GENERO PROBLEMATIKAREN HAUSNARKETA TEORIKO ETA POLITIKOA

Gaurkoan, azken hilabeteotan ITAIAko kideok egindako ikerketa teorikoaren ondorioz ateratako behin-behineko hipotesiak aurkeztu asmoz gatoz. Esposaketa teorikoa den arren, helburu erabat politikoa dauka: genero problematikak klase borrokaren baitan dituen inplikazioak argi identifikatzea, hots, berau osotasunaren baitan kokatzea. Horrela, marko teorikoaren sakonketa saiakera honen bitartez zenbaitetan identifikatu ditugun hutsuneak betetzen ahaleginduko gara. Horrez gain, errealitate kapitalistaren ulerkera proletarioan ezinbestekotasunean sinesten duzuenontzat, tresna analitikoak eskaini eta debate politikoak erreminta kontzeptualez hornitu ahal izateko baliatuko ditugu ondorengo lerroak. Edozein kasutan, azpimarratu nahiko genuke sarrera honetan landutako edukia bukatutzat ematetik urrun, hurrengo urteetako ziklo politikoan sakondu, eztabaidatu eta birformulatzen joango garen hipotesien multzo gisa ulertzen dugula. Has gaitezen, bada, genero problematikaren analisi sozialista bideratuko duten oinarri partekatuak ezartzen.

Genero problematika eta genero zapalkuntzaren kategoriak era egoki batean ulertu ahal izateko, langileon pentsamenduaren antolamenduak duen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Gure pentsamendua eta beraz, teoria eta praktikaren garapena burgesiaren boterearekiko aurkaritzan pentsatzearen beharra azpimarratzea garrantzizkoa deritzogu. Hau da, langileriaren posizioa burgesiaren boterearekiko antagonismoan definitu behar dugu eta horri loturik agertzen da emakumearen auzia osotasunaren baitan ulertzerako garaian.

Horren aurrean, eta askotan aipatu dugun moduan, metodo marxistaren erabilpenaren baliagarritasun osoa adierazi nahi dugu. Bestalde, terminoen azalpen bat egitea beharrezkotzat jo dugu, genero zapalkuntza eta genero problematikaren bereizketa adieraztea, hain zuzen. Genero problematikaz ari garenean, emakumearen auziaren estruktura errealaz ari gara, hau botere burgesaren funtzio gisara ulerturik. Genero zapalkuntzak ordea, emakume proletarioen gaineko dominazioaren adierazpen formei egiten die erreferentzia, egunerokoan gaitz gisara agertzen dena. Hori burgesiak modu zuzenean aurrera eramaten du, esaterako, haurdun geratzeagatik lanetik botatzen gaituztenean edo emakume izateagatik gutxiago kobratzen dugunean. Aldiz, kasu askotan zeharkako forman materializatzen du, bitartekari figura ezberdinen bidez. Figura hauek gehienetan gizon proletarioak betetzen ditu: emaztea erasotzen duen senarra, jaigiroan bakean uzten ez digun mutil babosoa… Burgesiak bere boterea egikaritzeko beharrezkoak zaizkion zapalkuntzak mantendu behar ditu, eta horretarako bitartekari figura horiek sortzen ditu, horiei botere konkretu bat delegatuz eta aldi berean, langile klasea banatzea lortuz. Halaber, kapital metaketaren prozesuan figura horiek aportatzeari uzten diotenean, desagertzen joan daitezke. Garrantzizkoa da termino hauen bereizketa egitea, genero zapalkuntzaren aparientziazko formak gainditu eta horrek botere burgesaren egikaritzean betetzen duen funtzioa ulertu ahal izateko, hau da, formazio sozial kapitalistan genero problematikak zein interesei erantzuten dien ulertu ahal izateko.

Genero problematika burgesiaren funtzio gisa agertzen den momentutik, beharrezkoa da genero zapalkuntzaren estrukturak osotasunarekin duen harremana ulertzea. Hau da, auzi isolatua izatetik urrun, formazio sozial oso baten aparatu funtzional modura atzematera igaro behar gara. Sistema kapitalistaren botere modalitatea botere burgesa da, besteen lanaren gaineko aginte eta erabakitze boterea hain zuzen, diruaren bitartez egikaritzen dena. Diruaren substantzia truke balioa da, trukerako gaitasunaren espresioa. Horregatik, kapitalismoan truke balioa botere esentziala bihurtzen da, giza prozesuen gaineko aginte boterea baita. Gizarte kapitalistaren oinarria den merkantziak, lan indarrak, beste merkantzietatik bereizten duen forma berezi bat hartzen du, bere erabilera balioa bere truke balioa baino handiagoa delako. Modu honetan, diruaren bitartez, lan indar merkantziaren gaineko aginte boterea egikaritzen du burgesiak, zeinek ezinbestekoa duen akumulazio dinamika garatu ahal izateko. Horren aurrean, langile klaseak dependentzia bitala dauka bere etsaiarekiko, ez baitauka ez botere materilik, ez askatasun politikorik etsaiaren boterea indartu gabe biziraun ahal izateko. Finean, langilea behartua dago burgesiaren jabetza egikaritzen duen lan egiteko gaitasuna beste baten mesedetan jartzera, eta zentzu horretan, sistema kapitalistan, burgesiaren boterearen fundamentua gainbalioaren ekoizpenean oinarritzen da.

