Sarrerak

ETA ZUK ZER EGINGO ZENUKE HAURDUN GERATUZ GERO?

Guk ere sarritan abestu izan ditugu “gure gorputza, gure erabakia” eta antzerako leloak, baina zer esan nahi du gure gorputzaren gaineko egiazko erabaki gaitasuna edukitzeak? Ze inplikazio praktiko dauzka horrek? Hau da, nola irits gaitezke gure gorputzen ezagutza zehatza edukitzera, sozialki bete nahi dugun funtzioa arduraz identifikatzera eta gure erabakia osoki gauzatu ahal izatera? Zentzu honetan, abortua legala eta doakoa izateak, ugalketaren ikuspuntutik bada ere, gure gorputzen gaineko erabateko kontrola ahalbidetzen digu?

Ezezkoan gaude gu: abortatzeko aukera eskuratzeak ez dakartzalako bere baitan erabakia arrazoitua izan dadin beharrezkoak zaizkigun baldintza subjektibo zein objektiboak. Lehen puntua (emakume langileak subjektu politiko ez-gai gisa heziak izateak, gure bizien gaineko kontrol ezan daukan eragina), Mugimendu Feministatik asko landu da, eta orokorrean esan dezakegu, ados gaudela mahai-gaineratutako ideiaren oinarriarekin: jasaten dugun objektualizazioa dela eta, amatasunaren gainean hartzen dugun erabakia kontzientea izan beharrean, esleitzen zaigun funtzio sozialaren gauzapena izan ohi dela. Hau da, emakume langileok familia atomizatui bat eratzeko eta honen sostengu izateko betebeharra naturalizatu dugunez, guretzat arrotza den familia eratu eta ama izateko erabakia hartzen dugula (nahiz eta, ezkontza- zein jaiotza-tasek argi uzten duten moduan, azken urteetako joera beheranzkoa izanii).

Puntu honen itzalean, baina, bada gutxitan aipatzen den bigarren bat: orokorrean, ekoizpen kapitalistaren fase historiko bakoitzean desjabetuok gure erreprodukzioarekiko daukagun kontrola, eta zehazki, egun langileok bizi dugun proletarizazio prozesua dela eta, bizi lasai eta egonkorra eskuratzeko daukagun gaitasun eza. Bestela esanda, langileok guraso izan nahi dugun ala ez erabakitzeko daukagun ezintasun materiala.

Itaiatik, elementu hau ugalketaren inguruko eztabaidan kokatzeaz gain, aurrez aipatutakoarekin daukan harremana ere azpimarratu nahi dugu: bananduta dauden bi elementu izatetik urrun, baldintza objektibo eta subjektiboen artean berezko harremana baitago. Izan ere, izate soziala da giza gogoa eratzen duena, hau da, gure kontzientziak esperientziaren bidez sortzen ditugu, eta horrenbestean, dauzkagun bizi baldintzak dira gure balizko erabakietan epaia ematen dutenak. Ondorioz, oro har, bi tendentzia ematen direla baiezta dezakegu: batetik, ume edukitzeko gure bizi eredua sakrifikatu eta bizi baldintzak are gehiago proletarizatu behar ditugunena, hau da, aukera horren existentzian pentsatu ere egingo ez dugunona, eta bestetik, dauzkagun bizi baldintzak direla eta, umea edukitzeak gure egoera gehiago proletarizatzea ekarriko ez lukeenez, oso gazte ama bilakatzen jarraitzen dugunona.

Haatik, argitalpeneko argumentu nagusia garatzen hasi aurretik, ugalketak erreprodukzioaren baitan jokatzen duen papera argitu nahi genuke: aurreko bideoan aipatutakoaren aurka, gure inguruan langileon ugalketa ekoizpen eredutik at ulertzeko joera baitago. Belaunaldi-berritzeak, egun, bi funtzio eduki ditzake: batetik, burgesiaren baitan herentziarena, eta bestetik, burgesiarentzako langileon ordezkapena. Beraz, biak ala biak, ekoizpen eredu kapitalistaren baitan daukaten zentzua burgesa dela baiezta dezakegu, klase bereizketan oinarritzen den esplotazioaren betikotzea bilatzen dutelako.

