PRODUZIONE E RIPRODUZIONE – Leopoldina Fortunati

Jatorrizko lana: Fortunati, Leopoldina. L’Arcano della Riproduzione: Casalinghe, Prostitute, Operai e Capitale. Venezia, Marsilio Editori (1981).

Itzulpena: Creek, Hilary. The Arcane of Reproduction: Housework, Prostitution, Labor and Capital. New York, Autonomedia (1995). [PDF]

1. Atala 1. Kapitulua
EKOIZPENA ETA ERREPRODUKZIOA
Ekoizpen modu kapitalistaren itxurazko antitesia

Erreprodukzioaren analisi hau ekoizpen modu aurre-kapitalista batetik modu kapitalista baterako trantsizioa aztertuz hasten da. Mota honetako azterketa bat berebizikoa da ekoizpen modu berriaren baitan erreprodukzioaren papera/patua ulertzeko bitarteko gisa, baina baita ekoizpen kapitalistaren ziklo osoaren ulermen osatuago bat lortzeko bitarteko bezala ere. Trantsizioa bera, kapitalismoaren helburu ekonomikoa aurreko ekoizpen moduetako helburuekiko guztiz desberdina izateak ezaugarritzen du. Aurreko ekoizpen moduetan, helburu ekonomikoa “erabilera-balioen ekoizpena zen, hau da, norbanakoaren erreprodukzioa bere komunitatearekiko harremanaren baitan, norbanakoa izanik komunitatearen oinarri.”1 Kapitalismoan, helburua truke-balioen ekoizpena bihurtzen da, hots, balioa sortzea balioa lortzeko. Kapitalismoaren baitan “ekoizpena gizadiaren helburu bezala ageri da, eta aberastasuna produkzioaren helburu bezala.”2 Horrela, “sistema ekonomikoaren xedea” “gizartearen zorigaitza”3 da, ez norbanakoaren erreprodukzioa.

Distortsio honek ondorio argi batzuk ditu. Lehenik, merkantziak, truke-balioak, lehentasuna hartzen baitu norbanakoarekiko, norbanakoa-erabilera-balio-gisa ulertuta, nahiz eta norbanakoa den oraindik balioa sortzen duen iturri bakarra. Soilik norbanakoa ez-balio gisa, edo erabilera-balio huts gisa, ber-definituta lortu dezake kapitalak lan indarra “merkantzia” edo truke-balio modura sortzea. Aldiz, langile askeen “baliogabe izaera” ez da ekoizpen modu berriaren ondorioa bakarrik, honen aurre-kondizio ere bada, kapitala ezin baita erlazio sozial bihurtu norbanakoekiko harremanetan ez bada, balio guztia erauzi zaien eta horregatik duten merkantzia bakarra, beraien lan indarra, saltzera behartuta dauden norbanakoekiko harremanetan.

Bigarrenik, kapitalismoan, erreprodukzioa ekoizpenetik bereiztuta dago; ekoizpen modu aurre-kapitalisten baitan jazotzen zen erabilera-balioen ekoizpena eta norbanakoen erreprodukzioaren jatorrizko batasuna desagertu egin da, eta orain, merkantzien ekoizpenaren prozesu orokorra erreprodukzio prozesutik bananduta, edota, are gehiago, kontrajarrita, agertzen da. Lehenak balioaren sorkuntza dirudien bitartean, bigarrenak, erreprodukzioak, ez-balioaren sorkuntza dirudi. Hala, merkantzien ekoizpena ekoizpen kapitalistaren funtsezko xedea da, eta hori arautzen duten legeak kapitalismoa ezaugarritzen duten legeak. Erreprodukzioa ekoizpen “naturala” da orain.

