ZURRUNBILOAN

Ez da berriz errepikatuko. Atzokoa azkena. Bueno, ez dezadan nire burua engainatu, azkenekoan berdina zin egin nion neure buruari, baita azken aurrekoan ere; eta begira, hemen nago berriro ere parranda baten ostean ohean sabaiari begira eta buruhauste honetan zurrunbilotua. Askotan topo egin izan dut zurrunbilo misteriotsu horrekin, baina azkenaldian hau gero eta sakonagoa bihurtzen ari dela somatzen dut.

Hasiera batean, parranda osteko ajea eta nekea agertzerakoan, aurreko gauekoak merezi izanen zuela pentsatu eta azkar aurre egiten nion lotsati hurbiltzen zen zurrunbilo horri. Azkenaldian, ordea, bart gauekoak merezi izana ere zalantzan jartzen dut, eta oraingo egoeraren onura bilatu ezinik zurrunbiloa sakonagoa, ilunagoa eta boteretsuagoa nabari dut. Badakit, zurrunbilo horren handitasuna ulertzeko asmoz galdera batzuk proposatuko dizkiot neure buruari, ea hauek erantzunez sentsazioei hitza jartzea eta egoeraz kontziente egitea lortzen dudan: Zertan bilakatu da lehen onuragarritzat nuena? Ze gertaerek sorrarazi dizkidate kontraesan hauek?

Bart gaueko plana ostegunean ernaltzen hasi zen, lagun artean asteburuko asmoez hitz egiten hasi ginenean, “Bueno eta larunbat gauean ondoko auzoko festetara joango gara, ezta?” zioen batek. Jakina, uda garaian gaude, astebururo dago parranda egiteko aukera inguruan eta horrekiko alternatiba oso erakargarririk eduki ezean hori izango zen larunbat gaueko plana. Niri momentuan asteburuko denbora hori inbertitzeko ideia nahikotxo etorri zitzaizkidan burura, baina ez zitzaizkien hain lehentasunezkoak iruditu; mendia, musika, liburuak beti omen daude hor eskuragarri eta ondoko auzoko festak urtean behin izaten dira soilik. Gainera, asteburua deskantsatzeko eta pentsatzeari uzteko tartea omen da eta orain gainera gazteak izanik larunbat gauak jai giroan pasatzeko aprobetxatu beharra dugu.

Baina, zer gertatuko litzateke urtean behin diren ondoko auzoko festetara joango ez bagina? Ez dakit, agian ez ginatekeela enteratuko bertan nor egon den, zer pasatu den, nor norekin harremandu den, edo bertan egon garela demostratzen duen argazkirik izango ez genukeela. Bueno aber, utz ditzadan albo batean kanpora begirako faktoreak, gure artean ere zerbait ospatzeko izan genezakeen eta hau modu aproposa izan zitekeen horretarako. Orain bote prontoan ez zait ideiarik bururatzen, gogoan dut batek baino gehiagok aste txarra pasa zutela komentatu izana eta beharbada astearen amaiera izango zen ospatzeko genuena, nolabait aste txarra pasatu izanagatik asteburuko parranda ongi merezia! Hona hemen hasierako kontraesana, eguna iritsi aurretik horretan parte hartu ala ez erabakitzea baldintzatuko lukeena. Kontuak kontu, beste behin ere nire larunbat gaueko plana parranda izango zela erabaki nuen, elkarren arteko zaintzaren garrantzian sinetsita lehentasuna asteburuko denbora lagunartean inbertitzeari emanez.

Ondoko auzora iritsi bezain pronto tragoa eskatzera joan ginen eta hau non eskatu erabakitzerakoan ohartu nintzen beste behin ere lehentasunak modu ezberdinean ordenatzen ditugula: nik dirua nori eman baloratzeko txoznetako pankarta eta lemak begiratzen nituen bitartean, haiek azkarren zerbitzatu zezakeena, prezio-kalitate aldea hoberena zeukana eta ahal izatekotan zerbitzatzen ezagunen bat egon zitekeena begiratzen zuten, aukerarik egotekotan kontsumoa merkeagoa izateko. Barraren beste aldean egotea tokatu zaidanetan presente izan dut horrelako festa edo jaialdiak antolatzearen arrazoi bat dirua ateratzea dela, baina alde honetatik dirudienez gauean zehar desfasera eramango gaituen kontsumoa ahalik eta merkeen eskuratzea lehenesten da. Tira, lagunartean eta jai giroan ongi pasatzera etorri naiz eta ez dut eztabaidatzen hasteko gogorik, tragoa hartu eta ea hemendik aurrera ze bizipen eskaintzen dizkidan gauak.