Gainera, gaurko egunetaraino familia harremanen bidez gauzatzen ziren beste hainbat funtzio jadanik ia bere osotasunean merkantilizatuak dauden arren (adb. umeak kotzientzia burgesean heztea kurrukulumaren, irakasleekin duten harremanaren, telebistaren, literaturaren… bidez edo emakumearen subordinazio politikoa publizitatearen, erreferenteen, modako kanonen, nagusiekin duten harremanaren… bidez), ugalketaren funtzioa, oso azkar hazten ari bada ere, oraindik merkantilizazioaren hasierako fasean dago. Joera horren adierazle dira aurreko artikuluan (eta honen oin-oharretako esteketan) adierazitakoak: vientres de alquiler gauzatzen zein umeak jasotzen dituzten guneetako legediek jarduera hau ongi arautu gabe edukitzea; Espainiar Estatuko kasuan, legedi proposamena Konstituzioaren aurkakoa denez, azken honen birfomulazio bat falta izatea; emakume langile proletarizatuenak burgesiarentzat umeak ekoiztera behartzeak oraindik onarpen sozialik ez edukitzea…

Egoera honek, hots, langileon belaunaldi-berritzeak betetzen duen funtzio sozialari ezin uko egiteak eta hau oraindik merkatuaren bidez asetzeko ezintasuna izateak, kapitala oraino familia atomizatura lotzen du. Hala ere, Munduko Bankuaren estatistikekiii argi uzten duten moduan, munduko txoko guztietako ugalketa-tasak ez dira berberak: mundu mailako lan banaketaren baitako espezializazioaren eta lan-eskua prestatzeak daukan kostuaren araberakoak baitira. Hau da, gune hortako kideek, orokorrean, betetzen duten lanaren funtzioaren (lan-esku kualifikatua ala lan-esku kualifikatu gabea eskatzen duten lanpostuak betetzen dituzten, adibidez, hirugarren sektoreko ikerketa teknikoa, diseinua, teoriaren sorkuntza… ala lehen eta bigarren sektoreko industriako zein fabriketako esku-langile, nekazari, abeltzain, arrantzale…) eta toki horretan umeak edukitzeak zein hauek soldatapeko lanerako hezteak daukan kostua (osasungintza, guraso bajak, hezkuntza, soldata…).

Hala azaldu daitezke, adibidez, ondorengo guneen jaiotze-tasakiv: Europar Batasunekoa 10ekoa eta Munduko Bankuak “Sarrera Baxuko Herrialdeak” gisa multzokatu dituenekoa 35ekoa izatea (azken gune honen baitan kokatu behar ditugu Euskal Herrira etorri diren errefuxiatu askoren sorterriak: Kongok 42ko, Senegalek 36ko, Somaliak 43ko eta Gineak 36ko jaiotze-tasak dituztenak). Baita tendentzia hau indartzeko burgesiak egiten duen hautuaren adierazle den Euskal Herrian ugalketa sustatzeko, nagusiki Hegoaldean, Estatuek egiten duten ahalegin eskasa: beken, diru-laguntzen, gurasoen bajen… bidez neurtu daitekeena.

Honek guztiak, baina, ez du esan nahi desjabetuok ugalketaren bidez gure afektibitatea garatu ezin dugunik, eta horrenbestean, iraultza sozialistaren baitan landu beharreko harreman mota bat ez denik. Batetik, umeak hezteko nahia edukitzea, kontzientea denean, guztiz sentimendu zentzuduna delako: pertsona baten bizia guraso gisa zaintzeko konpromisoaren adierazle baita. Honek, zainduko den eta zainduko duen pertsonen izaeragatik (ondorengoen zein guraso) hainbat berezitasun dakartza bere baitan: bai, ume batek daukan dependentzia graduagatik zein gurasoek umea langile kontzientzian hezteko daukaten erantzukizunagatik, baina, baita, haien artean sortzen den harremanaren intentsitateak, haien bizitzen gora-beheretan eskatzen duen inplikazioengatik ere. Bestetik, beteko duen funtzio soziala langileak ordezkatzearena bada ere, ulertzen dugulako jarduera honek harreman komunista potentzialen azterketa zein entsegua ahalbidetzen digula, eta horrenbestean, langile kontzientziaren funtsezko elementu baten eraketa ahalbidetzen digula: mugak, zailtasunak, akatsak baita asmatzeak zein tresnak identifikatuz.

Auzia, beraz, langileon belaunaldi-berritzea perspektiba sozialista iraultzaile batean kokatzean datza. Hau da: betebehar zein inertzia sozialak bultzatuta era gatazkatsuan egiten dugun jardun gisa jasatetik, era harmoniatsuan gauza dezakegun konpromisoaren adieraz forma bat bezala bizitzera igaro behar dugula. Jakina da, aipatutako gurasotasunaren forma garatua soilik sozialismoan eman daitekeela, honek, baina, gure jarduna blokeatu beharrean, norazkoa argitzen digu: emakume langileok ugalketaren gaineko egiazko erabaki gaitasuna eskura dezagun, belaunaldi-berritzeen auzia osotasunaren baitan kokatu behar dugula zehazten digulako. Ondorioz, gurasotasunaren auzia, kapitalismoa bere osotasunean gaindi dezagun, iraultza sozialista antolatzea helburu duen langileon estrategiaren baitan borrokatu behar dugula adierazten digu.