Ekoizpenaren baitan, lana soldatapekoa da, “fabrikan” burutzen dena, zeinen egitura eta antolaketak lanaren kooperazio eta banaketa konkretu baterako aukera ematen duen, garapen teknologikoarekin batera. Erreprodukzioaren baitan, lana ez da soldatapekoa, “etxean” burutzen da, eta horren antolaketak ez du ez halako kooperazio ezta lanen banaketaren premiarik, eta garapen teknologiko oso mugatuaren beharra du. Bestela esanda, produkzioa arautzen duten legeen oso bestelakoek arautzen dutela erreprodukzioa dirudi, ekoizpenaren ispiluko isla bailitzan. Ekoizpenaren eta erreprodukzioaren arteko ageriko desberdintasuna era desberdinetan interpretatu izan da. Garapen faltaren emaitzatzat, edota denbora luzean zehar erreprodukzioa markatu duten arrasto aurre-kapitalisten produktutzat hartu izan da. Azken hau, bere horretan, “ekoizpen modu” propiotzat ere hartu izan da, kapitalaren baitako “irla” ez-kapitalista bihurtuko lukeena. Produkzio “naturala” balitz bezala ere interpretatu izan da erreprodukzioa, nahiz eta ekoizpen kapitalistarekin bateragarria den marko batean antolatu izan den.

Baina, zer esan nahi du ekoizpena (balioa) erreprodukziotik (ez-balioa) bereiztu izanak? Erreprodukzioak ez-balioaren ekoizpena dirudien arren, era argi batean laguntzen du balioaren sorkuntzan, ziklo kapitalistaren berebiziko parte bezala, parte integral bezala, aurrerago azalduko den moduan. Beraz produkzioaren eta erreprodukzioaren arteko egiazko desberdintasuna ez datza balio/ez-balio bereizketan; ekoizpena balioaren sorkuntza da eta hala dirudi, baina erreprodukzioa balioren sorkuntza da baina bestelako zerbait dirudi. Itxurazko bereizketaz gaindi, ekoizpen modu kapitalista erreprodukzioa ekoizpenarekin lotzen duen konexio apurtezinean oinarritzen da, bigarrena lehenaren existentziaren aurrebaldintza eta baldintza delako. Beharbada, baina, erreprodukzioak modu konplexuago batean funtzionatzen du bere aspektu guztietan.

Lan produktiboak merkantzien ekoizpena (soldatapeko lana) burutzen duen bitartean, erreprodukzioa lan sozialaren indar naturala da, zein, zerbitzu pertsonal gisa ageri den arren, zeharka soldata jasotzen duen lana da, lan indarraren erreprodukzioa burutzen duena. Are gehiago, ekoizpenaren baitan langilearen eta kapitalaren trukea bi-aldekoa den bitartean –formalki parekideen (equals) arteko ekibalentzien (equivalents) trukea bezala ageri da baina benetan ez-parekideen arteko ez-ekibalentzien trukea da–, erreprodukzioaren baitan trukea hiru mailatan ematen da. Ez-parekideen arteko ez-ekibalentzien trukea da, baina formalki ere ez da era kapitalista batean antolatutako truke bezala ageri. Aitzitik, gizon eta emakume langileen arteko trukea dirudi, baina benetan kapitalaren eta emakumeen artean ematen da, eta gizon langileek bitartekari papera jokatzen dute (acting as intermediaries). Truke horretako subjektuek batetik lan erreproduktiboa eta bestetik soldata diruditen arren, benetan lan indarra eta dirua dira, biek kapital bezala funtzionatzen dutelarik.

Erreprodukzioaren konplexutasun handiago horren ondorioz, antolaketa ideologiko altuago eta garatuago bat eskatzen du funtziona dezan. Gainera, bere baitako esplotazioa definitu eta duen mistifikazioa gainditzeko zailagoa bihurtu da.

Baina, erreprodukzioa ekoizpen prozesuko parte integral bat bada –edo, ekoizpenaren eta erreprodukzioaren balio banaketak ez badu adierazten gainbalioaren ekoizpena bietako baten ere ez dagoela– nola funtzionatzen du kapitalak?

Ekoizpen modu kapitalista, formalki, bere izaera bitarrak bereizten du: ekoizpena/balioa, erreprodukzioa/ez-balioa. Baina, maila praktikoan, ekoizpen ziklo osoaren bidez (erreprodukzioa barne) funtzionatzen du balio sortzaile gisa. Hala, maila formalean izaera bitarra duela badirudi ere, benetan izaera bakarra baino ez du. Itxurazko izaera bitar hori maila praktikoan logika bakar batekin funtzionatzeko baldintza baino ez da, produkzioa eta erreprodukzioa erabiltzen dituena balioztatze prozesuan, eta gizon eta emakumeen esplotazioa balioaren sorkuntzan.

