E28: HERENTZIA IRAULTZAILEA GEUREGANA DEZAGUN!

Joan den ekainaren 28an Stonewall-eko matxinadaren 50. urteurrena ospatu dela ugari entzun dugu azken denboraldian, berau izanik egun hori Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna bezala ezarri zuena. Egun horrek aniztasun sexualak sarekada bat burutzen ari zen poliziari aurre egin ziotenekoa gogora dakar. Matxinadak hainbat egun iraun zituen, mobilizazio izugarriek lagunduta, homosexualen aldeko eskubideak exijituz. Aurten aldiz, azken urteetan lez, batzuk manifestazioen bitartez gogora ekarriko badute ere, Stonewall-eko herentzia, poliziak babesturiko “desfileek” eta alderdi politiko burges ezberdinetako politikoek eurena bailitzan lau haizetara zabalduko dute, harrotasunez noski. Zer pasa da ordutik hona?

Egun hori kokatzeko aldiz, beharrezkoa dugu aniztasun sexualaren kontzeptuak izan duen historia bera ezagutzea. Gizakiaren garapen historikoan, praktika homosexualen kontzepzioak interpretazio ezberdinak izan ditu, ez dira beti antinaturalak edo moralaren kontrakoak bezala ikusi: antzinarotik hainbat praktika homosexual izan dira deskribatuak, esaterako, Antzinako Grezian, bertako kultura, mitologia eta arteak adierazten duten bezala. Erdi Aroan ematen diren aldaketa politiko eta kulturalek ekarri zituzten praktika homosexualen kontrako jarraipenak, “praktika sexual desbideratu” gisara salatuz, hau da, ugaltzera bideratzen ez ziren praktika bezala akusatuz. Zentzu horretan, ulertu behar dugu garai horretan jazarpen horiek gauzatzen zituen, eta garaiko sistema juridikoaren parte zen, Elizak jaiotze-tasa erregulatzea zuela helburu, kontuan izanik sistema ekonomiko feudalaren produktibitate maila baxuak milaka morroi behar zituela familia bakar bat aberasteko. Egoera ez zen aldatu kapitalismorako prozesuan, alderantziz, soldatapeko lanak exijitzen duen lan indarraren bermea izango zen familia nuklearraren sustapena ekarri zuen. Horrela, zapalkuntza prekapitalista bada ere, kapitalak bere egin du, bere biziraupenerako birmoldatuz. Klase zapaltzaileek, beraz, kapitalismoaren sorreran kolektibo honen diskriminaziorako oinarri material eta ideologikoak eraiki zituzten.

Horren aurrean, homosexualen eskubideen aldeko borrokak ere estrategia anitzak barnebildu dituen historia luzea dauka: XIX. mendean sozialdemokraziak bereganatu zuen Erreforma Sexualerako Liga Mundialetik, Stonewall-eko matxinadaren ondoren sortu ziren Gay Askapenerako Fronteetatik pasa eta gaur arte. Aipagarria iruditzen zaigu, alde batetik, 1917an Sobietar Batasunean boltxebikeek homosexualitatea legalizatu izana, Estatuak eta gizarteak auzi sexualean izan beharreko interferentzia nulua adieraziz. Errusian gertatzen ari zena Iraultza Soziala zen, ordura arteko harreman sozialak desegin eta berri batzuen eraikuntza exijitzen zuena, horregatik, auziaren seriotasunak galdeginda, zapalkuntza sexuala deuseztatzeko beharrezko politikak bultzatu zituzten. Bestetik, 1969tik aurrera sorturiko Gay Askapenerako Fronteak, aurretik ezagutu izan ziren kolektibo homosexualetatik bereizi nahi zutenak, euren izaera burges txikia zela eta. Hori horrela, sexualitatearen auzia gainditu eta sistemaren oinarrizko kritika aurrera eramaten saiatu ziren, beste hainbat kolektiboekin aliantzak sortzearen beharra azpimarratuz.

Denborarekin, aldiz, kapitalismoaren ekoizpen indarren garapenak lan indarraren beharra mugatzea ekarri du eta hein berean segurtasuna bermatuko duen jaiotze-tasen kontrola agenda inperialistaren puntu zentrala bilakatu da. Hori horrela, sisteman ugalkortasunera zuzenduta ez dauden harreman sexualak asimilatzeko aukera emateaz gain, kapitalismoak merkantilizaziorako beste gune bat gehiago bilatu du LGTB mugimenduan, kapitalismo arrosa edo gayfriendly deitu izan dena. Esan genezake, bada, askapen sexuala ez dela poltsiko guztientzako liberazioa: gorputzen gaineko kontrola, generoen inposaketa eta erreprodukzio biologikora zuzenduriko sexualitatea, gizartea antolatzen duen klase sozialen interesen bermerako dira.

Beraz, klase auziak gainontzeko zapalkuntzak zeharkatzen dituela argia da, ala interes berdinak ditu bere identitate sexuala dela eta lanean kontratatzen ez duten gazteak eta Gay eta Lesbianentzako Enpresen Asoziazioko (AEGAL) kide batek? Ebidentzian geratzen da aniztasun sexualean dagoen klase borroka, ekainaren 28arekin loturiko edozein produktu saltzeko erabiltzean edo alderdi burgesak berdintasun formalarekin aurpegia zuritzen saiatzen direnean.

Argi izan behar dugu edozein berdintasun formal ez dela berdintasun erreala, eta beraz, sistema kapitalistak inposaturiko markoen baitan zapalkuntza horri (beste guztiei bezala) irtenbideak bilatzea, soilik sistemaren baitako eskubideak lortzearekin loturik doala, soilik biztanleriaren zati bati bakarrik erantzuten diotenak, horiek zuzenbide burgesera egokituz.

Emantzipaziorako ikuspegi batetik, ordea, azalaren kolorea, jaiotze tokia  edo orientazio sexuala zapalkuntzarako oinarri ez izatea bilatzen da, hau da, noizbait aipatu dugun moduan, politikoki desberdintasunik ez existitzea. Klase desberdintasuna, aldiz, errotik ezabatu behar da. Horregatik, ulertu behar dugu aniztasun sexualarekiko fobiak, proletalgoa banatu, disziplinatu eta bere interes historikoa ulertzeko gaitasuna ukatzeko balio duela. Hori dela eta, eginbeharra argia da, mugimendu iraultzaileak kapitalismoaren zapalkuntza edozein formetan bizi duen pertsona oro batu behar du eta beraien borrokak zapalkuntza hori eratortzen den sistema soziala gainditzeko beharrarekin konektatu, hau da, kapitalak banatzen duen oro batu eta programa komunistan integratu.

Gaur, atzo bezala, lotzen gaituzten kate guztiak hautsi arte borrokan!