Desjabetuon behar erreproduktibo guztiak asetzeko, langileon auto-antolakuntza gauzatzea helburu duen posizio politiko honetatik gaiari ekiteko, beharrezkoa zaigu jadanik aipatutako bi puntuak kontuan hartzea: batetik, guraso izan nahi dugun ala ez hautu bat izan dadin, egiazko bizi baldintzak eskuratzea, eta bestetik, aukeren artean hautatu ahal izateko, emakume langileak subjektu politiko gaitu gisa eraikitzea.

Lehenaz ari garenean, bi aukerak bermatuak edukitzeaz ari gara, hau da, bai, guraso izatea erabakiz gero, zeregina gauzatu ahal izateko gaitasuna edukitzeaz, baita, izan nahi ez badugu ere, ez izateko ahalmena edukitzeaz. Era berean, zeregina gauzatu ahal izateko gaitasuna edukitzeaz ari garenean, behinik behin, hiru elementuz ari gara. Batetik, gure buruen erreprodukzioa bermatua edukitzeaz ari gara: aintzakotzat hartuz, erreproduzitzeko behar ditugun bitarteko gehienak komunak badira ere, pertsona bakoitzaren berezitasunek aldaerak eskatzen dituztela. Hala, kontuan hartu behar dugu guraso izango direnek baita jaioko direnek dauzkaten behar zehatz guztiak asetu behar ditugula: etxebizitza, ura, argia, elikagaiak, jantziak, garraioa, kultura, prentsa, teknologia, ikasketak, ikas-materiala, pixoihalak, biberoiak, jostailuak, aldatzeko mahaiak…

Bestetik, guraso izango direnek haiek sozializazioa bermatua eduki behar dute, hau da, guraso bilakatzeak ezin ditu ordura arte zituzten harreman pertsonalak zalantzan jarri. Hala, haien sozializaziorako moduak aurrez prest ez badaude ere, inguruan daudenek prestutasuna eduki behar dute egoera berrira egokitu eta halako garrantzia duen erronka bati aurre egiteko. Edozein kasutan, harreman pertsonalek (zaintza harremanek, familiek, lagun sareek…) oinarri sendoa edukitzea eskatzen du.

Azkenik, guraso bilakatzeak eskatzen duen prestakuntzaz zein jakintzaz ere ari gara: 1) umea langile kontzientziaren baitan hezi ahal izateko beharrezkoa zaigunaz, izan ere, nori ez dio inpotentziak barrena jan lagun bati auzi konplexuren bat azaltzerako garaian? Pentsa dezakegun eran, ume batekin jarduteak bere baitan dakartzan berezitasunak direla medio (bere ulermen gaitasuna, arrazoiketarako daukan gaitasuna, munduaren konplexutasunaz daukan ezezagutza maila…), zeregin hau are gehiago zailtzen da: nola hezi kolektibotasunean, eskuzabaltasunean, konpromisoan, adiskidetasunean, lanerako prestutasunean…; 2) erditu duenak jasango dituen gora-behera hormonal zein fisikoak (esne ekoizpena, sabelaren distentsioa, estriak, barne zein kanpo genitalak aurreko egoerara itzultzea, baldin eta aluan puntuak badituzu hauek osatzea…) ezagutu zein tratatu ahal izateko beharrezkoa zaigun jakintzaz; 3) eta zaintza gauzatzen dutenen osasuna bermatzeko beharrezkoa zaigunaz (nola gainditu kontraesanak, estresa, ezjakintasunak, haserreak, nekea, zalantzak…).

Jadanik zeharka aipatu badugu ere, garrantzitsua deritzogu gurasotasuna ume zein gazteen zaintzatik haratago ulertzea, hots, oraindik “dependentzia” zein “ezjakintasun” egoeran aurkitzen diren ume zein gazteen zaintza gisa ulertu beharrean, sortuko den pertsonaren bizi osoko euskarri, babesgune zein erreferente gisa jarduteko konpromisotzat ulertzea. Alegia: zainduko dena ume izatea gurasotasuna finkatzen duena izan beharrean, koiunturala den elementu bat denez, gurasoen jarduna ez dela gazteen heldutzearekin amaitzen. Adinean gora egitea ez da beti autonomia handiagoa edukitzearen sinonimo, gaitasun batzuk eskuratzeko mugak fisikoak direlako, adibidez, aniztasun funtzionalaren kasuan. Horrenbestean, jadanik heldua den pertsonekin guraso gisa jarduteko pretakuntza ere beharrezkoa zaigu.

Behin guraso izatearen zeregina gauzatu ahal izateko, kontuan hartu beharreko hiru elementuak aipatuta, guraso izan nahi ez badugu, gure hautua egikaritzako bitartekoei erreparatuko diegu: bai, antisorgailuei, baita, abortu induzituari ere. Antisorgailuek haien izatearen helburua bete dezaten, beharrezkoa zaigu guztiok hauek erabiltzeko gaitasuna edukitzea, hots, bai hauen inguruko ezagutza edukitzea (nola erabili, bakoitzak zein efektu sortzen duen gure gorputzean…), baita, antisorgailuak erabili nahi dituen orok eskuragarri edukitzea ere.

