Sarrerak

BIDEOA: Feminismo y socialismo (Plenario de Trabajadoras)

Argentinako En defensa del marxismo aldizkariko 48. zenbakian publikatutako El marxismo y la liberación de la mujer trabajadora artikuluaren inguruko azalpen eta ondorio politikoei buruz arituko dira Olga Cristóbal, Cintia Frencia eta Vanina Biasi bideo honetan. Hirurak Plenario de Trabajadoras antolakundeko kideak dira, emakume sozialisten elkargune dena Partido Obrero alderdiaren baitan. Emakume langileon zapalkuntzari aurre egiteko historian zehar egondako aldarri eta estrategia proposamen zehatzak nabarmendu nahi genituzke bideo honetan: alde batetik, eskubideak eskuratzeari begirakoak, eta bestetik, eta batez ere, emakume langileon bizi baldintzak hobetzeari begirakoak, kapitalaren kontrako borrokan gizon langileekin batera ekiteko.

Lehenengo hitza Olga Cristóbalena da, zeinak Clara Zetkinen figuraren errebindikazioarekin ematen dion hasiera aurkezpenari. Besteak beste, emakumeok historiako iraultzetan izandako partehartze garrantzitsua azpimarratzen du, eta klase borrokan emakumeon lekuaren inguruko Flora Tristánen eta Karl Marxen aipuak ere gehitzen ditu. Bereziki interesgarria da Cristóbalek aipatzen dituen zenbait punturen gaurkotasuna, Zetkinek III. Internazionaleko III. Kongresuan Emakumearen Programan jasotakoak. Amaitzeko, aldaketa kulturalaren beharra azpimarratzeaz gain, berau eraiki den oinarri materialetan aldaketak emateko garrantzia aipatzen du.

Ondoren, Cintia Frenciak hartzen du hitza, eta Daniel Gaidorekin batera idatzitako artikuluaren inguruko azalpen batzuk eskaintzen dizkigu. Emakumeen auto-antolaketaren garrantziak ardazten du hitzaldi hau, beti ere alderdi sozialistaren baitakoa izan behar dela nabarmenduz. Emakume sozialistek sufragistekin eta feminista burgesekin izandako talkek ere badute tartea mintzaldi honetan. Horri, klase posizioa izateak emakumeen antolaketari eta alderdiaren norabideari egiten dion ekarpena gehitzen dio. Emakume Sozialisten Konferentzietan eta Internazional Komunistetan emandako eztabaidei eta hartutako posizioei buruzko azalpenak ere jasotzen dira bigarren tarte honetan, eta horien gaurkotasuna nabarmentzen da.

Azkenik, Vanina Biasik egiten du bere ekarpena: genero problematikak gaur egungo Argentinan hartzen duen forma, eta ondorioz, horren aurrean emakume sozialisten lana zein den azaltzen du. Historian zehar hainbat herrialdetan emakume sozialistek emandako eztabaiden gaurkotasuna azpimarratzen du sarreran, eta gaurko sistema kapitalistaren zehaztasunak identifikatzeko beharra azaltzen du (boltxebikeek prostituzioarekiko zuten jarrera eta gaur egun berau legeztatzearen aldeko mugimenduak alderatzen ditu). Gainera, Plenario de Trabajadorasen erronka Argentinako emakumeen antolakuntza iraultzailea dela dio.

Besterik gabe, bideoa ikustera gonbidatzen zaituztegu. Izan ere, hasieran esan bezala, esperientzia historiko eta irakaspen emankorrak biltzen ditu emakume sozialiston antolakuntzarako eta langileriaren askapena borrokatzeko programaren osaketarako.