MARTXOAREN 8ak UTZI DIGUNAZ…

Posted on Posted in Sarrerak

Emakumeon oihuek ez dituzte gehiegitan kaleak hartzen, gizonezkoenak ozenago entzun izan ohi dira. Horrek ahots korden presioaz haragoko arrazoiak ditu dakigunez. Emakume langileok, politikoki subjektu ezgai nahi gaitu sistema kapitalistak eta horretarako bere mekanismo guztiak baliatzen ditu: feminizatutako lanak debaluatu, haurdunaldiengatik lanetik kaleratu, kultura misogino bat hedatu eta gure zaurgarritasuna areagotzeko bitartekari figurak sortu gizon langileengan… Ordea, Martxoaren 8 ugaritan legez, emakumeon garrasiak hartu ditu kaleak aurtengoan ere, pairatzen ditugun etengabeko erasoak salatu eta politikoki ezgai nahi gaituen sistema honen aurrean antolakuntza politikoaren alde altxatuz. Emakume langile andana lehen lerroan jarri eta milaka pertsonako manifestaldiak ikusi ditugu, genero auziari dagozkion eztabaidek hartu dituzte egunkari, webgune, egunerokotasuneko elkarrizketa zein militantzia espazio ugari, zaintzaren inguruko hausnarketak nagusitu dira, baliogabetuta dauden lan feminizatuak azaleratu dira…

Aurtengo greba feminista honek agerian utzi du emakumeen zapalkuntzaren iturria ez dela kultura matxista soila, baizik eta hau sostengatzen duen sistema kapitalistaren ondorioa dela. Poztekoa da, gure egoeraz jabetu eta hau aldatzeko grina zabaldu izana han eta hemen. Haatik, uste dugu gure egoeraren analisi egokia egitea dagokigula hau aldatzeko tresna eraginkorrak planteatu ahal izateko. Martxoaren 8aren inguruan idatzi ditugun sarreretan aipatzen genuen legez, greba feministak eragin positiboak dauzkan bezala, baditu gure ustez arriskutsuak gerta liratekeen zenbait puntu bere planteamenduan: gizon langileak borroka feministatik kanpo kokatzea esaterako. Langile klasearen baitan banaketa eta konpetentzia elikatu beharrean, zapalkuntzen eta subordinazioaren  jatorri komunaren aurka altxatu eta antolatzea dagokigu langile guztioi. Egia da, emakume guztion batasuna aldarrikatzetik urrundu eta emakume langilea jarri dela aurtengoan erdigunean, zenbait irakurketa eta karteletan bederen. Emakume langilea subjektu forman irudikatzetik haratago, osotasunaren aurkako borrokan langile klasearen batasuna antolatzearen beharrezkotasuna jarri behar dela mahai gainean uste dugu guk ordea. Soilik modu horretan lortuko baitugu sistemaren gaindipenera eramango gaituen estrategia kolektibo iraultzaileak planteatzeko gaitasuna.

Hala ere, feminismoa klase perspektiba batetik aztertzeko saiakerak ez dira gutxi izan egunotan, eta Euskal Herrian nagusitzen ari den gogo iraultzaile eta ildo sozialista baten berreskurapen baterako determinazioa txalotzekoak iruditzen zaizkigu. Zentzu horretan, genero zapalkuntzaren nolakotasuna ulertzeko eta horren erroko analisia egiteko antolatutako hitzaldi, eztabaida edo mahainguru ugari eman ditu Martxoaren 8ko testuinguruak. Halaber, greba feminista honetan klase autonomiaz jardun duten talde zein antolakundeak asko izan dira ikasle mugimenduan, gaztetxe zein gazte asanbladetan, unibertsitateko talde feministetan, herrietako hainbat emakume taldetan… Horren aurrean, talde hauetatik guztietatik abiatutako planteamenduak zoriontzea da gure egitekoa gaurkoan. Ilusioz jarraitu ditugu aurrera eramandako dinamika eta ekimenak, ekarpen interesgarriak egin dituzten irakurketak… eta bereziki azpimarratzekoa da, auzi hau forma mixtoan lantzeko aukera zabaldu izana, agerian utzi baitu aldarrikatzen dugun batasunaren bide zuzenean pausuak ematen gabiltzala.

Badakigu, ordea, Martxoaren 8an ez dela amaitzen genero zapalkuntza eta esplotazio basatiarekin bukatzeko egin beharrekoa, lan asko daukagula aurretik, eta horretarako, egunero lanean jarraitzea dagokigula. Gure borroka eraginkorra izatea nahi badugu, analisia ezin da sinbolikora mugatu, ezin da agerian geratzen den horretan gelditu, eta bereziki, proposamena ezin da maila indibidualean kokatu, bakoitzaren esperientzia subjektiboaren araberako borondate partikularra interpelatzera mugatuz. Ezin da zapalkuntza hauen eraginetan soilik jarri arreta eta horien gaindipena horiek eragiten dituzten minak deuseztatzean oinarritu. Aurretik esan bezala, ongi aztertu behar dira zapalkuntzen jatorria, horiek langile klasearen esplotazioarekin duten harremana eta horien azken onuradunak nortzuk diren. Zapalkuntzak forma abstraktuan ulertu beharrean, zapalduok ekoizpen forma batek determinaturiko subjektu historikoak garela konprenitzea ezinbestekoa da.

Argitu bedi behingoz, inoiz ez dugula emakume eta gizon guztien arteko berdintasunik lortuko kapitalismoaren baitan, zapalduok klase gatazka batengatik zeharkatuak gauden subjektuak garela eta emakume burgesek euren klase interesak defendatuko dituztela guztiaren gainetik. Isabel Benitezek dioen bezala, feminismo guztiak dira klase feminismo, bakoitzak berea, eta bakoitzak bere klase soziala indartzeko erabiliko duena. Gure eginbeharra argia da beraz, autonomiaz egituratu behar dugu gure feminismoa, zeinak langile klasearen batasuna artikulatzen lagunduko duen. Horretarako, lan banaketa sexualaren gaurkotasuna bere sakontasun guztian aztertzea dagokigu, baita militantzia esparruetan ematen dena ere. Emakumeok iraultza sozialistaren parte izan behar dugu, eta gizonek feminismoa bere egin eta erantzukizunez jardun behar dute bere kide emakumeekiko. Burgesiak langileria bere interesera erabiltzeko egituratzen dituen zapalkuntza guztien aurrean klase batasunez borrokatzen ez badugu ez dugulako genero zapalkuntza gainditzerik izango.

Emakume langileon zapalkuntza gainditzeko lanean jarrai dezagun. Egunetik egunera iraultza sozialistaren parte garen emakumeon kopurua biderka dadila, entzun dadila gure ahotsa ozen kaleetan, indartu dadila gure parte hartzea eztabaietan, teoria marxistan jantzi eta antolatu gaitezen gure kideekin batera lantokietan, ikastetxeetan…  sistema kapitalistak moldatutako esplotazio eta zapalkuntza kate guztietatik askatzeko, Martxoaren 8tik aurrera ere, jarrai dezagun lanean!

Emakume langileon askapena ipar… gora langileon borroka!

JTK!