Izan ere, Munduko Osasun Erakundearen (MOE)v ikerketa baten esanetan, 2012. urtean egon ziren haurdunaldien %40a bilatu gabea izan zen, orotara, 85 milioi. Erakunde honen ikerketen arabera, Espainiar Estatuan ugalkortasun adinean dauden, haurdun geratzeko arriskua dakarten praktika sexualak edukitzen baina unean umerik eduki nahi ez duten emakumeen %12ak ez du inolako antisorgailurik erabiltzen. MOEk berak, “asetu gabeko beharrizan” hau baldintza ekonomikoekin harremantzen du. Alegia: sektore proletarizatuenetako emakumeek arrisku gehiago daukate bilatu ez dituzten haurdunaldiak kudeatu behar izateko.

Bestalde, pildoraren inguruan ikertzeko dagoen interes falta salatu nahi dugu. Honek, emakumeon osasunean bi ondorio dauzka: batetik, erabiltzen diren pildorek epe luzera sortzen dituzten albo-kalteen ezezagutza, eta bestetik, egungo pildorak epe motzera sortzen dituzten albo-kalteak saiesteko aukera eza (goragalea, bularren minberatzea, buruko mina, bajinako fluxuaren aldaketak, gizentzea, umorearen gora-beherak, libidoren jaistea…). Aipatzekoa da, iaz gizonen pildora merkaturatu bazen ere, urte luzetako iskanbila sortu duen gaia izan dela. Izan ere, honek emakumeonak bezelako anbo-kalteak sortzen baditu ere (depresioa, aknea…), kasu honetan onartezintzat hartzen ziren: antisorgailu honen ikerketa eta merkaturatzea behin eta berriro geldiaraziz. Honek hurrengo galdera egitera garamatza: zergatik sustatzen da emakumeongan horrenbesteko albo-kalteak sortzen dituen pildorak miloika erabiltzaile edukitzea?

Gainera, ikertzeko interes falta hau emakumeon genital guztira orokortzen da. Pildora antisorgailu gisa erabiltzeaz gain, ziklo hormonalarekin daukagun edozein min edo arazoren aurrean pildora errezetatzen zaigu: anomalia guzti horien zergatiak eta konponbideak ez daudelako ikertuak. Hala, gure egoera artatu beharrean, alferrikako albo-kalteak sortzen zaizkigu. Guzti honek, pildoraren erabilera desfasatua gauzatzen dela baieztatzera garamatza: MOEren arabera, Frantziar Estatuan 15 eta 49 urteren bitartean dauden emakumeen %42ak hartzen ditu.

Abortuari dagokionean, oso argi daukagu metodo aurreratuenekin eta dohainik gauzatzeko aukera emakume orok bermatua eduki behar dugula. Aitzitik, Guttmacher Institutuak eta Munduko Osasun Erakundeak 2010 eta 2014 urteen inguruan egindako ikerketakvi azaleratu duen bezala, urtero gutxienez 22.800 emakume langile hiltzen dira aborto ez-seguruek eragindako lesion ondorioz. Datu tamalgarri horrek, abortua gauzatzeko dauzkagun teknologia eta ezagutza aurreratuenak langileon esku jartzearen beharra premiazkoa bilakatzen du.

Jarduera horren izaeraren nolakotasunari dagokionean, bi motatakoak bereiz daitezke. Batetik, farmakologikoa, zeina pilula batzuk ahoratuz uteroan uzkurdurak eragiten diren enbrioia sasi-hileroko baten bidez kanporatzeko. Anestesiarik eta ebakuntzarik behar ez duenez, hau da bietan ondorio kaltegarri gutxien eragiten dituena emakumearen gorputzean. Hala ere, albo-ondorioak eduki ditzake, adibidez, giltzurrun gaineko min handia. Gerta liteke kanporatzea ez osorik gauzatzea (%1-2ko probabilitatea), eta kasu horietan ebakuntza kirurgikoa burutzen da. Gutxi gora-behera 50€ko kostua dauka teknika honekvii.

Bestetik, metodo kirurgikoa dago, bi eratakoa izan daitekeena, haurdunaldiaren garapenaren arabera. Biak ala biak, 500€ inguruko gastua dute: aspirazio bidezkoa (anestesia lokala erabiliz, umetoki-lepoa dilatatu eta enbrioia aspiratzen da. Dilatazioaren tamaina eta aspiratzeko erabilitako tresnaren tamaina enbrioiaren tamainaren araberakoak izaten dira) eta legratua (anestesia erabiliz umetokia dilatatzen da, baina, kasu honetan enbrioia kanporatzeko umetokiaren paretak urratzen dira, umetokia “garbituz”. Ohikoa ez den arren, beharrezkoa izaten da hardunaldia garatua dagoenetan edo gainerako abortu moten ostean umetokian ehunak geratu direnean).