Dantza, abesti, irri, topa eta adar jotze batzuen ondoren ongizate sentsazioak gora egin zuen eta gure arteko zaintzan gehiago sakontzeko konfiantzaz nengoen. Hala ba, abestien arteko isilunea aprobetxatuz gurasoekin bezperan izandako liskar handia kontatzen hasi nintzen, baina hurrengo abestia hasterakoan (kasualitatez gustukoa eta oso ezaguna dugun abestia) emozionatuta kantatzen hasi ziren eta moztu nindutela ohartzerakoan ondoan neukanak irtenbide azkarra eman zion egoerari: “Bah, gatazkak izatea normala da, badakizu zer egin behar dugun? Barrara joan eta tragoa eskatu, eta momentuaz disfrutatu!”. Momentuko neure buruko bakarrizketak gogoan ditut: Ez al du jakin nahi zer pasatu den? Nola bizi izan nuen egoera edo nola bizi dudan orain? Beno, beharbada ez da momentu aproposa izango horrelako kontuak kontatzeko, eta ez dut astuna izan nahi edo algara giro hau zapuztu nahi; hori bai, hemendik aurrera norbaitengandik bere bizipenak konpartitzeko asmoa somatzen badut, nik behintzat entzuteko rola hartuko dut, pertsona horren ongizatea baldintzatzen duten faktoreen berri izateko.

Hala, barran eskatzen ari ginen bitartean taldeko beste batek beste behin ere mutilagunarengatik minduta egon zela aitortu zuen, baina oraingoan ere gaian sakontzeko nire saiakerek ez zuten fruiturik eman. Egoerari ondorio azkarra atera zioten “gatazkak izatea normala da, beti daude, egongo dira eta haiekin bizitzen ikasi behar dugu” eta momentuari desfaseak jarri zion konponbidea “pikutara denak, txupitoa hartu eta aurrera! Axola duen bakarra dantzatzea eta momentuaz disfrutatzea da, gero gerokoak”. Desfase horretan murgildurik gainerakoen ongizate sentsazioak gora egiten zuen bitartean nirea kolokan hasia zen: hau al da gure artean ongi zaintzea? Baina ala ez bada zer dut faltan elkar zaintzen ari garela sentitzeko? Erantzun edo irtenbide ideal bat? Entzuna sentitzea? Ditudan kezkak momentu batez ahazten lagunduko nauen droga kantitatea? Besarkada bat? Beste egun batean gaiaz hitz egiteko proposamena? Ez dut oso argi, baina desfaserako bultzada izan zen eskaini zidaten laguntza keinua eta bitartean gaua aurrera zioan.

Gogoan dut jende ezagun askorekin elkartu nintzela eta haiekin denbora gutxi egon arren bizipoza ematen du aspaldiko lagunekin elkartzea, bizipen batzuk gogoratzea eta etorkizuneko proiektuetarako elkarri animoak ematea. Horien artean, taberna batera sartzerakoan orain nirekin ikastaro bat egiten ari den mutil bat hurbildu zitzaidan, eta ordura arte harekin inoiz elkarrizketarik izan ez nuen arren aspaldiko ezagunak bagina bezala hitz egiten hasi zitzaidan, konfiantza osoz. Ez ninduen harritu, horrelako jokabideak ohikoak izaten dira horrelako esparruetan. Ene, ze normalizatua dugun horrelako esparru, giro edo substantzien beharra egunerokoan ausartzen ez garen jokabideren bat egiteko; edo agian horrelako esparru, giro edo substantzien eraginaz kontziente izanik, behar ez duguna egunerokoan nola kudeatu ez dakigun egoera horiei aurre egitea da? Edonola ere, elkarrizketarekin jarraitu genuen momentu batean nire ezpainetara hurbildu eta muxu bat ematen saiatu zen arte, “zer gertatzen da, ez nauzu gustuko? Ez naiz erakargarria?” esan zidan burua biratu nuela ikusirik. Hitz egiten geunden ze momentutan iruditu zaio harekin muxukatzeko gogoa nuela? Ez omen dugu elkarrizketa berdin ulertu. Dena den, elkarrizketa hori konfiantzaz hasi zen bezala, muxuarengatik berehala amore eman eta atzean zuen neskarekin hitz egiten hasi zenean amaitu zen.

