Sarrerak

LANAREN BANAKETA SOZIO-SEXUALA (I)

“[…] aquí la interrogante acerca de lo que hay que hacer en torno a las relaciones de poder existentes no puede ser evadida cuando se plantea la cuestión de la igualdad, ni puede ser diluida hasta la vaga noción de “igualdad de oportunidades” contra la evidencia de su obvia negación práctica por el orden social establecido. Implorarle a un sistema de reproducción metabólica social profundamente inicuo –basado en la perniciosa división jerárquica del trabajo- que le conceda “igual oportunidad” a la mujer (o, en todo caso, al trabajo) cuando él es estructuralmente incapaz de hacerlo constituye una burla de la idea de emancipación misma. Porque la precondición vital de igualdad sustantiva es afrontar con una crítica radical la cuestión del obligado modo de funcionamiento del sistema establecido y su estructura de mando correspondiente, que excluye a priori cualquier esperanza de igualdad significativa.”

István Mészáros, 1995.

Duela gutxi genero problematikaren oinarriaren inguruko lan hipotesia aurkeztu genuen, eta orain ideia hori sakontzeari ekingo diogu. Hurrengo testuetan, beraz, gizon-emakumeen harremanek, hau da, generoen arteko harreman sozialek, gainontzeko harreman sozialek bezalaxe, oinarri materiala dutela azaltzen saiatuko gara. Daniele Kergoatek (2000) adierazten duenez oinarri hori lanak emana da, eta sexuen arteko lan banaketa sozialaren bidez adierazten da, hau da, lan banaketa sexualaren bidez. Hori ondo ulertzeko asmoarekin gizartea egituratzen duen lan banaketa soziala aztertzea izan dugu egitekoa, gainetik bada ere, eta horren adierazpena da ondorengoa.

Gizarteko lanaren banaketa, lanaren banaketa soziala alegia, eta horren ondorioz norbanakoa ekintza profesionaletako zenbait adarretan subsumitzea1, gizarte guztien ezaugarri amankomuna da. Gertakari hori ulertzeko, nozio horren garapen historikoa ulertzeko beharra dugu, hau da, lanaren banaketak bere gain hartu dituen forma espezifikoak ulertu behar ditugu, oinarrian dituen ekoizpenerako baldintzak eta horiek egikaritzen dituzten harreman sozialak kontuan izanik.

Lanaren banaketa sozialaren fase bakoitzak (lan sozialaren indar erreproduktiboen garapen etapak) jabetza forma konkretu bat dauka, langilearen lanaz apropiatzeko modu konkretu bat. Ondorengo lerroetan historian zehar ekoizpen moduak hartu izan dituen forma espezifikoak eta lan banaketa sozialean zein sexualean izan dituzten eraginak azaltzen saiatuko gara. Esan beharra dugu bertan azaldutakoa ez dela ikerketa sakon bat, gaiaren inguruko zantzu orokor batzuk baizik, lan banaketa sozio-sexualaren jatorria eta garapena orokorki ulertzeko baliagarria izango dela espero duguna.

Rubinek (1924) adierazten duen moduan, Erdi Aroaren hasieran (XII-XV. mendeetan) hirietako edo eskualdeetako ekonomia nagusitzen da, non hiri edo landa eremu bakoitzak eskualde ekonomiko bakarra osatzen duen. Nekazariek ekoitzitakoaren zati handi bat norberaren kontsumorako da, gizon feudalari lurren alokairuagatik beste zati bat ematen diote, eta soberakinak hirira eramaten dira merkatu egunetan saltzeko. Hiriak artisau talde edo gremioen arabera antolatuta daude, ekoizpena artisau maisuen esku dago, eta maisu hauek lanerako beharrezko erremintak zein laguntzaile edo ikasleak dituzte. Lanbide ezberdinetako artisauak elkarte edo gremio bakarraren parte dira, ekoizpena kudeatu eta konpetentzia ekiditeko balio duena. Beraz, garai hau feudoen aginteak eta gremioen baitako artisautzak ezaugarritzen dute.

Erdi Aroaren amaieran baina (XVI eta XVII. mendeetan), eskualde ekonomia zaharra apurtzen da eta ekonomia nazional zabalago batera trantsizioa ematen da, komertzio kolonial monopolistari2 bide eginez (Amerikako produktuak marjina komertzial handiarekin saltzen dira Europan). Artisau langileak haien produktuak eskaria dagoen tokian salduko dituzten bitartekariei saltzera behartuta daude. Modu horretan, eskala handiko eroslea (bitartekaria) ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean kokatzen da. Horrela, kapitalista merkantila ekoizpen prozesuan txertatzen da artisauen lana antolatuz eta kontrolatuz.