Ondorioz, aborto induzituek, erabiltzen den teknika dena delakoa izanda ere, emakumeon gorputzean daukan eragina agresiboa dela baiezta dezakegu, bai, teknikak berak era zuzenean sortzen dituen sasi-hilerokoagatik, desdohikuntza hormonalagatik… baita izan ditzakeen albo-kalteengatik ere: odolustea, kasu. Beraz, emakume langileok ama izan nahi dugun ala ez erabakitzeko askatasuna zalantzan jarri gabe, abortu induzituen erabilera ahalik eta kopuru txikienera jaisteko beharrean gaude. Zeregin honek, aurrez aipatutako bigarren puntura garamatza, hots, aukeren artean hautatu ahal izateko, emakume langileak subjektu politiko gaitu gisa eraikitzea.

Jakina da emakume langileak subjektu debaluatu gisa eraikitzen gaituztela: gure bizien gainean erabakirik hartzeko, autonomiaz jarduteko, langileon antolakuntzarako… gaitasunik ez daukagula sinestaraziz. Amatasunarekin daukagun harremana ulertzeko, ezinbestean, emakume langileon funtzio soziala ama (eta orokorrean erreprodukzio ez asalariatuaren arduradun) izatea delaren araua ulertu behar dugu: gure izateak errealizatuak sentitzeko, ama izatearen behar arrotza iltzatua daramagulako.

Era honetan, emakume langileak subjektu politiko gisa gaitzeaz hitz egiten dugunean, errealitatea ezagutzeko, bertan garatu nahi dugun jarduna identifikatu eta berau gauzatzeko gai garen emakumeak eraikitzeaz hitz egiten dugu. Gaiari dagokionean (biziraupenerako kezkarik ez edukitzeak, ez digulako zertan guraso izako nahia sortu), funtsezkoa zaigu heziketa sexuala. Gezurra badirudi ere, gaurko egunean oraindik milaka eta milaka garelako, batetik, gure sexualitatearen jabe ez garen emakumeak: norberaren desioak ezaguzen ez ditugulako, gustuko ez dugun gizonekin sexua praktikatzera behartuak ikusten garelako, prostituzioan gatibu gaudelako, beldurrak jota gure nahiak gauzatzera hausartzen ez garelako, bortxatuak garelako… Eta bestetik, dauzkagun praktika sexualek dauzkaten ondorioz jakitun ez garenak edo dakigun horren arabera jokatzen ez dugunak, eta ondorioz, gaixotasun sexualak zein bilatzen ez ditugun haurdunaldiak jasaten ditugunak.

Gauzak hala, langileok geure buruari guraso izan nahi dugun ala ez galdetzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu, batetik, erreprodukzioa bermatua edukitzea, eta bestetik, emakumeak subjektu politiko gaitu gisa eraikitzea. Era honetan, umeak edukitzea erabakitzen badugu hauek erreproduzitu ahal izateko, eta ez edukitzea erabakitzen badugu, bai, haurdunaldia ekiditeko, baita, dena delakoagatik haurdunaldia eteteko ere.

Haatik, ulertzen dugu planteatuatako auziaren gauzapen praktikoak ez duela forma unibertsal bat izango, hau da, emakume langileok ugalketaren gaineko erabaki gaitasuna ez dugula munduko txoko guztietan era berberean eskuratuko. Horregatik, beharrezkoa deritzogu, gune bakoitzak dauzkan baldintzen araberako ugalketari dagokion langile estrategia garatzea, hala, besteak beste, jarraian datozen galderei erantzuna topatuz: nola erditsiko dugu emakume langile guztiok abortatzeko gaitasuna edukitzea? Zer onura ekartzen ditu legalizazioak? Legala izateak dauzkagun behar guztiak asetzen ditu? Nola lortuko dugu dauzkagun behar guztiak asetzea?

Besterik gabe, Socorro Rosako kide bati egindako elkarrizketatxoa duzue jarraian. Doakiela Euskal Herritik besarkadarik beroena Argentinako borrokalari sutsu hauei!

Noiz, non eta nola sortu zen Socorro Rosa ?

Socorro Rosa Córdoba 2012. urten sortu zen. 2003an Campaña Nacional por el Aborto Legal, Seguro y Gratuito sortu zen Encuentro de Mujeres batean. Encuentro Nacional de Mujeres duela 33 urte dauzkan emakume mugimendua, urtean behin biltzen da modu autogestionatuan, momentuko egoeraren eta beharren inguruan hitz egiteko. Kampañak abortuaren legalizazioaren alde dauden mugimendu, erakunde, partidu eta antolakunde gehienak biltzen ditu. Bera da lehengo urtean Interrupcion Voluntaria del Embarazo proiektua aurkeztu zuena (askotan aurkeztu izan dugu, baina, lehengo urtera arte ez zuen Kongresuan eztabaidatu ahal izateko nahikoa boto jaso). 2012ko Kampañaren bilkura batean talde feminista gutxi batzuk modu seguru eta efektiboan nola abortatu zabaltzen ari zirela ikusi genuen eta gu ere horretan hasteko prestatu ginen.

