ERREPRODUKZIOAZ ETA OSOTASUNAZ

Aurreko testuan aipatzen genituen ideia batzuei jarraipena eman nahiean, erreprodukzioaren analisia erdigunean jartzea garrantzizkoa iruditu zaigu, gaiaren hausnarketari segida eman eta sakontzeko. Aspalditik pil-pìlean dagoen gaia dela nabaria da eta martxoaren 8aren buelta honetan eztabaida berriz ere mahaigaineratu da bizitzak erdigunean jartzearen idearekin.

Baina urte batzuk atzera egin beharrean gaude gai honek hartu dituen dimentsioak ulertzeko. 70. hamarkadan, ordura arte langileriaren baitan indarrean zeuden hainbat ezaugarri zalantzan jartzen hasi ziren eta horrek mugimendu sozial berriak eratzen hastea ekarri zuen: mugimendu hippie-a, gerraren aurkakoa… eta horien artean, mugimendu feminista. Fraser-ek (2015) adierazten du pertsonala politizatzerako garaian protestaren mugak zabaldu zituztela, etxeko lanak, sexualitatea eta erreprodukzioa txertatuz. Hala ere, argi azaldu genuen aurreko testuan ez dela mugimendu feministak soilik landu duen gai bat, hainbat marxista izan baikenituen etxeko lanen eztabaidaren protagonista garai horietan.

Feminismotik eta modu zehatzeagoan ekonomia feministaren lanketatik, berebiziko garrantzia izan du genero zapalkuntzaren ulerkerarako lan banaketa sexualak. Nabarmen erabili izan da horretarako iceberg-aren metafora, azaltzeko gizartean alde batetik, gune ikusezin batzuk daudela: zaintza lanetatik eta naturatik lorturiko baliabideak eta bestetik, ikusgarriak direnak: merkatu kapitalista, ekonomia finantzieroa eta Estatua (Carrasco, 2017).  Ikuspuntu honetatik ulertu daiteke beraz lan banaketa sexuala lan produktiboaren eta erreproduktiboaren artean banatzen dela. Lehenengoa, historikoki gizonek egin dutena eta soldatapeko lan forman ulertu dena eta bigarrena, historikoki emakumeek egindakoa, ordaindu gabea.

Horri dagokionez azaldu behar dugu, genero zapalkuntzaren oinarria lan banaketa sexualean kokatzen dela, argi. Honek aldiz, bizitzako esparru guztietan eragiten du, hau da, bai esfera produktiboan eta baita esfera erreproduktiboan ere. Kontua ez da lan bakoitza forma kuantitatiboan aztertu eta konparatzea, lan gehiago nork egin duen azaltzeko. Kontua da inposaturiko lan banaketa sexual horrek figura disziplinario ezberdinak sortzeko aukera ematen duela emakume proletarioak erreprodukzio forma ezberdinetarako otzan bilakatuz.

Ideiari jarraiki azaldu behar da, lan horiek balio gutxiago dutela emakumeek egiten dituztelako, baina horren zergatia azaltzea beharrezkoa da, hau da, ze interesi erantzuten dio subjektibitate zapalduen lanen debaluazioak? Alde batetik, aukera ematen dio burgesiari proletargoaren barruan aurkakotasun eta etsaitasunak sortzeko eta bestetik, lan horiek egiten dituzten pertsonen produkzioa merketzen du, hau da, lan indarraren balioa txikitzen da. Horregatik, subjektibitate konkretu batzuek lan batzuk dohainik edo soldata baxuekin egin behar dituzte, burgesiak proletargoaren produkzioan gutxiago xahutu dezan. Horrela, burges bakar batek bere enpresan ordaindu beharrean langile horri, burgesia osoaren ardurapean geratzen da hau eta Estatuaren bitartez egiten du, zeharkako soldaten bitartez.

Beraz, Kolitzak (2018) dioen bezala: lan banaketa sexuala eta emakume langilearen gaineko genero zapalkuntza ez dira lan ikusezinean edo ordaindu gabeko lanean oinarritzen, baizik eta kualitatiboki beharrezkoak diren lanetan, kulturalki debaluatuak eta genero zapalkuntzaren figurei politikoki subordinatuak daudenak.

