LANAREN BANAKETA SOZIO-SEXUALA (II)

Azken hilabeteotan, hausnarketa ugari burutu ditugu genero rol eta genero bakoitzari atxikitzen zaizkion jarduera sozialen inguruan. Eta nola ez, gogoeta horrek militantzia giroan genero bakoitzari esleitutako funtzio, ardura edo ardura ezak, eta horiek maiz dakartzaten aitortza mugatuen inguruan pentsatzera eraman gaitu. Hori guztia ondo aztertzeko asmotan, aurreko astean lantzen hasi ginen gaiari jarraipena ematea dagokigu, lan banaketa sozialean artikulatzen den lan banaketa sexualari alegia, hor kokatzen baitugu aurretik aipaturiko espresio ezberdinen oinarria.

Aurreko testuan aipatu moduan, gizon eta emakumeen kokapen sozialak, ez dira determinazio biologikoen ondorio, harreman sozialen ondorio baizik; eraikuntza sozialak dira. Gizon eta emakume bezala identifikatuak izan diren gorputzek, harreman sozial zehatz batean murgilduta dauden bi talde sozial osatzen dituzte: generoen araberako harreman sozialak. Eta, harreman sozial guztiak bezala, lanean aurkitzen dute euren oinarri materiala. Lana izan baita izaki sozialen existentziaren premisa, gizakien existentziarako behar historikoa. Marxek (1973) adierazi zuen moduan erabilpen balioen sortzaile gisa, lana gizakiaren kondizioa da, gizarte forma guztien baldintza independentea, behar natural eta iraunkorra. Lanik gabe ez litzateke gizakiaren eta naturaren arteko elkartruke organikorik emango, eta beraz, giza bizirik ere ez. Bestela esanda, lana gizakiaren berariazko espresioa da, izaki sozialaren behar eta gabeziei erantzuten dien bitartean, gizatasuna eraldatzen duena. Horregatik, generoen arteko harremanek euren oinarri materiala lanean topatzen dute, lan banaketa sexuala deitu izan den horretan: generoen araberako lanak determinatzen baitu genero bakoitzak garatuko duen kontzientzia.

Aurreko sarreran lan banaketa sozialaren inguruko argipen batzuk eman genituen. Izan ere, Kergoatek (2000) dionaren ildotik, gizon eta emakumeen arteko lan banaketa sexuala lan banaketa sozialaren parte dela ulertzen dugu. Zehazki, garai historiko garaikideari erreparatuz gero, lan banaketa sexualaren modalitateak ekoizpen harremanen araberakoak direla atzemango genuke, ekoizpen zein erreprodukzioari dagokienean. Esate baterako, etxeko eremua eta lan munduaren arteko bereizketa kapitalismoaren garapenarekin batera eratu zen. Hortaz, lan banaketa sozialaren nolakotasunaren araberakoak izan dira lan banaketa sexualak artikulatzen dituen generoen araberako lanak: kapitalismoaren garapenetik bertatik emakume langileari nagusiki etxe giroaren gaineko ardura inposatu zaio, eta aldiz, gizonezkoei lan mundu bezala ezagutu den horren gainekoa. Horrek ez du esan nahi kapitalak emakumea lan munduan integratu ez duenik, eta ulertu behar dugu kapitalaren akumulazio ziklo bakoitzean bere interesen arabera moldatzen joaten den harremana dela hau. Dena den, honakoak, ezinbestean, kontzientzia forma ezberdinak moldatu zituen: kontzientzia bezala ulertuta errealitatearen hautematea, eta horrek inplikatzen dituen ekiteko eta izateko moduak.

Modu honetan, lan banaketa sexualak, etxeko zein soldatapeko laneko espazioetan, generoen arteko hierarkiak adierazten ditu, hein handi batean, lan indar femeninoaren desbalorizazioan eragina dutenak. Hori horrela, beharrezkoa da ohartzea ekoizpen harreman kapitalistak erreproduzitzea lan banaketa sexuala erreproduzitzen jarraitze dela. Beraz, kasu honetan kapitala eta lanaren arteko harremana, harreman historiko konkretu gisara, generoen arteko hierarkia txertatzeko modua dela ulertzen dugu.

Izan ere, ekoizpen harreman kapitalistei dagokienez, badaude berezkoak zaizkion ekoizpen formak, horien artean kapitalismoak sortu dituen ogibide garaikideak, euren sorreratik bertatik menpeko lanbide moduan hartuak izan direnak, horrek dituen inplikazio guztiekin: kalifikazio maila urrikoak izatea, lanaldi partzialekoak, soldata baxukoak eta feminizatuak. Horren isla da, besteak beste, soldatapeko erregimenaren pean dauden goi estratuetako pertsonen etxeak garbitzen dituzten emakume langileen egoera. Hortaz, ildo honetatik esan genezake, kapital harremanek sortzen dituztela generoari neutralak ez zaizkion inplikazio sozialak.