Zein da Socorro Rosaren helburua?

Abortuaren legala ez den arren, abortu asko gertatzen direnez, horiei erantzun feminista bat ematea da helburua. Eta aldi berean, egindako akompañamenduei esker, abortuaren errealitatearen inguruan datuak sortu eta mitoak bertan behera uztea. Aurtengo ‘ola verde’ delakoarekin informazio asko zabaldu da, baina, orain arte abortatzen duten pertsonak nerabeak edo seme-alabarik ez dutenak direla uste zen, errealitateak, aldiz, guztiz kontrakoa erakusten digu adibidez. Eta horrela gauza asko bai antikontzeptiboen inguruan baita abortatzeko arrazoien inguruan ere, abortua erabat estigmatzen duen gizarte batean. Ordutik Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duen farmakoen inguruko informazioa ematen gabiltza. Bese talde batzuekin sarean egiten dugu lan. ‘Fuega: red feminista de acompañamiento en aborto’ da gure artikulazio nagusia.

Nola funtzionatzen duzue?

Telefono zenbaki bat zabaldu dugu. Telefono zenbaki hori komunetako ateetan, ospitaletan, unibertsitatetan, mugimendu feministan, auzo behartsuenetan lan egiten duten organizazioetan eta ahal dugun leku guztietan zabaldu dugu. Batez ere ahoz aho eta osasun profesionalen bitartez zabaldu da azken urteetan. Azken hiru urtetan 500 pertsonatik gora abortatu dute gurekin. Abortatu nahi duenak telefono zenbaki horretara deitu behar du eta bertan bilera bat antolatzen dugu. Bilera hori leku publikoetan izaten da beti. Inongo diru laguntzarik gabe eta autogestioa izanez gure bidea eta desioa: ez daukagulako beste aukerarik batetik; eta abortu hitza, plazetan, kalean, esatea eta abortua erabaki pertsonalaz gain, behar eta asunto publiko eta politikoa dela uste dugulako gainera.

Nolakoak dira bilera horiek?

Bilera horretan bost edo sei emakume inguru eta bi socorrista elkartzen gara. Beraiek nahi duten pertsonarekin joan daitezke. Batzuk familia osoarekin joaten dira; gehienak bakarrik. Interesgarria iruditzen zaigu bertan abortatzeko beharra duten beste batzuk ezagutu, hala, bakarrak ez direla ikusteko: zeinek, nola, noiz izan duen behar hori. Asko inorri ezer esan gabe joaten dira bilera horretara. Gainera, ezingo genuke denekin bakarka elkartu; aurten 600 inguru izan dira, eta guretzat akonpañamentu hauek militantzia dira. Hortaz gain, lan egiten dugu, ikasi edo dena batera. Bilera horretan gure aktibismoaren inguruan kontatzen diegu jakin dezaten ez garela medikuak edo osasun profesionalak, feminismoaren inguruan entzun dezaten eta abar. Eta Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen dituen farmakoekin nola abortatzen den azaltzen diegu folleto baten bitartez: zeintzuk diren espero ditugun sintomak, nola den prozesua, zeintzuk diren alarma sintomak, zer egin horiek azalduz gero. Ondoren, lehen aipatu ditudan datuak biltzen ditugu ‘protocola’ deitzen diegun fitxatxo batzuen bitartez eta gure telefono zenbakia ematen diegu pastillak erabili bitartean, lehenago edo beranduago gurekin harremanetan jar daitezen. Batzuekin denbora pilo bat pasatzen dugu telefonoz, beste batzuk pare bat mezu besterik ez dute behar eta badira inoiz gehio berririk ematen ez dutenak ere. Gure asmoa kontrola egin bitartean beraiekin harremanetan jarraitzea da. Kontrola egiteko nora joan ere esaten diegu, gure berri ematen duten profesional horiek ere beraien esku dagoena egin eta pastilla hauekin zein seguru abortatzen den jakin dezaten. Pixkanaka, gero eta abortu gehiago gauzatzea da gure helburua, argi daukagulako ezin ditugula hiriko edo probintziako abortu guztiak lagundu. 350.000 eta 500.000 abortu inguru gertatzen dira Argentinan osasun ministeioaren arabera.

Eta zuen artean nola antolatzen zarete ?