Horrek guztiak aukera ematen du kapitalaren metaketa burgesia komertzialaren eskuetan geratzeko. Era berean, ekoizle zuzenak beraien ekoizpen bitartekoetatik bereiziak izaten dira, eta gertaera horren ondorio da soldatapeko langileen eraketa. Beraz, esan genezake komertzio internazionalak eta industria domestikoaren gaineko kontrolak kapitalismoaren sorrera dakartela eskutik.

Horrek lanaren banaketak forma espezifikoa izatea eskatzen du, eta forma espezifiko horretan egituratzeko ezinbesteko baldintza subjektuek truke balioaren elementu sozialak determinatutako produktuak sortzea da. Elkartruke prozesu horretan, produktu pertsonala produktu soziala bilakatzen da, eta modu horretan, norbanakoa gizartearengatik determinatua aurkitzen da, menpekotasun sozialera azpiratua. Hala ba, lanaren banaketarekin kolektiboa interes orokor bezala existitzera pasatzen da eta interes indibidual eta kolektiboen arteko kontraesana sortzen da: elkartrukean inplikatutako pertsonak haren interes indibidualak asetzea bilatzen du, baina norbanakoa besteentzako bitartekoa besterik ez da, besteak bere interes indibidualak lortu ditzan. Hortaz, orokortasuna kolektibotasunaren ilusiozko forma besterik ez da. Kolektibotasun honen atzean klase antagonikoen arteko harremana ezkutatzen da, lanaren banaketarengatik baldintzatua dagoena, eta oinarrian dominazio harreman bat daukana, dominazio ekonomikoa.

Beraz, Marxek (1867) adierazten duen moduan, artisautza ezberdinen konbinazioak, autonomoak, dependiente bilakatzen direnak, merkantzia bera ekoizteko prozesuan konplementarioak diren operazio partzialak osatzen dituztenak,… alde batetik, eta ofizio bereko operazio partikularren arteko kooperazioak bestetik, manufakturaren sorrera ekarri zuten. Horregatik manufakturak ekoizpen prozesuan lan banaketa gehiago garatzen du eta lehen banatuak zeuden artisautzak konbinatzen ditu.

Manufaktura bidezko ekoizpen moduak kooperazio bidez lanean dauden langileen arteko ekoizpen prozesu kolektiboa dakar, kapital beraren agindupean daudenak. Langileak hainbat ekintza edo lan partzialetan bereiziak daude, gaitasun, ziurtasun eta azkartasunaren arabera sailkatuak. Hortaz, langilea langile partzial bihurtzen da eta langileen arteko artikulazio hierarkikoa sortzen du.

Lana soziala bihurtzen da eta ekoizpen bitartekoak izaera soziala eskuratzen dute. Langileen kooperazio honek ekoizpen indar berria sortzen du, langileak garatzen eta kapitalak apropiatzen duena. Aldi berean, ekoizpen indar honek (lan indibidual, errepikakor eta zatikatua oinarrian duena), langileari haren ekoizpen indar indibidualen (inteligentzia eta sormena) pobretzea suposatzen dio; formakuntzarako gastua gutxituz, eta ondorioz, haren lan indarraren balioa ere gutxituz. Horrek langilearen esplotazioa areagotzea dakar.

Gainera, langileek etengabe jarduera partzial berdina egiteak lanaren denbora inproduktiboa gutxitu eta denbora berdinean merkantzia gehiago ekoiztea ahalbidetzen du, kapitalaren metaketa prozesua azkartuz. Kapitala momentu horretan lan denbora luzatzen saiatuko da, gainbalio absolutuaren bitartez haren etekinak handitzea bilatuz. Gainlana (plustrabajo) ekoizteko erabilitako indarkeria forma horretan, lan prozesua kapitalera modu formalean subsumitua agertzen da. Hau da, kapitalak aurretik existitzen zen eta determinatua zegoen lan prozesu bat menderatzen du, soilik modu formalean desberdintzen da aurretik zeuden ekoizpen prozesuekin. Aldatzen den guztia erabilitako indarkeria da, hau da, gainbalioa lapurtzeko erabilitako metodoa, besteen lanaren gaineko agintea. Orain ekoizpen prozesuan alde batetik, dominazio eta subordinazioan oinarrituriko harreman ekonomikoa garatzen da, non kapitalistak lan indarra kontsumitzen duen, eta bestetik, lanaren intentsitatearen garapena ematen da, produktuak sozialki beharrezkoa den lan denbora soilik eduki dezan (Marx, 1867).