Auzi honi jarraiki, aipatzekoak dira erreprodukzioaren eztabaidan mugimengu feminista italiarreko kideek izan zuten papera eta egindako aportazioak. Mariarosa Dalla Costaren (1977) aburuz, kapitalismoak soldatapeko langileen eta soldatapekoak ez diren langileen arteko banaketa ezarri zuela azaltzen du eta biak ala biak esplotatuak daudela baieztatzen du, batzuk zuzenki eta besteak zeharka. Hau da, bere ustetan etxeko lanek ez dituzte soilik erabilpen balioak sortzen, baizik eta gainbalioaren produkzioan oinarrizko funtzioa betetzen dutela adierazten du. Antzeko ildotik landu zuen gaia urte batzuk lehenago Margaret Benston-ek Emakumeen askapenerako ekonomia politikoa (1969) testuan. Testu honen originaltasuna etxeko lan hauek lan produktibo gisa planteatzen datza, gizartearen erreprodukziorako beharrezkoak diren aktibitate multzo gisara ikusiz.

Horren aurrean garrantzizkoa da ulertzea etxeko lanek erabilpen balioak sortzen dituztela, ez truke balioak eta beraz, ez dutela zuzenean gainbaliorik sortzen. Hau da, etxeko lanak ez daude merkantilizatuak, erabilpen balioak sortzen ditu baina ez kapitalistarentzat gainbalioa sortzen duten merkantziak. Hemen ez da esplotaziorik ematen, esplotazioa botere metaketa sortzen duen subordinazio forma espezifiko gisara ulertzen delako, soberakinen jabetze gisa. Beraz, ez dago esplotazio tasarik, praktika hauek ez daudelako merkantilizatuak eta ez dagoelako kapitalarentzako koste estruktural zuzenik. Honi dagokionez Vogelek (1983) argitzen du nahiz eta emakumeon zapalkuntzan familia funtsezkoa eta guztiz alienantea izan, gakoa etxeko lan hauek duten esanahi sozialean kokatzen dela, etxeko lanek kapitalarentzat duten esanahiean, kontuan izanik lan indarraren erreprodukzioa oinarrizkoa dela sistema kapitalistaren dinamikarako, honen kondizio eta aurrekondizio. Nahiz eta azken hau ezkutuan geratzen den aurretik aipatu ditugun interesengatik: lan indarraren kostua murrizteko eta errentaren banaketa sexual ezberdindua emateko, etsaitasunak sortuz.

Aurreko guztia kontuan harturik, nola ulertu beharko genuke, orduan,  erreprodukzioa? Bhattacharyak (2013) bere aldetik lan indarraren erreprodukzioan hiru prozesu azpimarratzen ditu:  alde batetik, langilea ekoizpen prozesutik kanpo erreproduzitzen duten jarduerak eta horretara bueltatzeko aukera ematen diotenak: jana, lotarako ohea, baita psike-aren zaintza ere. Bestetik ekoizpen prozesutik kanpo langileak ez direnak mantetzen dituzten ekintzak, hau da, iraganean edo etorkizunean langile izan(go) direnak: umeak, hirugarren adineko pertsonak eta ezgaituak edo langabezian daudenak. Azkenik, lan erreproduktibo biologikoa, langile berriak erreproduzitzen, erditzearen bitartez.

Baina hau ulertzeko, ezinbestekoa dugu lehenengoz soldataren kategoria ondo konprenditzea. Soldata lan indarraren erreprodukziora bideraturiko ekoizpen sozialaren parte da. Soldata hau forma zuzenean, lanaren truke gisara agertu daiteke edo beste batzuetan zeharkako beste mekanismo batzuen bitartez: diru laguntzak…  Soldataren forma gainbalioaren ekoizpen beharrek determinatzen dute. Hau da, erreprodukzioaren eta produkzioaren arteko proportzioak, langilearen soldata eta burgesaren irabazia (soldata erlatiboa). Beraz, berebiziko garrantzia dauka soldata lana ordaintzen duen kategoria gisara ulertzen duen ideia alboratzea eta ohartzea burgesiaren dominazioaren aparientziazko forma bat besterik ez dela.

Lan denboraren baitan hala, bi momentu bereizi behar ditugu: alde batetik  Marxek beharrezko lana deiturikoa eta bestetik, gainlana. Beharrezko lana langilearen erreprodukzioa bermatzeko beharrezko denborari deritzo. Gainlana ordea, langilearen existentzia mantentzeko beharrezko bitartekoak ekoizteko denbora gainditzen duen zatia da. Lehenengo zatiarengatik langileak soldata bat jasotzen du, bigarren zatian lortutako, gainbalioa, burgesiak bereganatzen du. Honek adierazten digu ekoizpen esferan egindako lanaren zati bat ere lan erreproduktiboa dela, beharrezko lana.

