Tailerrak

TAILERRA: HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA

Blog honen sorrerari hasiera emateko idatzian azaldu genuen bezala Itaiak emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeko kontuan eduki beharreko auzien inguruan eztabaida sortu nahi du, esaterako militanteen artean hausnarketak sustatuz. Era berean, gure asmoa orain arteko inertziekin puskatu eta militantzia kontziente zein irmoa bultzatzeko tresna izatea ere bada. Horregatik, astero argitaratzen ditugun artikuluetan jorratzen den edukiari buruzko zalantzak argitzea eta hausnarketak egitea funtsezkoa deritzogu. Izan ere, lanketa kolektiborik gabe ez dugu gogoeta hauek erroraino eramango dituzten analisi eta praktikak martxan jartzeko baliabiderik sortzerik izango. Hau da, emakume langileon askapen prozesua langile klase osoak eman beharreko prozesua da, elkarlanean eta kolektiboki. Bide honetan lagundu nahian, hemen jorratutako zenbait auzi taldean lantzeko baliabideak ematen saiatuko gara, tailer edo dinamika ezberdinak proposatuz.

HARREMANEN INGURUKO HAUSNARKETA

Tailer honek, gure inguruan, lagun taldetan zein asanbladetan, harremanen inguruan hausnartzeko oinarri bat eskaintzea du helburu. Hala ere, hasiera bat baizik ez da, gure harremanak errotik aldatzera bidean lehen urrats bat.

Hausnarketa hau, gure lehen hiru argitalpenetan oinarritzen da:

Besterik gabe, hona hemen testu horietan aipatutako gaiak taldean lantzeko gure dinamizazio proposamena.

1) NOLAKO HARREMANAK DITUGU?

Helburuak: nola harremantzen garen ulertzea, eguneroko bizipenei arrazoiak jarriz.

Dinamika:

  • Ingurukoengandik ihes egiteko eta bakarrik egoteko beharra sentitzea normala da.
  • Lagun batek ez badit behar dudan hori ematen beste lagun batengana jotzen dut.
  • Badakit ez dagoela betirako iraungo didan harremanik.
  • X denek maite dute eta oso ongi ikusita dago, nik ere bere lagun izan nahiko nuke.

Lau esaldiak altuan irakurriko dira talde handian eta gero talde txikitan bilduko gara. Galdera bat egingo da: Nola ezaugarritzen dira gure eguneroko harremanak? Bakoitzak gogoetatu eta post-it batean idatzi. Gero post-it denak elkartu eta irakurri. Ateratako erantzunen inguruan eztabaidatu:

  • Zer lotura dute gure harremantzeko erak eta sistema kapitalistak? Zergatik? Nola isladatzen da?
  • Zer ondorio ditu harremantzeko era horrek gugan? Langile klase osoarengan? Emakume langilearengan?

Denbora: 5minutu bakarka gogoetatzeko, 20 minutu eztabaidatzeko eta gero taldeetan hitz egindakoa elkarbanatzeari denbora bat eskaintzen dakioke.

Materiala: Post-it ak eta idaztekoa.

2) LEHIAKORTASUNA

Helburuak: lehiakortasuna nudik datorren eta dituen ondorioak azaleratzea.

Dinamika:

  • Nork bere burua babesteko berekoiki jokatu behar du.
  • Nere lagun minarekin/militante kide batekin alderatu izan naiz eta horrek gure harremanean eragin du.
  • Nere bertute berdinak dituen pertsona bat ezagutzean mehatxatua sentitzen naiz.
  • Identitatea eraikitzeko zertan destakatzen dudan, nere dohaia deskubritu behar dut.

Talde txikitan 4 esaldi hauek irakurri ondoren gure bizipenak eta sentsazioak elkarbanatu.

  • Zergatik ematen dira horrelako egoerak? Noren interesei erantzuten diote? Nork ateratzen du probetxua eta nork pairatzen ditu?
  • Zer ondorio ditu langile klasearentzat? Emakume langilearentzat?

Denbora: 20 minutu talde txikitan eta gero nahi bada ondorio orokorrak talde handian elkarbanatzeko tarte bat utzi daiteke.

Materiala: orriak eta idaztekoa.

3) HORREN AURREAN ZER?

Helburuak: gure harremanak gaurdanik lantzen hasteko oinarrizko kontzeptu batzuen inguruko hausnartzea.

Dinamika: Hiru taldetan banatuko gara eta talde bakoitzak kontzeptu hauen inguruan hausnartuko du hurrenez hurren: dependentzia, zaintza eta askatasuna. Kontzeptu bakoitzaren hausnarketa hiru esparru ezberdinetan mugatu daiteke edo soilik bat aukeratu: familia, lagunartea, eta militantzia formala.

  • Nola bizi dugu? Nola islatzen da?
  • Nola ulertu behar dugu? Zer garrantzia du?

Hausnarketa bukatzerakoan, eztabaidatutakoa elkarbanatzeko orduan kolore ezberdinetako kartulinak erabili daitezke hitz egindakoa argiago jasotzeko.

Denbora: 20 minutu utzi daitezke eztabaidatzeko eta 10 esandakoa elkarbanatzeko baina momentuko beharren arabera kudeatu daiteke.

Materiala: Orriak eta idaztekoa. Koloretako kartulinak nahi izan ezkero.