Kapitalak izaera bitarra duen hipotesitik baino ezin daiteke bere funtzionamendua ulertu. Balioa/ez-balioa bitasunak erreprodukzioaren alorrean ere eragiten du, norbanakotik hasita. Marxek merkantzien ekoizpenean lanak hartzen duen izaera bitarra eman zuen aditzera; bitasun bera aurki daiteke erreprodukzio prozesuan, bai merkantzia modura baita lan sozialaren indar natural gisa. Erreprodukzioa ez-balio bezala hartzeak ahalbidetzen du ekoizpenak eta erreprodukzioak balioaren sortzaile gisa funtzionatzea.

Bitasun horren bidez produkzio modu kapitalistak aurreko ekoizpen moduek baino produktibitate maila askoz ere altuagoan funtziona dezake. Askoz produktiboagoa izatea lortu du ez soilik lan-orduak gizakiaren limitera eraman dituelako, baita erreprodukzioa “ekoizpen natural” bezala ezarri izan delako, zeinak, batetik, bi langile soldata baten bidez esplotatzea ahalbidetu duen, eta bestetik, erreprodukzioaren kostua lan indarraren gain utzi duen. Beraz argi dago analisi Marxianoak ekoizpen prozesuaren erdi bat baino ez duela deskribatzen –merkantzien ekoizpena– eta ezin daitekela per se erreprodukziora zabaldu; are gehiago, ezin dela ekoizpen ziklo osoaren analisia egin erreprodukzioa aztertu gabe. Azken azterketa hori kategoria Marxianoak modu ez dogmatikoan erabiliz eta hauek kritika feministarekin uztartuz soilik egin daiteke.

Erreprodukzioaren izaera bitarraren lehen hipotesia –ez-balioa dirudiena balio sortzaile bezala aritzea– norbanakoaren patuari lotuta dago, ekoizpen modu aurre-kapitalista batetik modu kapitalista baterako trantsizioa eman bitarteko patuari. Esklabu edo jopu gisa, hau jauntxo feudalaren jabetza bezala hartuta, norbanakoak balio bat zuen. Baina kapitalismoaren baitako langile “aske” modura, norbanakoak ez du baliorik: bere lan indarrak soilik du balioa. Hortaz, esklabutza aurre-kapitalistatik “askatasun” kapitalistarako trantsizioaren beste aldea balioaren erabateko erauzketa da. Hori dela eta, norbanakoaren erreprodukzioa ezin daiteke ekoizpen kapitalistaren helburu ekonomikotzat hartua izan; eta ezin da zuzenean truke-balioak araututako harreman sozialek osatzen duten esfera berezi horretan sartu. Izan ere, halako helburu bat bere baitan txertatzeko ezgai izatea kapitalaren eta “lan askearen” beraren existentziaren aurre-baldintza eta baldintza da.

Ezin daiteke truke-balioaren bitartezko (mediated by exchange-value) ekoizpen harreman sozialen garapenik egon ez badago horrekin bat datorren eta kapitalarekin trukearen bitartezkoa ez den (not mediated by the exchange with capital) erreprodukzio harreman sozialen garapenik. Erreprodukzioa merkantzien ekoizpenaren kontrakotzat hartua izan behar da, norbanakoen itxurazko ekoizpena, eta horrela, ez-balioaren sortzailea. Bereziki, “prozesu natural” bat bezala agertu behar da, eta lan erreproduktiboak kapitalari kosturik eragiten ez dion lan sozialaren indar natural bat bezala agertu behar da.

Hala ere, badago merkantzia bat norbanakoaren baitan: lan indarra, zeinek ekoizpenerako gaitasun gisa truke-balioa duen. Hala, norbanakoak balioa dira, nahiz eta beraien merkantzia kapitalarekin trukatzen dutenean soilik izan. “Norbanakoa balio gisa” izatearen muga tenporala “kapitalarentzat langilea ez da produkzioaren baldintza, baldintza lana da”4 egitatetik eratortzen da, baita kapitalak “ez du langilea bereganatzen, bere lana baizik –ez zuzenean, trukearen bitartez (mediated) baino”5 egitatetik ere. Lana da, kapitalarekin aurrez aurre jartzen denean, balioa duena, “erabilera-balio hutsa, zein bere jabeak merkantzia gisa eskaintzen duen bere truke, bere truke-balioaren truke.”6