Hortaz, lan indarraren erreprodukzioa hurrengo forman banatzen da: alde batetik, bizitzaren esfera merkantilizatuagatik subsumiturik agertzen diren jarduerak, hau da, formalki lana bezela ulertzen dena. Bestetik, merkantilizatu gabe dauden jarduerak, ez soilik, etxeko edo zaintza lanak, hortik haratago: eskolako jarduera dsiziplinarioak, estatuarekiko obedientzia jarduerak, elikagaien autoprodukzioa… Erreprodukzio guztia beraz, proletargoaren autoerreprodukzioan oinarritzen da, lanpostuan bertan eta hortik kanpo garatzen dugun jardunean. Produkzioa bere aldetik, soberakinen produkzioa da, soilik lanpostuan ekoiztu daitekeena eta burgesia metatzen joaten dena ekoizpen bitartekoen forman, besteak beste (Kolitza, 2018).

Erreprodukzioak kapitalaren ekoizpenean duen garrantzia ikusirik Bhattacharyak (2013) dio kapitalak esfera hori forma basatian erasotzen duela, borroka ekoizpenaren esferan irabazi ahal izateko. Horregatik zerbitzu publikoak erasotzen dituela, zaintzen karga familia indibidualetara bultzatzen du, zaintza sozial guztia murrizten du, langile klase osoa zaurgarria izan dadin eta lanpostuan ematen diren erasoen aurrean gero eta erresistentziarako aukera gutxiago izan ditzan. Berak argi baitauka langile klaseak erreprodukzioaren esferan borrokatu behar badu ere, sistemaren kontra soilik produkzioaren esferan irabaz dezakeela.

Orain arte aipaturiko ideia eta eztabaida guztiek mugimendu feministaren baitan produkzio-erreprodukzioaren eskeman hartu dute forma, Carrascoren (2017) ustez, bere garaian baliagarria izan zena etxeko lanen bisibilizaziorako, baina arazo nagusi bat dakarrena: produktibo/erreproduktibo dikotomia mantentzen du, bi eremuen bereizketa nabarmenduz eta horrek ez du uzten bi lanen eta bi eremuen arteko harreman dinamikoa ulertzen.

Kontuan hartzekoa da aipaturiko kritika, produkzio/erreprodukzio dikotomia zein mugatzailea den adierazten baitu. Horren aurrean osotasunaren ulerkeraren garrantzia azpimarratzea beharrezkoa zaigu, gauzak ez baitira binomioetan (publikoa/pribatua, soldatapekoa/ez-ordaindua…)  planteatzeko bezain errazak. Beraz, bi esferen arteko lotura analitikoan berretsi beharra proposatzen dugu. Honek soilik ematen baitigu aukera genero zapalkuntzaren oinarri den lan banaketa sexual kualitatiboa gainditzera bidean proposamen politiko iraultzaileak garatzeko.

Hortaz, orain arteko proposamen politikoen gaindiketa ere exijitzen du horrek, etxeko lanak merkantilizatzearen edo unitate familiarretako ardura birbanaketen ideietatik haratago joatea beharrezkoa zaigu. Alde batetik, ezin eror gaitezke kapitalaren jokoan, erabilpen balioak, truke balio bilakatzea eskatzen, kapitalaren oinarri estrukturaletik datorren arazoa dela kokatzen badugu aurretiaz. Horren aurrean soldatapeko lanaren gaindiketa gure programaren oinarrietan izan behar dugu, metaketa helburu duten truke balioak, beharren asetzea bilatzen duten erabilpen balio bihurtuz. Bestetik, ezin uler genezake hautu indibidualean gainditu daitekeen arazo forman, hau da, etxeko lanen arduraren birbanaketan geratzeak, aurretik aipaturiko forma kuantitatiboari soilik erreparatzen dio, horren atzean dagoen forma kualitatiboa ezkutatuz. Horrek ez du esan nahi birbanaketa hori eman behar ez dugunik, baina ezin gara horretara mugatu. Hortik haratago, gure bizien erreprodukzio forma ororen kolektibizazioa aldarrikatu beharrean gaude, klase elkartasuna oinarri izanik.

Ezin hitz egin genezake beraz, erreprodukzioaz osotasunaz hitz egin gabe. Ezin uler genezake esfera bat bestea kontuan hartu gabe. Ezin konprenditu genezake dohainik egiten diren lanen esanahia, soldataren formaz jabetu gabe. Ezin genezake irabazi osotasuna gainditu gabe.