JAI KAPITALISTAREN ZURRUNBILOA BARETZEKO SAIAKERA

Azaleko begirada batez jai eredu kapitalistak eta genero problematikak duten harremana jai giroan ematen diren eraso sexistetara eta horien nolakotasunera mugatzen dela badirudi ere, bai batak eta bai besteak sistema kapitalistan dituzten egiturazko funtzioak eta horien arteko lotura aztertzearen beharra nabarmen ageri zaigu festa kapitalistak biderkatzen diren urteko sasoi honetan. Batetik, fenomeno horien funtsa ezagutzeko, eta bestetik, zapalkuntza zein erasorik gabeko harremantze eredu bat eraikitzeko determinazioetan pentsatzeko. Hots, benetako elkartasunezko harremanak garatzeko jai kapitalistak sortzen digun ezintasuna ulertzeko.

Hamaika sarreretan azaldu bezala, sistema kapitalista ekoizpen prozesutik haratago doa, lege ekonomikoetatik abiatuta gizarte osoa antolatzen du, dominazio eta zapalkuntza harreman ugarirekin: gure bizitzako esparru guztiak barnebiltzen ditu eta bere erreprodukziora bideratzen ditu “ekoizpen prozesutik haratagoko” instantzia guztiak, gure arteko harremanak, familia zein gainontzeko instituzio guztiak, eta baita ospakizun itxura hartzen duen “jaia” bera ere. Jai eredu kapitalistaz arituko garen honetan, ezin dugu Kolitzaren (2016) Marijaiak ezkutatzen duena, zerbait ospatzeko al dugu ba? (Lo que Marijaia esconde, ¿acaso tenemos algo que celebrar?) testua aipatu gabe utzi. Jai kapitalista horrela ezaugarritzen du Kolitzak: ekitaldi sozial masiboa, ehunka edo milaka pertsona biltzen dituena; soldatapeko lan prekarioan (tabernariak, garbitzaileak…) oinarritzen dena eta zenbait industria handiren interesekoa dena zuzenean: ostalaritza, musika-industria eta sexu-industriarena, batez ere.

Jai kapitalistak badu berezitasun bat gure subjektibitatearen eta gure arteko harremanen eraikuntzan, izan ere, egunerokotasunean baino modu gordinagoan azalerazten dira “festa” momentu horietan ideologia burgesa eta harreman sozialen izaera biolentoa.

Alde batetik, jai kapitalista gazteon sozializazio esparru nagusia bihurtu dela dirudi, eta hortaz, gure burua aditzera emateko bertan paper protagonista izateko beharra agertzen zaigu: kanon estetikoa jarraitzeko derrigortasuna, alkohola eta bestelako drogak etengabe kontsumitzekoa, afektibitaterik gabeko sexu-harremanak izatekoa… lagunartean eta gizartean norbait garela adierazteko nahiak –beharrak– bultzatuta (Kolitza, 2016). Horrela, hedonismo indibidualistaren bilaketa horretan, nabarmen agertzen dira berekoikeria eta norgehiagoka, ezezagunekin zein lagunartean edo herrikideen artean ere. Hau da, gure komunitatea osatzen duten pertsonen artean ere protagonista izateko nahiak –beharrak–, elkar ez zaintzera bultzatzen gaitu. Gainera, gure buruaren eta gainontzekoen objektibizazioa dela eta, norbere burua saltzeko katalogo baten itxura hartzen du jai kapitalistak. Horren adibide da pertsona konkretu batekin ligatzeko nahia baino, ligatzeko nahi soila izatea; hala, erabili eta botatzeko zerbait bezala tratatuak gara. Edertasun kanonetik urrunen dauden pertsonekiko interes eza (edo kasurik okerrenean, mespretxua) adierazteak ere, gure gorputzekiko nazka eta haserrea eragiten dizkigute, inseguritate eta autoestima arazoak larriagotuz.