Norbanakoen baitako balioaren eta ez-balioaren presentzia gatazkatsuak kontraesan konkretu eta askaezin bat sortzen du era argi batean. Norbanakoa ez-balio gisa bere merkantzia izaerari kontrajarrita dago kapitalaren bidez, norbanakoa bera lan-indarra delako, merkantziak ekoizteko gaitasuna, eta beraz balioa, truke-balioa. Gainjarrita daude, batetik, norbanakoa bere erreprodukzioarekiko harremanetan, eta bestetik, norbanakoa merkantzien ekoizpenarekiko harremanetan. Erreprodukzio lanen subjektu/objektu gisa norbanakoek ez dute baliorik, baina badute balio espezifiko bat merkantzien ekoizpen lanaren subjektu moduan. Kapitalismoan, norbanakoak balioa diren heinean baino ez direnez ez-balio bezala existitzen, eta alderantziz, erabilera-balio hutsak diren heinean baino ez dira merkantzien ekoizle bezala existituko. Norbanakoen erreprodukzioak beraien baitako lan-indarraren erreprodukzioa inplikatzen du.

Horrek aditzera ematen duena zera da, kapitalak norbanakoak soilik lan-indar gisa, hots, balio gisa, erreproduzitzera behartzen dituela, baina norbanakoek ezin dutela balioa beraientzako sortu. Kontrara, beraien ekoizteko gaitasunarekiko harremanetan baino ezin dute aurkeztu beraien burua, hau da, truke-balio gisa baina ez erabilera-balio gisa. Merkatu kapitalistan beraien lan indarra saltzerakoan, norbanakoek ezin dute beraien lan erreproduktiboaren produktu bezala eskaini, balio bezala, bestela beren buruek balioa izango lukete. Hortik abiatuta, “lan askea” ekoizpenaren baldintza izango litzateke, baina lana bakarrik, eta ez langilea, izan daiteke baldintza bat. Norbanakoek beraien lana erabilera-balio huts gisa baino ezin dute eskaini, kapitalak soldatarekin erosten duena. Hori erosiaz, kapitalak erabilera-balio hori bereganatzen du bere balioztatze propiorako. Eta ez du bereganatzen norbanakoaren eta kapitalaren arteko truke zuzen baten bitartez, azaldu bezala, norbanakoak ezin baitu baliorik izan. Aldiz, era ez-zuzenean bereganatzen du, ekoizpenerako-gaitasunezko-norbanakoaren eta kapitalaren arteko trukearen bidez.

Horrela, norbanakoek kapitalarentzako sortzen dute balioa, eta norbanakoek beraien buruak desjabetzen dituztelako desjabetzen du kapitalak. Baina, nola gertatzen da hori? Norbanakoak formalki baino ez dira beraien lan indarraren jabe: produkzio gaitasunezko lan indarra. Baina azken hau ezin diotenez kapitalari erabilera-balio bezala saldu, saltzen duten bakoitzean beraien buruak beraien erreprodukzio lanaren produktutik desjabetzen dituzte, bere ekoizpen gaitasunezko lan indarraren baliotik. Ondorioz, ekoizpen gaitasunezko lan indarra, eta hortaz, kapitala, existitzearen baldintza bat zera da: norbanakoak lan indarra ez-balio gisa erreproduzitzen duen heinean, eta erreprodukzio prozesuan sortutako balioak bere burua ez-balio modura adierazten duen heinean baino ez duela lan indarrak truke-balioa izango.

Hori da, beraz, erreprodukzioaren izaera bitarra kapitalismoaren baitan. Norbanakoari dagokionez, bere burua ez-balioaren sortzaile modura adierazten du formalki. Hala ere, egiazki, kapitalarentzako, balioaren sortzailea da; bestela esanda, erreprodukzio prozesua “naturaltzat” eta erreprodukzioa kapitalari kosturik eragiten ez dion “lan sozialaren indar naturaltzat” hartuta baino ezin dezake kapitalak bere burua balioztatu (valorize). Eta norbanakoaren baitan bitasun hau sortuta baino ezin dio kapitalak norbanakoari balioa erauzi (de-valorize).