Beraz, formazio sozial kapitalistan langile klasearen gaineko dominazio burgesaren oinarria ekonomikoa da eta bere legeek ekoizpen modu kapitalista osatzen dute. Hori horrela, dominazio ekonomikotik zapalkuntza forma ugari eratortzen direla esan genezake: zapalkuntza inperialista, arrazakeria, genero zapalkuntza… horrela langile klaseko kideon baitan subjektibitate zapaldu ugari agertzen zaizkigu: emakumea, beltza, euskalduna, homosexuala… Zapalkuntza guzti horiek, beraz, dominazio burgesaren estruktura orokorra osatzen dute, bizitzaren eremu guztiak erabat determinatuz. Beraz, ikuspegi politiko batetik helburua osotasunaren gaindipenean kokatzen badugu, osotasun horren zati guztiak aztertzea beharrezkoa da, hau da, partzialtasunak osotasunarekin duen harremana ulertu behar dugu, zatiketen batuketa hutsa alboratuz eta parte guztiak osotasun horretatik abiatuta ulertuz.

Zentzu horretan, genero problematikak sistema kapitalistaren oinarri objektiboaren baitan, hots, lan banaketa sozialaren baitan artikulatuta dagoen lan banaketa sexualean du bere oinarria. Hau da, emakumeak ekoizpen prozesuan bete duen posizioak determinatu du. Hala ere, lan banaketa sexuala ezin ulertu genezake lan produktibo eta erreproduktiboen arteko banaketa hutsean. Kontrara, bizitzaren eremu guztietan erreproduzitzen den mekanismo modura ulertu behar dugu, genero bakoitzari jarrera sozial jakin batzuk egokitu eta berauen onarpen edo gutxiespena arautzen dituena.

Lan banaketa sexualari dagokionez, forma ezberdinetan garatzen da. Alde batetik, genero ikuspuntua duen lan banaketa bezala ulertzen da lan banaketa sexuala. Horrela, emakumeari eremu erreproduktiboaren baitako funtzio batzuk esleitu zaizkio. Horien artean, azpimarratzekoa da erreprodukzio biologikoaren ardura, prozesu soziokultural bezala ulertua. Hau da, kapitalismoan erreprodukzio biologikoaren auzia botere metaketarako beharrezko lan indarra belaunaldiz belaunaldi berritzen joateko ardura bihurtzen da. Hori dela eta, burgesiak zuzenean kontrolatzen duen prozesua da, akumulazio beharren araberako lan indar fluxua arautuz, horrela, aborto legeak legalizatu edo ilegalizatzen ditu, amatasun irudi konkretuak sortzen ditu industria kulturalaren bitartez… Berebiziko garrantzia hartzen du formazio sozial kapitalistan jaiotze tasaren auziak, demografiaren problematika, ezarritako ordenaren eta segurtasuna mantentzeko arazo bilakatzen baita.

Horren adibide argia feudalismotik kapitalismorako trantsizioan eman zen. Ondasun komunalen espropiazio sistematikoa, asalarizazio masiboa eta esklabuen salerosketaz gain, emakumeari bere erreprodukzioaren gaineko kontrola lapurtu zitzaion. Kapitalismoaren hastapenetatik eman da, beraz, emakumearen sexualitatearen eta erreprodukzioaren arautze eta erregulazioa. Adibide asko aurki ditzakegu historian zehar, horien artean, XVI. mendean Eliza Katolikoak aurrera eramandako jazarpenak klandestinoki erditzen zuten emakumeen aurka, sexualitate ez erreproduktiboaren kriminalizazioa, haurdun zeuden emakumeen erregistroak… Baina kapitalismoan badago erreprodukzio biologiko eta sozialaz aparte, emakumeon eraikuntzan eragina duen beste faktore bat: makina sexualaren papera, hau da, gizonari plazerra ematearen ardura. Gainera, azken hamarkadetan birformulatzen ari den fenomenoa dugu hau, plazerraren eta hipersexualitatearen sorrerarekin eta honen inguruan artikulatu den sexuaren industriarekin (pornoa, prostituzioa…) batera.