Ekoizpen moduaren garapena aurrera doan heinean, produktuen manufakturak jada asetu ezin daitekeen produktu manufakturatuen eskariari aurre egin behar izaten dio, eta makinen fabrikazioari ekiten zaio. Horrela, lan banaketaren forma aldatzen da, eta industriaren garapenerako baldintzak sortzen dira. XIX. mendearen amaieran eta XX. hasieran ekoizpen modu kapitalistan (nukleo gisa industria handia duena) bi lan prozesu berri sortzen dira: Taylorismoa eta Fordismoa.

Taylorismoa, sormen eta exekuzio lanen bereizketan oinarritzen da, lan horien partzializazioa eraginez eta langilea soilik keinu konkretu batzuk egitera behartuz. Horrela, lan prozesuaren mekanizazioa egituratzen du, makina sistema baten bidez lan partzializatuen prozesuari batasuna emanez. Aurretik makina langilearen gehigarria bazen, orain langilea makinaren gehigarri izatera pasatzen da. Langileak muntai kate batean lan egiten du, denbora guztian mugimendu berberak burutuz. Horrek langilearen lana arindu beharrean, haren edukia ukatzen dio eta langilea are gehiago nekatzen du (nerbio sisteman eragiten dio, haren jarduera fisiko eta intelektuala objektibatzen du, etab.).

Kapitalak indar produktiboak handitzeko eta langilearen zein bere familiaren erreprodukziorako beharrezkoa duen denbora soziala gutxitzeko joera du, lapurturiko lan soberakina areagotzen duen bitartean. Horregatik, Taylorismoak eskaintzen duen ekoizpen modua are gehiago eraldatzen joan zen, fordismo hitzez ezaguna den ekoizpen moduari bide eginez.

Henry Forden eskutik sortutako fenomeno honek ekoizpen eta administrazio modu konkretua sortzen du, helburutzat ekoizpenaren handipena garatzea eta kontsumitzaile kantitate handi bati erantzutea duena. Taylorismoa oinarritzat hartuz, ekoizpen kate hierarkizatua sortzen da, piramide antzerako organigramak dituena. Ekoizpen patroi horretan lanaren banaketa soziala ekoizpen estandarizatu baten mesedetan dago, kontrol absolutua ezartzen duena, merkantzien fabrikazioa perfektua izan dadin.

Esan daiteke fordismo/taylorismo binomioaren bidez (kronometro taylorista eta lerrokatutako ekoizpen fordistaren arteko nahasketak ezaugarritua) XX. mendeko ekoizpen modu kapitalistak forma berria eskuratzen duela. Esan bezala, lanaren ekoizpen indarren garapenarekin, makinaren erabilerarekin, lanaren banaketarekin, eskala handiko lanarekin… hau da, gainbalio erlatiboaren ekoizpenarekin, ekoizpen moduaren forma erreala aldatzen da, eta orain lan prozesua kapitalera modu errealean subsumitua agertzen da, ekoizpen modu kapitalista espezifikoa osatuz. Horrek, alde batetik ekoizpen materialari forma desberdina ematen dio, eta bestetik, forma materialaren aldaketa horrek harreman kapitalisten garapenerako oinarria jartzen du. Azken horiek ekoizpen indarren garapen determinatu bat exijitzen dute (Marx, 1867).

Momentu honetan, Verazak (2008) dioenez, subsuntzio3 hitzak lan prozesuan zein hortik kanpo ematen diren menderakuntzak barnebiltzen ditu. Adierazten duenez, kapitala lan prozesuaren estruktura teknikoa garatzen doan heinean, gero eta potentzia handiagoa lortzen du bizitza sozialeko beste esfera batzuk menderatzeko. Horrela, kapitalak lan prozesutik kanpoko beste esfera batzuk azpiratzen ditu. Gainbalioa soilik lan prozesuan erauzi baitaiteke ere, ekoizpenetik kanpoko menderatzeak lan prozesuaren subordinazioa indartzen du. Adibide bezala jartzen du menderakuntza kulturalak aukera ematen duela jendeak kapitalarekin bat egiten duten arrazionaltasun formak onartzeko.