Norbanako kapitalistaren izaera bitarra agerian geratzen da, hortaz, bere baitan lan indarra aldi berean (1) merkantziak ekoizteko gaitasun modura eta (2) norbanakoak lan indar gisa erreproduzitzeko gaitasun modura existitzen delako. Hala, Marx bera konturatu zen bezala, ez du zertan lotura zuzenik egon behar lan indarraren eta merkantziak ekoizteko gaitasunaren artean. Aitzitik, lan indarrak bi aurpegi ditu, balioak banatzen dituena; lehenak, kapitalari aurre egiten dio merkantzia gisa (truke-balioa), eta bigarrenak, ez-merkantzia itxura hartzen du, erabilera-balio hutsa (“lan sozialaren indar naturala”).

Hori dela eta, ekoizpen modu kapitalistaren bitasuna lan indarrera ere hedatzen da. Lan indarrera, hau erreprodukzio gaitasunezko lan indarrera ere hedatzen da, azken hau bi modutara agertzen baita: batetik, (1) lan sozialaren indar “natural” gisa kapitalarekin harremanetan, eta bestetik, (2) merkantzia gisa ekoizpen gaitasunezko lan indarrarekin (truke-balioa) harremanetan. Hain zuzen ere, ekoizpen-gaitasunezko-lan-indarraren aurpegia jantzita, lan indarra bera ondasuntzat hartua izan daiteke, truke-baliotzat, soilik, baina, kapitalari bere burua ez-balio bezala agertzen zaion heinean.

Truke-balioan oinarritutako ekoizpenaren existentziaren baldintza da, hortaz, lan objektibatua (truke-balio gisa) erreprodukzio gaitasunezko lan indarraren (erabilera-balio gisa) lan biziarekin trukatzea, bitartekorik gabe (not mediated) –langilearen eta kapitalaren kasuan ez bezala. Bestela esanda, lehenengo trukearen objektuak (lan erreproduktiboa eta kapital aldakorra) ezin daitezke truke-balio gisa agertu, bestela norbanakoen erreprodukzio gaitasunezko lan indarrak truke-balioa izango luke eta ez litzateke indar “natural” bezala agertuko. “Truke-balioaren izatea bere lan denboraren neurria da eta, horrela, lan bizia –ez bere balioa– balioen neurria”7 dela azpimarratzen du Marxek.

Kontestu horretan, lan erreproduktiboaren baldintza subjektiboak lan produktiboaren baldintza subjektiboetatik bereizita daude.

Ekoizpen modu aurre-kapitalistetan langileak harreman berdina bazuen bai erabilera-balioen ekoizpenaren baldintza subjektiboekin, baita norbanakoen erreprodukzioaren baldintza subjektiboekin ere, kapitalismoan identitate eta bat-etortze horiek suntsitu egiten dira. Lehena langile askeei kontrajartzen zaie kapital gisa, eta bigarrena kapital aldakor gisa. Forma desberdinean bada ere, era berdinean kontrajartzen zaizkie langileei.

Ekoizpen prozesuan “kapitalaren itxura duen aldea lehengaiak, lanerako tresnak eta langileak ekoizpena burutu bitartean bizitzeko premiazko gauzen jabe izan behar da, ekoizpena bukatu aurretik.”8 Era berean, erreprodukzio prozesuan kapital aldakorraren itxura duena lehengaiak, lanerako tresnak eta bizirauteko bitartekoak erosteko gai izan behar da, lan indarra ekoizpena burutu bitartean bizi dadin, ekoizpena bukatu aurretik. Hau da, kapitalak bere burua balioztatzen du, simultaneoki, erreprodukzioaren eta produkzioaren bidez, bi fronte balioztatze prozesuaren bi aldeentzako. Azken prozesu horren izate bitarra aurrerago aztertuko bada ere, lan indarraren balioaren izaera bitarretik eratortzen da, zeinak, aurretik azaldu den bezala, bere burua ekoizpenaren bi alde horien subjektu sortzaile gisa agertzen duen.

Hortaz, lan indarra kapitalaren merkantziarik preziatuena da, ez ekoizpen prozesuan balioa sortzeko gai den merkantzia bakarra delako soilik, baizik eta erreprodukzio prozesuan bere burua balio gisa erreproduzitzen duelako ere bai.

Lan indarra bi funtziotan bereizte honek (produkzio gaitasuna eta erreprodukzio gaitasuna) beste aspektu bat barnebiltzen du. Konnotazio sexuala dauka bere baitan – lanaren banaketa sexuala –, bi faktorek azaleratzen dutelarik: produkziorako gaitasuna eskuarki gizon langileak garatu izanak, erreprodukzio gaitasuna, oro har, emakume langileen esku geratu den bitartean.