Adierazitako jokabide horiek, orokortuak diren heinean normaltasuna edo araua osatzen dute, eta eragin zuzena dute imaginario kolektiboan gaztetasunak duen forman. Jai kapitalista gazteon sozializazio esparru bakana izaterakoan, gaztetasuna jaiarekin lotzen da zuzenean. Hau da, ikasketa, lan eta atseden orduak kenduta, jai kapitalista da gazteon bizitzaren erdigunea: gimnasiora goaz, ez osasuntsua delako edota kirola egitea gustuko dugulako, internetetik kanpoko Tinder bat diruditen asteburuetako jaietan itxura fisiko konkretu bat hobesten delako baizik; arropa erostera goaz, ez geneukana apurtu zaigulako, azken moda jarraitzen dugula adierazteko baizik, gure gorputzak piezarik onenak direla erakusteko, tabernak harategiak balira bezala; eta jai eguna iristerakoan, aste guztiko lanetatik eta burukominetatik deskonektatzeko anabasan murgiltzen gara. Kasu, gehiegikeriazko drogen kontsumoan, zein aurretik aipatutako eta jai eredu kapitalista ezaugarritzen duten elementuen ardailan: lanean ari direnekiko tratu txarrak, zaintzarik gabeko harremanak…

Festa momentu hori egunerokotasunarekin apurtzeko une bezala bizi dugula esan genezake, egunerokotasunean harrapatuta gaituzten ikasketak edo lana bera erdigunetik kentzearen mugimendu bat nabari daiteke. Egunerokotasunetik “atseden” bat hartzeko nahi hau gehienetan modu kontzientean ematen bada ere, honen azpian gure egunerokotasuna hartzen duten ikasketa zein lanaren “naturalizazio bat” antzeman daiteke, hau da, lo egitearen eta jatearen pare, lana eta ikasketei gizakiari naturala zaizkion itxura ematen diegula ikus dezakegu. Hala ere, aipatu bezala, jai kapitalistak badu gaztetasunarekin harreman berezi bat, helduaroarekin ez duena hainbeste. Izan ere, gazte izatea bera dinamika kapitalistaren produktu jakin batzuen hartzaile izate bezala definitzen da kulturalki, adibidez, jai kapitalistaren hartzaile izatearekin. Oinarri material bat ere baduen arren, sarritan definiziotik at uzten dena eta akaso, jai kapitalista modu masiboan kontsumitzearekin kontraesanean sartzen dena: gaztetasunaren oinarri material hau, adibidez autonomia ekonomiko faltan, soldata familiarrarekiko menpekotasunean eta etxebizitza propioa izateko ezintasunean adierazten da. Hortaz, gure bizitzak erreproduzitzeko, eta beraz, jai kapitalistan parte hartzeko ere, beharrezkoa dugun soldata eskuratzea gaztetasunetik aldenduta atzematen da.

Horrela, gazte subjektibitatea elementu kulturalek (imaginario kolektiboa osatzen dutenak) eta elementu materialek (soldatari lotuta daudenak) osatzen dutela ikus dezakegu. Azken hausnarketetatik azpimarratu beharreko ideia bat erauzi dezakegu: elementu horiek ez dutela edozein gazteren subjektibitatea eratzen. Izan ere, aipatutako soldata eskuratzeko beharra desjabetuongan soilik ematen den fenomeno bat denez, langile klaseko gazteon subjektibitateaz ari garela zehaztu dezakegu. Hori dela eta, hasieran aipatu bezala, jai eredu kapitalistaren funtzioa aztertu behar dugu gazte proletarioongan duen eragina identifikatu eta berau iraultzeko.

Bestetik, jai kapitalistan, norbere burua nabarmentzeko eta saltzeko ariketa horretan, gizarte kapitalistaren berariazko harremantzeko forma bortitzak intentsitatez igotzen dira. Jai kapitalista, Kolitzak (2016) eta guk geuk garatu bezala, neke eta ernegaldien isurbide da, frustrazioen ihesbide: gizarte berekoi eta hipersexualizatuan, gure arteko objektibizazioa eguneroko ogia denean, mota guztietako erasoen kopuru eta intentsitate gorakada ematen da. Frustratuta egon gaitezke lanean arazoak ditugulako, lanik ez dugulako, ikasketetan gaizki doakigulako, gurasoekin bizi behar garelako, harreman afektibo-sexualak izateko nahia dugulako; baita autoestima baxua dugulako, maitatuak sentitzen ez garelako, komunitate sendorik ez daukagulako, gure gorputzak gorrotatzen ditugulako, droga bat edo gehiagorekiko menpekotasuna dugulako, etab. Gure bizitza miserableak sortutako frustrazioak azalerazteko espazio bihurtu da jai kapitalista, drogen kontsumoa dela eta desinhibitzen garelako, baina baita jai kapitalistaren baitan jarrera bortitz eta erasokor batzuk baimenduta daudelako ere hein handi batean. Besteak beste, laguntasunak arrakalatzen dituzten eztabaida zalapartatsuak, arazo txikiak konpontzeko borroka eta istiluak eta haiekin amaitzea ezinezko diruditen eraso sexistak.