Lehengo galderari berriro bueltak ematen, esparruak, giroak edota substantziek horrelakoetarako erraztasunak bermatzen dituzten arren, nolatan ikasten ditu jendeak jokabide horiek? Horretan pentsatzen geratu nintzen bitartean erantzuna giroak berak eman zidan, tabernako musikak argi esaten zuen: “me da miedo cuando sales”, “ya lo tengo todo ¿Y el anillo pa cuando?”, “pa mala yo”, “si no me acuerdo no paso”. Bitarte guzti horretan, gainera, ingurura begiratu eta tabernako pertsona oro abesti hauek gogoz kantatzen eta dantzatzen ari zen, haien aurpegiek aske eta burujabe izatearen adierazpena zuten bitartean.

Orain ohean bezperako gertaerak lasaitasunez aztertu ditzakedala, bizi ditugun jokabide eta jarreren ardura kontsumitzen dugun musikaren gain uztea oso irtenbide erredukzionista eta arduragabea dela iruditzen zait. Beste letra eta estiloak entzunda ere, jokabide eta jarrera hauek ez dira nolakotasun horretatik libratzen, oso errotuta dugun harremantze eredua lau haizetara zabalduta baitago.

Azkeneko ideia horri helduz, egunerokoan bizi dugun harremantze eredu honen alderdi edota faktore guztiez kontziente izatea oso zaila den arren, nabarmentzekoa da honek bere baitan dituen objetibazioa eta norgehiagoka sistematikoa.

Gure artean ditugun harremanek objektuen edo merkantzien arteko harremanen itxura hartzen dute (erabilera eta truke balio bat dutelarik), egungo formazio sozial honen baitan desjabetuok gure burua objektu bihurtzera eta euren burua ere objektu bilakatzen duten pertsonekin erlazionatzera behartuak baikaude; modu honetan gure arteko harremana ere kosifikatua geratzen delarik. Harremana kosifikatua den heinean, gainera, ordezkagarritasuna eta truke-balioa beregain ditu (afektuaren bilaketan barne), eta kontsumo propiorako produktu soilak bilakatzen gara, merkatuaren logikak determinaturikoak (ligatzearen merkatuan barne). Horrek gure arteko harremanak beharren arabera eraikitzera eta efimeroak zein hauskorrak izatera garamatza. Aldi berean, langileok burgesiaren arauen baitan bizitzera behartuak gauden heinean, lehiakortasunaren kultura nagusi da gure artean, honek gure gaitasunak kolektiboaren interesetara bideratzea zailduz eta soilik interes indibidualen asetzea bilatuz. Desfaseari bide ematen dion jai eredu honek pertsonen arteko kosifikazio zein norgehiagoka guztiz legitimoa bilakatzen du, eta momentu batez besteekiko askatasun indibiduala eskuratzearen ilusio faltsua hedatzen du, etekin politikoa ateratzeko antolatutako ospakizun esparru bat komunitatearen eraikuntza oztopatzen duten jarrerak bultzatzen dituen parentesi esparru bilakatuz. Bueno eta bide batez, kontsumitzen dugun jai eredua (ahalbidetzen dituen harremanak, substantziak eta ospakizun ereduak) etekin politikorako tresna eraginkorra al da ala kontsumitzen jarraituko gaituen ilusio faltsu horren helburu soila?

Bestalde, zergatik bideratzen ditugu horrelako esparru edo giroak desfasera? Edo hobe esanda, zergatik daukagu horrelako desfase parentesien beharra? Nori egiten diote onura horrelakoen existentziak: astean zeharreko bizimodu inposatuagatik frustratu eta asteburuetan desfasearen bitartez zaintza kolektiboaren zein askatasunaren ilusio faltsua bizi duen desjabetuari edo desfasearen kultura zabalduz frustrazioak arintzea lortzeaz autokonbenzitzen den pertsonaz osatua dagoen gizarte kapitalistari?

Zurrunbilo honetan sakontzearen eragina nondik datorkidan argitzen noan bitartean, horri aurre egiteak aldaketak egitea suposatzen duela ziur nago. Ze hutsune edo ze behar identifikatzen ditudan aldaketak egiteko? Elkartasun eta zaintza kolektiboan oinarritutako harremantze eredua bermatuko duen gaitasun erreala artikulatzea adibidez, komunitate politikoari bide egingo dion sozialismoaren eraikuntza finean.

Ene, sakona izan da gaurko hausnarketa, baina zurrunbiloan argi izpiak nabari ditut. Bai, hausnarketaren ostean ohetik altxatzeko indarrez nago, beno, hare gehiago, gure bizitzak menperatuak dituen sistema eraldatzearren antolatzeko indarrez nago, hori baitugu aukera bakarra. Hemendik aurrera toparik egin behar badut horregatik izan dadila!

JTK!