DROGAK, GAZTETXEAK ETA BORROKA KOMUNITATEA: Kolaborazioa

Itaiako kideek jaialdi kapitalistaren eta militantzia ereduaren inguruan gogoeta egiteko eskatu didate. Gaia konplexuegia da artikulu labur batean lantzeko, baina zertzelada batzuk ematen ahaleginduko naiz, eztabaida kolektibo bat emateko gako garrantzitsuenak mahaigaineratuz. Eztabaida serioa hastea lehentasunezkoa dela uste dut, auzi honek dituen ondorio politikoak epe motz zein luzera oso handiak dira eta. Premia hori bi arlotan islatzen da: batetik, gaztetxe edota bestelako gune sozialen aktibitate gehienak lotura zuzena du parranda eta bestelako jaialdiak antolatzearekin, horrek suposatzen duen guztiarekin; bestetik, ez dugu gaitasunik droga kontsumoak militantzian duen eraginaz behar bezala hausnartu eta neurriak hartzeko. Militantzia ereduaz eta diziplinaz maiz hitz egiten badugu ere, desfaserako joera agerikoa da militanteon artean ere. Hausnarketak hiru atal nagusi izango ditu: kokapen orokorra, alternatiba birpentsatzearen beharra eta militantzia eredua. Borroka komunitate sendo eta osasuntsua eraikitzea datozen urteetako premiazko eginkizun politikoa dela uste dut, eta bide horretan ekarpena egiteko helburuarekin idatzi ditut lerrook.

KOKAPEN OROKORRA:

Gaur egungo gehiegizko droga kontsumoa patologia sozial bihurtu da, eta horrek harreman zuzena du gure klase kondizioarekin, geroago azalduko dudan bezala. Diruaren bidez dena lortu dezakegula sinetsita dugun arren, egoera ona izatetik oso urrun dagoela argi geratzen da. Datuak oso esanguratsuak dira: 229 pertsonak egin zuen bere buruaz beste Hego Euskal Herrian 2018. urtean, ludopata kopurua eta apustu etxeen kopurua esponentzialki ari da igotzen, eta alkoholaren zein mota guztietako droga ilegalen kontsumoa azken txokoraino zabalduta dago. Kontsumo eta praktika asko guztiz normalizatuta daude gaur egun, eta aspaldiko mamuak berriro ere agertzen hasiak dira, Iruñerrian heroinaren agerpenarekin, esate baterako.

Martxoaren 31n Itaian argitaraturiko artikulua (“Gizartearen biolentziaz, jai giroaz eta hipersexualizazioaz”) abiapuntu ezin hobea iruditzen zait bizi dugun egoerak droga kontsumoarekin duen lotura azaltzeko. Desjabetu kondizioak, hau da, gure bizitzaren gaineko kontrol ezak, harremanen izaera indibidualista eta lehiakorra determinatzen du, eta horrek bi ondorio dakartza: izaki sozial orori beharrezko zaion estimuaren etengabeko bilaketa frustratua, eta isolamendu kolektiboa. Afektuaren bilaketa horretan, norgehiagokan, ordezkagarritasunean eta truke-baliopean oinarritzen diren gure arteko harremanak eta gure xedeak lortzeko gaitasun faltak frustrazioa eragiten digu.

Gizarte bakoitzak harreman forma espezifikoak garatzen ditu, gaixotzeko modu ezberdinak, elikadura ohitura ezberdinak, eta baita droga kontsumo eta helburu ezberdinak ere. Substantzia horiek gure inguruan daude jaiotzen garenetik, forma eta kontsumitzeko modua garai ezberdinen arabera aldatzen den arren. Afera, ordea, ez da zein substantzia kontsumitzen dugun, zergatik kontsumitzen dugun baizik. Horretarako, ezinbestekoa izango da garaian garaiko erabilera sozial, terapeutiko edota erlijioso ezberdinak aztertzea. Zentzu horretan, garrantzitsua izango da drogaren inguruan egiten ditugun eztabaidetan paradigma aldatzea. Egunerokoan, substantzia bat bestea baino hobea den eztabaidatzen dugu, zein efektu dituen, zein kantitatetan hartu behar dugun, zenbateko maiztasunarekin, ona edo txarra den, gogorra edo biguna den, ondo edo gaizki ikusia dagoen, kide batek droga ilegalak kontsumitzen dituen ala ez… Orokorrean, ondo/gaizki dikotomiaren baitan aritzen gara, eta ondorioak oso eskasak izaten dira gehienetan, bi kontzeptu horiek ez baitira gai errealitate konplexu hau deskribatzeko.