Alde batetik, kapitalaren menpeko lan indarraren “askapenak” gizon langilearengan izan duen eragina bere produkzio gaitasunezko lan indarraren jabetza, honen erreprodukzio gaitasunaren espropiazioari loturik agertu izana; hots, bere erreprodukzioaren kondizio subjektiboekiko alienazioari loturik. Beste aldetik, “askapen” horrek emakume langilearengan bere erreproduzitzeko gaitasunaren jabetza eragin du, produkzio gaitasunarekin soinez soin doana. Hala ere, sarri, lehena saltzera behartua egon izan da, eta bigarrena beti honen ondoren. Beraz, ezberdintasun nabaria dago gizon eta emakume langileen artean kapitalismoaren baitan. Lehenengoari bere lan indarraren jabetzak erreprodukzioarekiko “askapen” literal bat suposatzen dion bitartean, emakumearentzat, bere erreprodukzio gaitasunezko lan indarraren jabetzak ez du produkzio lanetik “askatzen”.

Bere erreprodukzio pertsonalerako, gizon langile “askeak”, alde batetik, “bere produkzio baldintza objektiboak bere ez-jabetza bezala, jabetza alien (alien property) bezala, bere baitako balio (value for itself) bezala, kapital bezala, erkatu eta ulertu behar ditu”9. Beste aldetik, gizonak, erreprodukziorako baldintza objektiboak (lan indarra norbanakoak erreproduzitzeko gaitasun bezala) bere ez-jabetza bezala, besteen jabetza bezala erkatzen ditu, baina ez lanaren bere baitako balio (value in itself) bezala (lan sozialaren indar natural bezala baliogabea baita), gizonarentzat beretzat den balio (value for himself) gisa baizik. Aldi berean, emakume langile “askea”, merkantzien produkzio-gaitasun bezala, gizon langilearen antzean, bere baldintza produktibo objektiboak bere ez-jabetza bezala, jabetza alien (alien property) bezala, bere baitako balio (value for itself) bezala, kapital bezala, erkatzen ditu. Honek, hala ere, erreprodukzioaren beraren baldintza objektiboei aurre egin behar die, ez kapital bezala, kapital aldakorra den balio gisa baizik, produkzio gaitasunezko lan indarraren balioa den neurrian.

Horri jarraiki, gizon langile “askea” bai ala bai erreprodukzio gaitasunaren aurka agertu behar delarik besteen jabetza gisa, emakume langile “askeak” ez dauka zertan egon produkzio gaitasunari dagokion lan indarraren aurka. Hau gertatzen da, arestian argudiatu bezala, emakumea ez delako gaitasun honekiko desjabeturik. Ez-balio bezala, balioari eta bere buruaren zein besteen produkzio gaitasun balioari dagokion kapital aldakorrari aurre egin diezaioke. Beste era batera esanda, emakume langileak, bere burua erreproduzitzeko, bere lan indarra truka dezake erreprodukzio gaitasun gisa, bai gizonaren soldatarekin baina baita, merkantzien produkzioan jardunez gero, bere soldataren truke. Hala ere, errealitatean, bitasun hau ez da alternatiba bezala agertzen maila orokorrean; ordez, une berean hartzen dute parte bi alderdiek.

Bere burua erreproduzitzeko, emakume proletarioak era masiboan eman behar ditu bere erreprodukzio gaitasunak, bere soldata propioaren nahiz gizonezkoaren soldataren truke. “Gizonaren” soldatak nekez ahalbidetu izan du emakumea bigarren mailako lan bat ez egitera. Emakumeak, soldatapekoak barne, bi arrazoigatik aurkitzen dira gizon langileekin trukean egin beharrean: lehenbizi, haien ohiko soldata baxuek ez dietelako beraien burua gizonetatik at independenteki erreproduzitzeko gaitasunik eskaintzen; eta bigarrenik, emakumeen erreprodukziorako aukerak truke honen baldintza orokorren menpe agertzen direlako. Alegia, emakume batek gizon batekin truke emozional bat izan dezan, haren etxeko lana egiteko prest egon beharra dauka, ekonomikoki beregaina edo autonomoa izanik ere; faktore emozionalak truke ez-parekide bat egitera behartzen du, zeinetan gizonarentzat lan egiten duen.