Hori guztia dela eta, lan banaketa sexualak generoen arteko harreman menpekoak eraiki eta birproduzitzen ditu, ekoizpen zein erreprodukzio prozesuan. Lanaren antolaketa horrek emakumeei lotutako lanaren nolakotasuna baldintzatzen du, eta horren debaluazio egoera erregulatzen du, emakumeen lan indarraren balio-galeraren zentzuan. Hein berean, emakumezkoen lan indarraren debaluazioa da, hain zuzen ere, soldatapeko lanen prekarizazioa, eta beraz, lanaren feminizazioa dakarrena. Era horretan, emakumezkoei lotzen zaien subjektibitate ekonomiko jakina sortzen da. Horrenbestean, lanaren banaketa sexuala ezinbestekoa zaio burgesiari, lanaren banaketa sexualak ahalbidetzen diolako beharrezkoa duen esplotazio-tasa sistematikoki biderkatzea: emakumeen lan indarra debaluatua denez, merkeagoa da biolentziaren paktua (soldata), eta handiagoa, ordea, ateratako gainbalioa. Gainbalio absolutuaren ohiko mekanismoa da langileen erreprodukzio-kostuak jaistea, horrela, gainlanaren proportzioa handiagotzen da, eta ondorioz, baita ekoiztutako gainbalioa ere.

Genero harreman sozialek, harreman sozial hierarkiko gisa ulertuta, ondorengoak barnebiltzen dituzte: alde batetik, kapitala/lana harremanek ekarritako esplotazio formak, emakume nahiz gizon burgesek burutakoak, eta bestetik, figura diziplinarioen bitartez egikaritutako dominazio harremanak. Era berean, genero harremanek ekoizpena eta erreprodukzioaren arteko artikulazioa adierazten dute. Horrenbestez, azpimarratzekoa da lan banaketa sexualaren mekanismoa aztertzeak duen garrantzia, bere bitartez argitu daitezkeelako ekoizpen eta erreprodukzio sozialaren prozesuetan ematen diren generoen arteko hartu-emanen dimentsio objektibo eta subjektiboak.

Arestian aipatutako ekoizpena eta erreprodukzioaren artikulazioa era egokian konprenitzeko, nahitaezkoa dugu bi prozesuen inguruko hainbat apunte ematea. Batez ere, feminismoaren ibilbidean zehar, modu desegokian kontzebitu diren prozesuak direlako. Erreprodukzioaz eta osotasunaz izeneko testuan sakondu genuen bezala, azalpen ezberdinak eman dira tradizio feministan ekoizpena eta erreprodukzioaren inguruan. Hala ere, hainbat hutsune dituzten analisiak direla kontsideratzen dugu, eta beraz, argipen batzuen beharra antzeman dugu. Nahasmen horretan auzia argitzeko asmoz, hurrengo lerroetan ekoizpena eta erreprodukzioaren prozesuen inguruan hainbat argipen egingo ditugu.

Alde batetik, ekoizpen oro soberakinen ekoizpena da; formazio sozial kapitalistan, gainbalioaren forma hartzen duena. Beste modu batera esanda, ekoizpena langile-klasearen erreprodukziora bideratutako produktu sozialetatik soberan geratzen dena litzateke. Ganbalioaren ekoizpena, soilik lan prozesu kapitalistan burutu daitekeen ekoizpena da, eta langileari gero eta gehiago kontrajartzen zaion ekoizpen bitartekoen forman metatzen doa. Lanpostuan burutzen da ekoizpenaren existentzia emateko baldintza; argitu beharrean gaude, ordea, lanpostuan egiten den lan oro, ez dela produktiboa. Soilik lan produktiboa litzateke, soberakinaren forman metatzen den lana: gainbalioa (edo gainlana) bezala izendatutakoa.

Bestetik, Lourdes Beneria (1979) izeneko ekonomistak erreprodukzioa gizarte sistemak betikotzea ahalbidetzen duen prozesu oro bezala ulertzen du. Guk antzeko norabidean, erreprodukzioaren bi forma bereiziko ditugu: alde batetik, bizitzaren esparru merkantilizatuak subsumitutako jarduerak, formalki lan gisa identifikatuak izan direnak. Izan ere, burgesiak soldataren bitartez lortzen du lan prozesu kapitalistan sistematikoki gauzatzen den lapurreta ezkutatzea: soldatak ez baitu inongo kasutan, langileek egindako lana ordaintzen. Lan jardunaldian (a–b—-c), gure auto-erreprodukziora bideratuta dagoen produktu soziala ekoizteko lan egiteaz gain (a–b), burgesiak bere boterearen unitatea, gainbalioa, sortzeko ahalik eta denbora gehien lotzen gaitu lanera (b—–c). Hortaz, soldatak ez du inoiz langileek egindako lana ordaintzen. Soldatak produktu sozial osotik (bere osotasunean burgesiak bere egiten duena) langileen lan-indarraren erreprodukzioa ahalbidetzera bideratutako zatia osatzen baitu. Horregatik, erreprodukzioaz dihardugunean, ugalketa biologikoaren prozesu hutsa gainditzen duen prozesu sozialaz ari gara: langileen behar sozialen asebetetzea bermatzen duen prozesu psiko-soziala baita. Bestetik, merkantilizatu gabeko jarduerak genituzke, non etxeko-lanez gain, barnebilduta dauden langile klasearen biziberritzera bideratutako jarduerak: ikastea, jarduera kulturalak, harreman afektiboak, kontsumo jarduerak…