Bestetik, historizitate kapitalistaren araberako lan banaketa sexuala aurki dezakegu, kapitalaren balorizazio beharren arabera aldatzen doana. Hau da, kapitalaren akumulazio ziklo bakoitzak genero bakoitzak bete beharreko jarduerak moldatzen ditu, sortzen diren akumulazio zikloen beharrei erantzuten dieten politikak edota erreforma legalak aurrera eramanez. Horren adibide dira, esaterako, azken aldian mendebaldeko herrialdeetan garatzen ari diren migrazio politikak, beste herrialdeetatik ekarritako lan indar ez-kualifikatua (femeninoa gehienetan) umeen, gaixoen edota agureen erreprodukzioaz arduratzera bideratzen dituztenak.

Hala ere, horrek ez du esan nahi kapital harremanek lan banaketa sexuala gainditzera jotzen dutenik, kontrara, indarrean mantentzen dute. Aurreko adibideari jarraiki, mendebaldeko herrialdeetan emakume langilea lan merkatuan integratu bada ere, horrek bi fenomeno izkutatzen dituela ikus genezake: alde batetik, emakume langileak erreprodukzio lan horiek egiten jarraitzen duela, baina orain emakume langile migranteak dira postu horiek betetzen dituztenak; bestetik, lan merkatuan bertan ere emakume langilea orokorrean lan konkretuetan kontratatzen dutela, gehienetan feminizaturiko lanak direnak: hezkuntza, erizaintza, gizarte zerbitzuak… Horrek argi uzten du kapitalismoaren baitan emakume langilearen askatasunaren ezinezkotasuna, aparientziazko aldaketen aurrean, genero problematikaren oinarri den lan banaketa sexuala erreproduzitzen jarraitzen baitu burgesiak.

Auzia ez da hemen bukatzen. Lan banaketa sexualetik gizarte osora hedatzen diren espresio kulturalak eratortzen dira. Horrela, emakume langilea langileriaren baitan subjektu debaluatu moduan heztea lortzen du kapitalak. Horien artean, emakume langilearen lan indarraren debaluazioa da ikusgarrienetako. Hori bi modutan ematen da: alde batetik, emakume izateagatik lan berdina egin eta gutxiago kobratzen dugulako, eta bestetik, emakumeok egiten ditugulako lan batzuk debaluatuak izaten dira. Horrela, lanaren feminizazioa ematen da, eta aldi berean, subjektibitate ekonomiko femenino bat sortzen da. Subjektibitate horrek biolentziaren paktua (soldata baten truke sinaturiko kontratua) merkeagoa izatea ahalbidetzen du, hau da, kapitalak emakume langilea kontratatuz gainbalio tasa handiagoa lortzen du: subjektibitate femeninoa merkeagoa denez, burgesiak ateratako irabazia handiagoa da (gainbalio absolutua). Fenomeno horien aurrean, beharrezkoa dugu askotan aparientzian feminismoaren aldarria daramaten hainbat politika aktiboren interesak aztertzea, hau da, atzean ezkutatzen dutena, irabazien handitzea dela. Horrela, seinalatzekoa da periferiako hainbat herrialdetan emakumeak lan munduan txertatzeko itxurazko intentzioarekin, proletario maskulinoa femeninoagatik aldatzen dela, multinazionalen onurak handitzen.

Horrez gain, oraindik ere aipatzekoa da herrialde askotan emakumeek ikasketetarako dituzten aukerak askoz ere murritzagoak direla. Era berean, familia giroko zaintza lan guztiek ere asko mugatu dezakete emakumeen aktibitate profesionala.

Horrekin batera, proletargo femeninoaren despolitizazioa ematen da. Auzi estrategikoa da hau burgesiarentzat, langileriaren sektore handi bat gaitasun politikorik gabe uzten baitu. Alde batetik, aitortza politikorik gabeko subjektua da emakumea, hau da, errealitate sozialaren maila guztietan bigarren mailako subjektu gisa aitortua da. Horrekin burgesiak iraultza prozesua etengabe moteltzea lortzen du. Horrez gain, emakume langilea sozialki eta kulturalki aitortza politikorik gabeko subjektu gisa ikusia izan dadin hezten du burgesiak langileria, horretarako aurreiritzi matxistak erabiliz.

Bestetik, gaitasun politikorik gabeko subjektua da, hau da, emakume langilea hezitua da jarduera politikoetan parte ez hartzeko, horrela emakume langilearen subordinazio politikoa erreproduzituz. Horrek, zuzeneko eragina dauka emakumeon subjektibitatean, sarritan guk ere ez baitugu gure burua gai ikusten zenbait gairen inguruan posizio politiko argiak adierazteko, publikoan hitz egiteko, jarduera militante konkretu batzuk aurrera eramateko… Gainera, azpimarratzekoa bada ere azken urteetan parte hartze militantean emakumeok izan dugun gorakada, horrek ez du esan nahi erroko arazoa gainditu denik. Izan ere, oraindik emakume langilearen heziketa politikoak gai konkretuetan espezializatzera garama, batez ere genero eta harremanen inguruko gaietan, emakumea subjektu partzial gisara mantenduz.