Ondorioz, lan indarraren “askapen” prozesuak ez diete gizonei eta emakumeei berdin eragiten historikoki. Prozesu hau Marxek bere eskema orokorrean adierazitakoa baino askoz konplexuagoa da, zeinak, baita bere analisi historikoan ere, bere hausnarketak produkziozko lan indarrera eta, beraz, gizon langile klasearen auzi edo arazoetara mugatu zituen. Sexuaren norabideak zeharkatzen dituen prozesua da, generoaren arabera langilearen askapenerako bide desberdinak ekarri zituena.

Jopu feudal izatetik soldatapeko langile izatera igaro zen gizon langilea, bere merkantziak ekoizteko gaitasunezko lan indarraz izan ezik, bere jabetza guztiez desjabetuz, lan indarra saltzeko beharrera kondenatuz soldataren harremanaren menpe. Emakumearen patua konplexuagoa izan zen; neskame (jopu) feudal izatetik, lehenik eta behin, zeharkako soldatapeko langile izatera pasatu zen. Hari ere, zeuzkan jabetza apurrak kendu zitzaizkion – gizonarenak baino urriagoak, noski – lan indarra izan ezik; bi aurpegiko lan indarra, ekoizpenezkoa eta erreproduktiboa. Emakumea ere, bere lan indarra saltzera behartua izan zen (bi lan indarrak), bi lan-harreman hauen menpe dagoelarik.

Beraz, “askapen” kapitalistaren prozesuan, emakumea ez zen jopu feudaletik (“lurraren osagarritik” ) soldatapeko langilera igaro, “lan sozialaren indar naturala” izatera baizik. Hortaz, emakumearen kapitalaren menpeko “askapena” gizonarena baino askoz mugatuagoa izan zen. Are gehiago, bere gaitasun erreproduktiboak direla eta “askapen” baztertzaile bat pairatu izanak, neurri handi batean, bere gaitasun produktiboekiko askapen prozesua arriskatu du. Puntu honetan gehiago ez sakontzeko, aintzat hartu behar dira emakumeei egotzitako lanak eta hauei loturiko soldata baztertzaileak.

Erreprodukzioaren konplexutasuna produkzio kapitalistaren modalitate osoan islaturik ageri da. Ez soilik erreprodukzioa, baita produkzioaren beste edozein aspektu ere, Marxek berak ondorioztatu zuena baino askoz konplexuagoak dira. Kategoria Marxista ugari birplanteatuak izan behar dira, kapital kontzeptua barne.

Aurkibide azkar honetatik aurrera, bi ideia jorratzen dira:

(1) Ekoizpen modu kapitalistaren barruan, lanaren lanarekiko trukea ez da soilik soldatapeko lanaren eta kapitalaren artekoa bihurtzen, baita kapital aldakor eta zeharkako soldatapeko lan erreproduktiboaren arteko trukea ere.

(2) Lehenengo trukea ezin da existitu bigarrenik gabe, eta honekiko nahitaezkoa da, eta alderantziz.

Bi harreman horien oinarrizko izaera, orokorrean, balizkoa da kapitalaren barneko gizon zein emakume langile “askearentzako”. Hala ere, lehen trukearen oinarria erreprodukzio gaitasunezko lan indarraren espropiazioa (desjabetzea) den bezala, bigarren trukea lan indarraren bi formen aldi bereko izatean (koexistentzian) oinarritzen da. Bestela esanda, bigarren truke hau emakumearen produkzio gaitasunezko lan indarraren balioa maila orokorrean ez nahikoa (urria) izatearen ideian oinarritzen da, emakumeak, ez-balio gisa, bere truke-balioari bere esfera propioan soilik aurre egin diezaiokeelako (soldata femeninoa maskulinoaren osagarria da). Beste aldetik, kapitala (bere baitako balio gisa (value for itself), ekoizpen baldintza objektiboen jabetza gisa) emakumeari (merkantziak ekoizteko gai den lan indartzat hartuta) gizonari baino maila txikiagoan ezartzean, inposatzean oinarritzen da.