Eraso sexistak aipatu ditugula, honetan sakontzeko generoen arteko hierarkiaren inguruko azalpen batzuk eman beharrean aurkitzen gara. Lan banaketa sozio-sexualaren inguruko testuetan (lehenengoa eta bigarrena) garatu genuen bezala, ekoizpen forma kapitalistaren garapenari lotuta bi fenomeno elkarlotzen dira. Batetik, langileriaren kontzientzia moldatzearena eta, bestetik, orokorrean langileriaren erreprodukzioaren eta konkretuki ugalketaren eta sexualitatearen kontrolarena. Berriz ere, elementu kultural eta materialak elkarrekin uztartuta ageri zaizkigu. Lehenengo fenomenoari dagokionean, emakumea etxeko lanetara kondenatzearen eta lan indar femeninoaren debaluazioaren ondorioz emakumea gizarte burgeseko esparru guztietan subjektu azpiratu bezala eratu da, generoen arteko hierarkian, beheko aldean; gizonak, aldiz, figura disziplinario gisa eraikia izan dira. Bigarrenak, emakume langileon gorputzak ekoizpenaren zerbitzura eta, era berean, senarraren zerbitzura jarriak izateari egiten dio erreferentzia. Emakumeoi ugalketaren kontrola erauzi izan zaigu, naturalki sexuaz gozatu ezin dugula esan izan zaigu, sexu harremanak gogoz kontra izatea normalizatu izan da, eta bortxaketa naturalizatu: subjektu aktibo izan beharrean objektu pasibo bihurtu nahi izan gaituzte.

Gaur egun, lan merkatuaren garapenarekin batera, emakumearen iruditegi soziala eta emakume langileon kontrako praktikak eraldatu egin dira. Adibidez, familia burgesak bikote heterosexualetatik haratagoko ereduak bereganatu ditu, izan bikote homosexualak zein guraso bakarreko familiak. Horrela, heteroarauaren urka-bilurra nasaitu da, guztiz erantzi ezin badugu ere. Instituzio burgesak eraldatzen diren bitartean, sinesmenak, eta kontzientzia bera moldatuz doaz, ideologia burgesa eguneratuz. Lanari dagokionez, aldiz, lan feminizatuek bere horretan jarraitzen dute, eta ikusgarritasun ariketek ez dute horien balioa handitzea ekarri. Ondorioz, emakume langileak soldatapeko lanean guztiz integratuta badaude ere, zoru likatsua bezalako fenomenoak –debaluatutako lan feminizatuetatik ateratzeko edota lanaldi partzialeko ETT bidezko kontratuak kateatzeari uzteko ezintasuna, hau da, prekiarietatetik aldentzeko ezintasuna– ematen dira oraindik, batez ere emakume langile migranteei eragiten dietenak. Emakumeon lanaren debaluazioan eragiten duen oinarri materialean aldaketa garrantzitsurik eman gabe ez da emakumeon gutxiespen sozialarekin amaituko, eta horregatik, ezta emakume langilearen subjektibitate azpiratuarekin.

Sexualitateari dagokionez garbi dago iraultza sexuala delakoaren ondorioak bizitzen ari garela, horrek, emakumeon emantzipazioan aurrera pausuak ekarri ordez zapalkuntzaren formaren aldaketa ekarri duelarik: senarrarenak izatetik gizon guztien jabetza izatera igaro gara, sexu harremanak pribatuak eta emakumeontzat gozatu ezinekoak izatetik, betebehar bihurtu dira: telesail eta iragarkietan emakumeen gorputzak eta sexualitatea salgai dauden produktuak dira orain. Are gehiago, pornografiaren eta prostituzioaren industriak feminismoaren izenean babestuak izaten ari dira, hamarkada luzetako borroken historia –bai langile borrokai, baita borroka feministaiizikinduz.