Substantzia bakoitzak dituen ondorioak aztertzeko testuinguru kulturala aztertzea ezinbestekoa da, eta horrek kontsumoaren zergatiak aztertzera garamatza. Azterketa hori ezin dugu, ordea, norbanakoaren ikuspegitik egin, komunitatearen ikuspegitik baizik. Ez da berdina koka hostoa murtxikatzea altitudeari aurre egiteko, kafea hartzea bilera batera joateko, garagardoa edatea lagunekin ondo pasatzeko, mongiak hartzea kanta bat konposatzeko edo morfina hartzea minbiziak eragin digun mina arintzeko. Gaur egun dagoen medikalizaziorako joera ikaragarria alde batera utzita, garrantzitsua da gehiegizko droga kontsumoaren helburuak aztertzea.

Gehien kontsumitzen diren substantziak kafea, alkohola eta tabakoa dira, ordena horretan, eta uste dut nahiko esanguratsua dela, gizarteak inposatzen dizkigun bizi erritmoen isla delako. Ikasketek, soldatapeko lanak edota bestelako eginbeharrek exigitzen duten eguneroko erritmo nekezari eusteko, kafea bezalako estimulatzaileen kontsumoa ikaragarri errotua dago. Beste herrialde batzuetan beste substantzia batzuk kontsumitzen dituzte eta egitura kulturalean guztiz barneratuta daude, matea Hego Amerikan, esaterako. Eduki dezakeen konnotazio sozialaz harago, nabarmena da kontsumo modu horrek funtzio argia betetzen duela lan indarraren esplotazioa muturrera eramateko, jasangaitza den erritmoa eramatea normalizatu baita, menpekotasuna garatzearen truke bada ere

Alkohola ere gure kulturan guztiz barneratua dagoen substantzia da, eta beste hamaika substantzia ilegalekin batera, aisialdiaren parte handi bat horiek kontsumitzen pasatzen dugu. Aurrekoen funtzioa estimulatzailea zen bezala, oso modu orokorrean azalduta, alkoholaren kontsumoaren helburua inhibitzailea eta soziala da. Egunerokoan hartzen ditugun pote “sozialez” aparte, orokorrean alkohola errealitatearen pertzeptzioa aldatu eta harremantzen laguntzeko kontsumitzen dugu. Bizi dugun egoera jasangaitza, asteroko errutina amaigabea, militantziak sortzen dizkigun kezkak… kanalizatzeko kontsumora jotzen dugu, errealitate honek gure kontzientzia modu basatian alteratzeko beharra sortzen baitu. Gehiegizko kontsumo hori, gainera, bakardade absolutuan egiten dugu, inongo komunitateren parte izan ez, eta jende multzo bateko ustezko kide izatearen esperantzan

Eztabaidarako puntu bezala Aitor Aspururen (2014) gogoeta mahaigaineratu nahiko nuke: “Aurreko gizarteen eta oraingoaren arteko ezberdintasuna da orain droga kontsumoa ez dela sozialki erabilgarria. Izan ere, ez da komunitaterik existitzen, merkantzien erreinuak suntsitu du eta. Antzina droga kontsumoak eta horri loturiko ohiturek normaltasunarekin apurketa suposatzen zuten eta komunitatearen interesekin estuki lotuta zeuden; komunitatea iraunaraztea eta martxa ona inplikatzen zuten. Gaur egungo toxikoen kontsumoa, ordea, kontsumismo orokorraren logikaren baitan gertatzen da. Ez dago apurketarik, ezpada dinamika kapitalistaren eta erlojuaren ordenaren inposizioaren jarraikortasuna! Lan egunak produkzioari eta gure suntsipenaren kudeaketari eskaintzen dizkiogu, eta asteburua ihesbiderako espazioa da, dinamikara berriro bueltatu ahal izateko”. Militanteok ere ez gara horretaz libratzen, eta zurrunbilo horretan murgiltzen gara.

Kontsumo arduratsua, kontsumo kontzientea edota kontsumoaren autogestioa planteatzen dutenen aurka, uste dut ezinezkoa dela gaur egun droga modu osasuntsuan kontsumitzea, kontsumoaren helburuak errealitate krudelak determinatzen dituelako. Esplotazio eta zapalkuntzan oinarrituriko gizarte batean, ez dago ongizate posiblerik, eta alternatiba posible bakarra gizarte horren suntsipenetik etorriko da, zaintza, elkartasuna eta bitarteko produktiboen jabetza komunean oinarrituko dena. Droga kontsumoaren gaineko eztabaida perspektiba horretatik soilik aztertu daitekeela uste dut, bestela, aterabide indibidual edota partzialez ariko ginateke etengabe.

