GABON ZORIONTSUAK GUZTIONTZAT! ALA EZ?

Posted on Posted in Sarrerak

Buila batez esnatu nau gaur amak. Entzungor egiten saiatu naiz, ohean goxo-goxo egoteko neukan astia azkenera arte luzatzeko asmoz. Alferrik, segituan neukan ama ate joka: “zer, ez duzu altxatzeko asmorik ala? Mugitu ipurdia, biharko gauzak ez dira bakarrik prestatzen eta: garbitu kopak, edalontziak eta mahi-tresnak; igo trastelekura eta jaitsi aulkiak; kendu hautsa jaiotzari; txukundu egongela; joan izebarenera, ekarri bere mahai-oihala eta plantxatu… nahikoa duzu horrekin hasteko. A, eta jaso zure gela, txerritoki honekin gozoa jarriko da eta Tomaxi”.

Urte luzez dena bere gain hartu badu ere, aurten amona ez da gai Gabonetako ospakizunez arduratzeko, eta gure ama alaba zaharrena denez… guztiok ontzat eman dugu amonaren lekukoa berak hartzea. Lehen, amonaren “ohitura zaharrak” aldatzea ezegokia zelako, bere ilusioaren aurkakoa; orain, aldiz, gu baldintza eroso hauetan ohitu garenez, gauzak aldatzeko borondaterik ez dugulako. Edozein kasutan, gauzek berdin jarraitzen dute: emakume bat (edo batzuk kasurik onenean) jo eta fuego lanean, gainontzeko senideek otordu goxoez goza dezaten, une atsegin horren atzean dagoen lan guztiaz jabetu ere egin gabe. Lehengo lepotik burua.

Nire etxean, lan erreproduktiboen sexuaren araberako banaketak urte osoan badirau ere, Eguberrietan zeregin gehiago pilatzen denez, indartu egiten da: opariak pentsatu, erosi eta prestatu; apaingarriak erosi eta etxea atondu; elikagaiak erosi eta otorduak prestatu; ospakizunetako soberakinak jaso eta berriro ere etxea txukundu… 

Paradoxa dirudi. Gabonak gertukoekin denbora pasatzeko eta gozatzeko garaitzat dauzkagun arren, testuinguru honetan betebeharrak biderkatu egiten direnez, amak denbora gehiago igaro behar du etxe-giroko lanetan: bere sozializaziorako duen denbora murriztuz, batetik, bertako kideokin duen mirabe harremana sakonduz, bestetik. Amak ez dauka lagunarteko poteo edo bazkalondo amaigaberik, ez dauka “Eguberri zoriontsurik”.

Hau gutxi balitz, amak jasotzen duen opari orok egoera hau sakontzen du: amona Kontxik urtero sukaldeko trapuak oparitzen dizkio, izeba Aintzanek aurten laneko oinetako batzuk, lehengusina Raquelek fisioterapeuta saio bat, aitak inoiz pizten asmatuko ez duen Termomix-a erosi diola entzun dut… Etxekoandre soil bat izango bailitzan daukate denek ama, inor ez da bere baitan dagoen gogoaz kezkatzen, hutsala da ingurukoen begi-bistan. Guztiek ontzat ematen dute aurrez egotzia daukan funtzio sozial hori. Bidegabea dela ohartu eta lana samurtzen saiatzen dira, bai, baina, zergatia bera zalantzan jarri gabe. Alferrik, beraz.

Amaren aginduetan azken-aurrekotik hastea erabaki dut, haize pixka batek on egingo dit eta. Ohetik altxa, jantzi eta ziztu bizian kalera abiatu naiz; etxetik irteteak Eguberriek amagan duten eraginaz ahaztea ahalbidetuko didalakoan.

Igandea izan arren, Gabon-gau bezpera denez, plazako denda guztiak irekita daude. Hemen nire hurrengo haserrea. Entzunda nuen hiriburuetako eta saltoki handietako dendak jaiegunetan ere zabaltzen zituztela, baina, ez nuen halakorik espero gure herrian. Banekien multinazional eta  enpresa handiek edozein aukera erabiltzen dutela metatzeko, baina gure herriko dendariek ere bai? Ez al digute esaten saltoki txikietan erosiz kapitalismoari aurre egiten diogula? Nola da hori posible herriko dendariek ere Eguberriak etekina ateratzeko baliatzen badituzte? A ze adar jotzea.

Kaleak emakumez josiak daude, “azken orduko erosketak” dio batek. Gure etxea ez da salbuespena, hortaz. Bada enkargurik egiten ari ez denik ere: Leire adibidez, plazako jatetxeko behargina. Kafeak jarri eta jarri ari da biharko ardurarik ez duten horientzat. Ez da alde handirik honen eta nire amaren artean, azken finean emakume langile guztiak berdintsu dabiltza: batetik bestera prestaketa lanetan ez dabilena, nagusiarentzat lanean. Langileon auto-antolakuntzarako lanean aritzetik urrun, denak beste batentzat lanean dabiltza, izan orden soziala berriztuz edo botere burgesa ekoitziz. Edozein kasutan, langileon independentzia indartu beharrean, botere burgesa sendotzen ari dira. Halakoxea da kapitalismoa: maite ditugunak goxatzen ari garela uste dugunean ere, hots, sisteman arrakala bat sortzen, langileon menderakuntza betikotzen ari gara. Madarikatuak gu, ohartu gabe ere, gure kateak estutzen ditugula.

Mahai-oihala jaso eta etxean naiz bueltan. Dagoeneko ama baretua egongo zela uste nuen, baina usteak erdi ustel: “erosiko zenion oparia ahizpari, ezta? Aitarena nik erosi behar izan dut, ez dut zurea ere erosi beharko, ezta?”. Ene, igandea da eta ni biharko oparirik gabe: “aldatu aurpegi hori, aste osoan errepikatu dizut eta! Lisatzen hasi baino lehen jaitsi kalera eta erosi iezaiozu zerbait. Eta azkar itzuli, aditu? Gauza piloa dago egiteko eta!”.

Eta zer egingo dut nik orain? Plazako dendan zerbait erosten badiot? Ez, ez da zentzuzkoa jaiegunetan herriko dendak irekiak egotearen aurka egon, eta orain nik bertan erostea. Eta Amazonen erosten badut oparia? Ez, beharginak greban aritu dira, eta oraindik ez dute haien eskaririk bete. Bihar hiriburura joaten banaiz? Bertan aukera zabalagoa egongo da eta segituan topatuko dut ahizparen gustuko zerbait. Gainera, hilabete bukaera da eta lau sos besterik ez zaizkit geratzen, niretzako bertako produktuak ez dira hautu bat, eta ziur han hemen baino merkeagoa izango dela. Ama, zein nahastuta nagoen.

Baina, zein da arazoa? Han edo hemen erostea ala erostea bera? Hau da, norekin gauzatzen dugun trukea ala edozein bizi behar ase ahal izateko trukatzera derrigortuak egotea? Izan ere, mundu honetan dagoen oro jabetza pribatua den momentutik, bertan aurki dezakegun edozer merkantzia bat da: ez soilik trukagarria delako, baizik eta berau eskuratzeko modu bakarra beste jabetza unitate batengatik trukatzea delako. Beraz, merkantzia baten (izan objektu ala gaitasun) erabilera egiteko, horren jabe izan behar dugu. Eta guk, desjabetuok, daukagun bakarra gure lan-indarra denez, gure ingurukoen maitasuna eskuratzeko, ez daukagu berau saltzea besterik. Orduan, zergatik eta zertarako erosi behar diot opari bat? Benetan harreman estuenetarikoa dudan horrekin, ahizparekin, elkar maite dugula baieztatzeko opariak trukatzea derrigorrezkoa dela?

Nazkatu naiz. Nazkatu Gabonetako zoriontasun faltsuaz. Nazkatu jasaten ez dudan jendearekin itxurak egitera behartua egoteaz, eta batez ere, maite dudan jendearekin egoteko aukerarik ez edukitzeaz, edo are gehiago, haiekin azaleko harremana mantentzeaz.

Errudun sentitzen naiz. Urte luzeak dira jadanik Gabonek nigan ezinegon hau sortzen dutela, baina alferrik, aurten ere zirku honetan parte hartuko baitut. Itxaron… zerbaitek klik egin du nigan. Alferrik? Eta datorren urterako gauzak aldatzen saiatzen banaiz? Agian ez dut gauza handirik lortuko, baina… saiatzen banaiz?

Gauza asko aldatu nahi ditut: hezkuntza, politika, harremanak, medikuntza… Esan daiteke orokorrean ez nagoela ezerekin ados, hau ez dela nire tokia. Zu eta biok gatibu gauzka formazio honek, ito egiten gaitu, pixkanaka garbitu. Sistema irauli nahi dut: kapitalismoarekin bukatu. Baina nola egiten da hori?

Egia esan nigan ukapena sortzen duena ez dira ez familia, ez ospakizunak, ezta elkarri maitasuna adieraztea ere. Errefusatzen dudana familia antolatzeko, ospakizunak burutzeko zein elkarri maitasuna adierazteko daukagun modu zehatza da.

Familia urtean birritan batzen den odol lotura dela ikasi dugu, zeinarekin, inoiz garatu ez ditugun harreman estuak irudikatzen ditugun. Familia hurbilari dagokionez, behinik behin, harreman iraunkorragoak sortzen ditu. Horrek, baina, ez dakartza berekin konfiantza eta eskuzabaltasuna. Etxean ere sasi-konpromisoa dugu oinarri, harreman zintzoetatik urrun, taldearen babesaren bidez, norberaren bizi baldintzen hobetzea da helburua nagusia. Eguberriak tresna bikaina dira kakatzar honetan sakontzeko, hala da gurean behintzat. Familia handia baita gurea, urtean behin elkartu eta jator plantak egiten dituen horietakoa.

Familiak ekoizpen eredu kapitalistan funtzio desberdinak betetzen ditu. Horien artean funtzio erreproduktiboa dago, ugalketaren bitartez, langile belaunaldi berriak sortzea bermatzen duena, eta gainera, etxe-giroko lanen bidez, lan-indarraren eguneroko osatzea gauzatzen duena. Bestalde, funtzio diziplinatzaileak senideak etika burgesean oinarritzen diren harremanetan hezten ditu, eta horrela alienazioa ahalbidetzen du.

Gainera, ezaguna da ospakizunek gure kontzientzia arrotzetan funtzio anestesikoa betetzen dutela. Bertan, desjabetu gisa barrenean daramagun sumin guztia alkohol artean husten dugulako, eta jai-giroan egoteak eta zer ospatu badugula sinisteak bultzada ematen digulako. Hori guztia gutxi balitz, jendeari estimua ahalik eta opari garestienaren bidez adierazteko daukagun betebehar sozialak, gure harreman estuenetan funtzio kosifikatzailea betetzen du, gure maitasuna eros ahalmenaren arabera kuantifikatuz.

Gure behar erreproduktibo guzti-guztiak asetzeko, izan biziraupen hutsa ahalbidetzeko edo behar sozialak gauzatzeko, ekoizpen harreman kapitalistaren baitan harremantzera behartuak gaude. Lotuta: gure desjabetu egoera dela eta, ez daukagu bertan jarduteari uko egiteko inolako bitartekorik, esplotatuak izatera kondenatuta gaude. Hori nahikoa ez balitz, Kapitalak familia, ospakizun zein maitatzeko eredu bat inposatzen digunean, ez digu soilik burgesiaren mesedetan dagoen bizi eredu bat ezartzen; horri itxura ahistorikoa emanez, aukera bakar gisa aurkezten baitigu. Aukera bakar eta biribiletan biribilena, bere bertsioetan onena, perfektua.

Eta bizi eredu hau (ustez) betikoa, eta horrenbestean betierekoa bada, nola amestuko dugu bizi aske batekin? Ez dugu etxetzat dugun mundu hau ezagutzen, ez ditugu geure aukerak ezagutzen, geure buruak ere ezezagun zaizkigu… Langile kontzientzia garatzeko posibilitatea bera ere lapurtzen digu Kapitalak, horrela, praktika iraultzaile oro sortzeko aukera inpotentziara kondenatuz. Frustrazioa da hoberen deskribatzen gaituen hitza: ikusten dugun eta bizitzen dugun munduen artean amildegi handi bat dago, eta horrek, oso ona izan arren, antzutu egiten du gure borondatea. Ez daukagu geure bizien gaineko inolako kontrolik, hemen ezta askatasun izpirik.

Etxera bidean naiz berrio. Aurreikusgarria zen bezala, esku-hutsik noa, ez dut ahizparentzako oparirik erosi. Berandu nabil familian harremantze ereduaren erroko eraldaketa bat emateko aurten, eta honek zeharo nahasten nau: galduta sentitzeak, lanbrotu egiten bainau. Kosta egiten zait Gabonotan antzerki honetan parte-hartzera behartuta nagoela onartzea. Nire gaitasunak, asko jota, familia otorduetan zein kuadrillako eztabaidetan noizbehinka bazterrak nahastea soilik ahalbidetuko didala.

Baina honek ez du etsipenik sortzen nigan. Itxaroteari utziko diot. Aurten ez naiz urte zaharrarekin batera gaitz guztiek ospa egitearen, eta urte berriarekin zoriona etortzearen zain egongo. Honekin ez dut esan nahi itxaropena galdu dudanik, ezpada, mirarien zain egoteari utzi, eta langileon antolakuntzan jarri dudala itxaropena: jasaten dugun klase borrokan esku-hartze zuzena gauzatzeko eratzen dugun boterean, alegia. Jadanik ez daukat itxaropena gertakari irrazionaletan, garatzen dugun jardunak dauzkan aukeretan, baizik.

Ekinez egiten omen da ezina, eta argibide faltan, horixe da desjabetuok daukagun aukera bakarra: iraultza sozialista antolatu ahal izateko, instituzio proletarioak eratzea, edo gaira ekarrita, familia antolatzeko, ospakizunak gauzatzeko eta elkar maitatzeko era iraultzailea bilatzea. Hurrengo Eguberritan prozesu honen bizipenak elkarrekin partekatzen egon nahi nuke, horretarako, nik zu behar zaitut, esperientzia kolektiboa behar dut. Gauza handia da langileon komunitate politikoa eratzea, jardun gaitezen honetan.

Borroka honek ez dauka gidalibururik. Inork ez digu maisu lanik egingo, ez biderik aitzurtuko. Hau ez da aisa eskuratuko dugun helburua, mardula izango da, noski. Nola ez da ba izango, kateaturik gaituen ekoizpen eredu honekin amaitu nahi badugu. Alta, erraza da Gabon Gauean mahian eseri, afari goxoa jan, opari politak ireki eta lagunekin dantzan egitea. Baina ez dezagun Olentzeroren opariekin amesten jarraitu, inork ez baitigu askatasuna etxeko atarira ekarriko.

Heldu den Eguberrian langileon boterearen hedapena ospatzea: hauxe da nire 2019ko xedea. Eta zurea?

On egin diezuela janak eta kalterik ez edanak,

JTK!