Gure artean nola antolatzen garen… Telefono publikoa bi astez behin eskuz aldatzen dugu. Hau da, telefonoa eduki nahi/ahal dutenen artean bi astez behin rotatzen dute. Emakumeekin elkartzeko hiruko taldeetan antolatuta gaude. Elkartze bakoitzera bi joaten gara eta asmoa hiru astez behin deskantsatzea da. Beraz hiruko talde horretako beste biekin antolatzen dugu nor doan aste bakoitzean. Elkartze horietan nork noren prozesua jarraituko duen erabakitzen dugu eta telefono zenbakiak banatu. Talde txiki horiek urtean zehar aldatu egiten dira. Zailtasun handiena telefonoa daukatenak bi aste barru non eta zein ordutan elkartuko garen jakin behar izaten dutela da; horregatik, aldez aurretik erabakitzen dugu zein egunetan eta zein ordutan koinziditzen dugun gure artean. Horretaz gain, bi astez behin lau ordutik gorako bilera izaten dugu. Gure bilerak. Horietan akonpañamendu zailen bat izan badugu nola jarraitu, beste aktibitate batzuk antolatu, erabaki politikoak hartu eta antzekoak egiten ditugu. 18 gara guztira eta taldeko parte izateko gutxieneko horietan parte hartu behar da. Horrela, erabakiak denon artean eta modu horizontalean hartu ahal izatea ziurtatzen dugu.

Zein dira emakume langile eta emakume burges baten arteko ezberdintasunak kasu honetan?

Klase ikuspegiarena erreza da; dirua duenak beti izan dauka seguru abortatzeko aukera. Klandestinitateak besteak beste merkatu beltzak, negozioak, sortzen ditu. Seguru abortatzeko aukera ez daukatenak negozioak ezartzen dituen prezioak ordaindu ezin dutenak dira. Biltzen ditugun datuei esker, badakigu akonpañatzen ditugun gehiengoak ez duela gutxieneko soldata jasotzen edo ez duela lanik lortzen, eta Latinoamerikan klase banaketa Euskal Herrian baino latzagoa da. Nahitaezko amatasuna ere nahiko zabalduta dago, eta asko nerabe direnean hasten dira ama izaten: 16 edo 17 urterekin, derrigorrezko eskolak bukatu gabe eta bukatzeko aukera gutxirekin. Emakumeengan behar ekonomikoak gizonezkoenak baina haundiagoak dira gainera. Gure helburua norberak nahi duena egitea da: haurdun gelditu nahi duenak edo nahi gabe geldituta haurrak izan nahi dituenak izan ditzala. Eta hala, nahi ez duenak ez ditzala izan. Klaseen arteko ezberdintasunena hilero edo astero (ez daude estadistika ofizial asko) seguruak ez diren tratamenduen ondorioz emakume pilo bat hiltzen direla esanez ere azpimarratu dezaket. Guk argi daukagu erantzulea estatua dela: las muertas por abortos inseguros son femicidios de Estado, el Estado abandona a las mujeres que abortan, nosotrxs no. Eta horrelakoak dira gure leloak.

Zein izan da zuen jarduna azken urtean abortuaen legearen inguruan eman diren eztabaidekiko?

Azken urtean kongresuan eta senatuan eztabaidatzen zen bakoitzean Kanpañatik erakustaldiren bat antolatzen genuen, adibidez. Kaleren bat moztu, elizaren baten aurrean elkartu edo horrelakoren bat. “Pañuelazo” deitzen genion eta presioa sartzea zen asmoa. Kolore berdea edonon ikustea… Nik uste gure rola (kaleak betetzeaz gain) abortuaren inguruko informazioa zabaltzea izan dela: zeintzuk diren tratamendu seguruak, zein egoeretan den legala abortua Argentinan, zeinek eta zergaitik hartzen duten/dugun erabaki hori, etab. Irrati ezberdinetan zabaltzeko spot bilduma bat sortu genuen adibidez. Eta irudi batzuekin horietako batzuk facebookera ere igo genituen. Abortua beti arriskutsua izango dela edo garestia edo horrelako informazioari aurre egitea zen asmoa.

Zer suposatuko luke legalizazioak?

Guretzat oso garrantzitsua da legalizazioa lortzea. Hospitalizazioak eta antzekoak kritikatzen ditugu baina denontzat aukera bat izan dadin, legalizazioa behar beharrezkoa dela uste dugu. Ez dugu edozein legalizazio nahi, baina , Kanpañatik aurkeztu dugun proiektua hoberena dela uste dugu, mugimendu feminista zabalagoarekin adostutakoa. Legalizazioa lortuz gero, osasun zerbitzuekin lan egin beharko genukeela iruditzen zait. Legalizazioa modurik onenean bete dadin eta pertsona horiek tratu txarrik edo antzekorik jaso ez dezaten. Proiektuak 12/14 asterarteko haurdunaldiez hitz egiten du, eta guk hortik gorakoak ere laguntzen ditugu hala ere. Beraz ez dugu akonpañamenduak erabat uzteko asmorik.