JAI EREDU ALTERNATIBOA EDO JAI EREDUARI ALTERNATIBA?

Sarreran aipatu bezala, beren burua antikapitalistatzat duten eragile eta mugimendu askoren urteko plangintzak jaialdi eta aisialdi eskaintza alternatiboetan oinarritzen dira. Sortzen diren proiektu asko oso interesgarriak dira eta potentzial ikaragarria dutela uste dut. Arazoa, ordea, tresna eta helburua nahasten direnean topatzen dugu. Proiektu askorekin gertatzen den bezala, jaialdi alternatiboekin edota txoznaguneekin berdina gertatzen zaigu. Borroka komunitatea sendotu, harreman osasuntsuak eraiki eta kasuan kasu proiektu politiko bat finantzatzeko tresna izatetik, bere baitan helburu bihurtu diren jaialdiak antolatzera pasa gara. Gaztetxe askoren egitarauetan pintxo/pizza poteak (nola ez), gazte egunak, kontzertuak, jam sessionak, elkartasun parrandak… noiznahi ditugu, baina zein da horren guztiaren helburua? Orokorrean jendea erakartzea eta dirua ateratzea izaten dira helburuak, baina askotan ez bata eta ez bestea ez ditugu lortzen. Izan gu bakarrik agertzen garelako, edo izan jendea soilik kontzertuetara agertzen delako, baina helburuak ez dira betetzen. Are gehiago, gure militantziak horrelako dinamiken prestaketan inbertitzen du bere gogo eta indarra, gero proiektu politikoa martxan jarri ahal izateko denborarik eduki gabe. Ondo pentsatu beharko genuke lehentasunak zein diren, eta horren arabera jardun. Dirua ateratzea lehentasunezkoa da, baina irtenbideak badaude (donazioa edota lana kasu), eta ezin dugu aitzaki horren pean egunero jardun. Gehienetan, lortzen den dirua parranda handiagoa edota talde potenteagoak ekartzeko izaten da, gainera. Hortaz, gure alternatibek alternatibotik gutxi dute, guk antolaturiko jaialdietako asko eta asko jaialdi kapitalista globalaren osagarri perfektua bihurtu baitira.

Tresna eta helburua ondo bereiztea komeni dela aipatu dut lehen, eta horren adibide interesgarria iruditzen zait Black Panther Party-koek 60-70 hamarkadetan aurrera eramandako “komunitatearen biziraupenerako programen” (Community Survival Programms) proiektua. Langile klasearen bizi baldintza materialak landu eta autoantolaketa eta klase elkartasunean oinarrituriko praktiken eredu argia da. Hamaika proiektu jarri zituzten martxan: umeentzako doako gosariak, kartzeletara bisitan joateko autobusak, doako dentistak, doako ospitaleak, herri eskolak, anemiarako ikerketa proiektuak, egunkaria…

Drogen gaiari dagokionez, trapitxeroak eta polizia haien auzoetatik botatzeko patrullak jarri zituzten martxan, eta klase autodefentsaren adibide argia eman zuten. Bestalde, haien alderdiaren, Black Panther Party, barne araudian militanteek drogarekin izan beharreko harremana zehazten zuten puntuak definitu zituzten, baita neurri zorrotzak hartu ere.

Huey P. Newton Black Pantherseko lider eta teoriko garrantzitsuak honela zioen: “Konturatu gara, herritarrek kontzientzia-maila lor dezaten, beharrezkoa dela biziraupen-beharrak asetzeko programa batzuk garatzea, haiei eguneroko beharrak asetzen lagunduko dietenak. Programa horiek guztiak komunitatearen behar sakonak asetzen dituzte, baina ez dira gure arazoen konponbide. Horregatik, biziraupen-programa deitzen diegu, iraultza hasi bitarteko biziraupenari egiten baitiote erreferentzia. Gure ustez, Black Panther Party Biziraupen Programa txalupa batean itsasoan noraezean dabilen marinel baten biziraupen-kita da. Egoera horri eusten laguntzen dio, bertatik guztiz irten bitartean…”.