Jai kapitalistaren baitako eraso sexistak genero zapalkuntzaren aurpegietako bat baino ez badira ere, aurrez azaldu bezala, jai kapitalista gazteon sozializazio esparru bakanetarikoa denez, emakume gazteon bizitzetan berebiziko pisua hartzen dute. Ideologia burgesarekin goitik behera lohitutako gizon-emakume gazteok, drogen eraginpeko jai bortitzean korapilatuta gaudela, generoen hierarkia, emakumeon gutxiespen, objektibizazio eta hipersexualizazioaren biktima eta borrero bihurtzen gara. Sistema kapitalistari eta, beraz, jai eredu kapitalistari berariazkoak zaizkionez, ezinezkoa da hau aldatu gabe, eraso sexisten inpunitatearekin amaitzea. Gizonek gure gorputzekin nahi dutena egiteko duten inpunitate sozialaren eta emakume langilea subjektu debaluatu izatearen konbinazioa zaurgarria –eta muturreko kasuetan hilgarria– gerta daiteke emakume langile gazteontzako jai giro kapitalistan.

Jai kapitalistan ematen diren gertaerek langile klasearen baitako tratu txarrak, erasoak eta zatiketak eragiten badituzte, eta hauek gure subjektibitatean eragin zuzena badute, horiei kontrajarriko zaien alternatiba proletarioaren beharrizana agertzen zaigu. Baina, horretarako ondoko galdera egin behar dugu: zer da “jaia” delako hori? Kolitzak adierazi bezala, “zerbait ospatzeko al dugu ba?” Festa kapitalista langileriaren erreprodukzioaren beste engranai soil bat bihurtu da, langile klaseko gazteon aisialdia sasi-ospakizun jarraitu bat. Guk, aitzitik, politikoki antolatutako aisialdi eredua sortu behar dugu, elkar kontsumitu ordez komunitatea sendotzen lagunduko duena. Aldi berean, prozesu sozialistan eskuratzen goazen garaipenak ospatzeko formak garatu behar ditugu, desinhibizio basatia albo batera utzi eta kontzientzia eta harrotasuna adieraztekoak. Hau da, jai eredu kapitalistari ez zaio beste “jai” eredu alternatibo hutsal bat kontrajarri behar, aisialdi eta ospakizun eredu proletarioa baizik.

Beraz, instituzio kultural propioak sortzen eta aipatutako aisialdi eta ospakizun ereduen haziak ereiten hasi behar gara. Horrez gain, ideologia burgesari eta jarrera bortitzei euste-hormak eraiki behar dizkiegu: langile klase osoarentzako eta bereziki gazteontzako sozializazio esparruak drogen kontsumotik urrundu, frustrazioen kudeaketarako tresnak garatu edota pornografiaren kontsumoaren arrisku eta kalteak sozializatu, besteak beste. Emakume langileon askapenaren mesedetan borrokatzen dugun guztiok, klaserik gabeko gizartearen alde borrokatzen den orok, lanketa eta konpromiso eredugarria izan behar dugu guzti horretan. Genero problematikaren oinarriak eraistera bidean, militantzia iraultzaile osoaren betebeharra da eraso eta zapalkuntzen deuseztapenera bidean pausu esanguratsuak ematea.

Udako jaiak gainean ditugun honetan, diziplinaz eta arduraz jokatzea dagokigu, jai kapitalistan murgiltzerakoan horren inplikazioak eta arriskuak kontutan izateko batetik, eta aisialdi eta ospakizun eredu proletarioa martxan jartzen hasteko, bestetik.

i Langile borrokaren baitan prostituzioaren inguruko argipenetarako, ikusi Alexandra Kollontairen lanak, adibidez, La prostitución y cómo combatirla (1921), edota Clara Zetkinek III. Internazionaleko II. Kongresuko Directrices para el movimiento comunista femenino (1920) ebazpeneko amaierako puntuetan jasotakoa.

ii Borroka feministaren kasuan, besteak beste Andrea Dworkin feministak luze landutako gaia da, esaterako, Pornography: Men Possessing Women (1981) liburuan, baita Catherine MacKinnon, Christine Delphy edota Ana de Miguelek haien hainbat lanetan ere.