i Familia atomizatuaz hitz egiten dugunean, kapitalismoaren egungo fasean, merkatuaren bidez asetzen ez diren desjabetuon erreprokduzio beharrak gauzatzeko eratzen diren harremanez ari gara: emakume langileon lanean oinarritzen direnak, belaunaldi-berritzea bilatzen dutenak, soilik gurasoak eta hauen ondorengoak biltzen dituztenak… Aipatutako ezaugarriak orokorrak dira, hau da, hautakoren bat ez beteta ere, familia atomizatuaren izaera mantendu daiteke. Hala, familia atomizatuaren baitan sartzen dira izaera honetan oinarritzen den edozein familia mota: bikote heterosexualak zein homosexualak, guraso bakarrekoak, ezkonduak zein ezkongabeak, aiton-amonekin zein bestelako senideekin bizi diren bilobak… Finean, desjabetuon lan-indarra erreproduzitzeko sortzen den edozein harreman nuklear.

ii Ezkontza- zein jaiotze-tasa mila pertsonako ezkontza zein jaiotze kopurua dira. Jarraian aipatuko diren datuak Europako Estadiskika Bulegoak (Eurostat) Espainiar Estatuak 1989tik 2013ra edukitako bilakaeraren inguruan lortutakoak dira, hemen ikusgai. Ezkontza-tasa: 1981. urtean 5,3koa zen eta 2013. urtean 3,3koa, hau da, hogeita hamar urtetan 2 ezkontza gutxiago daude 1.000 pertsonako, gainera, jaitsiera 2006tik aurrera indartsuagoa dela azpimarratu dute; bestalde, lehen ezkontza gauzatzeko adina 1981etik 2013ra 8 urte igo da, hau da, 25,2tik 33,2ra. Jaiotze-tasa: lehen umea edukitzeko adina 5,5 urte atzeratu da 1981etik 2013ra, hurrenez hurren, 25 eta 30,5 urte; jaiotze-tasa 1981eko 14,1etik 2013eko 9,1era pasa da, 2009tik aurrera beherantzko joera indartzen dela azpimarratu dute; ugalkortasuna (emakume bakoitzak daukan bataz besteko ume kopurua) 1981ean 2,03koa zen eta 2013an 1,27koa. Eurostatek lortutako datuetatik ondorioztatu duenaren arabera, Espainiar Estatua da, bai, ezkontza gutxien eta beranduen, baita, ume gutxien eta beranduen edukitzen dituenetakoa.

iii Mundu mailako jaiotze-tasen ikerketa Mundu Bankutik egitea, behinik behin, gertakari azpimarragarria dela deritzogu. Izan ere, ez al da susmagarria datu demografikoen azterketa kreditu sistema erabiliz “garapen bidean” diren herrialdeen subordinazioa areagotzea helburu duen eragile honetatik gauzatzea? Hau da, Mundu Bankuak jaiotze-tasen azterketa gauzatzen duela, hala, interes kapitalisten arabera errealitate hau erabili eta eraldatu ahal izateko. Bestalde, Mundu Bankuko lehendakari zenak 2018ko urtarrilaren 7an dimisioa aurkeztu zuenetik, Ivanka Trumpen eta Nikkie Haleyen izenak izan dira hutsik geratutako ardura betetzeko sona handiena izan dutenak. Gainera, eragile honetako zuzendaritza taldean jadanik badaude makina bat emakume: orain arte Zuzendari Orokor izan den eta hemendik aurrera Zuzendari Interina izango den Kristalina Georgieva, Sandie Okoro, Antonella Bassani, Imrana Jalal, Victoria Kwakwa, Annette Dixon, Laura Tuck, Ceyla Pazarbasioglu, Alison Evans, Pascale Hélène Dubois, Anke D’Angelo, Sheila Redzepi, Manuel Ferro, Lakshmi Shyam-Sunder eta Yvonne Tsikata. Egoera honek agerian uzten du emakume guztiak zapalduak izatetik urrun, zapaltzaileak ere badirela (emakume guztiak ez garela ahizpak), eta horrenbestean, emakumeon arteko elkartasuna ez dugula unibertsalki gauzatu behar.

iv Aipatutako datuak aztertzeko, ikus. Aipatutako Europar Batasuneko datua batazbestekoa da. Tasarik baxuenak ekialdean eta hegoadean daude. Altuenak berriz, Irlanda Hegoaldea (14,6) eta Frantziar Estatua dira (12,4). Ezbairik gabe, azken honen jaiotza-tasen atzean gune honek jasotako migrazio kopuru handia dago: hauen jaioterrietan ume gehiago edukitzeko joera dagoelako. Oin-oharreko datuak ikusgai.

v Datuak hemen daude ikusgarri.

vi Ikerketaren ondorioak esteka honetan daude ikusgai.

vii Espainiar Estastuan abortua gizarte-segurantzak ordaintzen badu ere, klinika pribatuetan gauzatu ohi da. Beraz, testuan aipatutako prezioak gizarte-segurantzak klinika pribatuei abortuko ordaintzen diona da. Jarraian datorren estekan Espainiar Estatuan abortua gauzatzen duten guneen inguruko datuak hemen ikus daitezke.