Hori horrela, kapital metaketaren beharrak lanaren banaketa sexualaren forma historiko zehatza determinatzen du, eta horrekin batera, ekoizpen eta erreprodukzio prozesuetan genero bakoitzak izango duen papera. Horren adibide argia dugu aurreko testuan aipatu genuen langileriaren bizitza pribatuaren gaineko kontrola izateak kapitalari ematen dion bermea. Izan ere, ordutik enpresarioek ez dute soilik langileen lan-erritmoa errebisatu, haien bizitza pertsonala subsumitzea beharrezkoa izan zaie. Gramscik (1974) diziplinamendu berri horren nolakotasunaz hainbat azalpen utzi dizkigu:

[…] Azpimarratzekoa da industrialek (bereziki Fordek) euren menpekoen harreman sexualen eta haien familien erosotasunaren inguruan adierazi zuten interesa. Interes horri jarraituz asumitutako “puritanismoaren” aparientziak, ez gaitu nahastu behar; egia esanda, ezinezkoa da ekoizpenak eta lanak galdegiten zuten langile-eredu berria garatzea, grina sexuala goitik behera araututa egon ezean, honakoa ere arrazionalizatua izan gabe.

Langile berri honen eredua garatzeko behar horretatik tiraka gorpuztuz joan zen etika-sexual berria, finean, bizitza sexual nahastua duen langileak, ezin ditu ekoizpen prozesuak eskatzen dizkion mugimendu zehatz eta automatikoak egin. Ekoizpen forma berri horrek, beraz, jada aipatu izan dugun bezala, familia monogamoaren beharra izan zuen, langileen desira sexualen diziplinamendua erraztuko zuena. Valéria Penaren (1981) hitzetan:

Monogamia familiaren antolaketa arrazionalizatua bilakatzen da, gizona, Taylorrek aipatzen zuen gorila hezia, emakumea, bere bikote etxekotua. Beraz, espazio erreproduktiboa lege industrialen menpeko gune bilakatzen da eta “etxeko andrea” kapitalaren logikaren erreproduktore.

Azkenik, lan banaketa sexualaren mekanismo horrek emakume langileari esleitutako lan nolakotasunean dituen hainbat inplikazio mahai-gaineratuko ditugu. Alde batetik, emakumeen ugalketaren gainean gizarte ezberdinetan egikaritutako kontrola genuke. Izan ere, akumulazio ziklo bakoitza martxan jarri ahal izateak berau ahalbidetuko duen langileen masa jakina egotea eskatzen du. Horregatik, ugalkortasunaren gaineko kontrola auzi klabea izan da historikoki burgesiarentzat. Horrek, ezinbestean, sexualitatearen gainean legislatzea inplikatu du: garai historiko zehatzetan, sexualitatea ugalkortasunera soilik mugatuz. Are gehiago, desira sexualaren diziplinamendua eta ordena heterosexualaren gailentzearen beharrezkotasuna agerian utzi ditu, burgesiak beharrezkoa duelako ugalkortasuna ahalbidetuko duen sexualitate-forma bultzatzea. Hortaz, emakumeen ugalkortasunaren kontrolak gorputz jakin batzuen sexualitatea erregulatzea ekarri du. Arautze horretan, garrantzia berezia hartzen du gizonezko langilearen figura diziplinarioak, emakumearen gorputzaren gaineko inpunitate sozial osoa aitortzen baitzaio.