Adibide gehiago jarri genitzake, baina lan filosofia orokorra ulertzea da helburua. Borroka komunitatea sendotzea lehentasunezko helburu izanda, lehentasuna klase kontzientzia zabaltzea da, baldintza materialak aldatuz eta elkartasuna antolatuz. Hori esanda, ospakizun eredu politikoa birpentsatzea ezinbestekoa dela uste dut. Ospakizun eredu sozialistak izan dezakeen potentzial subertsiboa oso handia da eta komunitatea sendotzeko, barne kohesioa indartzeko eta harremanak modu osasuntsuan egiteko tresna oso eraginkorra izan daiteke.

MILITANTZIA EREDUA ETA BORROKA KOMUNITATEA:

Aurretik aipatutako guztiagatik, drogaren auzia ahalik eta lasterren mahaigaineratu eta eztabaidatu beharrekoa dela uste dut. Azken aldian, elkartasuna, auzolana, autogestioa, zaintza… bezalako terminoen gaineko eztabaida interesgarriak egiten ari gara, eta alor horretan Itaiako kideek egin duzuen lana nabarmentzekoa da. Militantzia ereduaren inguruko zertzelada batzuekin bukatuko dut artikulua, eta gakoa bizitzaren alor guztiak politizatzean datzala esango nuke.

Militantzia hautu politikoa da, bizi apustua, eta zentzu horretan militantzia integralaren kontzeptua mahaigaineratu nahi nuke. Esan genezake sarri pertsona berak bi aurpegi dituela: militantea eta bizitza pertsonalekoa. Batzuetan muga oso lausoa izaten da, gure harreman gehienak militantzia ingurukoak direlako, baina hala ere, beti gordetzen dugu “bizitza pertsonalera” bueltatzeko aukera, nolabait esatearren. Espazio formaletan, jarrera eta ohitura batzuk erakusten ditugu, eta espazio formal horietatik kanpo, berriz, beste batzuk, askotan kontraesankorrak eta arriskutsuak izan daitezkeenak. Militantziako hastapenetan oso nabarmena izaten da hori, gure bizitzaren parte handiena “bizitza pertsonala” delarik, eta gutxiengo txiki bat militantziarako tartea. Konpromisoa eta ardurak handituz joan ahala, tartea txikitzen doa eta gure bizimodua aldatuz, pixkanaka. Baina dikotomia hori apurtzera ez gara iristen, eta horrek zama handia sortzen du gugan.

Dikotomia hori apurtzera bidean, ezinbestekoa da gure jokabidearen oinarria izango diren printzipio etiko batzuk planteatzea. Elkartasuna eta zaintza oinarrizko printzipioak dira, eta konpromisoa, diziplina eta beste hamaika balio kolektiboki eztabaidatu behar ditugu, etika komunista egikaritu ahal izateko. Egiten dugun oro, pentsatzen dugun oro, uko egiten diogun gauza oro, proiektu politikoari egiten dion ekarpenaren arabera erabaki beharko genuke, hori delako militatzea, apustu kolektibo bat, askapen proiektu integral baten aldeko hautua. Kontzienteki jardun beharko genuke harremanetan, bileretan, irakurketan, familian, lagun artean, herrian, parrandan, gaztetxean, ikastetxean, harreman afektibo-sexualetan, politikan… bizitza osotasun bat delako. Hori da bizi apustua egitea, ez bilera batera joan eta hura bukatzean bizitza pertsonalera bueltatzea edo horren esperantza izatea.

Horrekin lotuta, militante eredugarriak heztearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Jende askoren eredu gara, eta proiektura batu nahi dugun jende potentzial askok gugan jartzen du arreta. Helburua ez da kontraesanik gabeko pertsona perfektua sortzea, ezinezkoa baita gaur egun ditugun baldintzetan kontraesanak gainditzea. Gure esku dagoena, ordea, proiektuari ekarpena egiten dion heinean, aldatzen ahalegintzea eta gure militantzia ahalik eta efizienteena egitea da. Horrek neurri konkretuak hartzea dakar, eta neurri horiek kolektiboan sozializatzea: puntualtasuna, errespetuz aritzea, beti entzun eta laguntzeko prest agertzea, nor bere buruarekin eta inguruarekin kritikoa izatea, isiltzen ikastea, txandak errespetatzea, ez desfasatzea, drogarekin harremana birpentsatzea, segurtasun neurriak betetzea… hamaika dira hartu daitezkeen neurriak, baina xedea argia da: militantzia eraginkortzea eta borroka komunitatea indartzea. Eztabaidarako beste puntu bat droga kontsumoaren abstentzioa litzateke. Gainean dugun lankarga eta eguneroko eginkizun militante pilarekin, drogaren kontsumoak hori eraginkortu egiten duela edo kalte egiten diola uste duzu? Hainbat mugimenduk neurri zorrotzak hartu izan dituzte kontsumo ohiturei dagokionez, FAIkoek esaterako, alkohol eta tabakorik ez zutela hartuko hitza ematen zuten, eta zorrotz betetzeaz arduratzen ziren. Lehen ere aipatu ditut Black Panthers Partyren neurriak. Abstentzioa aukera politiko bat da, eta batzuek plano moral batean kokatu nahi badute ere, kolektiboki eztabaidatu beharreko auzia da.

