M1 GURE EGUNA DA

Maiatzaren lehena gure eguna da: langileona. Asteburuetan tabernan eskuratutako xoxak ahal bezain beste zukutzen ditugunona, etxe zuloetan lanpetuta bizi garen emakumeona, ordaindu ezingo ditugun autopistak gauez eraikitzen ditugunona, itsasoaren beste aldean gure familiak utzi eta Euskal Herrian arrotzak zaizkigun familietan interna lan egiten dugunona, gurasoen etxetik alde egiteko okupatzea beste aukeraik ez dugunona, inoiz jantzi ezingo ditugun arropak josten ditugunona, ikerlari feministen bulegoak garbitzen ditugunona… Finean, biziberritu ahal izateko salario batetik bizitzea beste aukerarik ez dugun guztiona da maiatzaren lehena.

Gure eguna da, ez langile izaera ospatu nahi dugulako, ezpada, langileriaren existentziaren aurka garatzen dugun borrokaren egun adierazgarria delako. Langileak gara, langileriaren izatearekin amaitu nahi dugu eta langile antolakuntzaren aldeko apustua egiten dugu. Guretzat, beraz, langile izatea ez da soilik jasatea tokatu zaigun klase soziala. Antolakuntzarako premisa da, azpiratua den langile klaseko kideok, soilik, gure klasea subjektu politiko bilakatuta izango dugulako askatzeko aukera. Guretzat langile izatea, hortaz, aldi berean katea eta aitzurra da.

Aipatu gisa, antolatzen garen emakume langileon helburua ez da gure bizi baldintzak hobetzea, langile izateari uztea, baizik. Klase esplotatuko kide izatearen ondorio lazgarriena ez da lan indarra baldintza kaxkarretan saltzera behartua egotea; langileak ez gara lan indarra saltzen dugunak, desjabetuak gara, bizitzaren alor bakar batean ere burujabetasun izpirik ez dugunak. Klase esplotatuko kide izateak inpotentziara kondenatzen gaitu: biziberritzeko behar dugun gaitasun oro lapurtzen eta ukatzen zaigu, eta horrekin batera, gure biziberritzeen gaineko kontrola eskuratzeko nahimena lapurtzen zaigu. Are gehiago, aske izateko beharra ezabatzen zaigu. Kontzientzia burgesean hezten zaigunez, ez dugu errealitatearen ezagutza argirik lortzen, eta kateak sentitzen ez dituen emakume langile bat nekez antolatuko da, eta inolaz, ez da bere zapalkuntzarekin amaitzeko gai izango.

Ezagutzen dugun mundu anker honetan, biziraun nahi badugu, kapitalak eskaintzen dizkigun aukerei lotuta gaude. Horiek gabe ezin dugu iraun, eta aukera horiekiko daukagun menpekotasunak, orokorrean formazio sozial kapitalista, eta zehazki gutako bakoitzak dauzkagun bizi baldintzak onartzera bultzatzen gaitu. Logika burgesa jarraitzea eskaintzen zaigu aukera bakartzat, eta gainera, egunerokoan frogatzen dugun bezala, testuinguru honetan ez daukagu logika burgesean harremantzea beste aukerarik. Akumulatzen jarraitu ahal izateko sexuaren araberako lan banaketa funtsezkoa den heinean, kondenatuta gaude, batetik, emakume langileoi egozten zaizkigun funtzio sozialak betetzera, eta bestetik, edonon eta etengabe zuzentzen zaigun hertsaduraren zein bortxaren bidez emakume izatearen kontzientzia burgesa garatzera.

Aitzindariek ongi erakutsi diguten bezala, desjabetu izateak burgesiaren esklabo izatera derrigortzen gaituen arren, desjabetu izatea ez da bizitzeko daukagun aukera bakarra. Dependentzia horrekin bukatu behar dugu, beraz, kapitalismoa aukera bakarra ez dela frogatzeko, iruzur hori osorik irensteari, geure ongizatea baztertzeari eta interes burgesetara makurtzeari uzteko… Era berean, langile botere sendo bat eraiki ahal izateko, beharrezkoa zaigu horren oinarri izango den antolakuntzaren muina parekidea izatea. Hots, norbanako bakoitzaren gaitasuna, nahimena zein identitatea langile kontzientziaren baitan ordenatzeko ataza daukagu. Agerikoa den bezala, bi eginkuzun horietako bakar bat ere ezingo dugu bete bestea burutzen ez badugu: genero zapalkutza borrokatzeko iraultza sozialista antolatu behar dugu, eta iraultza sozialista antolatzeko genero zapalkuntza borrokatu.