Emakumeen ugalkortasunaren gaineko kontrol horrek, bi ondorio azpimagarri ditu emakume langileentzat: batetik, etxea bilakatzen dela erreprodukzio fisikora bideratutako lanen instituzio nagusia eta erreprodukzio lan hori nagusiki emakumezkoari lotua zaionez, etxea bilakatzen da emakumeen lanaren foko nagusia. Horrek ez du esan nahi soilik emakumeak direnik etxean lan erreproduktiboak burutzen dituztenak, baizik eta, zehazki haiek diziplinatuak direla etxeko lanekiko ardura berezia izan dezaten. Bestetik, emakumeen ugalkortasunaren gaineko kontrolak emakumeen mugikortasuna mugatzea ekarri du: arrotza suerta dakigukeen baieztapena izan daitekeen arren, Estatu Espainolean, 1981 arte, emakumeek ezin zuten pasaportea edo gidabaimenik atera senarraren baimenik gabe, eta emakume adingabeek ezin zuten etxetik irten aitaren baimenik gabe. Gaur egunean, emakumeen mugikortasuna mugatzen duen lege formalik ez egon arren, emakume askok ezin dute bikotearen baimenik gabe lagunekin atera, edota, ez al da mugikortasunaren mugapena kaletik lasai ezin ibiltzea, bortxaketa jasatearen beldurrez?

Era berean, emakume langileak erreprodukzioaren prozesuan gizonari inposatzen ez zaizkion ardurak izateak (lan indarraren erreprodukzioaren gaineko erantzunkizun espezifikoa, zein horrek inplikatzen dituen etxe giroko lanak) lan munduan izango dituen lanen nolakotasuna determinatzen du. Zehazki, emakumeari esleitutako lanak nagusiki etxe giroan bete behar dituen funtzioekin (batez ere seme-alabekiko zaintzarekin) bateragarriak direnak dira. Bestalde, Beneriak (1979) dioen bezala, azpimarragarria da lan munduan emakumezkoei egokitzen zaizkion lan mota asko etxe giroan burutzen dituzten lanen ispilua izaten direla: esate baterako, haur-eskoletako irakasleak, agure eta gaixoen zaintza… Azkenik, lan munduan emakumea jarraikortasun gutxiko lanetan egoten da orokorrean, etxeko lanak emakumezkoei dagokien funtzioa direla inplikatu eta zilegiztatzen duen antolaketa sozial horrek, esan bezala, lan munduko jarduerak emakumeentzat bete behar dituzten funtzio erreproduktiboen osagarriak izatea ekartzen baitu.

Koiuntura historiko garaikideari dagokionean, azken hamarkada hauetan lan munduaren feminizazio nabarmena eman da. Izan ere, 70. hamarkadatik aurrera, gizonezkoen parte hartzea gutxi hazi zen emakumeen lan munduratzearen areagotzearekin alderatuz. Hala eta guztiz ere, aurreko paragrafoetan islatutako ezaugarriak islatzen dituzten lan postuak dira emakume langilea lanpostu prekarioetara kateatua izan baita. Horrela, lan indarraren flexibilizazio politika horiek langile klasearen bizitzentzat oso arriskutsuak suertatu dira, bereziki, emakume langileentzat. Are gehiago, Hiratak (2001/02) dioenez:

Lanaren eredu prekario, zaurgarri eta malgu hau soldata erregimen maskulino eta femenino berri bat aurreratzen egon daiteke. Bestela esanda, gerta daiteke, emakume langileak ordura arte gailendu diren lan arauen eraispenerako akuri gisa ikustea. Agertoki posiblea litzateke testuinguru honetan eredu honen zabalpena edo orokortzea biztanleria aktibo guztiarengana, maskulinoa barne.

Emakume langileen lan indarra esperimentu sozialerako aitzakia bilakatu daiteke, emakumeak direlako lan-araudiak eta sindikatuek sistematikoki baztertzen duten langile klasearen baitako talde sozialetako bat. Horren adibide argia dugu etxeko langileen erregimena Lan Arriskuen Prebentzio Legetik baztertua dena, esate baterako.

Horren guztiaren aurrean, urgentziazkoak diren hainbat egiteko mahai-gaineratu nahiko genituzke:

  1. Ezinbestekoa da lan banaketa sexualaren mekanismoaren azterketan sakontzea, berau baita genero problematikaren oinarri materiala.

  2. Aurrekoarekin batera, premiazkoa da Lan banaketa sexuala betikotzea ahalbidetzen duten figura diziplinarioen mapa osatzen jarraitzea. Horren baitan burgesiarekiko kolaboratzaile papera betetzen duten horiek markatzea: unibertsitatean lan prekarioaren kontrako diskurtsoa duten akademikoak, baina euren bulegoak emakume proletarioek garbitzen dituztenak; etxeko-lanetatik emakume etorkinen esplotazioari esker libratzen direnak…

  3. Emakume langilearen babesgabetasun politiko eta sozialaren aurrean, emakume proletarioon arteko elkartasunezko harremanak eraikitzen saiatzea: gure arteko babes material eta espiritualaren zentzuan.

  4. Irabazten goazen posizioak babestuko dituzten antolakuntza formetan lan banaketa sexualarekin bukatzeko neurri organizatibo zehatzak garatzen hastea.

Asko dugu irabazteko, kateak besterik ez galtzeko.

JTK!