Bestalde, eta aurrekoarekin estuki lotuta, makina batek nire kontra argudiatuko du droga kontsumoa eta desfasa beharrezko ditugula “gerlariaren atsedenerako” edota militantziak sortzen dizkigun neke eta estresa kanalizatzeko. Soldatapeko lanaren zamaz militanteak ez gara libratzen, eta hasieran aipatu bezala, gure nahi eta beharrak horrek determinatuak dira. Horri lan karga militantea, etsai politiko zein errepresiboen presioa eta abar gehitzen badizkiogu, argi geratzen da militanteak momenturen batean arnasa hartu eta deskonektatzeko beharra duela. Hori ukaezina da, eta kudeatu egin behar da, militantzia osasuntsua egiteko, ditugun baldintzetara egokituz. Horren aurrean bi aukera ikusten ditut nik: hautu indibiduala eta hautu kolektiboa. Hautu indibiduala litzake arestian aipaturiko bizitza pertsonalera bueltatzea, eta tarteka (edo tarteka baino gehiago) gure buruari desfasatu eta dena ahazteko baimena ematea. Zein ondorio ditu horrek ordea? Uste dut Zurrunbiloa artikuluak zer pentsa ematen duela. Askotan ere taldean ateratzen gara, bileran mugikorrik gabe egondako berdinak, etxera joan, mugikorra hartu, kalera irten eta gauza berdinez hitz egiten jarraitzen dugu, inongo diskrezio eta segurtasun neurririk hartu gabe. Elkarrekin egoteko helburuarekin, eta elkar zaintzeko helburuarekin egiten dugu, baina hori al da espazioa? Hori al da modua?

Bigarren aukera hautu kolektiboarena da, eta ditugun arazoen kolektibizazioa du ardatz. Borroka komunitateak tresnak eskaini behar ditu militante orok dituen kezka, beldur, zalantza eta abarrak kudeatzeko, funtsean: zaintzeko. Ez da posible hamaika orduz elkarrekin lanean egon ostean, alde egin eta beste jende batengana jo behar izatea laguntza eske. Hori ere bada gure beharrizanak kolektiboki asetzea. Zentzu horretan, eta lehen aipaturiko deskonexioaren beharrari erreferentzia eginez, uste dut parrandako desfaserako dugun beharra birpentsatu beharko genukeela. Kontzientziaren aldaketa hori gauzatzeko, bide asko daude eta horiek modu kolektibo eta osasuntsuan egin daitezke. Zer egin dezakegu, ordea, aurrez aipaturiko printzipio etikoen baitan gure kontzientzia alteratzeko? Nik ez daukat erantzun perfekturik, baina uste dut egiten duguna kolektiboki egin behar dela, eta gure espazioetan horrelako dinamikak proposatu behar ditugula: jarduera fisikoa kolektiboki praktikatzea, musika autogestionatua egitea, edota elkarri irakastea, auzolana, baratza komunalak… Finean, eguneroko zurrunbilotik ateratzeko jendearekin egotea eta gure lanaren fruituak jasotzea da behar duguna. Maravillas gaztetxean gauetako auzolanak planteatu izan dituzte, parrandari alternatiba gisa, JFKZko talde kritikoak Karrikan! proiektua sortu zuen jarduera fisikoaren eredu autogestionatu gisa, Azpeitian Krisiaren Seme-alabek jantoki komunala martxan jarri dute, elkartasunean oinarritutako espazio berriak sortzera bidean…

Esperientzia historiko ezberdinak aztertu eta proposamen berritzaileak egin beharrean gaude, printzipio etiko komunistekin koherenteak izango direnak, eta borroka komunitate sendoa eraikitzeko pausuak ematen lagunduko dutenak. Polemika pizteaz haratago, espero dut testuak hausnartzeko balio izana. Amaitzeko, nik landutako testu eta liburu batzuk utziko ditut, gaian sakontzeko interesa izanez gero nora jo jakiteko.

BIBLIOGRAFIA: