Itzulpenak

ITZULPENA: Vientres de alquiler: una enmienda a la totalidad.

 “Autodeterminazioa jada ez da eskari kolektibo, politiko eta borrokalaria (…), prozesu indibidualen legitimazioa baizik. Gatazka kolektiboen indibidualizazio horrek gu ahultzeaz gain, apolitikoa da eta gure utopiak alde batera uztera garamatza.” – Rote Zora, 1987.

Isabel Benitez eta Maria Colera*

Haurdunaldi subrogatua komunikabideen eta politikaren egunerokoan sartu da. Nahiz eta fenomeno ezaguna den, eta espreski debekatua izan den, “erabiltzaile” talde pare bat, eta horiek babesten dituen lagundutako ugalketaren lobby-a (urtean milioika euro mugitzen dituena eta krisia modu osasuntsuan gainditzen ari dena) presioa burutzen ari dira alokairuzko sabelen merkatua legeztatzeko. Ciudadanos-en eta Alderdi Popularraren gehiengoaren babesarekin legegintzako herri ekimena plazaratu dute, eta lege proposamenak aurkeztu dituzte hainbat erkidegotako parlamentuetan, Kataluniako autonomia erkidegoan kasu. Legeztatzearen bultzada ondorengo terminoetan planteatzen da (hainbat tribuna “feministetan” onartu direnak): askatasuna, familia eredu berriak, emakumeen gorputzen gaineko subiranotasuna edota haurren eskubideak.

Gaur egun alokairuzko sabelei buruz hitz egitean, emakumeen gorputzen gainean egiten den prozesu bortitzari buruz ari gara. Bertan, ugalkortasun garaian dagoen emakumeari lagundutako ugalketako tratamendua jasanarazten zaio biologikoki berea ez den enbrioia sabelean hazi dezan, jaioko den haurrarekiko eskubide guztiei uko eginez eta diru kantitate baten truke.

Ofizialki 80. hamarkadan inauguratu zen (merkatu askearen muinean eta Reagan garaian) eta garapen teknologikoak alokairuzko sabelen zirkuitua sofistikatu besterik ez du egin. Egun, obulu emaileak, esperma, enbrioiak eta umetokiak nahi bezala aukeratzeko eskaintza egiten da katalogo eugenesiko baten bidez, zeinak pertsonak, kolektiboak eta ezaugarri etnikoak hierarkizatzen dituen, eta irautea merezi duten fenotipok determinatzen dituen. Gainera, 80. hamarkadako alokairuzko sabelekiko “abantailetako” bat, enbrioia sabelean daraman emakumearen genetikarekin “ez kutsatzea” (sozialki eta kulturalki) da. Emakume horiek normalean sozialki, ekonomikoki eta geografikoki zapalduen egon ohi diren herrialdeetan errekrutatzen dituzte: India, Ukraina,  Asiako hego-ekialdea edo Kaliforniako pobretutako klase ertaina.

Emakume horien ongizatea eta osasuna, bederatzi hilabetez enbrioi-inbertsioari ostatu ematen diotelako soilik hartzen da kontuan. Kasu askotan haurdunaldi anitzak jasan behar dituzte, horrek  haien bizitzan eta osasunean arrisku asko eragiten dituelarik. Nahiz eta “kalitate kontrol” asko pasa behar dituzten, haurretako batzuk “akastunak” (Down sindromea, malformazioak edo sortzetiko gaixotasunak) izaten dira, eta haien erosleek muzin egiten diete, erditu aurretik (aborto aukeratuak inposatuta) zein ondoren.

Eskaria egiten den herrialdeetan alokairuzko sabelak debekatuak edo gogorki mugatuak daude, eta horregatik, merkatu askeko legeek praktika hau legalizatua dagoen herrialdetara bideratzen dute, zeinetan normalizatuta duten nazioarteko irabazien iturri moduan: herrialde oso txiroak edota munduan ezberdintasun sozialaren indize altuenak dituzten herrialdeak, AEB kasu. Bertako emakumeengan burutzen da haur erosi berriekin itzuliko diren estatuetan ilegala den praktika. Horregatik, eroslearen herrialdera iritxitakoan zailtasunak sortzen dira enkargatu ostean jaiotako eta inportatutako haur horien amatasuna eta aitatasuna legalki onartzeko.

Haurraren jatorria dena delakoa izanda ere, legez onartutako gurasoak izateko eskubidea du. Haurra, haurdun dagoen emakumea ezabatzen duen herrialdean jaiotzen da, eta Espainiar Estatuan indarrean dagoen antolamendu juridikoa bi aukeren arteko bidegurutzean aurkitzen da umeak iristean: haurrak ez onartzea, edo onartzekotan, Erregistro Zibilean haurraren kontratatzaileak guraso biologiko bezala erregistratzea. Inskripzio hori burutzearen helburua erosiak izateagatik haur horiek pairatzen duten babesgabetasun judiziala ekiditea da. Horrela, ez du suposatzen debekatutako praktika baten inolako legeztatzerik berez, ezta inolako errekonozimendu inpliziturik ere, batzuek hala dioten arren. Azken finean, haurraren eta erditu duen emakumearen arteko lotura guztiak ezabatzea lehentasun politikoa dela dirudi.

Gaur egun, asko dira haien seme-alabak adopzioan ematen dituzten emakumeak, haien amatasun errekonozimenduari eta horri dagozkion eskubideei modu absolutuan uko egin gabe. Ezberdintasun argia dago tutelaren eta filiazioaren artean: lehenengoak norbaiten zainketaren ardura izatea suposatzen du, eta bigarrenak, berriz, ama/aita kontsideratzea. Alokairuzko sabelen kontratuak, legeak nulutzat hartzen duen oinarrizko eskubideen ukapen absolutua derrigortzen du. Esklabutzaren legeak nuluak diren bezala. “Erabaki burujabearen” kontzeptuan oinarritzen saiatu arren, kontratu horiek norberaren subiranotasuna kolokan jartzen dute. Izan ere, burujabetza pertsonalaren eta gorputzaren burujabetzaren ukapena exigitzen duten kontratuak dira.

Egoera honen ikuspegi internazionala aztertuta, joera bitxia antzeman dezakegu. Turismo sexual eta erreproduktiboarekin diru iturri sendoak egin dituzten herrialdeetan alokairuzko sabelak debekatzen ari dira, Thailandia eta Mexiko kasu. Era berean, herritarren pobrezia orokorrera bideratutako politika ekonomikoak dituzten herrialdeak merkatu horretan murgiltzeko saiakera egiten ari dira, eta horretarako herrialde horietako emakume behartsuei eskari internazional hau betetzeko erraztasunak eskaintzen dizkiete. Grezia  kokatzen dugu egoera horretan, eta dirudienez, eskuin liberalak, aliatu guztiekin batera, Espainiar Estatuko emakumeak praktika horietara bideratzeko asmoa dauka.

 

Subiranotasun erreproduktiboaren aurpegi anitzak

Jokoan dagoena ez da auzi marginala, emakume guztien gorputzen gaineko burujabetzari egiten ari zaion erasoa baizik, baita zorionez merkatuaren aginduetatik at zeuden haurren zein organo edo ehunen trafikoari berriro ateak zabaltzeko aukera ere. Zerbaitek langile klase internazionalaren, eta bereziki emakume langileen, historia ezaugarritu badu, hura pertsonak izatearen eta objektu —sexual edo erreproduktibo— zein merkantzia ez izatearen aldarrikapena izan da.

Erreprodukziorako burujabetzaz hitz egiteak ama izan nahi duten emakume langileak aukera hori baztertzera daramatzan arrazoiez hitz egitea eskatzen du (pobrezia, iraupen luzeko langabezia, lanetik kanporatuak izateko arriskua,…). Gure gaitasun eta osasun erreproduktiborako benetako burujabetza izatea ez datza merkatuan txertatua izateko askatasunean —feminismo liberala saltzen saiatzen den moduan—, baizik eta ama izateko edota haurdunaldia boluntarioki gelditzeko aukera materiala izatean. “Nosotras parimos, nosotras decidimos” kontsigna famatuak zentzu emantzipatzailea hartzen du testuinguru honetan, eta gure gorputzen merkantilizazioa alde batera uzten da. Kontsigna hori, guk izan nahi dugun erreprodukzioaren gainean erabakitzeko aldarrikapenari lotuta jaio zen, emakume izateagatik bete beharreko amatasun rolaren inposaketaren aurrean, alokairuzko sabelek bilatzen dutenaren aurka. Ciudadanosek edo eskuin ultraliberalak lelo hori erabiltzen dutenean, “guk erosten dugu, guk erabakitzen dugu” kanta zaharra da aldarrikatu nahi dutena, feminismo kontsekuenteak borrokatzen dituen desberdintasun sozialak naturalizatu eta betikotzeko melodia hegemonikoa dena.

Azken finean, alokairuzko sabelena pobretutako emakumeek duten beharraz elikatzen den negozioa da. Emantzipazio eta autonomia ekonomikoa izatea, emakumeek haien gorputzen eta bizitzen gaineko burujabetza eraginkorra izatea industria honen interesentzako mehatxu zuzenak dira. Emakumeen gorputzen esplotazio komertzialaren existentziarako derrigorrezkoa da merkatu horretan sartzeko baldintzetan bizirauten duten emakumeak existitzea. Emakumeen autonomiaren defentsa, ekonomia pobreenekiko eta bertan bizi diren emakumeekiko harreman kolonial eta esplotatzaileak bermatzean oinarritzen den salerosketa motaren ameskeria da. Finean, honen guztiaren atzean dagoen eta emakumeen merkantilizazioan eta esplotazio erreproduktiboan oinarritzen den nazioarteko industria batetaz ari gara.

 

Emakumeen subiranotasun erreproduktiboarekiko mehatxua

Baldintza estrukturaletatik haratago, ernalketa prozesuaz hitz egitea beharrezkoa da. Haurdunaldia ezin da gorputzetik bereizi, ezta emakume izatetik ere. Pertsonak, gorputza edukitzeaz gain, gorputza gara. Haurdun egotea ez da gorputz horrekiko kanpo ekintza, ez datza hornitzen den zerbitzu batean, egiten den zerbaitetan: izatean datza. Gaizki deituriko “ernalketa teknika” honek dakarrena zera da: emakumeak makinen gehigarri izatetik —lan indar konbentzional bezala tratatuak diren bezala—, enbrioiak inkubatzeko makinak izatera pasatzea.

Irabazien logikak -eta ez giza eskubideenak- markatutako merkataritza zirkuituaren barruan, emakumeak giza inkubadora bihurtzeak, feminismo antikapitalistaren alarma guztiak piztu beharko lituzke. Inkubadorak diren heinean, emakume hauek ez dute inongo ahalmenik haurdunaldiarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Ondorioz, inbertsio milionario baten edukiontzi hutsak badira —aukeratutako enbrioiarenak— emakumearen osasunerako hoberena denak produktuaren bideragarritasuna bermatzearekin bat ez egiteko arriskua dago.

Ciudadanosek defendatutako lege proposamenak, espresuki hitz egiten du haurdunaldian gorputzaren gaineko erabakiak hartzeari uko egiteko klausulaz. Neurriz kanpokoak diren klausula horiek (baita ikuspegi liberal klasikotik ere), aldez aurretik konpromezu bat hartzea eta hurrengo bederatzi hilabeteetan mantentzea suposatzen du, jakinda denbora tarte horretan, erosten den produktuaren ezaugarriengatik —haurdunaldia— eta parteetako baten —haurdun dagoen emakumearen— onarpen baldintzak aldatu daitezkeela. Alokairuzko sabelen legeztatzeak aborto eskubidea eteteko aurrekari bati ateak zabal diezazkioke. Hau da, gerta daiteke emakumeak ernaltzen duen enbrioia osatzen duen espermatozoidearen jabeak, haurdunaldiaren jarraipenaren edo amaieraren gaineko beto eskubiderako ahalmena izatea.

 

Erosteko askatasuna vs. Saltzeko beharra

Borroka feministaren askatze kolektiboa lortzeko bokazioaren berenganatze eta desaktibatze mekanismo tipikoaren bitartez, alokairuzko sabelaren alde daudenek,  izaera sozial, historiko eta materialki baldintzatua dagoen haurdun dauden emakumeen “autonomiari” buruzko abstrakzioa egiten dute. Horrela, emakumeek edozein motatako kontratuak egiteko askatasun indibidualaren defentsa aldarrikatzen dute. Kontratuan, baldintzen berdintasun egoeran dauden bi alderdi kontratatzaile egotearen ilusio liberala adierazten da.

Ilusio horrek falazia handi bat ezkutatzen du, izan ere, kontratu hauek ez lirateke sortuko bi aldeak berdintasun egoeran egongo balira, haurdunaldia jasaten duten emakumeak ez balira milioika emakume menperatzen dituen dinamika kapitalista internazional, patriarkal eta inperialistaren biktima izango, zeinak bizirauteko haien gaitasun sexual eta erreproduktiboa saltzera presionatzen dituen.

Enkarguzko haurdunaldiek, izatez, inbertsio milionarioa babesteko haurdun dagoen emakumearen kustodia totala bilatzen dute. Jarraipen horrek, emakumearenganako erabateko kontrola eta askatasun eza dakar. Haurdunaldiak irauten duen bederatzi hilabeteetan emakumearen mugimenduak, osasuna, dieta, ohitura sozialak, harreman sexualak, afektiboak eta familiarrak etab. kontrolpean mantentzen dituzte. Produktuaren —haurra— kalitate gorena, bezeroaren gehiengo poztasuna eta trantsizio komertzialaren segurtasun juridikoa bermatzeak, haurdun dagoen emakumearen zaintza psikologiko estua izatea dakar, eta haurrarekiko harreman emozionalak ez sortzeko entrenatzen dituzte. Horrela, erditu ondorengo damua errotik mozten dute.

Alokairuzko sabelak prekarietatea eta pobreziari aurre egiteko “alternatiba laboral” moduan ikusten badira, arazo sistematiko eta kolektiboa indbidualizatuz, merkatu horretan parte hartzera bultzatzen duen biolentzia estrukturala normalizatuko da.  Behin debekua zabaldua dagoelarik, zergatik geratu beharko litzateke obulo, esperma, enbrioi edo sabelean bakarrik? Zerk galaraziko luke aberatsentzako organo salmentara bideratutako merkatuaren dibertsifikazioa?

 

Eztabaida faltsuak, urratze faltsuak eta desiraren mugak

Alokairuzko sabela legitimatzeko erabiltzen den erretorika eklektikoak esaten duenaren aurka, ez da aterik irekitzen “familia eredu berriei”. Aurretik esan bezala, obsesioa dago haurra edukitzen duen emakumearen datuak erregistro ofizialetik ezabatzeko. Haurra berea izateko lotura biologikoaren exijentziak, familia atzerakoi eta kontserbadorearen ideia betikotzen du.  Ondorengo biologikoaren nahia eskubide absolututzat bihurtzen duten ahots berdinek, geroz eta gehiago diren alokairuzko sabelaren kontra dauden ahotsak “feminista liberticida” izendatzera ausartzen dira.

“Feminista liberticida” hauek dira zehazki urteak daramatzatenak eskuin ultraneoliberalen kontra borrokan, familia ez heteronormatiboak  (gay, lesbiana eta bikoterik gabeko emakumeak) haurren adopzio edo harrera prozesuetan edota ugalkortasun edo osasun publikoaren intseminazio artifizialen tratamenduetan diskriminatuak ez izateko. Horiek bai azaleratzen dute familia aniztasuna, baina ez dira alokairuzko sabelen aldeko lobby-aren bideorrian sartzen. “Familia izateko eskubideaz” hitz egiten dutenean beraz, mundu osoko milaka emakumeren osasun erreproduktiboa urratzea legitimatzeko erabiltzen dute soilik —nahi absolutu eta gaitasun ekonomikoaren ahalmenaren baitan— familia eredu konkretu bat hobesteko helburuarekin.

 

Haurdunaldi “altruista”: posizio moderatu faltsua

Nahiz eta alternatiba “leunak”, “haurdunaldi subrogatu altruista” deiturikoak, ez dituen Ciudadanos, Alderdi Popularra eta alokairuzko salbelen aldeko elkarteen nahaiak asetzen, aukera hori maiz ustezko “hirugarren bidea” bezala aurkezten zaigu. Proposamen hori, ez da feminismo antikapitalista kontsekuente baten ikuspegitik onargarria, eta gutxienez hiru puntualizazio merezi ditu.

Lehenik eta behin, mahaigaineratu den haurdunaldi altruistaren modalitate konkretuak, konpentsazio ekonomikoak  aurreikusten ditu sortutako “eragozpenengatik”, zigor ekonomikoko klausulei lotuta jarraitzen dutenak. Altruismoaren bidez gauzatutako ekintzan, damua sortzean mehatxua egotea, behartutako boluntarioak eskatzea bezalakoa da: in terminis kontraesan bat.

Bigarrenik, erreprodukzioaren gaiarekin zerikusia duen altruismoari dagokionez, Estatu Espainiarra alokairuzko sabelen negoziorako beharrezkoa den obulu-ematean mundu mailako potentzia da. Haren sustapena, odol edo medula ematearekin ez bezala, lagundutako erreprodukzioko klinika pribatuek monopolizatuta dago. Era berean,  hauengatik ordainketak egon badaudela, “sekretu” ukaezina da — klandestinoak noski, organo eta ehunen zein obuluen salerosketa guztiz debekatuta baitago—. Maiztasunez azaltzen ez direnak, obulu-“emaileen” une  horretako osasunean eta etorkizuneko ugalkortasunean ematen diren albo-ondorioak dira. Obulu emateak, hormonen bidezko hiperestimulazio obarikoa eta anestesia lokalarekin eginiko puntzioak exigitzen ditu obuluen erauzketarako, albo-ondorio arbuilagarri ezinekin. Prozesuan zehar ematen diren konplikazio medikoak “emate” kontratu “altruistatik” kanpo geratzen dira, emakume hauek haien halabeharrera utziz.

Hirugarrenik, alokairuzko sabelaren modalitate “altruista” legeztatzeak, desira bat eskubide bezala legitimatu eta aitortzen du, funtsezko kontzeptu aldaketa dena, beste modalitate batzuetara legitimoki zabaltzeko, bereziki momentuko altruismoak ez badu eskari potentziala asetzen. Maiz agertzen dira haurdunaldi subrogatu altruistaren eta organo emate altruistaren —azken modalitate hau, oso tasatua, mugatua eta ikuskatua— arteko paralelismoak ezartzen dituzten argudiaketak. Beraz, berriz ere, organo bital baten beharra edo osasuneko eskubidea, osasuna eta emakume baten erreprodukzio burujabetza arriskuan jartzearekin parekatzea helburu duen iruzur saiakera batekin topo egiten dugu, biologikoki irauteko desioak eraginda.

 

Merkatu askatasuna ez da feminista eta ez da inoiz izango

Alokairuzko sabelen legeztatzearen ofentsibak eztabaida ekidiezinak planteatzen dizkio feminismoari, kapitalismoa emakumeon aurka erabiltzen dituen biolentzia patriarkal, sinboliko, fisiko, ekonomiko eta sozialeko mekanismoak birproduzitzen dabilen honetan.

