri ematen saiatuko gara bakoitza post-it batean idatziz. Talde handian elkatu eta lehenik hasierako hausnarketak plazaratuko ditugu, gero, ezaugarrien hautua justifikatu ondoren, kartulina handi batean kokatuko ditugu, beti ere, ordena logiko batekin. Talde txiki bakoitzak bere eztabidak elkar banatu ondoren kartulina handiari erreparatuko diogu denok, eta jai eredu kapitalistaren nolakotasunari buruz ondorio batzuk ateratzen saiatuko gara.

Denbora: 40 minutu, talde txikian 20 eta handian 15.

Materiala: Kartulina handi bat, post-itak eta idaztekoa.

2) ZER ONDORIO DITU JAI EREDU HONEK?

Helburuak: Jai eredu kapitalistak dituen ondorioen gaineko gogoeta egitea.

Dinamika: Talde txikietan jarri eta jai eredu kapitalistaren ondorioei erreparatuko diegu. Horretarako, bi oinarri hartuko ditugu:

  • Ondorio pertsonalak
  • Ondorio politikoak

Oharra: lehen atalean nahikoa sakondu ez dela ikusten bada edo bestela ere nahi bada, emakume langilearen subjektibitatean dituen ondorioei buruz hitz egin daiteke espezifikoki, jai eredu kapitalistan muturrera eramaten den hipersexualizazioa kontutan hartuta.

Talde txikietan ematen diren eztabaidak talde handian elkarbanatuko dira ondotik.

Denbora: 30 minutu, 20 talde txikitan 10 handian.

Materiala: Ez da ezer berezirik behar.

3) NOLAKOA IZAN BEHAR DA OSPAKIZUN EREDU PROLETARIOA?

Helburuak: Ospakizun eredu proletarioaren nolakotasuna definitzen saiatu eta hau emateko hartu beharreko neurri eta erronkez gogoetatu.

Dinamika: Talde txikian jai eredu proletarioak bete beharko lituzkeen bost ezaugarri emango ditugu bakoitza post-it batean idatziz. Talde handian elkatu eta lehenik hasierako hausnarketak plazaratuko ditugu, gero, ezaugarrien hautua justifikatu ondoren, kartulina handi batean kokatuko ditugu, beti ere, ordena logiko batekin. Talde txiki bakoitzak bere eztabidak elkar banatu ondoren kartulina handiari erreparatuko diogu denok.

Dinamika honen bigarren parte batean, gaur egungo egoera kontutan hartu eta ospakizun eredu proletarioari begira hartu beharreko neurrien inguruan eztabaidatuko dugu talde txikian.

  • Jai eredu kapitalistari erreparatuta zein neurri hartu genezake gaurdanik?
  • Neurriak eta erronkak kolektiboak ala pertsonalak ote dira?
  • Zein mekanismo jarri dezakegu martxan gure asanbladan, lagun taldean…?

Denbora: 45 minutu. Lehen partean, 15 minutu talde txikian, 10 minutu talde handian. Bigarren partean, 15 minutu talde txikian, 5-10 talde handian.

Materiala: Kartulina handi bat, post-itak eta idaztekoa.