Azkenik, emakumearen auzia banaketarako elementu gisa erabiltzen da. Denok denon aurka jokatzen dugun gizarte honetan, subjektibitate burgesak norbere nahi indibidualak lehenestera garamatza, biolentziaren forma anitzen bitartez nahi horiek inposatzeko zilegitasuna dugula sinestaraziz. Funtsean, jasaten dugun bizimodu bortitz eta biolentoa gure subjektibitatean islatzen da, eta jarrera oldarkorrak izatera iristen gara. Gainera, gainontzekoak objektu edo merkantzia gisa atzematen ditugunez, ez gara kontziente albokoei eragin diezakegun minaz. Hala, langileria hezitua da bere baitan biolentzia erreproduzitzeko: gure arteko gutxiespenak, jipoiak, bortxaketak… izanik adibide garbienak. Hortaz, biolentziarako heziketaren bitartez, gure arteko etsaitasunak sortu eta erreproduzitzea lortzen du burgesiak, gure arteko zatiketa sozial eta politikoa eraginez. Argia da, beraz, gure arteko erasoek jokatzen duten papera: alde batetik, etsaiaren nagusitasuna bermatzea, eta bestetik, errealitate kapitalistaren betikotzea.

Aipaturikoa gainditzeko klase ertainetik sorturiko feminismoak ere, langile klasea forma politikoan banatzea lortzen du. Hau da, langileria esparru politikoaren arabera banatzen da, emakumea militantzia feministara bideratuz eta bere eragite esparrua horretara murriztuz. Horrela, emakumearen partzializazioa erreproduzitzen jarraitzen da, beste auzi batzuekiko konpetentzia teoriko eta politikorik gabe utziz. Horren aurrean, komunismoak emakumea subjektu integrala izatea bilatzen du, hau da, osotasuna borrokatuko duen subjektua bilatzen du, helburu bezala duen subjektu unibertsala (termino politikoetan genero gabeko subjektua) lortzera begira.

Horretarako, beharrezkoa dugu genero auzia botere burgesaren teoria integratuaren baitan ulertzea. Hau da, oinarrian forma ekonomikoa dagoela eta horretatik eratortzen diren edo beste formazio sozial batzuetatik hartzen dituen zapalkuntzak txertatzen direla, bere interesen arabera birkonfiguratzen dituenak. Horrela ikus genezake, burgesiaren botere estrukturaren oinarrietako bat den momentutik, genero problematika izaera estrategikoa duen auzia dela, eta beraz, ez dela soilik izaera femeninoa duen auzi bat. Beharrezkoa dugu, hortaz, militante guzti-guztiok auzi honekiko kontzientzia hartzea: loturik gaituen errealitatea hau ulertu eta egoera hau gainditzea ahalbidetuko digun jarduna gauzatuz. Horretarako, garrantzizkoa da langile antolakundeetan, oraindik indarren dagoen sexuaren araberako lan banaketa baztertzea, gizonak ere genero auzian eragile zuzen bilakatuz, emakumeok soilik auzi honetan espezializatzeari utzi, eta iraultza sozialistaren zeregin guztietan jarduteko aukera erreal izan dezagun.

Hori landu eta borrokatu ahal izateko baina, langile borroken artikulazioaren beharra azpimarratzea dagokigu, hori baita genero zapalkuntza toki guztietan gainditzen dela bermatuko duen bakarra. Burgesiarekiko indar korrelazioan ematen dugun aurrera pausu bakoitzean jarritako mugarria mantentzea bermatuko duen bakarra horren atzean dagoen antolakuntza baita. Beraz, klase ertainak bere interesen bermerako proposatzen dituen lege, ideologia zein kulturaren aldaketen aurrean (dirua jada badaukate eta), emakume langileok argi izan behar dugu gure interesen bermerako lehen pausua baldintza materialen eraldaketa dela. Hau da, barrenean daramagun inpotentziari aterabide kolektibo bat ematea beste aukerarik ez dugunontzat, beharrezkoa zaigu langileria antolatzea. Hala, gure gaitasunak eta potentzialitate iraultzailea batuz, egunez egun, kapitalarekiko daukagun menpekotasunetik at biziberritzeko daukagun ahalmena sortu behar dugu. Langile Boterea izango baita, zapaltzen gaituen sistema honetan, munduan bizi garen gehiengo zabalaren mesedetan egongo den aldaketa juridiko, ideologiko zein kultural bat gailentzea ahalbidetuko duen bide bakarra.

JTK!