Ez gara betidanik desjabetu izan, eta ez gara betirako izango. Baina, horretarako, menpeko gaituen burgesiarekin amaitzeko, ezinbestekoa zaigu gure etsaiak duen boterea garaitzeko adina indar batzea: aske izateko gogo eta beharra hedatzeaz gain, gaitasuna kolektibizatzea. Edo bestela esanda, emakume langileok bizitzen dugun genero zapalkuntzarekin amaitu nahi badugu, beharrezkoa zaigu berau sortzen, eraldatzen zein betikotzen duten indarrak deuseztau ahal izateko gaitasuna eskuratzea. Hau da: batetik, debaluatutako lanak soldata baxuagoen truke egitera behartuz gugandik irabazi tasa handiagoa eskuratzen duen burgesiarekin amaitzea; bestetik, soldatapeko lanetik at gauzatzen den komunitatearen biziberritzearen ardura osoa inguruko emakumeei egoztziz, bakarrik haien buruen aisiaz arduratzen den gizon langilearen interes indibidualekin amaitzea; eta azkenik, aipatutako sexuaren araberako lan banaketaren funtzio guztiak bete ditzagun une oro jasaten dugun koertzio bortitzaz gain, premiaz, biolentziaren muturreko adierazpenekin amaitzea.

Hemen ez dago bidezidorrik, atakarik, ez lasterbiderik. Burgesiarekiko daukagun menpekotasunetik askatzeko, bidea urratzea da daukagun irtenbide bakarra: feminizatutako lanik egin ez dezagun, debaluatutako soldatarik jaso ez dezagun, senar baten menpeko bilakatu ez gaitezen, sexu merkantzia gisa erabil ez gaitzaten, gure buruak subjektu politiko ez gai gisa ulertu ez ditzagun, geure buruak sexualizatzeko beharrik sentitu ez dezagun… Funtsean, kapitalismoaren gaitz guztiak hutsaltzeko aukera bakarra, iturria bera hutsaltzea da: kapitalismoari kontrajarriko zaion sozialismoa eraikitzea eta botere burgesari kontrajarriko zaion langile boterea eratzea da daukagun jomuga, beraz. Desjabetu izateari ez diogu egun batetik bestera utziko, ezta maiatzaren bian bat batean aske izango ere.  Hortan datza, ordea, bizi baldintzak hobetzeko gauzatzen dugun jarduna: borrokaren esperientziatik langileon antolakuntzako sexuaren araberako lan banaketa zein sexu jazarpenak ezabatzen ikasita, gure komunitate politikoa borrokan jarraitu ahal izateko indartzean.

Ezagutzen gaituzuenok jakingo duzuen bezala, Euskal Herriko testuinguruan emakume langileok bizitzen dugun genero zapalkuntzaren nolakotasuna zein zergatiak aztertzera eta horrek militantziaren baitan hartzen dituen adierazpen zehatzak desagertaraztera bideratzen dugu geure jardun nagusia. Asko dira bete nahi genituzkeen funtzioak, baina oraingoz, gutxi batzuk soilik burutzeko gaitasuna izan dugu. Hala ere, pozarren bizi dugu Euskal Herrian langile feminismoak izandako suspertzea: herri, auzo zein heziguneetako eragile zein bertako militanteek haien buruak langile kontzientziaren baitan berregiteko hartutako konpromisoa. Maiatzaren lehen honetan ere ikusi dezakegu loratze hori, tendentzia argia da, genero ikuspegitik eta emakumez osatutako langile mugimendua da Euskal Herrian indartzen ari dena. Bilaka dezagun maiatzaren lehen hau eguneroko borrokaren indargarri, aurrerantzean, inoiz baino determinazio eta gaitasun handiagoz egin diezaiogun aurre lotzen gaituen bortizkeriari.

Gu gabe garatzen den klase borroka porrotera kondenatuta dagoelako. 

JTK!