Alokairuzko sabelen auziak, hurrengoa kategorikoki afirmatzera garamatza: ezin dugu zorigaitzat onartu merkatuek zatiketa gauzatzea, lehen mailako emakume eta gizon (beste emakumeen gorputzak inbaditzeko eskubidea dutenak) eta bigarren mailako emakumeen artean (haien osasun eskubide eta subiranotasun erreproduktibo, politiko, ekonomiko eta soziala, merkantzia soiletan bihurtzeko arriskurengatik mehatsatuak direnak). Feminismo kontsekuenteak ezin du gutxiengo baten desio bidegabeen txantaiaren aurrean etsi, gutxiengo hori gaur egun Asiako hego-ekialdeko eta Troikaren plan estrukturalengatik zigortuenak izan diren herrialdeetako emakumeen ahultasun soziala esplotatzen dabilen bitartean.

Klase feminismoa ezin da isilik geratu, eta ezin du elite batek munduko emakumeak erreproduktiboki esplotatzeko duen desioa legitimatu. Ezin gara etnozentrismo klasista eta neokolonialaren tranpan erori, non batzuk aita/ama biologikoak izateko ezintasunarengatik frustratuak dauden bitartean, negoziazio ahalmen “kontraktuala” haien behar materialarengatik markatua duten emakumeen osasun eskubideak eta eskubide fundamentalak deshumanizatu eta despreziatu egiten dituen.

Kasualitatea al da, krisi kapitalistan bete-betean sartuta gaudenean, merkatu berrien bilaketan, “industria erreproduktiboek” gora egin izana? Alboratu al dezakegu alokairuzko sabelak legalizatzeko presioa, txirotasun internazional feminizatu maila handienaren testuinguruan ematen ari dela? Koiuntura honetan ez badugu emakumeon kosifikazioa gelditzen, aukera pertsonal eta indibidualtzat aurkezten ari zaigun hau, nahitaezko alternatiba bezala finkatuko da emakume xumeenentzako —emakumeen gorputzetan fokalizatutako beste industria batzuekin batera—. Alokairuzko sabelen legalizazioak, arazo ekonomikoak dituzten emakume guztien umetokiak jartzen ditu alokairuan.

Laburbilduz, ondorengoak izatea ez da, ez eskubide bat, ez hil edo biziko beharra, gaitasun biologiko bat baizik. Desio indibidualak ez dira eskubide unibertsalak, eta hauen gauzapenak ez du inoren esplotazioa justifikatzen. Langile klaseko emakumeak ez gara “familia biologiko” baten desioa inposatzen duen elite baten zerbitzura dauden giza inkubagailuak. Gizaki osoak gara eta gure osasuna eta erreprodukzio burujabetza ezin dira merkatuaren txantaiean ez erortzeko eta kapitalismoaren biolentzia estrukturalarengatik ihes egiteko gaitasunengatik baldintzatu. Kase elkartasunak, baita elkartasun feminista eta internazionalistak ere, gure lurraldeetan alokairuzko sabelen legeztatzea geldiarazteko ahaleginak egiteaz gain, haien diruzorroekin munduko beste herrialdetako gure kideen gainean ezartzen duten esplotazio eta botere bidegabea salatzea exigitzen digu. Kapitalismoak ez ditu soilik gure gorputzak gerra eremu bihurtzen, baizik eta haietan merkatu berri eta handitzeko ezaugarriak dituztenak bilatzen ditu. Horregatik, gure osasunaren eta erreprodukzio burujabetzaren gaineko desjabetzean oinarritzen den akumulazio kapitalistaren ofentsiba berritu hau gaitzestea dagokigu.

TESTU ORIGINALA: https://marxismocritico.files.wordpress.com/2017/04/vientresalquiler_enmiendatotalidad_castfinal.pdf