Ekoizpen gaitasunezko lan indar femeninoaren erosketa kapitalak berak erregulatzen du, era horretan gizon langile “askeen” lan femenino erreproduktiboaren eskariari lehentasuna bermatzeko. Lan indar femenino produktiboaren erreproduktiboarekiko subordinazioa kapitalak modu zehatzean determinatzen du emakumea bere lan indar erreproduktiboa saltzera behartzeko, gizonaren lan indarraren balioari (haren soldatari) dagokion kapital aldakorrarekin, eta ez bere balio propioarekin (emakumeak berak soldata izanik).

Ondorioz, emakume langileak bi noranzkotan egin behar die aurre kondizio produktibo objektiboei. a) kapitalari zuzenki aurre egin diezaioke, b) soldata maskulinoari dagokion kapital aldakorrari edo c) biei aldi berean. Lehenari aurre egitea aukerakoa baldin bada ere, bigarrenari nahitaez jarki behar dakioke, hots, kapitalari “lan sozialaren indar natural” gisa nahiz truke-balio bezala aldi berean, edo esklusiboki “indar natural” gisa aurre egin diezaiokeela, baina inoiz ez truke-balio gisa soilik.

Produkzio kapitalistaren baitako lanaren lanarekiko trukeak ere tasun (izate) bitarra badauka, eta tradizio Marxistan hartu duen itxura baino askoz konplexuagoa begitandu daiteke. Hau, prozesu produktiboarekiko harremanean kapital gisako lan objektibatuaren eta erabilera-balioko lan biziaren arteko truke terminoetan gertatzen den bezala, erreprodukzio prozesuarekiko lan objektibatu bezala gertatzen da, produkzio gaitasunezko lan indarraren truke-balio gisa eta lan bizia erabilera-balio gisa.

Era berean, lan harremanak agerian ikusten dena baino askoz konplexuago eman dezake. Esan bezala, kapitalaren menpeko langileak “askatuak” dira, bai produkzio prozesu barruko soldatapeko lan harremanetik, bai erreprodukzio barruko soldata gabeko lan harremanetik. Izan ere, bigarrenarekiko “askapena” lehenengoaren existentziaren aurrebaldintza eta baldintza bezala agertzen da. Lan indarraren “askapenak”, beraz, ez du soilik gizon eta emakume langilea, beraien produkzio gaitasunaren menpe bihurtzearen ondorioz, haien lan indarra kapitalistari merkantzia gisa saltzeko formalki libreak direla berekin ekartzen, baina baita beraien burua erreprodukzio lanaren eta kapital aldakorraren arteko trukearen subjektu bezala kokatzeko formalki askeak direla. Ondorioz, kapitalismoarekin, gizon eta emakume langileek ez dute soilik bere lan indarra saltzeko “eskubidea” eskuratu, baita ezkontzeko “eskubidea” ere, maila formalean. Are gehiago – itxuratik haratago begiratuta– lanaren betebeharra ezkontzeko obligazioarekin soinez soin doa. Bestela esanda, kapitalak ez du bere burua soilik soldatapeko lan harreman bezala kokatzen, lan erlazio bitar bezala baizik: produkzioari dagokionez soldatapekoa eta erreprodukzioari dagokionez soldatarik gabekoa.

Izan ere, produkzio-harreman bi daude, bakoitza bestearen aurrebaldintza: langilearen eta lan produktiboaren baldintza objektiboen arteko harremana (soldatapeko lan harremana), eta langilearen eta lan erreproduktiboaren baldintza objektiboen arteko harremana (soldatarik gabeko lan harremana). Lehen kasuan, ekoizpen gaitasun gisako norbanakoak kapitala konfrotatzen du. Baina, bigarren kasuan, erreprodukzio gaitasun gisako norbanakoa ez da kapitalak konfrontatua, norbanakoak bera produkzio gaitasunezko lan indar bezala baizik; hau da, truke-balio gisa. Bigarren baldintza honen ondorio batzuk aztertuko ditugu aurrerantzean.

OHARRAK (ingeleraz)

1 Grundrisse, Notebook 5, p. 485.
2 Ibid., p. 488.
3 Economic and Political Manuscripts.
4 Grundrisse, Notebook 5, p. 497.
5 Ibid., p. 498.
6 Ibid, Notebook 2, p. 289.
7 Ibid., Notebook 5, p. 515 .
8 Ibid., p. 504.
9 Ibid., p. 498.