Horrela uler genezake, kapitala lan erritmoa erregulatzetik haratago, langileen bizitza pribatua erregulatzera pasatzen dela. Claudia Mazzeiek (2013) azaltzen duen moduan, fabrikaren zabalpena langilearen espazio erreproduktiboetan indarkeriaz jartzen da praktikan, etika berri bat sortzeko asmoz, ekoizpenaren arrazionalizazioari erantzungo dion etika berri bat. Ford-ek bultzaturiko etika berri hori, ekoizpen kapitalistaren etika sexuala zen, bere ekoizpen aktibitatea bideratuko duen langile deskantsatua eta bizitasunez betea behar duena. Ekoizpen forma berri horri erantzuten dion instituzioa da familia monogamoa, nagusiki gizonaren sen sexuala hezten lagunduko lukeena. Era berean, espazio erreproduktiboa lege industrialen sumisio gune bilakatzen da eta “etxeko andrea” kapitalaren logikaren erreproduktore.

Gainera, aipatzekoa da ekoizpen modu hori aurrera eramateko beharrezko baldintza langile biztanleria handiatzea dela. Kapitalak biztanleria aktiboaren gainbalio gero eta handiagoa bereganatu ahal izateko, horren (langilearen) erreprodukzio balioa, hau da, soldata, jaitsiko duen biztanleria ez-aktibo bat beharrezkoa du, erreserba ejerzitu industriala, alegia. Horretarako, emakumearen betebehar nagusia etorkizuneko langile berriak sortzea bilakatzen da, prozesu sozio-kultural bilakatu den erreprodukzio biologikoaren aitzakipean esparru domestikora kondenatuz.

Ekoizpen modu kapitalistak, beraz, gizonezkoak soldatapeko lanean ahalik eta eraginkorren aritzera eta emakumezkoak gizonezkoaren lan indar eraginkor hori bermatzeko erreprodukzio lanak egitera edo soldatapeko laneko konplementazio gisa jardutera bideratzen ditu, lanaren banaketa sexuala ahalik eta kapital gehien metatzeko erabiliz. Hortaz, hasieran aipatu bezala, emakume eta gizonen egoera ezberdinatasuna, baldintza biologikoez haratago, gizarte eraikuntzaren emaitza izan dela esan dezakegu, harreman sozialek determinatuta dagoena; eta harreman sozial guztiak bezala, oinarri material gisa lana eta erreprodukzioa dituena.

Ondorio moduan, lanaren banaketa sozialaren garapena ulertzea beharrezkoa ikusten dugula azimarratu nahi genuke. Izan ere lan banaketaren existentzia bera ez da subjektu zapalduen sortzailea, banaketa hori egituratua dagoen moduak asetzen dituen interesak baizik. Ondorioz, horren eskutik baiezta genezake sexuen arteko harreman sozialak naturalak izatetik urrun, oinarri material baten ondorio direla. Ekoizpenean ematen diren aldaketek harremanetan ere aldaketak dakartzate, ekoizpenaren arrazionalizazioari erantzungo dioten baldintzak eta subjektuak sortzea beharrezkoa delako.

Hori guztia dela eta, sistema kapitalistari kritika egitean beharrezko deritzogu analisia soldatapeko lanetik haratago eramatea, eta logika horri erantzuten dioten alderdi guztiak barnebiltzea. Horri erantzuteko asmoarekin hurrengo testuan lan banaketa sexualaren analisia egiten jarraitzea dugu xede, lana eta erreprodukzioa artikulatzen dituen erlazioa aztertzea, alegia.

1 Esfera produktiboan zein hortik at kapitalak bere interesak asetzeko egiten dituen menperapen edo azpiratzeei egiten die erreferentzia “subsumitu” kontzeptuak (Veraza, 2008).

2 Gobernu bakoitzak monopolio bat ezarri nahi zuen komertzioan bere kolonia propioekin eta barku eta komertziante atzerritarrak bertara sartzea ukatu. Horrela, esaterako, Ameriketako kolonietako aberastasunak soilik Espainiara esportatuak izan zitezkeen eta soilik komertziante espainolek zuten eskubidea kolonia horiek merkantzia europarrekin hornitzeko.

3 Latinetik datorren hitza aukeratu zuen Marx-ek, subsumption, teknizismo bat, menderakuntza horren garrantzia azpimarratzeko (Veraza, 2008).